Miren
Terese Urrestarazu duela 93 urte jaio zen Arabako Araia herrian.
1941. urtetik Gasteizen bizi da. Umandi euskaltzalea anaia
zuen, eta honek euskara ikasten lagundu zion. Euskaltzalearen
azken lanak argia ikusi du duela ez denbora asko, eta horretan
Miren Teresek hurbildik lagundu zion. Araban bizi den euskaldunberririk
zaharrena izango da, zalantzarik gabe, gure elkarrizketatua.
Gasteizko "Geu" Elkarteak sari berezi bat eman zion
iaz, urtetan zehar euskararen alde eginiko lanarengatik. |
-Euskaldun
berria zarela badakigu, baina noiz hasi zinen euskara ikasten? Gazte
nintzela, gerra aurretik, irakasle gisa aritu nintzen eskola batean,
eta orduan hasi nintzen euskara ikasten. Orain astia soberan dudanez
gero, gehiago ikasten saiatzen naiz; esaterako, hiztegian begiratzen
ditut entzun eta ezagutzen ez ditudan hitzak.
-Non ikasi
zenuen? Esan bezala,
irakaslea izan nintzen gaztaroan, Aulestian, Gernika ondoan hain
zuzen ere. Lau urtez aritu nintzen haurrei eskola ematen. Erdaraz
ematen nituen arren, baserritarren semeak nirekin zeuden, gaztelaniarik
ez zekitenak, eta hauek irakatsi zizkidaten lehenengo euskal hitzak.
Nire nahia beti izan zen euskara ikastea. Baina bizitza gehiena
eman dut euskara ikasten, eta Aulestiako haur haiez gain, Andoni
nire anaia ere irakasle izan nuen. Ederra gainera!
-Zu bakarrik
edo ikaskide gehiago izan dituzu euskara ikasteko orduan? Aulestiatik Araiara
itzuli nintzen eta nire herrian, bertako neskatila batzuekin batera
nindoan euskara ikastera. Gasteizen berriz, geroago eta orain
arte, talde ezberdinetan aritu naiz. Beti mantendu dut harremana
urtetan zehar izandako ikaskideekin.
-Araba aldean
bizitzea, euskaraz aritzeko oztopo izan al da? Askotan bai. Sarri,
zaila zen euskaldunak aurkitzea ikasitakoa praktikan jartzeko.
Orain, urrutizkinez (telefonoz) aritzean, beti galdetzen dut "nor
da?". Euskaraz erantzunez gero, nik ere horrela jarraitzen dut;
bestela erdarara pasatzen naiz.
-Euskararen
erabileraren aldetik, zer desberdintasun daude duela 60 urteko
eta gaurko gizartearen artean? Euskara
batua hortxe dago. Ni ez naiz horren aldekoa. Nik ez dakit batuera,
gainera ez da bat ere atsegina niretzat. Ni bizkaitarra ikasten
hasi nintzen, eta gero nire anaiarekin gipuzkera ikasi nuen. Biak
ulertzen ditut orain. Baina euskara batua, artifizialegia iruditzen
zait
-Zure anaia,
Andoni Urrestarazu, "Umandi", euskaltzale handia genuen.
Dirudienez, eragina izan zuen zugan... Bai, dudarik gabe.
Araban emandako euskaltzalerik nagusienetakoa izan da. Eredugarria
gertatu zen niretzat, Andonik bizitza osoan euskararekiko izandako
jarrera. Berak lagundu ninduen euskaraz hitz egiteko eta idazteko
orduan. Eta horretan ere zordun natzaio.
-Andonik eginiko
lanek zer eragin uste duzu izan dutela euskal gizartean? Ez dakit euskal gizartean
nolako eragina izan duen, baina niretzat bere lanek gehiago ikasteko
balio izan dute. Niretzat ez dago elizti (gramatika) hoberik.
Bertan asko ikasi dut eta bertara jotzen dut ia-ia egunero, zertxobait
gehiago ikastearren.
-Zure laguntza
jaso zuen Andonik. Zertan? Badakizu nolakoa zen
Andoni: beti bete gauzetan sartuta, euskalgintzan, ingurukoaz
ia-ia ahaztuta, sarritan. Nik nola edo hala lagundu behar nion
eta bere idazki guztiak makinaz pasatzen nizkion. Hura bukatzea
ezinezkoa izango zela uste genuen arren, azkenean amaitu genuen.
Hark egin zuen lana!
-Azkenengoa,
"Asmo-iztegia", Andoni hil ostean argitaratu zen. Zuk
eskainiriko laguntzagatik konpentsaturik sentitu al zinen? Bai. Pozgarria da nire
anaiak eginiko lan guztiaren ondoren lanak argia ikustea. Gainera,
azkenengo lan honek euskara ikasteko eta irakasteko balio duela
uste dut.
-Orain
dela gutxi sari bat eman zizuten Gasteizen, bizitzan euskararen
alde egin duzun ekarpena dela eta. Zer sentitu zenuen?
Atera
kontua! Oso pozik eta errekonozitua sentitu nintzen. Badakit nire
ekarpena oso txikia izan dela, baina ehuneko ehun eman dut, ahal
izan dudan guztietan, euskararen alde. Horrexek ematen dit pozik
sakonena.
-Zer da euskara
zuretzat? Niretzat munduan
dagoen altxorrik onena da. Euskara hiltzen bada, munduak altxor
hori galduko du. Gainera oso ederra da gure hizkuntza. "Geuria
geuria dalako".
-Nola ikusten
duzu euskararen egoera Araban? Nire ustez Araban gero
eta pertsona gehiagok dakite euskaraz, batez ere gazteek. Orain,
erabiltzen duten ala ez, beste kontu bat da. Dena den, ez dut
uste inoiz izan denik gure lurraldea orain baino euskaltzaleagoa,
eta hori, Andoniren gisako pertsonei esker lortu da. Berriz diot,
dena den, nire ekarpena, itsaso zabalean tanta apal bat besterik
ez da izan. Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal
Euskonews & Media 118.zbk
(2001 / 4 / 6-20)
|