|
Egun,
XXI. mendea hasiberria denean, filosofiaren norabide aldaketari
arreta jartzea, dagoeneko erabat onartutako baieztapen bat azpimarratzea
da. Dena dela, norabide honen zentzu eta irismena zehaztea garrantzitsua
da. Aurreko mendearen erdialdean ere, pentsamendu filosofikoaren
estiloaren baitako inflexioa argi hautematen zen. Ferrater Morak
"filosofiaren martxa aldaketaz" hitz egin zuen, eta Rortyk, hura
izendatzeko, "biraketa linguistiko" entzutetsua aipatu zuen (Ferrater
Mora 1974, Rorty 1967).
1. Mendebaldeko bi korronte filosofiko
nagusiak: filosofia analitikoa eta filosofia kontinentala
Filosofia analitikoak
filosofia egiteko estilo bat ezartzen du, programa filosofiko
edota funtsezko tesien multzo bat baino. Filosofia analitikoaren
aitzindariak Frege, Russell, lehenengo Witttgenstein eta G.E.
Moore dira. Beste egile esanguratsu batzuk, 40 eta 50eko hamarkadetatik
aurrera, Carnap, Quine, Davidson, Kripke, Dummett edo Strawson
ditugu. Filosofia analitikoak pentsamenduaren baitako argitasun
eta zehaztasuna bilatzen ditu, zientzia natural eta formalek bilatzen
dituzten bezala. Nolabait esatearren, filosofia analitikoak natur
zientziaren ikerkuntza paradigmatik hurbil dagoen lan estiloa
proiektatzen du: ekarpen lokal txikien bilaketa, horien bidez
jardule komunitateak arazotzat hartzen dituzten horien ebazpenean
aurrera egin asmoz. Filosofatzeko estilo hori gidatzen duen printzipioari
"mailaz mailako bereizketen printzipioa" deitu dio Moulinesek:
"mailako desberdintasunei soilik erantzuten dieten kontzeptuzko
bereizketak dira filosofikoki esanguratsuak, eta ez ikerketa-objektu
edo -eremuaren baitako desberdintasun absolutuei erantzuten dietenak"
(Moulines 1982, 32).
Filosofatzeko
estilo analitikoa, esparru anglosaxoniarrean eta, neurri txikiagoan,
europarrean nagusi bilakatua, hizkuntzari dagozkion arazo filosofikoei
estuki lotuta dago. Hiru ziok azaltzen dute hizkuntzarekiko lotura
esentzial hori:
(I) hizkuntzalaritzak eta beste
giza eta gizarte zientzia batzuek XX. mendearen hasieran zientzia
estatusa lortu izana, natur zientzienaren antzeko ospea erdietsiz;
(II) XX. mendeko filosofoak,
beste garai historiko batzuetan baino sakonago, beren adierazpidea
eta lanabesa hizkuntza dela ohartu izana, hizkuntzari buruzko
analisi eta gogoeta arazo filosofikoen planteamendu zuzenaren
aurrebaldintzatzat hartzera helduz; eta
(III) hizkuntzaren filosofiaren
eta zientziaren filosofiaren gorakadak, logika sinbolikoarenaren
eta hizkuntza artifizial ugariren agerpenaren garaikide, hizkuntzaren
zentzu, muga eta posibilitate-baldintzei buruzko gogoeta behartu
zuen.
Filosofia analitikoaren
agerpenak, izen hoberik ezean "filosofia kontinental" deitutakoaren
pean —aurreko mendean zehar nagusi europar kontinentean—bildutako
korronte tradizionalak berkokatzera bultzatu ditu. Batik bat filosofo
frantziar eta alemaniarrengan oinarritzen diren hainbat korronte
biltzen ditu konglomeratu filosofiko honek: idealismo alemaniarra,
Schopenhauer, Marx, Nietzsche, fenomenologia, existentzialismoa,
hermeneutika, Frankfurteko Eskolaren filosofia kritikoa, estrukturalismo
frantziarra edo Derrida eta enparauen ikuskera postmodernoa. Filosofia
hau, estiloz, analitikoa baino literarioagoa da, sarritan filosofia
analitiko "zehatza" baino ilunagoa, eta, batez ere, unean uneko
benetako auzi politiko eta kulturaletatik hurbilagokoa. Hurbiltasun
honek, bada, bakoitzaren garai historikoari buruzko tesi substantiboak
ekoiztea ahalbidetzen die.
Egun, liskar
profesional eta instituzionalez jositako hamarkaden ondoren —ez
arazoen esparruan, korronte bakoitzarenak bestearentzat oharkabean
joan baitira—, badirudi lan filosofikoaren bi estilook bakoitzari
dagozkion bertuteek faboratu ditzaketela. Bi baldintzek laguntzen
diote egoera honi:
Lehenak jite
metafilosofikoa du: gaur egun filosofia analitikoa, ikerkuntza
programa substantibo gisa ulertua, ia guztiz gaindituta dago.
Analitikoek beraiek ezarri dituzte kritika zorrotzen pean filosofia
honen agerpena ezaugarritu zuten tesiak:
(a) filosofoaren eta zientzialariaren
jarduera esentzialki bereiz daiteke: horren ondorioz, filosofia
bigarren mailako diziplina gisa ezaugarritzen da (halako ezaugarritzearen
adibide baterako, ikus Moulines 1982);
(b) filosofoak
metodo berezi bat dauka, alegia, arazoak ebazteko analisi kontzeptuala
—"esplizitazioa", "argitzea" (1)
—; eta
(c) arazo filosofikoak a priori
esentzialki ebazgarriak dira (tesi honen kritika baterako, ikus
Olivé 2000).
Beste baldintza
aipatutako bi korronteek partekatzen duten jarrera batek eragiten
du, modu ezberdinetan adierazten duten arren: modernitateari lotutako
razionaltasun kontzeptuaren berrikusketa kritikoa. Razionaltasun
kontzeptu modernoa, cartesiarra, filosofia dikotomizatzetik ondorioztatzen
da: izan ere, Descartesek filosofia teoriko edo abstraktua eta
filosofia praktikoa bereizi zituen. Lehenak razionaltasun idealaz
dihardu; bigarrenak, razionaltasun kontingente zehatzez.
Razionaltasunaren
ikusmolde nagusiaren inflexio hau, orain garbiago atzematen den
arren, testuinguru historiko jakin batean kokatzen da: zenbait
egile eta korronte filosofikok (pragmatismo amerikarrak, oroz
gain) XX. mendearen hasieran arrazionaltasun cartesiarrari egindako
kritikan du iturburua. Kritiko hauek egitarau cartesiarraren desegokitasuna
partekatzen dute: hau da, printzipio orokorren sistema iraunkor
eta unibertsaletan oinarritzen den ezagutza sistema ulerkorra
bilatzeko egitarauaren desegokitasuna. Aitzitik, modernitatea
oinarritu duen dikotomia cartesiarra gero eta kemen handiagoz
baztertzen duten uste sistemak topa ditzakegu egungo panorama
filosofikoan. Sistema horiek modernitatearen topiko axialak zalantzan
jartzen dituzte: zientziarentzako berezko metodo baten existentziaren
baieztapena, egia "objektibo" eta egia "subjektiboaren" arteko
bereizketa argia, gertakari eta balioen arteko disoziazioa (Putnam
1990). Sistema hauek filosofia modernoaren amaiera ekarri dute.
2. Filosofia modernoa eta razionaltasunaren
kontzeptu cartesiarra
Descartesen nahiak,
Galileorenak legez, eta, oro har, modernitatea ezartzen duen nahiak,
honakoa du ezagutzazko paradigmatzat: batetik, Platonek aurkeztutako
demostrazio geometriko zorrotzak arrazoiketa mota ororen ideal
orokor gisa, eta, bestetik, ulerkuntza teorikoa (greziarren episteme)
ikerkuntzaren berezko ezagutzaren estandar gisa.
XVII. mendean
ezarritako razionaltasun modernoa ezaugarritzeko hiru ardatz nagusi
aipa genitzake:
- fundazionismo ez-falibilista,
hau da, inolako zalantzarik gabe egiazkoak diren enuntziatuetatik
abiatuz uste eta ezagutza filosofiko eta zientifikoen sistema
orokor orohartzaile bat eraiki daitekeela baieztatzen duen tesia.
- deduktibismoa, hots, ezagutzaren
ikusmolde arautzailea. Horren arabera, ezagutza enuntziatuen
sistema deduktibo gisa ulertzen da, enuntziatuon egiazkotasuna
frogen bitartez ziurtatzen delarik.
- transparentismoa, alegia, ezagutza-sistema
ideia argi eta bereiziak adierazten dituzten kontzeptuetatik
abiatuz eraikitako hizkuntza batez beti adieraz daitekeela baieztatzen
duen ideia.
Tesi hauek onartzetik
ondorioztatzen denez, ikerkuntzaren azken xedea ezagutza filosofiko
eta zientifikoa eta uste sistema erdi-jainkotiar, hau da, betiereko,
oso, absolutu eta perfektua erdiestea da. Jakina, Descartesek
eta jarrera honen defendatzaileek ez diote halako ezagutzaren
jabe direnik, baina gutxienez, xede lorgarri gisa postulatzen
dute "giza espirituaren ohorearengatik" (Descartes 1637).
Razionaltasunaren
ikusmolde honi zenbait kritika ildo jar dakizkioke aurrez aurre.
Izan ere, mende honetan zehar, erasoen xede nagusia fundazionismo
infalibilista izan da. Gutxi dira gaur egun, Popperren tesi falibilisten
ondoren (Popper 1959), ezagutzaren hutsezintasuna onartzen dutenak,
ezta haren formarik oinarrizkoenetan ere. Egun ideia zabaldua
da ezerk ezin dituela gure uste eta ezagutza-osagai teoriko, pertzeptual
edo matematikoak hutsegitetik at ziurtatu. Fundazionismoaren eredu
berriek hutsezintasunaren osagaia ezabatu dute, fundazionismo
hutseginkorraren alde. W.W. Bartley filosofo poppertarrak berak
ere, postmodernismoaren erregistrotik hurbil, modernitatearen
berezko justifikazionismo fundamentistaren ordez kritika proposatzen
du: ezer ezin da justifikatu; dena kritika daiteke (Bartley 1984).
Jite cartesiarreko
razionaltasun modernoari egindako beste kritika batek deduktibismoa
hartzen du xedetzat. XX. mendeko logika eta matematikaren garapenak
egitarau cartesiarraren elementu hau ezagutzazko ideal gisa hartzeko
joera izan du. Izan ere, gaur egun ere, zenbait ikusmolde filosofikoren
arabera, jarduera kontzeptualizatzailea oro har sistema deduktiboaren
paradigmaren arabera ezarri behar da. Baina egun argi dago halako
betekizuna idealki baino ezin dela ezarri. Korronte analitikoaren
baitan arrazoiketaren beste eredu ez-deduktibista batzuk ere proposatu
dira arrazoiketarako eta egiak erdiesteko metodo jator gisa; ez
dirudi, beraz, auzi honetan jarrera monista batek lekurik duenik.
Dena dela ere, gero eta filosofo gehiagok onartzen dute honako
ideia hau: posible da "egiaren" nozioren bat gordetzea, "alderatze
libre eta ireki batean gailentzen den hura" legez ulertua, Rorty
pragmatistaren hitzetan, hots, egia "gure egia" dela planteatzen
duen ideia, ezin duela unibertsala izan soilik lokala baizik (Rorty
1997, 35hh). Areago, mende hasierako Duhem "kontinentalak" bezalaxe
(Duhem 1906) zenbait ikusmoldek onartzen dutenez, usteen sistema
lokal berean postulatu kontraesankorrak egon daitezke aldi berean.
Modernitatearen
aurreko bi osagaiak hirugarrenaren inguruan taxutzen dira. Izan
ere, transparentismoa da razionaltasun modernoaren funtsezko elementua,
beste biak eusten dituena. Hizkuntza argi eta bereizi bat eraikitzeko
aukerarik ezean, ez dago fundazionismo edo deduktibismorik. Aitzitik,
hizkuntza argi eta bereizia sistemaren deduktibotasuna aurretik
eman gabe postula genezake.
Hori dela eta,
razionaltasun moderno cartesiarrari egindako kritikarik bortitzena,
ezagutza eta usteak ideia argi eta bereiziak adierazten dituzten
terminoez osatutako hizkuntza batean formula daitezkeela dioen
ideiaren aurka bideratzen da. Descartesen arabera, ideia bat argia
da baldin eta bakarrik bere agerpen guztietan ezagutzen delarik
atzematen bada; ideia bat bereizia da baldin eta bere baitan argia
ez den ezer ez badu. Hau da, ideia bat bereiziki hautematen da
baldin eta haren definizio zehatza eman badezakegu. XIX. mende
amaierarako pragmatistek erakutsi zuten legez, ezin da halako
ideiarik identifikatu. Termino baten esanahia ezin da ezarri praktikaren
eremu ireki batean lotu ezean. Horrek, ordea, entitate ez-argi
eta ez-bereizi bihurtzen du halabeharrez. Terminoak, oro har,
zehaztugabeak eta konplexuak dira (Peirce 1877).
Balizko kritika
ildo bati aurrea hartuko diot. Kontzeptuen zehaztugabetasuna ezabatu
edo bederen tratatzeko gaur egun nahikoa lanabes teoriko badela
argudia lezake norbaitek. Analisi logikoa litzateke horietako
bat. Termino zehaztugabe eta ilunei analisi logikoa aplikatzeak
termino horiek ideia argi eta bereizien idealera hurbiltzea ahalbidetuko
luke, hizkuntza formal idealeranzko hurbilketa gisa hartu ahal
izango bailirateke. Ikusmolde honek badu, dena den, zailtasunik:
izan ere, zehaztugabetasuna berezkoa zaie termino horiei. Kontzeptuak
zehaztugabeak dira, beren berezko izaeraz aplikapenera bideratuta
daudelako. (Aurrerago argituko dut aplikapenera bideratutako izaeraz
ulertzen dudana). Hau da, kontzeptuak zehaztugabeak dira mundurantz
bideratuta daudelako. Hizkuntza zehatzaren eta hura munduan aplikatzearen
artean esentzialki bereizten duen razionaltasun moderno cartesiarrak
ezin du ideia hura atzeman. Era honetan, ikusmolde cartesiarrak
ezin du hizkuntzaren ezagutzaren eta hori mundura aplikatzearen
berri eman.
Razionaltasun
cartesiarraren funtsezko hiru tesien baieztapenetik ezagutzaren
eta usteen ikusmolde dikotomiko baloratzailea eratortzen
da. Arrazionaltasun modernoaren arabera, ezagutza teorikoa eta
praktikoa esentzialki desberdinak dira. Lehenari, hasiera batean
behintzat, ezagutza perfektuari esleitutako ezaugarriak lotu dakizkioke.
Ezagutza praktikoa, haatik, bere behin-behineko izaerak ezaugarritzen
du. Auzi praktikoetan modu ez-oso eta heuristikoan aritzeko eta
aurretiazkoak eta akastunak ere badiren arrazoiketa eta argudiaketa
metodoak onartzeko prest egon behar dugu.
Filosofia modernoak
ardatz gisa ezagutza teorikoa eta bere alderdi epistemikoak hartzen
dituen tradizioa ezarri du. Ezagutza teorikoaren aurrean, ezagutza
"aplikatuak" balioa galtzen du azterketagai legez.
3. Filosofia postmodernoa razionaltasun
teorikoaren nagusitzaren aurka
Filosofia postmodernoak
razionaltasun teoriko eta praktikoaren artean aurretik ezarritako
nagusitza iraultzen du. Horrela, Rortyk, arrisku erlatibista uxatzeko
estrategiaren ildotik, honakoak bereizten ditu: (I) ispiluko irudi
gisako egiaren ikusmoldeak eragindako erlatibismoa; (II) egiaren
ikusmolde ekiboko batek eragindako erlatibismoa; eta
(III) taldearen praxiak eragindako erlatibismoa, erlatibismo antierlatibista.
Horrela, bada, Rortyk (I) erlatibismoa errefusatu nahi du ispiluko
irudi gisa ulertutako ezagutzaren ordez praxia jarriz (2).
Ikus bedi, hala
ere, proposamen horrek teoria eta praktikaren arteko dikotomiaren
gatibo dirauela. Rortyk berak ere hobeto balia zezakeen honakoa:
ezagutzazko jarduera errealek eta gure usteek mekanismo konplexuagoak
eta dikotomizazio horretara murriztezinak ekartzen dituzte. Horrela,
adibidez, egiaren nozioa adiera ahul batean hartzen duen erlatibismoaren
(III) aldaera onartzen duenean bide berriak irekitzen ditu: "egia
objektiboa", Rortyk dioenez, gertatzen dena azaltzeko moduari
buruz daukagun "ideiarik onenaren" sinonimoa da.
Jarrera horrek
Aristotelesgana hurbiltzen gaitu. Unibertsalak eta atenporalak
diren judizio teorikoak eta une eta leku jakin batentzako esanguratsuak
diren judizio praktikoak bereizten zituen Aristotelesek. Teoria
episteme-aren, hots, ulerkuntza teorikoaren esparrua da.
Praktika prhonesis-ean datza, egoeren hautemate lokalean,
ez unibertsalean. Ezagutza, ustea, kasu bakoitzean agertzen diren
inguruabarren, hertsadura ideal eta baldintza konkretuen arteko
konbinaketa zuhurraren ezagutza da beti.
Ez dago, beraz,
ezagutza aplikaturik. Aitzitik, ezagutza osoa aplikapenera bideratuta
dago —ez baitago prhonesis-ik gabeko ezagutzarik—, modu
ezberdinetan bada ere. Bideratze horren aniztasuna ez da berez
desberdina. Auzia, ondorioz, hauxe da: egoera jakin batean, gure
ahalmen ezagutzaile eta argudiatzailea mugatua da, eta, beraz,
gure aplikapenezko ekintzaren oinarria ezarri behar duen ustea
(teoria edo ezagutza) erabaki batek zehazten du —hemen ez du garrantzirik
erabaki hori indibiduala edo talde mailakoa denetz—.
Hemen irekitzen
den ikuspuntuaren asmoa oro har ezagutzazko jardueraren izaera
kokatua azpimarratzea da. Jarduera horrek ez du ekoizten testuingururik
gabeko entitate teoriko edo uste sistema ez-kokaturik, baizik
eta praktika eta jarduera modu anitzetan kokatutako entitateak.
Entitate horien zentzua eta beren arteko erlazioa ez da logika,
epistemologia edo analisi filosofikoarentzako materia formal hutsa;
historia eta soziologiari ere badagokio eta egoera konkretu batean
agertzen diren funtsezko auzi bilakatzen dira.
Hau guztia erabat
esanguratsua da egungo filosofiarentzat. Rortyrenaren antzeko
proposamen postmodernoetan ez bezala, funtsezko arazoa ez da praxiaren
gogoetan planteatzen, hau da, ez da azterketa filosofikoaren objektuaren
nagusitza praktiketan zehaztean, praktika horien teoria esplizituak
ezartzean planteatzen. Kasu horretan, praktika teoriaren azpian
jartzen duen tradizio modernoa onartzera itzuliko ginateke. Filosofia
post-postmodernoaren funtsezko planteamenduak, aitzitik, hauxe
onartzen du: ezagutzazko jarduera substantiboetan, teoriara, praktikak
faktikoki gidatzen dituzten balioetara, praktika horiek bilatzen
dituzten xedeetara, eta abarretara jotzea, arrazoiketa praktiko,
phronesikoaren (Aristotelesen zentzuan) formak dira, beste
batzuen artean. Teoriak, balioek, xedeek, ondorioz, praktikek
taxutzen duten munduan hartzen dute beren lekua (Toulmin 1997).
Razionaltasun forma integral eta teoriko-praktikoetan jarri behar
du arreta filosofiak.
4. Ekumenismo filosofikoa: filosofia analitiko eta kontinentalaren
elkartze desiragarria
Postmodernismoa da,
egun, filosofia kontinentalaren adierazpenik arrakastatsuenetakoa.
"Postmoderno" terminoa literatur eta arte kritikaren esparruan
agertzen da Estatu Batuetan 70eko hamarkadan, eta ondoren, filosofiaren
esparruan, Lyotarden obraren izenburuan aplikatzen da (Lyotard
1979), oinarrien bazterketa eta eskatologiaren ukapena ezaugarritzeko.
Hainbat postmodernistak usteen elkarneurgaiztasunaren ideian oinarritutako
erlatibismo gordinari eusten diote egun, ideia horretatik usteak
erkaketa eta eztabaida pean jartzeko ezintasuna ondorioztatuz.
Erlatibismo horri kritika ildo ugarik egin diote aurre, baina
ez gara hemen horiek xehatzen hasiko (Valdecantos 1999).
Baina egungo
filosofia postmodernoak alderdi interesgarriak ere erantsi dizkio
ondare filosofiko orokorrari: kontzeptuen desubstantzializazioaren
azpimarratzea eta hura erlazionalitatearen bidez ordeztea, erlatibizazioa,
tolerantzia eta Arrazoimenaren ordez arrazoiak emateko jarduera
jartzea. Jakina, beste zenbait korronte filosofikok ere ezaugarri
horiek onartzen dituzten arren, filosofia postmodernoan nagusitasun
osoa dute eta teoria eta praktikaren arteko dikotomia cartesiarra
gainditzeko abiapuntu egokia eskaintzen dute. Zeintzuk dira, bada,
jarrera postmodernoa onartzearen aurkako arrazoiak? Izan ere,
planteamendu obskurantistek eta zentzurik gabeko kontzeptuen erabilpen
naroak murrizten dute filosofiari egiten dioten ekarpena (Bricmont
eta Sokal 1997).
Filosofia post-postmodernoa,
hasiberria den mende honetakoa, teoria/praktika bikotearen, auzi
definizionalen (abstraktu eta orokorrak) eta auzi substantiboen
(konkretu eta lokalak) arteko bereizketa esentzialaren Aufhebung-aren
ildoan ezartzen da. Lehenak korronte analitikoen lehentasunezko
objektuak izan dira; bigarrenak filosofia kontinentalarenak eta,
bereziki, korronte postmodernistarenak. XXI. mendeko filosofia
post-postmodernoa postmodernoak atzera egin eta ixten den leku
horretan hasten da, tradizio bikoitz bati segida emateko asmoz:
batetik, Platon, Aristoteles, Hume eta Kanten tradizioa, arazoak
planteatu, zentzua argitu, beste filosofoei eztabaidatuz eta ñabartuz
argudio, ideia eta ikuspuntuak garatu eta kritikatuz, egungo filosofia
analitikoaren lan estiloan irauten duen tradizioa baita (Burge
1992, 51); eta, bestetik, filosofia kontinentalaren tradizioa,
korronte analitikoak ez dauzkan eta beren indarrik handiena postmodernismoaren
baitan duten tesi substantibo andana baitu (kultura, politika,
moral, arte eta abarrei buruz). Tesi substantibo horiek eskaintzen
dituzte gure mundua ezagutzeko beharrezko arrazoiketa phronesikoaren
formak ematen dituzten "gauzak ikusteko moduak", ez dedukzio formalen
erara baizik eta beren egoera konkretuetan.
|
Aipamen
bibliografikoak
- Bartley III, W. W., 1984,
The Retreat to Commitment, La Salle, Ill., Open
Court, 2ª ed.
- Bricmont, J., Sokal, A.,
1997, Imposturas intelectuales, Barcelona, Paidós,
1999.
- Burge, T., 1992, "Philosophy
of Language and Mind: 1950-1999", Philosophical
Review 101.
- Descartes, R., 1637, Discurso
del método, Madrid, Espasa-Calpe, 1999.
- Duhem, P., 1906, La
théorie physique - son objet, sa structure,
Paris, Vrin, 1993, 2ª ed.
- Ferrater Mora, J., 1974,
Cambio de marcha en filosofía, Madrid, Alianza.
- Ibarra, A., Mormann, T,
1992, "L’explication en tant que généralisation
théorique", Dialectica 46, 151-168.
- Lyotard, J. F., 1979, La
condition postmoderne: rapport sur le savoir, Paris,
Les Editions de Minuit.
- Moulines, C. U., 1982,
Exploraciones metacientíficas, Madrid, Alianza.
- Olivé, L., 2000,
El bien, el mal y la razón, México,
Paidós.
- Peirce, C. S., 1877, "Cómo
hacer claras nuestras ideas", en J. Vericat (ed.),
El hombre, un signo. El pragmatismo de Peirce,
Barcelona, Crítica, 1988.
- Popper, K. R., 1959, La
lógica de la investigación científica,
Madrid, Tecnos, 1977.
- Putnam, H., 1990, Realism
with a Human Face, Cambridge, Ma., Harvard University
Press.
- Rorty, R. (ed,), 1967,
El giro lingüístico: dificultades metafilosóficas
de la filosofía lingüística, Barcelona,
Paidós, 1990.
- Rorty, R., 1997, ¿Esperanza
o conocimiento? Una introducción al pragmatismo,
Buenos Aires, FCE.
- Toulmin, S., 1997, "The
Primacy of Practice: Medicine and Postmodernism", en R.
A. Carson, C. R. Burns (eds.), Philosophy of Medicine
and Bioethics, Dordrecht, Kluwer, 41-53.
- Valdecantos, A., 1999,
Contra el relativismo, Madrid, Visor.
|
(1)
Analisi kontzeptual hau eta Carnapek eskainitako argitze hertsiki
analitikoaren hutsuneak ulertzeko, ikus Ibarra/Mormann (1992). (ITZULI)
(2) Izan ere, Rortyren ustez, "ezagutzak" ez du
existitzen. "Usteak entzuleen aurrean justifikatzeko prozesuak existitzen
du, besterik gabe" (Rorty 1997, 32). (ITZULI)
Andoni Ibarra, Zientziaren
Filosofia Unitatea-UPV/EHU-CSIC-Donostia E-mail:ylpibuna@sf.ehu.es
|