Justizia eta euskara, topikoak mintzagai
* Traducción al español del original en euskera
Maite Pagazaurtundua Ruiz 

1) TOPIKOAK

Euskararen mundutik kanpo bizi diren hiritar askok pentsatzen zuten -eta askok oraindik ere horixe bera pentsatzen dute- unibertsitatean euskaraz irakasten den produktuak kalitate eskasagoa eskaintzen duela. Are gehiago esango nuke gertatzen dela zuzenbidea mintzagai azaltzen denean.

Iritzi honen atzetik, batzutan ezjakintasuna ageri da, beste batzutan tradizionalismo ezkutua, hau da, gauzak beti egin diren moduan egiten jarraitu daitezen gogo adierazi gabea, eta noski, batzutan aurreiritzi jakinak ere.

Batzutan irakasleria da topikoaren oinarria. Irakaskuntza euskaraz garai batean eta neurri batean inprobisatu behar izan zelako eta akaso kasu batzutan dudatan egon zitekeelako irakasleriaren kalitatea, kalitate eskasagoaren topikoa errotu zen. Euskaraz irakasten duen irakasleriaren parte batek berak ideia hau ez ote duen barneratu galdetzen diot neure buruari, hau badiot, zenbait irakasleengan ardura hori sumatu dudalako da, besteak beste.

Beste batzutan ikasleria da topikoaren jatorria. Hizkuntza eta pentsaera erkatuta datoz. Pentsamendu abstraktu eta mardul bat aurrera eramateko baliabide linguistiko helduak behar direnaz ez dago dudarik eta ikasle askok euskaraz egiteko daukagun trebezia ez litzateke zenbaitetan behar adinakoa irakaskuntza unibertsitarioak aurrera eramateko. Hori egia izanik ere, gaztelaniaz ere ikasketaunibertsitarioak egin izan ditudanean igarri ditut ikasleak, zeinetan hizkuntza eta pentsaera ez baitziren behar adinakoak irakaskuntza unibertsitarioak aurrera eramateko. Orain urte batzuk ere ikasketa ertainetan irakasle bezala aritu nintzenean beste gertakari bat ere sumatu nuen, sumatu ere: baziren ikasleak euskaraz zein gaztelaniaz ederki egin eta pentsamendu abstraktua garatzeko oso gaituak zirenak, eta bestetik bata zein beste hizkuntzatan oso trakets zebiltzanak ere. Aipaturiko topikoak dituen egiak aztertzeko hausnarketa sakon eta orokorrago batetan hasi beharko genuke, beraz.

Topikoaren aurreko bi oinarriak modu orokorrean aipatu ditzakegu euskaraz bilakatutako edozein ikasketa unibertsitarioari buruz. Baina zuzenbidearen irakaskuntzak baditu alderdi berezituak, nire uste apalean behintzat.

Baliabideak eta irakaskuntza-gaien tradizio historikoa. Justizia eta zuzenbidearen kasuari bagagozkio tradizio historikoak pisu handia dauka dudarik gabe. Leizarragaren terminologia erabiliaz "euskal herrietan" ez zen historikoki erabili euskara hizkuntza juridiko-administratibo bezala, salbuespen gutxi eta kaxkar batzuk izan ezik. Horregatik, gaur egun ez dugu katalanen tradizio juridikoa bertatik behar linguistikoak asetu ahal izateko. Tradizio latindar-erromantzea abiapuntu ezinbestekotzat jo beharra dago aurreiritzirik gabe eta konplexurik gabe.

Baliabideei bagagozkio, tresneria gehiena oraindik gaztelaniaz aurkitzen dugu, baina horrek ahalegin berezia eskatzen diolarik ikasle zein irakasleari, abanta pertsonalik ere agertzen du, nire iritzi apalean: ahalegina bi hizkuntzatan egin behar izaten denean, bi hizkuntzatan lan egiteko gaitzen du ikaslea.


2) EUSKARAZ IRAKASTEN DENAREN IKUSPEGI MUGATU ETA PERTSONALA

Irakasleria. Nik ez dut topatu ezberdintasun berezirik kalitatean gaztelaniaz jaso dudanarekin parekatuz gero. Salbuespena irakasleren bat neologismozalea izanik, gaiaren ulerpena iluntzen zuen eta euskara ez zen hizkuntza baten aurrean egotearen sentsazioa jaso zitekeen, euskerantoaren aurrean, hain zuzen.

Hizkuntza teknikoa. Gai honetan oso iritzi argi eta finkatua daukat, eta Espainiar Estatuan euskaraz egiten den irakaskuntzarako gai funtsezkoa iruditzen zaidanez, lerro hauetaz baliatuko naiz nire jarrera ezbairik gabe azaltzeko:

Neologismokeria: Hitz berriak behar ditu euskarak eguneroko funtzio berrietara iristeko. Garbizalekeriak ez du kontutan hartzen testuinguru soziolinguistiko erreala. Gaztelaniak eta euskarak gure baitan eta errealitate sozialean erlazio etengabeak sortzen dituzte, ezin dugu egin elebidunak ez bagina bezala eta tradizio juridiko latindar eta erromantzea existituko ez balitz bezala, tradizio hori delako ia salbuespenik gabe gure altxor juridikoa.

Gaztelania zaharrak, ahozko funtzioetatik funtzio publikoetara egin zuenean, bereziki XIII mendetik aurrera, funtzio horiek egiten ziren hizkuntzatik –latinetik, hain zuzen- hartu zituen milaka hitz eta XVI. Mendetik aurrerako gaztelania, hizkuntza txukun eta literario garrantzitsu bezala agertzen zaigu.

Mogel eta Larramendi izan ziren Sabino Aranaren garbizalekeriaren aitzindariak.

Garbizalekeria zenbaitetan agertu izan da euskararen historian, eta ez zion onik egin ez estandarizazioari, -urte luzez atzeratu baitzuen euskara batuaren jaiotza- ez bere zabalkuntzari ere –irakurle euskaldunak ez zuelako euskerantoa ulertzen-.

Erabilgarritasuna: elebitasuna eta tradizio historikoa kontutan hartu duen joera. Euskara erreza eta erabilgarria lortu nahi dute jakinda edo modu inkontzientean joera hau jarraitzen duten irakasleek. Goian esan bezala inguruan edo gure baitan ditugun beste hizkuntzek (gaztelania, katalanera...) prozesu horixe beraxe bizi zuten estandarizatzen hasi zirenean.

Euskaraidatziz, jaso ziren lehenengo esaldiak, Errioxako San Millan de la Cogollako monasterioetan gordetzen dira, aurreko mendearen lehenengo urteetan gertatu zen hain zuzen ere fraide eleanitz batek –latina, euskara eta erromantze gaztelaniarra zekizkiena- latinezko testu baten esaldi ilun samar batzuk argitzeko ohar batzuk egin zituela euskaraz. Bertako esaldi batek horrela dio: "guec adiutu ez dugu", badirudi honek esan nahi duela "guk laguntza ez dugu". Bertan ikus daiteke, latinetik modu makarroniko batez hartu zutela hitza erromantzerako eta fraideak prozesu bera egin zuela bere euskarari aukera berri bat emateko. Joera horrek ahalerazi dio euskarari, nire uste apalean, gaur arteraino. hizkuntza bizia izaten jarraitzea.


3) TOPIKOAK APURTZEKO, EUSKALZENTRISMOA GAINDITU ETA KALITATEAREN APUSTU SENDOA EGIN

Ausardia gehiegiz egiten dut beharbada, ezjakintasunak mugituta seguru aski, baina lerro hauen hasieran agertutako diagnostikoa gainditzeko bide bat besterik ez dut nik asmatzen: euskalzentrismoa gainditzea eta euskarazko produkzio eta irakaskuntzan dabilen jendeak kalitatearen asmo eta helburu zuzena burutu dezan. Bi kontzeptu hauek argitzen saiatuko naiz.

Euskalzentrismo bezala zera jotzen dut: Gizarte erreala kontutan izan gabe euskaldunoi pribatiboa gertatzen zaiguna soilik begiratzea, egoera soziolinguistiko erreala kontutan izan gabe garbizalekeriatan ibiltzea; azken finean, gizon-emakume errealak kontutan izan gabe ametsetan ibiltzeko joera, pentsatuz noizbait eremu propio bat existituko dela modu perfektu batean tradizio puru-purua eta berezi-berezia izateko aproposa izango dena. Federico Mayor Zaragozarekin bat nator pentsatzen duenean benetan nortasun bati gaur egun testuinguru internazionalean begirunea sorrarazten laguntzen dion gauza bakarra, produkzio kulturalean kalitatez egitea dela.

Hortaz, eta nire uste guztien ondorio bezala adieraziko nuke, euskaraz eta kalitatez agertu behar dugula gero eta gehiago plazara eta mundu guztira. Itzuli diezaguten gogoa sortuz, ispilu erakusgarria izaki. Ezagutzen ez gaituztenen aurreiritziak apurtu ahal izateko, gogoz eta prestigioaren eraginez.


Maite Pagazaurtundua Ruiz, Zuzenbideko ikaslea Donostiako Kanpusean

Euskonews & Media 120.zbk (2001 / 4-27 / 5-4)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved