|
Bizkaiko
Jaurerria edo Konterria 1372tik Juan I Gaztelako erregearen esku
geratu zen herentziaz (bere amaren bitartez), berau izango da
handik aurrera bertako jauna. Jaurerriaren barne antolaketa modu
desberdinetan sailkatua zegoen: Batetik, hiru zatitan bereizi
ohi zen jatorri eta izaera geo-politikoz: Bizkaia zentrala edo
nuklearra, Enkarterriak eta Durangoko merindadea (baziren neurri
txikiago batean: Trutzios edo Orozko bezalako entitateak, lehena
banatu eta bigarrena barneratu egin zirenak denboran zehar). Bestetik,
juridikoki, batetik Lur Laua (elizateek merindadeetan banaturik
osatua), eta bestetik hiribilduak eta hiria (Orduña, bera
ere hiribildu bezala fundatua XV. mendearen lehen erdialdean hiri
bihurtu zena). Ez luzatzeagatik zehaztasunik ez dugu emango honetaz,
baina gatozen harira, "tercio" deitutako azpibanaketarekin.
Tertzioak
eta haien funtzioak
Tertzio edo heren hauek Bizkaiko hiribilduak
eta hiria hiru multzotan banatzeko unitatea ziren, izenak dioen
bezala. Tertzio- edo heren- buruak eta haien inguruan biltzen
ziren hiribilduak hauexek ziren: lehen herenean Bermeo (Lekeitio,
Ondarroa, Gernika, Plentzia, Errigoiti, bilduz bere tertzioan),
bigarren herenean Bilbo (Balmaseda, Portugalete,
Miraballes, Munguia, Larrabetzu-rekin) eta Durangoko Tabira hirugarrenean
(Orduña, Villaro —Areatza—, Otxandio, Elorrio, Ermua, Markina,
Gerrikaitz-ekin) (1) .
Buru bakoitzak bere hereneko beste hiribilduen ordezkaritza lana
egiten zuen Jaurerriaren aurrean (2);
Jaurerriaren izenean ere, hirurak batera joan ohi ziren gortera,
erregearengana, batzuetan (inoiz koroaren ordezkariei buruzko
kexekin, bestetan eskariak egitera…); Jaurerriaren,
korrexidorearen edo erregeren aginduak edo deialdiak zirenean
ere, heren-buruek adierazi behar zuten onarpena (3),
eta ondoren tertzio-buru bakoitzak, hereneko beste hiribilduei
abisatzeko beharkizuna zeukan. Jaurerrian Koroaren ordezkari nagusiena
den korrexidorearen bizileku ere izango dira hiru heren-buruak.
Jaurerriaren ageriko partaide gisara agertzen zaizkigu, beraz.
Tertzioen garrantzia ere ikusten da 1483an Isabel Katolikoa, Gaztelako
erregina, eta bere alaba Juana, Bizkaira etorri zirenean, lehenengo
Bilbora joan ziren, handik Bermeo eta Gernikara, erreginak Jaurerriaren
pribilegioak zin egin zitzan; eta azkenik Durangora. Ez dakigu,
Bilbon ere zin egin zituen, baina Bilbotik Durangoko
Tabirara irailaren 19an iritsi zirenean badakigu, bertako pribilegioak
zin eginarazi zizkiotela (4),
beraz pentsa daiteke Bilbon ere zin egingo zituela.
Korrexidorearen
egonaldien auzia XVI. mendean
Erregeak bere ordezkari gisa Bizkaira
bidalitako korrexidoreak, Jaurerriko hiribilduetara bisita egin
beharra zeukan urtero. Durangoko hiribildura egin ohi zituen ikustaldietan,
hiribilduaren egoera ikuskatzeaz gain, hiribilduko
kontuak ere gainbegiratzen zituen eta eguneroko bizitzari buruzko
aginduak ematen (5), beste
hiribilduetan egin ohi zuenez. Dena den, inoiz aginduak eta betebeharrak
Bilbotik bertatik bidaltzen zituen (6).
Sarritan auziak konpontzeko korrexidorearengana joaten
ziren, diru askoko apelazioetan nahiz garrantzi handiko pleitoetan,
eta bera Durangon ez zegoenean Bilbora joan ohi ziren (7);
beraz, hiribildu barruko arazo konpon ezinetan ere parte hartzen
zuen korrexidoreak (adibidez hiribilduko ofizialak, hots, konpondu
behar zutenak, inplikatuak zirenean).
XVI. mendean,
Batzar Nagusietatik Erreximenduak izeneko bilkura txikiagoak eta
sarriagoak sortzen direnean Jaurerrian (hauetatik hurrengo mendean
Diputazioa jaioko delarik bilkura permanente eran hasieran, eta
geroago guk ulertzen dugun eran), arazoak sortu ziren herenen-buru
desberdinen artean, non egin behar ziren erabaki ezinik. Jaurerriko
erreximendu hauek, hiribilduen beraien aldetik eginak izan ziteztekeen
edo Lur Lauak, hots elizateen ordezkariek, beraien aldetik eginak
(Erreximendu Partikularrak deitzen dira hauek) edo hiribildu nahiz
elizateen ordezkariek osatuak izan zitezkeen (Erreximendu Orokorrak
deituak). Berez, korrexidorea bizi zen lekuetan egiten ziren,
beraz, Bilbon izan behar zirenean hara joatera
deitzen zien korrexidoreak, heren-buruei gutuna bidaliz eta gero
hauek haien hereneko beste hiribilduei abisatuz (8).
Durangoko hiribilduan ere bizi ohi zenez, Jaurerriko Herenetako
baten hiriburu zelarik, han ere biltzen ziren erreximenduak Bermeo
eta Bilbon bezala. Egia esan, XVI. mendean borroka latzak sortu
ziren gai honen inguruan. Eztabaida aspektu hauetan
zegoen: korrexidorea non bizi behar zen urtean zehar (Bilbon soilik,
Bilbon eta Bermeon ala Bilbon, Bermeon eta Durangon (9))
eta zenbat denboraz leku bakoitzean (heren guztietan bizi behar
bazuen, guztietan berdin izan behar zuen,…). Honek guztiak boterearengatik
borroka egon zela adierazten digu eta hiribildu bakoitzak Jaurerriaren
barruan zeukan indarraz ari zirela borrokan, bakoitzak berea galdu
nahi ez zuelarik.
Fernando eta
Isabel, Errege-Erregina Katolikoek, Chinchilla lizentziatua Bizkaira
bidali zutenean bandoen gerraren arazoarekin amaitzeko, Salamancatik
1486ko abenduaren 13an bidalitako gutunean, "[…] en la
villa de Bilbao y en las otras villas e çiudad
y / tierra llana del nuestro condado de Vizcaia" ordenantzak
egiteko eta egindako zuzenketak nola betetzen ziren ikustera eta
betearaztera bakoitzera joateko agindu zioten (10).
Dirudienez bada, korrexidorea Bilbotik aritzen zen lanean, lehen
une batean behintzat. Baina Durango eta Bermeo beti hartu behar
zituen kontuan, zeren lehenago, azaroaren 23an, Errege-Erregina
eurek Chinchilla berari Salamancatik agindu zioten ikus zezala:
"[…] sy heran de la hordenança e forma que el dicho
liçençiado [de Chinchilla] hordenara e
diera a la noble villa de Biluao e a la noble e leal villa
de Bermeo, cabeça del dicho nuestro Sennorio
de Viscaya […]" Durangoko hiribilduan, bandoei
jarraitu gabe aldatuz kontzejuko ofizialak (11).
Hasieran, Erreximendu
bilerak, edozein motatakoak zirela ere (orokorrak, hiribilduenak,
Lur Laukoak,…), tertzioetan egiten ziren (12).
Ditugun dokumentuen arabera, kexak 1514/11/07an hasten dira, Valladoliden,
Juana erreginak Bizkaiko hiribildu eta hiriaren prokuradore gisa
Martin Ruiz Ertzillakoa-k egindako eskaera entzunda, korrexidoreari
bere aurreko gutunak beteaz, tertzioetan bizitzeko agindu zionean,
biztanleek lehen instatzia urrutian izan ez zezaten (13).
Arazoek jarraitu
egin zuten, 1528/04/24an, Madriletik Carlos I.a Gaztelako erregeak
berdina agindu zion berriro Bizkaiko korrexidoreari; Bizkaiko
Hiribildu eta Lur Lauaren Batzarreko prokuradore zen Juan Perez
Maretxagakoa-k eskatu legez launa hilabetez
biziz Bermeon, Durangon eta Bilbon ordena horretan, aurrez egin
ez zuenez noski (14).
1530/06/28an Carlos I.ak berretsi egin zuen agindua, herenen ordena
Bermeo, Bilbo eta Durango izatera aldatuz (ordena honek hiribilduen
garrantzia adieraziko zuen seguruenik, kontuan izan behar dugu
zeinen garrantzi handia ematen zitzaien zehaztasun hauei garai
hartan, prozesioetan, batzarretan esertzean, etab.); baina kasu
honetan kexak jarri zituzten Bilbok eta Orduñak (nahiz
berez tertzioz Durangokoa izan, Bilborekin hobeto
komunikatua zegoelako) beste prokuradore bat bidaliz gortera,
Enkarterrietako Batzar Nagusietako prokuradorearekin batera, korrexidorea
urte osoan Bilbon bizi zedila eskatuz (15).
Tertzioetako agindua betetzen hasi zen, 1532/03/08an
Durango ikusten baitugu Antonio de Saabedra korrexidorea, zegokion
lanean (16).
Baina gutxi iraun zuen 1528 eta 1535 tartean auziak jarraitu baitzuen;
alde baten eta besteen eskaerak direla eta, Errege-Kontseilukoek:
Medina del Campon 1532/07/05an egindako autoan agindu zuten Bilbon
sei hilabetez egon zedila, lauz Bermeon eta
biz Durangon, honen bi hilabete Bilbori emanaz, beraz; gainera
agindu zitzaion korrexidoreari tertzioetan bizi zenean, tertzioko
beste hiribilduak bisitatu behar zituela (17).
1534/02/04ean, Madrilen
Erregeak agindu zuen korrexidorearen
egoitza Bilbo izan zedila bost hilabetez, Bermeo lautan eta Durango
hirutan (18).
Azkenean 1535/07/02, Valladoliden don Carlos eta bere ama Juanak
errege-agindua eman zuten, erresidentziako epaileak korrexidoreak
bezala launa hilabetez bizi zitezen Durango, Bilbo eta Bermeon,
leku denetako kaltetuak kexa zitezen, eta ez
egiten ari zen moduan soilik hiribildu batean (esaten ez den arren,
Bilbo izango zen hiribildu bakar hori seguruena)
(19);
eta hil beraren 30ean eta berriro abuztuaren 17an korrexidorea
ere herenetan izan zedila agindu zuen (gehiago zehaztu gabe) (20).
1554/02/05ean
jadanik bada berririk: Durangoko Tabiran Lariztarren
dorretxean hiribilduan bilera egin zen Bizkaiko korrexidorearen
tertzioei buruz aritzeko, non bizi behar zen esanaz, Bilbao, Durango
eta Bermeon (21).
1560/06/22ean,
Toledon Felipe II.ak probisio berria egiten du launa hilabete
bizi zedin herenetan, Santxo Martinez Aspiozakoa-k, Bermeoko errexidore
eta bere tertzioko prokuradoreak, esan baitzion erregeri, korrexidoreak
zuela urte gutxitik Bilbon bizi zirela beraien interesengatik
(itsasoko 4 hiribilduetatik gertu, baina besteengandik urruti,
Bizkaiko Jaurerrian 22 hiribildu eta hiri bat
egonik eta 62 kontzeju hiru Tertzioetan); eta bandoengatik —aitzakia
fosildua ziurrenik— eta menditsua izanik delituak zeudela, eta
pobreek ezin zuten Bilbora joan haien auziak garbitzera (22).1561/02/08.ean
kexa desberdinen ostean, Felipe II.ak erabaki zuen sei hilabete
egin zitzala Bilbon, bi Durangon 1562ko azaroaren
1etik, baina kexa gehiagorengatik, erregeak Errege-Kontseiluaren
esku utzi zuen azken erabakia (23).
Aldi berean 1563/04/27ean, Bilbon Bizkaiko Korrexidore zen Lope
de Montenegro Sarmiento lizentziatuaren egoitzan Lur Lauko Erreximendua
egin zen, eta Bermeo eta Durangoko hiribilduek Errege-Kontseiluarengadik
lortutako exekutoriaz mintzatu ziren arren, korrexidorea eta Lur
Lauko ordezkari gehienak ados jarri ziren korrexidorea Bilbo inguruan
bizi behar zenaz, Bizkaiko Lur Lauaren jurisdikzio barruan, aurreko
korrexidore askok egin bezala, bidaia eta gartzela gastua gutxitzeko,
eta auziek leku bakarrean izan zezaten jarraipena
(24); gainera Foruaren
arabera Bermeon korrexidorearen teniente generala egoteko aginduta
zegoen (25) eta
Durangok ere bazuen bere tenientea (Enkarterriek bezala); horregatik
erabaki zuten eskatzea errege-exekutoria kentzeko (26).
Urte bereko uztailaren 20an, Madrilen, Felipe II.ak Bizkaiko prokuradoreek
eskatuta Bizkaiko korrexidorea zen don Juan de Aguilarri, galdeketa
egin zitzaion eta esan zuen egoitza tertzioetan zuela, hots, 1499tik
erregeak agindu zuela Bilbon izatea, legua bat inguruan, baina
beharrezkoa izan zenez 1535 arte tertzioetan bizitzera joan zela
(launa hilabetez leku bakoitzean) eta utzi zela garesti
ateratzen zelako auzitara zihoaztenentzat; kexak kexa, erregeak
nahi zuen lekuan egoteko agindu zuenez, azken 25 urtetan Bilbon
bizi zela, urtero atereaz hiribilduak bisitatzera (27).
Hilaren 31an Martin Otsoa Ibietakoa lizentziatuak, Durangoren
eta Bermeoren izenean, Bilbon Bizkaiko korrexidore zen
Montenegro Sarmiento-ri, Bilbotik atera dadin eta Bermeo eta Durangon
ere bizi dadin gutun exekutorioa notifikatzen dio
(28). 1565ean Madrilen
Felipe II.ak erabaki zuen, Errege-Kontseiluak bere esku utzi ondoren
berriro, hiru herenetan bizi zedila (29).
Beraz badirudi urteroko aginduaren zain egon behar zela asuntoa
edo eta korrexidoreak agindu espezifikoa jasotzen ez bazuen, nahi
zuena eginten zuela.
1567/12/12, Durangoko
hiribildukoek Pedro lbañez de Lugo-ri, Bizkaiko korrexidoreari,
eskatu zioten gortearen agindua beteaz bi hilabetez jarraian bizi
behar zela hiribilduan (bertan 1567/11/10tik egon baitzen soilik)
edo protesta egingo zutela; korrexidoreak Bilbora alde egin nahi
zuen erregearen aginduz 12 galeoi nola egiten ziren zaindu
behar zuelako eta, beraz, Durangon falta zitzaizkion egunak udan
itzuliko zela betetzera, koroak galerazten ez bazion (30).
1569/04/16ean,
Durangoko Tabiran kontzejukoak bildu ziren Bizkaiko korrexidorea
zen Juan de Ovalle de Villena lizentziatuak erreximendua Bilbon
deitu zuelako eta Durangon behar zuen; horregatik, korrexidoreak
Durangoko hiribilduko alkatea eta errexidore bat preso sartu zituen,
baina Errege-Chancilleriatik ekarritako gutunaz askatu zituen;
orduan korrexidoreak eskatu zuen turnoena Bilbon erabaki zedila
okupatua zegoelako; Durangokoek Bermeokoekin kontsultatuta, bina
ordezkari bidali zituzten korrexidorearekin turnoez
bakean aritzeko eta Bizkaiko Batzarren akordioen liburuan jartzeko,
edo bestela Bermeokoekin batera auzia jarraituko zutela
(31). Horrela uztailaren
20an eta 21ean, Bermeon egin zen korrexidorearekin Hiribilduen
eta Lur Lauko ordezkarien Erreximendua (32).
1571/02/09an ere ikusten dugu
Durangoko Tabirakoek Valladolidera prokuradore gisa bidalitakoari
epea luzatu zioten, Bizkaiko erreximenduen turnoagatik
Bilboko hiribilduarekin zuten auziaren epaia ematear baitzegoen
(33).
1573/04/28ean,
Bilbon Durangoko ahaldunak esan zuen korrexidorea ez zela bi hilabetez
Durangon bizi, horregatik korrexidore berria eskatu zuen, eta
Areatza, Ermua, Otxandio eta Miraballes elkartu
egin zitzaizkien; aldiz, beste hiribilduetakoek ez zeudela ados
erantzun zieten (34).
1579ko urrian,
Bilbon Bizkaiko Erreximendu Orokorrean, Durangoko hiribilduko
prokuradoreek adierazi zuten Durangon izan behar zela bilera hori,
heren txandaz, honela, konpontzeko, hurrengoa Durangon izan zedila
eskatu zuten; Jaurerriko Prokuradore orokorrek tertzioetan ibiltzea
ez zela beharrezkoa ihardetsi zieten, eta gainera hiribilduetan
baino, Jaurerriko tituloen arabera korrexidoreak
Lur Lauan beharko lukeela egon, hala ere, azkenean Erreximendu
Orokorrean erabaki zen Durangoko hiribilduari bere turnoa gordetzea
(35).
Baina disputa hauek ez
ziren XVI. mendearekin bukatu zoritxarrez, XVIIan jarraitu egin
zuten (36).
Ondorioak
XVI. mendean ikusten da Bilbok Jaurerrian
hartu duen garrantzia, heren-buruen artean berea bihurtu baita
garrantzitsuena. Korrexidoreak ez du handik mugitu nahi, portuarengatik,
etab., estrategikoa eta oso garrantzitsua zelako.Ondorioz, Bermeo
eta Durango, 1500ean sortutako Erreximenduak beraien hiribilduetan
ospa zitezen eta korrexidorearen audientzia ere han ospa zedin
zeuzkaten pribilegioak gorde zitezen, borrokatu beharrean aurkitu
ziren. Honekin guztiarekin, Bermeok, ordurarte jaurrerriko hiriburu
zenak, nagusitasuna galdu zuen Bilboren aurrean, oraindik izena
gorde zuen arren; hala eta guztiz ere, galtzaile nagusia Durango
izan zen, berari murrizten zaizkiolako gehien korrexidorearen
egonaldiak, hots boterearenak; nahiz eta nolabait koroak bere
babesa ematen dion oraindik, azkenean berak ere murriztuz zeukan
pribilegioa. Hor ikusten da botereen desplazamendua eta, ondorioz,
sortutako borroka. Bilbo indartu egin zen XV eta XVI. mendeetan
zehar, eta bere botere ekonomikoa handitu zuen heinean, pisu politikoa
eskatu zuen, eta berak bakarrik egin zion aurre Bermeo eta Durangori
(uneren batean elizateek eta korrexidoreak berak ere lagundu zioten
arren, interes propioengatik). Baina beste biek ez zuten errenuntziatu,
eta ia XVI. mende osoan zehar eta XVII.ean ere auzi amaitezina
bihurtu zen korrexidorearen egoitzaren hau. Hiribildu bakoitzak
koroarengandik lortzen zuen atentzioa eta bere barne arazoen konponbidea
errazteko modua zen jokoan jartzen zena auzi honetan, Jaurerrian
zeukaten lekuaz gain, eta denborarekin galdua zeukaten Bermeo
eta Durangok Bilboren aurrean.
|
Iturriak
eta Bibliografia
Iturriak
-Durangoko
Artxibategi Historiko Munizipala (D.U.A.H.): Documentos
Antiguos (1 - 7. legajoak), Akta Liburuak eta Kontu Liburuak,
Elizako Liburuak.
-Bizkaiko
Foru Artxibategia (B.F.A.): Bizkaiko Korregimenduaren atala
(B.K.A.).
-Archivo
de la Real Chancillería de Valladolid (A.R.Ch.Vall.):
Sala de Vizcaya-ko auziak.
- El fuero.
Privilegios, Franquezas y Libertades del M.N. y M.L. Señorío
de Vzicaya,Bilbo, Bizkaiko Foru Diputazioa, 1977.
- HIDALGO de
CISNEROS AMESTOY, C.; LAGARCHA RUBIO, E.; LORENTE RUIGÓMEZ,
A.; MARTÍNEZ LAHIDALGA, A.; Colección documental
del Archivo Municipal de Durango, Fuentes documentales
medievales del País Vasco 20, 21, 22 eta 23.
- ZZ.EE., Juntas
y Regimientos de Vizcaya: Actas de la Tierra LLana 1558-1600,
Bilbao, Bizkaiko Batzar Nagusiak, 1994-1999, 6 tomos. (CD-rom-ean
ere argitaratuak hiribildueen eta hiriaren Batzarrekin batera,
1999)
- ZZ.EE., Juntas
y Regimientos de Vizcaya: Actas de villas y ciudad 1536-1600,
Bilbao, Bizkaiko Batzar Nagusiak, 1994-1999, 3 tomos. (CD-rom-ean
ere argitaratuak Lur Lauaren Batzarrekin batera, 1999).
Bibliografia
- GARCÍA
GALLO, Alfonso "El régimen público del
Señorío de Vizcaya en la Edad Media",
in Ikaskuntza Historikotako Batzarrea: Bizkaia Erdi Aroan,
1984ko Abendua, Bilbo, Eusko Ikaskuntza, 1986.
- GARCÍA
de CORTAZAR, F.; MONTERO, M.; Historia de Vizcaya. De
los orígenes, la Edad Media, el Antiguo Régimen
a los siglos XIX y XX., Donostia, Txertoa, 1994.
- GARCÍA
de CORTÁZAR, J.A.; ARIZAGA B.; RIOS, M.L.; del VAL,
I.; Bizcaya en Edad Media, San Sebastián,
Haranburu, 1984.
-ITURBE MACH,
Andoni, Durangoko historiari buruz ohar batzuk, Bizkaiko
Herrien Monografiak: Durango, Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia,
1993.
- ITURRIZA
y ZABALA, Juan Ramón, Historia General de Vizcaya
y epítome de las Encartaciones, Bilbao, Librería
Arturo, 1967.
- LABAYRU y
GOICOECHEA, Estanislao Jaime de, Historia General del
Señorío de Vizcaya, Bilbao, La Gran Enciclopedia
Vasca, 1968.
- MONREAL CÍA,
Gregorio, Instituciones públicas del Señorío
de Vizcaya (hasta el siglo XVIII), Bilbo, Bizkaiko Foru
Diputazioa, 1974.
- MONREAL CÍA,
Gregorio, "Desarrollo histórico de las Juntas
Generales del Señorío de Vizcaya hasta 1981"
in Bizkaiko Batzar Nagusiak, Bilbo, Bizkaiko Foru
Diputazioa, 1986, 17-64. orr.
- OROBIO-URRUTIA,
Jose Angel, Bibliografía de Durango, Liburu-sail
durangarra 4. zenb., Durango, Arte eta Historia Museoa,1993.
- de VILLAVASO
y ECHEVARRIA, Camilo, Historia de Durango y de sus más
ilustres hijos, IBAIZABAL Bilduma, Bilbao, Biblioteca
Vascongada Villar, 1968 ( publicada 1º in Euskal-Erria,
1888tik). |
(1)
D.U.A.H. 2. arm., 4 (1). leg., 12. zenb., Gernikan, zuhaitzaren
azpian, 1459ko urriaren 5ean.
(VOLVER)
(2)
1466ko urriaren
20an Martin Otsoa Irustakoa-k, Bermeoko eta bere tertzioko prokuradoreak,
Iñigo Ruiz Madariagakoa-k, Bilboko eta bere tertzioko prokuradoreak,
eta Rodrigo Ibañez Undakoa-k, Durangoko Tabirako eta bere
hereneko prokuradoreak, baimena eman zieten hiru tertzioen prokuradore
edo ahaldun bezala, Hermandadearen boltsariei, gastu batzuen banaketa
egiteko Jaurerrian, D.U.A.H. 2. Arm., 7 (1). leg., 24 (2). zenb.
(VOLVER)
(3) 1552/09/06ean, Gernikan egindako
Batzar Nagusian ikusten da, errege-agindu bat iristean: Korrexidoreak
zedula agertu zien Batzarrekoei eta tertzio buru ziren Bermeo, Bilbo
eta Durangoko prokuradoreek erreberentziaz buru gainean jarri eta
men egiten zutela esan zuten denen izenean, G.A. (Gernikako Artxibategia),
B.B.N., Hiribildu eta Hiriaren Aktak, k/g, 153au.-at. or. (VOLVER)
(4) D.U.A.H. 2. Arm., 4 (1). leg., 1.
zenb., gainera pentsa genezake bertakoez gain, agian tertzio osoko
hiribilduenak, baina batez ere merindadeko pribilegioak egin zituela
zin Durangon, zeren esaten da alaba agertu zen egun berean agertu
zela eta hurrengo egunerako itxaroten zitzaionez "non se
pudo juntar el poder de villas de Elorrio nin Hermua // nin la tierra
llana". (VOLVER)
(5) Bisitak Durangoko hiribilduko ofizial
berriak San Migeletan aukeratu aurretik izaten ziren normalean,
baina berez edonoiz izan zitezkeen; kontzejuko ofizial berriak aukeratzean,
aurreko urtekoek kontuak erakusten zizkieten eta hauen onarpenaren
ostean korrexidoreak eman behar zuen bere onespena, hiribildura
bisitan etortzen zenean; adibidez, 1551/10/26an 1549ko kontuak,
D.U.A.H. 2. Arm, 1. Kontu liburua, 1550tik 1564ra, 18au.-19at. or.,
etab. (VOLVER)
(6) D.U.A.H. 4. Akta Liburua, 1580tik
1589ra, 16au.-16at. or.: 1581eko urtarrilaren 18an berarengana Bilbora
joandako Durangoko ordezkariei, bataio eta ezkontzetan diru gehiegi
ez xahutzeko, nortzuk gonbida zitezkeen eta egin zitekeen festa
mota zehaztuz, etab. 1554/08/16an salbuespen bezala Bilbon aurkeztu
zituzten kontuak korrexidore-ordezaren aurrean, D.U.A.H. 2. Arm.,
1. Kontu liburua, 1550tik 1564ra, 113at. o. (VOLVER)
(7) Adibidez, 1567/12/05, Durangoko hiribilduko
alkateak hiribilduko fidelei egin zien kargu kontzejuak Juan Uribekoa
jantzigilearekin 100 dukatengatik zeukaten auzia korrexidorearen
aurrera eramateko hiribilduan, eta ez bazegoen, Bilbora bidal zitzatela
ordezkariak beraien poltsikotik ordainduta D.U.A.H. 2. Akta Liburua,
1567tik 1571ra, 16at. or. (VOLVER)
(8) Horren adibidea da: 1502/08/23an,
Bilbon zenez, korrexidoreak agindu zien Durangokoei bere tertzioko
hiribilduei eta hiriari abisatzeko eta Durangok eskatu zien ordain
ziezaiotela: 5 dei izan zirenez, eta bakoitza 200 marabedi kosta
zitzaionez, 1.000 marabedi guztira, D.U.A.H. 2. Arm., 7(1). leg.,
75. zenb., etab. (VOLVER)
(9) Azken batean autore batzuek Bizkaiko
erreximendua aukeratzen zela Gernika eta Bilbon esaten dute, bilerak
han soilik balira bezala, F. García de Cortazar, M. Montero,
Historia de Vizcaya, Donostia, Txertoa, 1994, 87. or. (VOLVER)
(10) A.R.Ch.Vall., Sala de Vizcaya,
225-02. leg. (VOLVER)
(11) D.U.A.H. 2. Arm, 7 (1). leg., 9.
zenb., hots, Vitoria/Gasteiz-en bezala, ez dugu ahaztu behar hiri
honetako ordenantzak izan zela eredua Bizkaian ere bandoak kontzejuetako
ofizialak aukeraketetatik baztertzeko. (VOLVER)
(12) Herenen araberako Erreximenduak
ere ospatzen zituzten hiribilduen erreximenduaren ordez, Bermeo,
BIlbo eta Durango heren-buruen ordezkariek parte hartuz bertan soilik,
1536ko irailean dugu lehenaren berri, G. A., B.B.N., Hiribildu eta
Hiriaren Aktak, k/g, 3at. o. (VOLVER)
(13) D.U.A.H. 2. Arm., 2(1). leg., 7.
zenb., 10at.-11au. or. (VOLVER)
(14) D.U.A.H. 2. Arm., 2 (1). leg.,
7 (2.4.4). zenb., 9at.-13au. or. (VOLVER)
(15) D.U.A.H. 2. Arm., leg. 2 (1), .
zenb. 7 (2.4.3), 9at.-16at. or. Bertan gainera esaten zaigu informazioa
eskarazi nahi zitzaiela Gipuzkoa eta Logroñoko korrexidoreei.
(VOLVER)
(16) D.U.A.H. 2. Arm., leg. 3, . zenb.
3 (3), 5au.-at. or. (VOLVER)
(17) D.U.A.H. 2. Arm.,. 4 (1). leg.,
7. zenb. eta D.U.A.H. 2. Arm., 2 (1). leg., 7 (2.5). zenb., 18au.-at.
or. (VOLVER)
(18) D.U.A.H. 2. Arm., 2 (1). leg.,
7 (2.6). zenb., 19au.-at. or.; D.U.A.H. 2. Arm., 2 (1). leg., 7
(2.3.2). zenb.; eta 1535/04/30ean berriz eman zuen erregeak gutun
exekutorioa, D.U.A.H. 2. Arm., 2 (1). leg., 7 (2.3.1). zenb. (VOLVER)
(19) D.U.A.H. 2. Arm., 1 (1). leg.,
50 . zenb. (VOLVER)
(20) D.U.A.H. 2. Arm., 2 (1). leg.,
7 (2.7). zenb., 24au.-at. or. (VOLVER)
(21) D.U.A.H. 1. Akta Liburua, 1553tik
1554ra, 38at.-39au. or., baina ez dugu osorik jasota gertatu zena
zoritxarrez. (VOLVER)
(22) D.U.A.H. 2. Arm., 2 (1). leg.,
7 (2.2). zenb., 2au.-3au. or. (VOLVER)
(23) D.U.A.H. 2. Arm., 2 (1). leg.,
7 (2.1). zenb., 1at.-49at. or. (VOLVER)
(24) Hemen exageratzen zen egoera beraien
alde jartzeko, esaten denez tertzioetan bizpahiru urtetan baino
ez zirela ibili, eta gero zein desegokia zen ikusita Bilbon geratzen
zirela. (VOLVER)
(25) Gernikan zuen bere egoitza 1526ko
Foruaren II.Titulo eta 2. legearen arabera. (VOLVER)
(26) B.F.A., Adminis. atala, B.B.N.,
Lur Lauko Aktak, 1. liburua (lib.) , 200at.-202au. or. (VOLVER)
(27) D.U.A.H. 2. Arm., 2 (1). leg.,
7 (2.1). zenb., 1at.-49at. or. (VOLVER)
(28) D.U.A.H. 2. Arm., leg. 2 (1), .
zenb. 7 (1), or. 1au.-at. (VOLVER)
(29) D.U.A.H. 2. Arm., leg. 1 (1), .
zenb. 62. (VOLVER)
(30) D.U.A.H. 2. Akta Liburua, 1567tik
1571ra, 17 au.-at. or. (VOLVER)
(31) D.U.A.H. 2. Akta Liburua, 1567tik
1571ra, 84au.-85 au. or. (VOLVER)
(32) B.F.A., Adminis. atala, B.B.N.,
Lur Lauko Aktak, 2. lib., 60at. o. (VOLVER)
(33) D.U.A.H. 2. Akta Liburua, 1567tik
1571ra, 177au. o. (VOLVER)
(34) B.F.A., Adminis. atala, B.B.N.,
Hiribildu eta Hiri Aktak, 2bis lib., 11at.-12au. or. (VOLVER)
(35) B.F.A., Adminis. atala, B.B.N.,
Lur Lauko Aktak, 3. lib. , 92au.-92at. or. eta B.F.A., Adminis.
atala, B.B.N., Hiribildu eta Hiri Aktak, 2bis lib., 172at.-173au.
or. (VOLVER)
(36) 1652an ere bada horren inguruan
gora beherarik, D.U.A.H. 2. Arm., 2 (1). leg., 7 (4). zenb., 70au.-72au.
or. (VOLVER)
Jaione Agirre García, Geografia-Historian
lizentziatua. Eusko Jaurlaritzako Bekaduna eta EHUko Erdi Aroaren,
Aro Berriaren eta Amerikako Historia Saileko kidea. Eusko Ikaskuntza
eta UEUko Historia Sailetako kidea |