Pintore
iruindarrak lanbide bihurtu du bere pasioa. Pintatzeko beharra
sentitzen du, bizitza intentsitate handiagoz gozatu ahal izateko.
Hogeita hamar urtetan zehar, ahal den gutxienaren bidez ahal den
guztia erakutsi digu. Errealitatea asmatu ez, baizik eta pintatu
egiten duen kronikari berezi bat da, bizitzaren behatzaile bat,
bizitza bera sorburu oparo bat baita beretzat.
Bainuetxe bihurtuta hilezkortzen ditu Pello Salaberrik erretratuak
eta paisaia basati nahiz hiritarrak. Koloretako marra eta orbanez
baliatuz hunkitzen ditu ikusleak.
Intuizioa da bere musa. Horiz pintatzen hasiz gero, gainera, konposizio
bat egiteko gai da.
-Noiz hartu zenuen pinturaz
bizitzeko erabakia? Txikitan
hasi nintzen pinturaren munduarekin lehendabiziko kontaktuak izaten,
irudiak kopiatzen, etab. Hamalau urterekin jada delineatzailea
nintzen, baina ez zitzaidan gustatzen. Hemezortzi urterekin, Arte
eta Ogibideen Eskolan sartu nintzen, eta oso lagun onak egin nituen:
Mariano Royo, Pello Azketa, Luis Garrido eta beste asko. Pertsona
bezala eta pintore bezala asko lagundu zidaten. Nik esango nuke
ordutik dagoela pintura presente nire bizitzan; garai hartan erabaki
nuen ogibidetzat pintura hartzea. Ez zen zaletasun bat, pasio
bat zen, eta ez nuen denbora beste ezertan galdu nahi. Urte hauetan
zehar delineatzaile lanak egiten ari behar izan dut, azkenean
utzi ahal izan dudan arte. Noizbehinka pinturako klase partikularrak
eman ditut, antzerkietan laguntzen dut, erakusketak komisariatzen
ditut, etab. Baina garrantzitsuena, beti, pintura izan da.
-Etxetik urrun daukazu estudioa,
Iruña erdian... Garai
batean etxean pintatzen nuen, baina itolarria sortzen zitzaidan.
Nire estudioa Alde Zaharrean dago, hiri erdian. Oso leku urbanoa
da; dena gertu-gertu gelditzen zait. Forja eta guzti daukan etxe
zahar horietako bat da. Alde Zaharrean jaioa naiz, eta handik
zehar ibiltzeko beharra sentitzen dut, pintorearen lana oso bakartia
delako. Hala ere, nire bakardadea nahiko erlatiboa da, zeren estudioa
Zapateria kalean dagoenez, hamaiketakoa egiteko kalera jaisten
naiz. Kafetxo bat hartzen dut, eta jende pila batekin egiten dut
topo. Asko gustatzen zait balkoiko leihoa zabaldu eta kalean zer
gertatzen den ikustea. Horrela, une batez bederen ahaztu egiten
ditut koadroak, eta gero indarberrituta hartzen ditut pinturak.
-Benetan
txukun eta garbi daukazu estudioa... Agian nire nortasunaren
isla izango da. Nik orden bat behar dut inguruan. Lan egiteko
ere, dendek bezalako ordutegia izaten dut: goizez estudiora joaten
naiz, eguerdian etxean bazkaldu, eta arratsaldean estudiora itzultzen
berriz ere. Nahiko bizimodu ordenatua daramat. Astelehenetatik
ostiraletara pintorea naiz, denda zabaltzen dut. Niretzat ordena
beharrezkoa da, eta gainera gustatu egiten zait.
-Behin gauzak "jasotakoan",
zertan pentsatzen duzu? Pertsonok,
bizitzea justifikatzen duten momentuen bila bizi gara. Argitasun,
magia, zoriontasun eta plazerezko mementoak lortzen saiatzen gara.
Kontua da une horiek errealitatean gure oroitzapenetan baino gutxiago
irauten dutela, eta, horregatik, memento horiek betiko gogoratzeko
espazio bat behar izaten dugu. Oroitzapen horiek pizten dute nire
irudimena, horrelako gauzek bultzatzen dute nire lana. Nire ustez,
gutako bakoitzak leku bat behar du bizitzari buruz eta gustatzen
zaizkion gauzei buruz pentsatzeko. Leku hori, nire kasuan, neurri
handi batean estudioa da.
-Nolabaiteko kronikaria zarela
esango al zenuke? Bai
baina ez. Argi dago koadroak gauza bat direla, eta errealitatea
beste bat. Koadroek oroitzapenak sortu eta gauzak gogoraz ditzakete,
baina beren lege propioak dauzkate. Beraz, kronikari erlatiboki
izango naiz, zeren egia da koadro bat pintatzerakoan leku edo
pertsona jakin bat daukadala gogoan, baina, noski, nire modura
pintatzen dut, eta beraz pertsonala izango da kronika hori. Gainera,
nik idealizatu egiten dut ikusten dudan guztia, giroa magikoa
bihurtzen dut. Nik nire koadroetan bizitzeko pintatzen dut; burua
lasaitzeko lekuak dira, begiradaren bainuetxeak.
-Zure koadroetan
kolore planoak eta koloretako orbainak erabiltzen dituzu. Hortik
sortzen dira bolumenak...
Batzuetan
horrela ikusten dira gauzak, eta beste batzuetan horrela ikustea
interesatzen zait. Nik esango nuke eleberrigilea baino gehiago
poeta naizela, ahal den gutxienarekin ahal den guztia kontatu
nahi dudalako. Batik bat giroa eta bolumena interesatzen zaizkit;
horregatik aukeratzen ditut sintesia eta kolore planoak. Horrek
ere gauzak antolatu eta txukuntzeko gogoa adierazten du nolabait.
Koadroek errealitate bat erakusten dute, baina ez benetako errealitatea,
koadroek bizitza eta nortasun propioa izan behar dutelako. Hunkitu
egin behar dute.
-Zein prozesu jarraitzen duzu
koadroak pintatzeko? Egun bakoitza berria
balitz bezala hastea gustatzen zait. Asmatu egin behar da. Paletan
dauzkadan koloreek atzo egiten ari nintzena gogorarazten baldin
badidate, egun bata bestearekin nahastuko dut, eta hori ez zait
gustatzen. Egun bakoitza egun berri bat da, egunero zerbait inauguratuko
banu bezala. Pintatzen hasten naizen bakoitzean, gauza berri bat
egiten hasten naiz. Anekdotak ahaztu eta kontatu nahi duzun horretan
zentratzeko modu bat da. Pixka bat intuitiboa da. Egunen
batean horiz pintatzeko gogoa sartzen baldin bazait, ba kolore
hori erabiltzeko zuhaitz bat bilatuko dut. Nire
koadroetan askotan azaltzen da horia; ia koadro guztietan dago.
Kolore bakoitzak bere berotasuna du, eta nik berotasun hori azaldu
nahi izaten dut. Horiak ez du espazio bisual gehiegi hartzen,
baina bero hori adierazten du, giro berezia sortzen laguntzen
dit.
-Koloreen arteko harmonia hori,
ordena mantentzeko "estrategia" bat al da? Koadroetan
oreka eta elkarbizitza bilatzen ditut. Ez zaizkit kolpeak gustatzen,
baizik eta akordioak. Koadroak harmonikoak izatea nahi dut, gauzek
elkarri laguntzea, koloreak elkarbizitzea. Bizitza sentitzeko
harmonia behar dut, ez kontrasteak. Eta hori guztia kolore eta
formen bidez ere adierazten dut.
-Irudiaren
kulturan hain murgilduta gauden garaiotan, zein leku daukate pinturak
eta koadroek?
Irudiaren
kultura horrez gain, presaren kontua dago. Minutuko 7.000 irudi
ikusarazten dizkigute, eta gauza guztiak azkarregi ikusten ditugu.
Nik uste dut pinturak oraindik ere lasaitasun pixka bat eskatzeko
gaitasuna daukala. Koadro bati begira, irudi bati edo aldizkari
bateko argazki bati begira baino denbora gehiago igaro daiteke,
eta hori bainuetxe bat bezala da. Niri sentsazio hori ematen dit
koadro batek. Denbora luzea eman dezaket koadro bati begira, eta
gero berriz eta koadro horrengana itzuli.
-Zer da zuretzako pintura? Bizitza
egunetik egunera asmatzeko modu bat. Pintatzen dudalako mantentzen
naiz ernai. Intentsitate handiagorekin bizitzeko modu bat da.
Pintatzea, musika egitea, poesia egitea, edozer gauza egitea,
bizitza intentsitate handiagoarekin bizitzeko modu bat da, bizirik
zaudela konturatzeko, eta segundo bat bera ere ez galtzeko. Eta
pintatzeko, ulertzeko edo ikusteko egiten duzun esfortzu horrek
zure sormena lantzen du, lanean jartzen zaitu. Asko gustatzen
zait adi egotea. Nire ustez egiaren begiak ez du bekainik; beti
adi-adi begira dago. Eta gainera, horrela istorio bat gehitzen
zaio errealitateari.
-Artistaren
eta ikusleen artean gehiegizko aldea dagoela leporatzen zaio gaur
egun arteari. Egia da artista batzuek
ez dutela jende guztiarentzat lan egiten. Artelan batzuk, gainera,
adimenari zuzentzen zaizkio, eta horrelakoetan ez baldin baduzu
ulertzeko ahaleginik egiten... Artea, azken batean, hizkuntza
bat da. Kolore bakoitzak, material bakoitzak zerbait esan nahi
du, eta hiztegi hori ezagutu gabe, ezin izango duzu ulertu. Ahalegin
bat egin behar duzu hiztegi hori ezagutzeko. Jende askok esfortzurik
txikiena ere egin gabe ulertu
nahi du artea. Jakina, kontua ez da jende guztiari den-dena gustatzea,
baina argi dagoena da artistari ezin diozula eskatu zuri gustatzeko
moduko zerbait egitea. Artistak ahal duena egiten du, sentitzen
duena. Beharbada zuri interesatzen ez zaizkizun gauza batzuk kontatu
nahi ditu. Egia da artea ikuskizun mediatiko bihurtu zaigula,
baina nik uste dut positiboa dela jendea modu horretan hurbiltzen
hastea. Hala ere, nahiz eta batzuetan
jendeak ez ulertzeagatik arteari kasurik egin ez, artistak ezin
ditu mundu guztiari gustatuko zaizkion gauzak egin. Bakoitzak
non dagoen jakin behar du.
-Zer-nolako harremana daukazu
ikusleekin? Oso hurbilerraza
naiz. Batzuek esaten dute: "beno, hauxe da egin dudana. Hortxe
daukazue. Ez zaizuela gustatzen? Hor konpon". Beste edozein jarrera
bezain errespetagarria da, baina garbi dago horrela jendearengandik
urrundu egingo zarela eta zure gauzak minoritarioagoak izango
direla. Niri asko gustatzen zait jendearekin hitz egitea. Begirune
kontua iruditzen zait. Nik jendearentzat pintatzen dut.
-Pasioak ez
omen dira betiko izaten. Bukaerarik ikusten al diozu zureari? Ilusioa eta pasioa
galtzen ditudan egunean, utzi egingo dut pintura, baina bitartean
jarraitu egingo dut. Agian gehiegi errepikatzen ari naiz, baina
nik pintatu egin behar dut. Beharra sentitzen dut. Nire bizimodua
denbora luzean
berdina izan denez, ziur aski elementu batzuk errepikatzen arituko
naiz. Garai batean izan nuen errepikatzeko
beldur hori, baina orain ez. Muxu bat edo harremanak bezalakoa
da: funtsean ez dira aldatzen; aldatzen direnak ñabardurak
dira. Beste alde batetik, ez naiz
pintore izatera mugatzen. Pintura nire jardun nagusia da, baina
beste gauza batzuk ere interesatzen zaizkit: kartelak, liburuen
diseinua, antzezlanak... Gustatzen zait noizean behin horrelako
proiektuetan parte hartzea, estudiotik ateratzeko. Gainera oso
ondo pasatzen dut, freskatu egiten naiz.
-Duela 30 urte lanbide bihurtu
zenuen zure pasioa. Zer esango zenioke pinturatik bizitzeko asmoarekin
dabilen jendeari? Itaca-rako bidaian
bezala, garrantzitsuena bideaz gozatzea da, hori baita bidaiak
egingo dizun oparirik onena. Bizitzaz gozatzea, lanbideaz gozatzea
aholkatuko nuke. Pinturaren bideak, artearen bideak oro har, luzeak
dira, baina pertsona bezala osatzen, gozatzen eta bizitzen laguntzen
dute. Pinturari edo arteari arrakasta eskatzen dizkiona, okerreko
bidetik dabil. Pintura, intentsitate handiagoarekin bizitzeko
da. Bukatzeko, beti adi egoteko aholkatuko nuke, jende guztiak
baitauka zer esan.
Erakusketa
indibidualak |
1973az geroztik, Euskal Herriko
ia areto guztietan izana da. Hona hemen azken hamar urteen
lagin bat:
1990 Galeria Seiquer,
Madril
1992 Galeria Ederti, Bilbo
1993 Kultur Aretoa, Zizur Nagusia
Galeria Seiquer, Madril
García Castañón
Aretoa, CAM, Iruña
Kultur Etxea, Tafalla
Castel Ruiz Aretoa, Tutela
1995 Gustavo de Maeztu Museoa, Lizarra
Galeria Seiquer, Madril 1996 Lourdes Ugarabe,
Arte Galeria, Vitoria-Gasteiz
Mistoen pabilioia, Zitadela,
Iruña
1997 Juan Bravo Kultur Aretoa, CAN, Madril
1999 Valle de Aranguren Kultur Aretoa, Mutiloagoiti,
Nafarroa 2000 Le
Carré Aretoa, Bonnat Museoa, Baiona
Gustavo de Maeztu Museoa, Lizarra
Mistoen pabilioia, Zitadela,
Iruña |
Taldekako
erakusketak |
ARCO 95 "Aquellos 80",
Iruñako Zitadela Castillo de Maya Aretoaren
Berrirekiera, Caja de Ahorros de Navarra "Paisajes de un siglo",
Iruña, Burgos, Murtzia eta Vitoria-Gasteiz Juan Antonio Aguirreren
Bilduma, IVAM, Valentzia |
Museo
eta bildumak |
Iruñako Udala Vitoria-Gasteizko Udala Caja de Ahorros Municipal
de Pamplona Caja de Ahorros de Navarra Caja Vital Kutxa Nafarroako Gobernua Eusko Jaurlaritza IVAM Arabako Arte Ederren
Museoa Nafarroako Parlamentua Nafarroako Museoa |
Argazkiak: Idoia Marcellan
Euskonews & Media 125.zbk
(2001 / 6 / 1-8)
|