Ikerketa
hau eragin duen kezka nagusietako bat hezkuntza munduankokatzen
da. Ikasleek testuak ikasteko duten gaitasuna eta ikasterakoan
haien estrategia kognitiboak aztertzea izan da helburuetako bat.
Era berean, ikasleen hizkuntza idatzia aztertzea aberasgarria
kontsideratu dugu. Izan ere, berrikusitako literaturaren arabera,
testu zientifikoen ikaskuntza eta ekoizpena oso gutxi ikertu baitira
orain arte.
Bestalde, gure ikerketa
eragin duen beste interesgunea elebiduntasunaren azterketaizan da. Jakina denez, hizkuntz eta kultura arteko ukipen
egoeran bizi garelarik, testuen ikaskuntza eta ekoizpenaren azterketak
garrantzi berezia dauka. Izan ere, elebidunen eta elebakarren
hizkuntz esperientziak desberdinak baitira, are gehiago, elebidunen
artean ere hizkuntza esperientzia desberdinak izaten dira. Testuinguru
honetan, gure ikerketarako subjektu elebidunak aukeratu ditugu,
hizkuntza bakoitzean goi mailako prozesu kognitiboak aztertzeko.
Bi ardatz nagusi
horietatik sortu zen ikerketa honen ideia, hots, ikasle elebidunek
bi hizkuntzetan erakusten duten testu zientifikoen ikaskuntza
eta ekoizpena aztertzea, eta goi mailako prozesu kognitibo horietan
zenbait aldagai psiko-soziolinguistikok izan dezakeen eragina
ikertzea. Bestalde, ikerketa ildoari jarraituz eta gure hizkuntza
eta kulturari egokitutako neurgailuen gabeziaz jabeturik, ikerketaren
ekarpen gisa har dezakegu euskararen erabilera eta euskararen
lorpen historia neurtzeko tresna bana eraiki eta psikometrikoki
aztertu izana.
Ikerketaren lehen
helburua, ikasketak euskaraz egiten dituzten unibertsitario eta
irakaskuntza ertainetako ikasleen testu zientifikoen ulermen eta
oroimen maila, batetik, hizkuntza bakoitzean erabilitako estrategia
kognitiboak, bestetik, eta azkenik, testuen ekoizpenerako gaitasuna
aztertzea izan da, beti ere, euskaraz eta gazteleraz.
Bigarren helburu
bezala, ikasleak elebidunak izanik, bi hizkuntzetako testu zientifikoen
ikaskuntzan eta ekoizpenean zenbait aldagairen eragina aztertu
nahi izan da, hala nola, Hizkuntz nagusitasuna, Euskararen gaur
egungo erabilpena eta Hizkuntzaren lorpen historiarena. Helburu
osagarri bezala, aipatutako aldagai horiez gain, gure asmoa izan
da ikasketa mailak eta ikasitako informazioaren garrantziak goi
mailako prozesu horietan duten eragina aztertzea.
Arestian esan
dugunez, euskarazko neurgailuen gabezia dela eta, ikerketaren
helburu eta ekarpena, Euskal Autonomi Erkidegoan erabilgarriak
izan daitezkeen bi tresna eraikitzea izan da. Lehenengoa, subjektuaren
gaur egungo euskararen erabilerari dagokio eta, bigarrena, berriz,
euskararen lorpen historiari.
1994-95 eta 1995-96
ikasturteetan egindako ikerketa honetan, unibertsitatean eta irakaskuntza
ertainetan euskaraz ikasten zuten 104 subjektuk hartu zuen parte.
Beraz, subjektu guztiak elebidunak ziren. Horien artean 81 emakumezkoak
eta 23 gizonezkoak, eta bi taldeak bataz beste 17 urtekoak ziren
ikerketaren hasieran.
Subjektu gehienak
udalerri euskaldunetakoak ziren, Urola bailaran kokatzen diren
Zarautz, Zumaia eta Azpeitikoak eta Goierrin kokatzen den Ordiziakoak,
hain zuzen ere. Herri hauetan guztietan euskaldunen proportzioa
% 75tik gorakoa da. Salbuespena Donostiako Psikologia fakultateko
ikasleak izan dira, gure Unibertsitatean Euskal Herriko lurralde
desberdinetako ikasleak biltzen baitira.
Ikasketa mailari
dagokionez, 60 Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturteko (U.B.I.)
ikasleak ziren, 26 Irakaskuntza Ertainen Erreformakoak (I.E.E.)
eta 18 unibertsitarioak (Psikologiako 1. mailako ikasleak).
Ikerketa honetako
aldagai askeak ondokoak izan dira: Testuaren hizkuntza (euskara
eta gaztelera), Hizkuntz nagusitasuna (euskararen aldeko nagusitasuna
eta gazteleraren aldeko nagusitasuna), Euskararen erabilpena (erabilpen
hedatua eta erabilpen urria), Euskararen lorpen historia (lorpen
aktiboa eta lorpen pasiboa), Ikasketa maila (U.B.I., I.E.E. eta
unibertsitarioak) eta Oroimen frogan ebaluatutako informazio mota
(informazio garrantzitsua eta bigarren mailako informazioa).
Menpeko aldagaiak,
berriz, bi izan dira: Testuaren ikaskuntza (oroimena eta ulermena)
eta Testuaren ekoizpena edo adierazpen idatzia (hiztegi aberastasuna,
koherentzia maila eta ortografi akats kopurua).
- Gure laginak, ez du euskararen
aldeko abantailarik agertzen testuaren ikaskuntza eta ekoizpen
prozesu kognitiboetan. Emaitza hau interpretatzerakoan, gaztelerak
duen eragin handiaren ondorio izan daitekeela uste dugu.
- Hizkuntz nagusitasunak ez du eragin
esanguratsurik gure ikerketako menpeko aldagaietan. Honen arrazoiak
ondorengoak izan daitezke: a) konstruktuaren indikatzaile bakar
bat erabiltzean konstruktu hori ez dela egoki adierazia izan
eta b) gure lagina aldagai horrekiko homogenoa izatea.
- Testuaren ulermen frogan, euskararen
erabilpenaren eta testuaren hizkuntzaren arteko interakzioa
dagoela ikusi dugu. Honela, froga horretako gaztelerazko bertsioan
euskararen erabilpen urria erakusten duten subjektuek erabilpen
hedatukoek baino errendimendu hobea lortzen
dute. Bestalde, ulermen frogaren euskarazko bertsioan, euskararen
erabilpen urriko subjektuek erabilpen hedatukoek baino emaitza
eskasagoak lortu dituzte (Ikus 1. irudia).
Azalpen gisa esango genuke, sormena eskatzen duten zereginetan,
hau da, ulermena ebaluatzeko erabilitako galdera aplikatuetan
euskara barne hizkuntza darabilten subjektuek edo erabilpen
hedatukoek, hizkuntza horretan emaitza hobeak lortzen dituztela.
- Ulermen frogan euskararen lorpen
historiaren eta testuaren hizkuntzaren arteko interakzioa atzeman
dugu. Efektu honen arabera, euskararen lorpen historia pasiboko
subjektuek (adin ezberdinetan euskara egoera eta aktibitate
gutxitan erabili dutenek) gazteleraz euskaraz baino hobeto erantzuten
diote froga horri. Bestalde, ulermen frogaren
euskarazko bertsioan, euskararen lorpen historia pasiboko subjektuek
lorpen historia aktibokoek (adin ezberdinetan euskara egoera
eta aktibitate ugaritan erabili dutenek) baino emaitza eskasagoak
lortzen dituzte (Ikus 2. irudia). Euskararen
erabilpenari dagokionez eskainitako azalpena baliagarria izan
daiteke hemen ere, subjektu aktiboei egokiturik.
- Ikasketa mailari dagokionez, euskaraz
talde guztiek emaitza berdinak lortzen dituzten bitartean, gazteleraz
maila akademiko altuagoko ikasleek emaitza
hobeak lortu dituzte. Bestalde, ulermen frogan unibertsitarioek
gazteleraz euskaraz baino errendimendu hobea erakutsi dute (Ikus
3. irudia). Emaitza hauen azalpen gisa, pentsa daiteke,
euskarazko testu zientifikoetan maila guztietako ikasleek esperientzia
berdintsua duten bitartean, gazteleraz, goi mailako ikasleek
esperientzia gehiago dutela.
- Ikasitako informazio motaren araberako
desberdintasunak aurkitu dira, hots, bigarren mailako informazioa
(adibide eta datuak) informazio garrantzitsua (definizioak)
baino hobeto oroitzen da. Honen arrazoi nagusia izan daiteke
ikasleek testu zientifikoak ikasteko entrenamendu berezirik
ez dutela izan eta, ondorioz, informazio garrantzitsua adibideak
eta datuak baino abstraktuagoa gertatzen zaiela eta ez dutela
hain ondo gogoratzen.
- Testua ikasteko estrategiei buruz
aipagarriena da, oro har, subjektuek oso erabilpen eskasa adierazten
dutela. Pentsatzen dugu gure subjektuek ez dutela erabiltzen
ikasteko estrategia ugari, eta halaber erabiltzen duten zenbait
estrategia modu egokian adierazteko ere arazoak dituztela. Izan
ere, zenbait kasutan adierazitako estrategia kopuruak eta testuaren
ikaskuntza frogetan lortutako emaitzak ez baitatoz bat.
- Menpeko aldagaien arloan eta testuaren
ikaskuntzari dagokionez, ulermenean subjektuen arteko desberdintasunak
gertatu badira ere, oroimen frogetan ez da aldagai askeen arabera
inolako desberdintasunik agertu.
- Testu ekoizpenari dagokionez,
berriz, bi efektu agertu dira: 1) subjektuek , neurri apalean,
gaztelerazko testuan euskarazkoan baino hiztegi aberatsagoa
erakusten dute eta 2) gazteleraz euskaraz baino ortografi akats
gehiago egiten dituzte. Testuen ikaskuntzan agertu diren zenbait
efektu garrantzitsu, ez dira testu ekoizpenean agertu eta honek
pentsarazten du agian testu ekoizpenaren beste neurri osagarriak
erabiltzea aberasgarria izan zitekeela.
- Bukatzeko, ikerketa honetarako
sortutako bi neurgailuak, Euskararen Erabilera Sozialari buruzko
Galdesorta eta Euskararen Lorpen Historiari buruzko Galdesorta
tresna erabilgarriak izan direla aipatu behar dugu eta ezaugarri
psikometriko egokiak dituztela.
Bukatzeko, gure ikerketako emaitzetan
oinarriturik euskararen normalkuntza lortzeko lagungarriak izan
daitezkeen hainbat proposamen luzatzen ditugu:
1) Euskarazko testu zientifiko gehiago jarri beharko lirateke
ikasleen esku (batez ere, unibertsitate mailan);
2) Hezkuntza Sailak arlo guztietan euskaren erabilpena indartuko
duten plangintza bereziak antolatu beharko lituzke adin ezberdinetatako
haur eta gazteentzat;
3) Maila ertainetako eta unibertsitateko lehen mailatako ikasleek
testu zientifikoen ikaskuntzan (ikasteko behar diren estrategiak
barne) entrenamendua jaso beharko lukete.

1.
irudia. Ulermen frogako erantzun egokien batezbestekoa Testuaren
hizkuntza eta Euskararen erabilpenaren arabera. (ITZULI)

2.
irudia. Ulermen frogako erantzun egokien batezbestekoa Testuaren
hizkuntza eta Euskararen lorpen historiaren arabera. (ITZULI)

3.
irudia. Ulermen frogako erantzun egokien batezbestekoa Testuaren
hizkuntza eta Ikasketa mailaren arabera. (ITZULI) Arantxa Gorostiaga Manterola,
Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saila |