Zuzenbide-ikasketak euskaraz
* Traducción al español del original en euskera
Miren Jasone Urkola Iriarte

Euskarak gizartean egoera normalizatua izatera iritsi nahi badugu, unibertso juridiko deiturikoa euskalduntzea funtsezko zutabe izango dela ezpairik gabe onar daiteke. Mundu juridikoak gizartearen arlo ezberdinetan duen eragin biderkatzailea kontutan izanik, gainera, jurista elebidunen trebakuntzak duen garrantzia are handiagoa dela baieztatzeko moduan gaude. Prestakuntza elebidun hori izango da, besteak beste, gure Zuzenbide-Fakultatearen helburu espezifikoa.

Euskal Herriko Unibertsitateak 1990. udazkenean onartu zuen Euskararen Erabileraren Normalizaziorako I. Planak Zuzenbide Fakultateari B1 maila esleitu zion. Eredu horrek lehen eta bigarren zikloko obligaziozko irakasgai guztiak euskaraz irakastea beharrezko egiten zuen. Zuzenbide Fakultatean indarrean zegoen Ikasketa-Planak, 1953. abuztuaren 11ko Dekretuak onarturikoak, bere aurreikuspenetan asignatura guztiei obligaziozko izaera ematen zienez, Normalizazio-Planak Fakultateari B1 kategoria esleitzeak Lizentziatura osoa euskaraz eskaini beharra zekarren.

1990/1991 ikasturtean Normalizazio-Plan hori abian hastean, Ikastetxeak hamasei irakasle elebidun izanik (tartean, bi doktore), oso-osorik euskaraz eskaintzen ziren zazpi irakasgaiez gain, beste sei irakasgaitan eskola praktikoak edo mintegiak egiten ziren euskaraz. Planak, ikusi dugunez, irakaskuntza euskalduntzea lehenesten zuen, baina, bere helburuak erdiestearren, ez zen oraindik lan makala egiteke geratzen!.

Irakasle elebidunak lortu behar ziren, lehenik, eta horretarako bi aukera jorra zitezkeen: bata, aurrez Fakultatean zegoen irakasleria euskalduntzea, eta, bestea, irakasle berriak kontratatzea. Ezin da esan aurretik zeuden irakasleak euskalduntzearen eremuan gauza handiegirik lortu denik. Biderik erabiliena, beraz, talde berriak sortzen joan diren heinean, pixkanaka, irakasle elebidunak sartzea izan da. Hasieratik argi eduki zen, ordea, irakaskuntzan gutxiengo kalitate-maila bermatu beharra zegoela eta hori lortu asmoz, kontratazio horiek gauzatu aurretik, hizkuntza-ezagutza nahiz ezagutza akademikorik egokiena izango zuten hautagaiak prestatu ahal izateko postgraduatuentzako bekak atera ziren, eta, ondoren, plaza elebidunak betetzeko kontrataturiko irakasleei euren irakaskuntza-lanaren emaitza osoak lehen unetik galdatu beharrean, pixkanaka eskatzen joan zitzaizkien. Lan horrek bere fruituak eman zituen, eta I. Normalizazio-Plan horren indarraldia amaitzean, 1999. urtean, berrogei irakasle elebidun zituen Fakultateak, eta, 1998/1999 ikasturtean irakasgai bat izan ezik, gainontzekoak euskaraz eskaintzen ziren bitartean (lizentziaturaren %96, beraz), 1999/2000 urterako aurreikuspenen arabera, lizentziatura osoa euskaraz egin ahal izango zen. Planaren helburuak beteak zirela baiezta zitekeen, beraz.

Ezin da esan, ordea, gauzak hor amaituak geratzen direnik. Epealdi horretan, Leioako Irakasgunea sortu da eta, han ere irakaskuntza euskaraz jasoko duten taldeak eratzen joan dira. Aurretiaz eginak ziren kontratazioekin ezinezkoa izan da talde berri horien irakaskuntzari aurre egitea. Irakasle berrien sarrera-jariorik ez da amaitu, beraz.

Izan ere, 1999. martxoan onartua izan zen Euskararen Erabileraren Normalizaziorako II. Planak Zuzenbide Fakultateari A+ maila esleitu dio, Donostiako ikastetxean eta A maila Leioako irakasgunean. Zer esan nahi du horrek? A+ mailak, halabeharrezko irakasgai guztiez gain, hautazkoen kopuruaren bikoitza haina euskaraz eskaini beharra dakar. A mailak ere halabeharrezko irakasgai guztiak euskaraz galdatzen ditu, baina hautazkoen kopurua haina besterik ez da eskaini beharko euskaraz. Euskaraz eskaini beharrezko hautazko irakasgaien kopuruan dago gakoa, beraz. Planak argi uzten du, dena den, ikastetxeei esleituriko maila horiek erreferentzia gisa hartu behar direla, ez muga moduan: beste hitz batzutan esanik, gutxienez bete beharrekoa da.

Bere helburu orokorrak zehaztuak izan daitezen, besteak beste, Plan horrek, Zortzigarren Atalean, ikastetxe bakoitzari Ezarpen-Plana prestatzeko agindua ematen dio. Ondoren, Euskara Errektoreordeak Unibertsitateko Plangintzarekiko egokitasuna aztertu eta baieztatuz gero, Errektoreordearen erabaki bidez, ikastetxe bakoitzaren Ezarpen-Plana II. Planaren Eranskin bihurtuko zela aurreikusia zegoen. Atal horren aurreikuspenei erantzunez, Zuzenbide Fakultateak, 1999/2000 eta 2004/2005 ikasturteen arteko epealdia bere baitan hartuz Ezarpen-Plana egina duela bi urte izango dira honez gero, baina Errektoreordetzak ez du oraindik onartu, ezta onarpen hori lortu ahal izateko Fakultateak eman beharko dituen pausuak argitu ere. Funtsean, legokeen arazoa Zuzenbide-Fakultatean oraindik ere Ikasketa-Plan zaharrak indarrean jarraitu izana litzateke: Ezarpen-Planaren diagnostiko nahiz jardunbide-aurreikuspenak Ikasketa-Plan zaharraren arabera eginak izan direlarik, Plan berria onartzearekin aldaketak sartuko liratekeenez, ez da, nolabait esateko, "hanka-sartzerik" egin nahi. Momentu hori heldu bitartean, ordea, eguna joan eta eguna etorri, Fakultatean euskarazko irakaskuntzaren inguruan sortzen doazen arazoei aurre egin behar zaie. Plan zaharraren arabera funtzionatzeak ez du esan nahi arazorik ez dugunik... Alderantziz, esango nuke!

Gauzak horrela, ikus dezagun jarraian 2000/2001 ikasturtean Zuzenbide-Fakultatea nolako egoeran dagoen.

Fakultate honetan matrikulaturiko ikasleetatik %19,56a bere ikasketak euskaraz egiten ari da (zehatzago izateko, Donostiako ikastetxean ari direnen artean, kopuru hori %21,40koa da eta Leioako irakasgunean, %15,45ekoa). Ikus daitekeenez, lehenengo ikasketak, ikasketa ertainak nahiz Unibertsitatean sartzeko hautaproba euskaraz egin dituzten ikasle asko eta askok gaztelania aukeratzen jarraitzen dute, oraindik ere, Lizentziaturako ikasketak egiterakoan. Argitu behar da, edonola ere, matrikula egiterakoan, ikasleak egun irakasgai bakoitza zein hizkuntzatan egingo duen erabakitzerakoan aukera-malgutasuna duela: beste hitz batzutan esateko, iraganean ez bezala, ez dago jada irakasgai guztiak hizkuntza berean egitera beharturik.

Fakultateari atxikirik dauden irakasleei dagokienean, berriz, perfil elebiduneko kontratua duten berrogeita bi irakasleei, gaztelaniaz irakasteko kontratua izan arren, euskarazko irakaskuntzan diharduten beste zazpi irakasle gehitu behar zaizkie egun. Horiez gain, nahiz eta beste ikastetxe batzuetara atxikiak egon, Lizentziatura honetan irakasten duten beste hamar irakasle ere baditugu. Berrogeita hemeretzi irakasle horiek, eta arazoren bat edo beste gainditu ondoren, aurtengo ikasturtean irakasgai guztiak Leioan nahiz Donostian euskaraz ematea bermatu dute, baina datorren urtean bosgarren maila ezarriko dela ezin ahantzi: bost irakasgaitan talde berriak sortuko dira eta haien irakaskuntzaz arduratuko diren irakasleak beharrezkoak dira. Horiez gain, gainontzeko mailatan estu eta larri dabiltzan irakasgai zenbaitetan ere beharrezkoa izango litzateke kontratazioren bat edo beste. Izan ere, Plan zaharraren irakasgai guztiak Leioan ere euskaraz ematea lortu behar delarik, Donostiako ikastetxean lortua zen helburua (Lizentziatura osoa euskaraz egin ahal izatea), zenbait kasutan kolokan geratzen baita.

Kopuruetan soilik geratzea -urrunago begiratu gabe-, dena den, kaltegarria izan daiteke. Euskarazko irakaskuntzaren kalitatea hobetu egin behar da, eta, horretarako, besteak beste, ikasleak erabili ahal izan ditzaten material egokiak prestatzea ezinbestekotzat hartu behar da: erdaraz idatziriko eskuliburu eta monografiak itzultzea interesgarria izan daiteke, baina egileak zuzenean euskaraz idatzia eta gizarte honen errealitate juridikoa kontutan duen eskuliburua erabiltzea erabilgarritasun handikoa gertatuko litzaioke Zuzenbide-ikasleari. Lan horrek berekin darama (aurrez-aurreko irakaskuntza berak bezalaxe) arlo honetako terminologia finkatzen joatea ere. Honetan guztian, Fakultate honetako irakasleok ezin dugu burbuila hermetiko baten barruan ari, baizik eta beste jardule juridikoek garatzen dituzten lanen erreferentziak ahaztu gabe, beti ere, eta haiekiko lankidetzan jardutea ezinbestekoa izango zaigu.

Gauza ez da hain sinplea, dena den: irakasleari lana biderkatu egiten zaio gaia euskaraz prestatzerakoan, besteak beste, terminologia sortzea edo moldatzea egokitzen baitzaio (Filologiako ezagupen berezirik gabe, gainera), eta hori ez da kontratatua dagoen ordutegia zenbatzean kontutan izaten. Are gehiago, orokorrean hitz eginik, euskaraz irakasten duenak bere kontratuak esleitzen dizkion ordu guztiak bete egiten ditu, eta, material didaktikoa edo ikerketa zehatza gauzatzerako garaian, irakaskuntzarekiko askapenik lortu nahi izanez gero, haren irakaskuntza-zama bere gain har dezakeen irakaslerik ez da bere Sailean egongo. Euskara-Errektoreordetza askapen-proposamenak aztertzeko prest agertu da, baina kontratazio-politika kontutan izanda, ikusi egin beharko da askapen horiek nolako baldintzatan onartzen diren...

Gauzak horrela, gure helburu nagusia Lizentziaturan euskarazko irakaskuntza bermatzea izatea ez da harritzekoa. Graduondoko eta Doktorego ikastaroetan ezin, momentuz, miraririk eskatu. Hasteko, esan behar da, aipatu irakasle horien ahaleginak, batez ere, Lizentziatura euskalduntzera zuzentzen direla. Arrazoirik nagusiena, dena den, euskaraz irakasten dutenetatik kopuru handi batek oraindik ez duela tesirik irakurri. Horrek guztiak azal dezake Master nahiz Espezialista tituluak lortzera zuzenduriko Graduondoko ikasketa nahiz Doktorego-programetan euskararen presentzia irakasgai, mintegi edo ikastaroren bat edo bestera murriztua geratzea.

Pixkanaka, beraz, lortzen ari gara gure ikasleek, terminologia desadostasunak gora-behera, ordenamendu juridikoa euskaraz landu eta erabiltzen ohitzea; euskararen usadioa eskasa izan den mundu batean duintasunez mugitzea. Dena den, oraindik normalizazio osoa lortu aurretik urrats ugari eman beharko dira.

Edonola ere, hasieran iradokitako harira itzul nadin. Ezarpen-Planak aurreikusi moduan eta esana dudanez, Fakultatearen helburua jurista elebidunak prestatzea izan behar litzateke. Ikasle guztiek (euskarazko nahiz gaztelerazko lerroan matrikulatuek) prestakuntza elebiduna lortzeak osatuko luke eredurik egokiena. Euskal- eta gaztelera-adarrak elkarren artean bereizi eta ikastetxe berean bi "Fakultate" paralelo antolatu beharrean, Fakultate elebiduna lortzea esan nahi baita. Ikasle orok (beti ere, beraiek nahi izanez gero), bi hizkuntzak erabiltzeko aukeran izanik, bietan gaitasun osoa lortu ahal izango luke era horretan. Egungo egoeran utopia dirudien arren, horixe erdiestera zuzendu behar ditugu gure eginahalak, nire ustetan.


Euskonews & Media 120.zbk (2001 / 4-27 / 5-4)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved