SARRERA TEORIKOA
IKERKETA ENPIRIKOA
EMAITZAK
ONDORIOAK
SARRERA TEORIKOA:
Lan honen asmoa euskararen
normalizazio prozesuan ekarpen positibo bat izatea da. Horregatik,
ikuspegi psikosoziala jarraituz, gaur egun euskararen erabilera
nola gertatzen den ulertzea izango da lan honen helburua, gehiago
zehaztuz, helburu nagusia, euskararen erabileran eragiten duten
aldagaiak zeintzuk diren azaltzea da. Horretarako ikuspegi psikosoziala
erabiliko dugu.
Gai honen inguruan
ikerketa ezberdinak egin dira Euskal Herrian, tradizio honen ondorioz
euskararen erabilpenean eragin gehien duten aldagaiak hauek dira:
1.
Kontestuko aldagaiak: euskararen
presentzia edo trinkotasuna, subjektuen herrietan edo beraien
sareetan. 2.
Aldagai linguistikoak: subjektuek
euskaraz aritzeko daukaten erraztasuna eta euskara ezagutza
maila. 3.
Aldagai psikosozialak: jarrerak,
motibazioak, euskararekiko leialtasuna, euskal identitatea,
ea.
Euskal Herritik kanpo
ere ukipen egoeran dauden hizkuntzen erabilera ikertua izan da
ikuspegi ezberdinetatik, gizarte psikologiaren ikuspegitik hizkuntzen
erabilera azaltzeko gehien erabiltzen diren teoriak ondorengoak
izan dira:
Bizitasun etnolinguistikoa.
Bizitasun etnolinguistikoaren
kontzeptua prozesu psikosozialetan kontestuak daukan garrantzia
kontutan hartzeko sortu zen. Kontzeptu honek, ikuspegi psikosozial
batetik, ukipen egoeratan dauden hizkuntzen osasuna neurtzen du.
Bizitasun etnolinguistikoaren barruan hiru dimentsio estruktural
bereizten dira: 1) Demografia, 2) Euskarri eta kontrol instituzionala,
eta 3) Estatusa.
Hasiera batean hiru
dimentsio estruktural hauek era objektibo batean neurtuak izan
ziren, hala ere, autore batzuen ustez hiru dimentsio hauen hautemateak
hizkuntza jokabidea azaltzeko gaitasun gehiago izan dezake dimentsio
objektiboek baino. Horrela bizitasun etnolinguistiko subjektiboaren
kontzeptua sortu zen, demografia, euskarri eta kontrol instituzionala
eta estatusari buruzko hautemate eta balorazioak neurtzeko, Bizitasun
Subjektibo Galdesorta (BSG) egin zuten.
Autore batzuk
(Allard eta Landry, 1986), hizkuntz ukipen egoeretan hizkuntz
eta taldearteko portaerak aurrikusteko eredu on bat lortzeko,
bizitasun etnolinguistikoaren teoria eraberritu zuten, uste sistema
bezala ulertuaz. Horrela bizitasun etnolinguistikoan bi uste sistema
bereizten dira: uste egozentrikoak (subjektuen inplikazio maila
neurtzen da) eta uste exozentrikoak (subjektuen hautematea).
Guk gure ikerketan
Hego Euskal Herrian ukipen egoeran dauden bi hizkuntzen bizitasun
etnolinguistikoa neurtzeko aipatu ditugun bi eredu ezberdinak
erabiliko ditugu:
Bizitasun etnolinguistikoaren
hautemate subjektiboa (demografia, euskarri eta babes instituzionala
eta estatusa) eta bizitasun etnolinguistikoa uste sistema bezala
(uste egozentrikoak eta exozentrikoak).
Sare soziala.
Sare sozialaren kontzeptua
tradizio ezberdinetan erabili ohi da (soziolinguistikan, psikolinguistikan
eta psikosoziolinguistikan). Bereiztu ohi diren bi analisi mailen
(mikosoziala eta makrosoziala) arteko lotura egiteko erabiltzen
da. Sare sozialak denok dauzkagun harremanak mugatu eta definitzen
ditu.
Hizkuntzen ukipen
egoeratan sare soziala egoera soziala eta prozesu psikosozialen
arteko zubi moduan aztertu ohi da eta ukipen egoeran dauden
hizkuntzen erabilera era osatuan ulertzeko ezinbestekoa da sare
sozialak kontutan hartzea (Martinez de Luna, Jausoro, Berrio-Otxoa
& Idirin, 1998).
Gure kontestuan,
euskararen erabilera eta honek dituen funtzioak aztertzeko, sare
sozialean ondorengo mailak hartu dira kontutan (Espí, Azurmendi
& Arratibel, 1993; Arratibel, 1999): 1) Gertuko sarea: gizabanakoak
normalki interakzionatzen duen taldea, familia, lagun eta ezagunekin
egiten duen euskararen erabilera; maila honetan gurasoak, bikotea,
seme-alabak, lagunak, lehengusuak, bizilagunak eta lankide eta
ikaskideak sartzen dira; 2) Urrutiko sarea: ezezagunekin egiten
dituzten kanpo erabilerak, eguneroko interakzio zirkulutik kanpo
daudenak eta erlazio urriagokoak; maila honetan sartzen dira:
kalea, dendak, tabernak, jaiak, zerbitzuak, kirola eta denbora
librea.
Saretik kanpo, ondorengo
erabilera mailak bereizten dira: 1) Norbanako kanpo-erabilera:
gizabanakoak interakzio beharrik gabe egiten dituen norbanako
erabilera edo indibidualak dira hauek, baina kanpo portaera suposatzen
dutenak: liburu eta aldizkariak irakurtzea, irratia entzutea,
telebista ikustea, musika entzutea eta idaztea; 2) Norbanako barne-erabilera:
gizabanakoak maila kognitiboan egiten dituen barne erabilerak
dira hauek: pentsatzea, amets egitea eta kontuak egitea.
Guk gure ikerketan
sare soziala bi eratan erabilikoa dugu batetik euskararen erabilera
neurtzeko (gertuko sarea, urrutiko sarea, norbanako kanpo-erabilera
eta norbanako barne-erabilera) eta bestetik sare sozialeko kideen
euskararen ezagutza maila neurtzeko (gertuko sarea eta urrutiko
sarea).
Jarrerak.
Jarrera: Objektu
batekiko egiten den balorazioa, bertan aspektu kognitiboak, ebaluatiboak
eta portaerazkoak sartzen direlarik.
Jarreren ikerketak
gizarte psikologian tradizio handia du, baita beste diziplina
batzuetan ere, soziologian adibidez; diziplina hauetan prozesu
amankomuna izateagatik, askotan jarrerak marko teoriko bezala
erabili izan dira diziplinen arteko konparaketak egiteko, baita
hizkuntza eta hizkuntzekin lotzen diren arazoak aztertzeko ere.
Tradizio psikosozialean
jarrerek oso lotura estua azaldu dute hainbat prozesu psikosozialekin:
hautemate soziala, usteak, irudikapen soziala, motibazioa edo
identitate etnolinguistikoa.
Jarrerek, orokorrean,
portaerak azaltzeko garrantzi handia izan dute (Fazio, 1986, 1990),
baita hizkuntz portaerak azaltzeko ere, bereziki taldearteko harremanen
ikuspegitik (Azurmendi, 1999); hau euskararen ikaskuntzan eta
erabileraren tradizioan ere ematen da.
Lan honetan hizkuntza
taldeekiko (euskaldunak zein erdaldunak) eta euskararekiko jarrerak
neurtuko ditugu.
Identitate etnolinguistikoa.
Identitate soziala:
Kategoria sozialen erabileratik eratortzen den talde pertenentzia.
Hizkuntza edo etnien arteko ukipen egoeratan talde pertenentzia
definitzeko aspektu etnikoetan (kultura, hizkuntza) oinarritzen
diren kategoriek garratzi berezia izaten dute, eta horrelako kasuetan
identitate soziala etnolinguistikoa bihurtzen da.
ISTa, gaur egun eta
ikuspegi psikosozialatik, taldearteko teoriarik garrantzitsuena
da, batez ere europar tradizioan, taldearteko harremanak eta portaerak
esplikatzen dituen teoria integratzailea delako. Integratzailea
esan dugu bertan aspektu kognitibo, afektibo eta motibazionalak
biltzen direlako.
Identitate etnolinguistikoak
Euskal kontestuan, euskararen jabekuntza eta euskararen erabilera
azaltzeko ahalmen handia eskaintzen du.
Lan honetan identitate
etnolinguistikoa neurtzeko lau osagai hartuko ditugu kontutan:
lurralde, hizkuntza, kultura eta nazioarekiko identifikazioak.
Honela gure eredu
esplikatzailea osatu dugu, bertan euskararen erabilera (subjektuek
beraien sarean eta egoera ezberdinetan egiten duten euskararen
erabilera) hiru aldagai motek baldintzatzen dute:
- Aldagai soziodemografikoak:
kontestu mikrosozialeko aldagaiak; - Aldagai psikosozialak:
bizitasun etnolinguistiko subjektiboa, jarrerak eta identitate
etnolinguistikoa; - Beste bi aldagai moten
lotura eginez, sare sozialarekin zerikusia duten aldagaiak.
Eszenatokia Euskal
Herriko egoera sozio-historikoa litzateke, bertan gertatzen den
talde eta hizkuntza etnikoen arteko ukipena, talde eta hizkuntza
bakoitza bizitasun etnolinguistiko objektibo erlatibo batekin,
euskal kontestuan, euskaldunak menperatuta, estatus baxukoa eta
gutxiengo taldea izanik; kontestuak (batez ere, kontestuan dagoen
euskaldun proportzioa) gizabanakoen hainbat ezaugarrietan izango
du eragina, besteak beste komunikazio sare sozialean, hautemateetan,
jarreretan eta identitatean; 2) Sare sozialean pertsonarteko eta
taldearteko harremanak gertatzen dira eta, hauen bitartez, egoerako
ezaugarriak barneratzen dira; 3) Barneratze honen ondorioz, gizabanakoek
beraien hautemateak, usteak, jarrerak eta identitatea garatzen
dituzte, prozesu psikosozial hauen bidez kontestua berriro ere
birmoldatuz. Prozesu honen ondorioz portaerak egongo lirateke
eta, lan honetan interesgarriak diren, hizkuntz portaerak eta,
hauen artean hizkuntz aukeraketa. (AURKIBIDEA)
IKERKETA ENPIRIKOA
HELBURUAK
Lan honetan landuko
diren helburuak ondorengoak dira:
1. Identitate
etnolinguistikoa nola antolatzen den ikustea, hau da, zein osagai
dituen aztertuko da. 2.
Lan honetan aurkitutako identitate-osagai ezberdinez baliatuz,
subjektuen sailkapen bat egitea eta ikuspegi psikosozial batetik,
sortutako taldearteko ezberdintasunak aurkitzea. 3.
Azkenik, euskararen erabilera azaltzeko osatu dugun eredu teorikoa
enpirikoki balidatzea, aldagaien artean garrantzitsuenak zeintzuk
diren zehaztuz.
METODOLOGIA
Lagina Erabilitako lagina 703
ikasle unibertsitarik osatzen dute. Horretarako Hego Euskal Herrian
dauden 4 unibertsitate hartu ziren kontutan: Deustuko Unibertsitatea,
Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako
Unibertsitate Publikoa, guztira datu bilketa 21 fakultate edo
eskola unibertsitaritan egin genuen.
Erabilitako galdesorta Lan honetarako, bi zatitan
banaturiko galdesorta eratu zen: lehenengo atalean test sozio-linguistiko-demografikoa
osatzen zuten galderei dagokiena eta bigarrenean test psikosoziala.
Lehenengo atalean
honako aldagaiak neurtu ziren: Sexua, Maila, Subjektuen jaioterria:
herria eta lurraldea, Subjektuen bizi-herria: herria eta lurraldea,
Subjektuen lehen hizkuntza, Gurasoen jaioterria: herria eta lurraldea,
Gurasoen lehen hizkuntza, Ikasketetan jarraitutako hizkuntz eredua:
eskolaurrean, OHO-n, BBB/UBI/ LH-n eta unibertsitatean.
Bigarren atalean
berriz ondorengo aldagaiak neurtu genituen: euskara ezagutza maila,
subjektuen sarearen euskara maila, subjektuen euskararen erabilera
(sarean eta egoera soziolinguistiko ezberdinetan), identitate
etnolinguistikoa (territoriala, linguistikoa, kulturala eta nazionala),
euskararekiko euskaldunekiko eta erdaldunekiko jarrerak, euskara
eta euskaldunekiko bizitasun etnolinguistikoa (hautemate subjektiboa
zein uste egozentrikoak/exozentrikoak), gaztelania eta erdaldunekiko
bizitasun etnolinguistikoa (hautemate subjektiboa zein uste egozentrikoak
exozentrikoak).
PROZEDURA
Datu bilketa
ikastetxe ezberdinetan egin zen. Subjektuek klase orduetan bete
zuten galdesorta. Gure ikerketan parte hartzea ez zen derrigorrezkoa.
Galdesorta erantzuteko erabilitako hizkuntzari dagokionez, euskaraz
ikasten zutenei galdesortaren euskarazko bertsioa eman zitzaien
eta gazteleraz ikasten zutenei galdesortaren gaztelaniazko bertsioa.
(AURKIBIDEA)
EMAITZAK
IDENTITATE ETNOLINGUISTIKOAren
egituraketa.
Gogoratu behar da identitate etnolinguistikoan lau osagai kontutan
hartu genituela: territoriala, nazionala, linguistikoa eta kulturala.
Faktorialak bost
faktore sortu zituen baina faktoreek azaltzen duten bariantzaren
portzentaia kontutan harturik (bariantzaren %10 baino gutxiago
azaltzen zuten), lehenengo bi faktoreak erabili genituen. Lehenengo
faktorea osatzen duten itemak honako hauek dira: euskal identitate
nazionala, Euskal Herriarekiko identitate territoriala, euskal
kulturarekiko identitatea, euskaldun eta elebidun identitate linguistikoak
eta euskal identitate nazionala. Faktore honi euskal identitatea
deitu diogu. Item hauez osatutako eskalaren alfa .88koa izan zen.
Bigarren faktorean
honako itemak aurkitzen dira: espainiar eta euskaldun nahiz espainol
identitate nazionala, espainiar identitate territoriala, erdaldun
identitate linguistikoa, espainiar kulturarekiko identitatea eta
europar identitate territoriala. Faktore hau espainiar identitatea
izendatu dugu, item hauez osatutako eskalak .85ko alfa duelarik.
Aipatzekoa da faktore honetan euskal identitate linguistikoa negatiboki
koerlazionatuta aurkitzen dela.
SUBJEKTUEN SAILKAPENA
IDENTITATEAREN ARABERA ETA TALDEARTEKO KONPARAKETA.
Atal honetan, lagineko
subjektuak identitatearen arabera sailkatzeko identitatea neurtzeko
itemekin egindako azterketa faktorialean lortutako lehenengo bi
faktoreak erabiliko dira. Horretarako, bi faktore, aldagai konposatuak
kontsideratuz, dikotomizatu genituen batez-bestekoak erabiliz.
Hau burutzeko subjektuen puntuazio faktorialak erabili genituen.
Bi aldagai dikotomizatu hauek gurutzatuz, ondorengo banaketa lortu
genuen:
16. Taula.-
Subjektuen banaketa identitatearen arabera (subjektu kopurua eta
portzentaia).
|
Espainiar
identitatea |
Baxua
|
Altua
|
Euskal
Identitatea |
Baxua
|
123 (%17.5)
Anomikoak |
145 (%20.6)
Espainolak |
Altua
|
243 (%34.6)
Euskaldunak
|
192 (%27,3)
Kulturbidunak
|
IDENTITATEAREN
ARABERA EGINDAKO TALDEEN PROFIL PSIKOSOZIALA
Euskaldunak:
subjektu hauen euskararen ezagutza maila altua da; sare sozial
euskalduna dute; beraien sarean eta egoera soziolinguistiko ezberdinetan
euskara eta gaztelania neurri berdinean erabiltzen dituzte; euskara
eta euskaldunekiko jarrera positiboa dute; erdaldunekiko jarrera
ere positiboa dute; gaztelaniaren bizitasun etnolinguistikoa euskararena
baino altuago hautematen dute; euskararekiko asmo onak azaltzen
dituzte etorkizunerako baikorrak dira.
Kulturbidunak:
subjektu hauen euskararen ezagutza ertaina da; sare sozial nahiko
euskalduna dute; beraien sarean eta egoera soziolinguistiko ezberdinetan
gaztelaniaz aritzen dira; euskara eta euskaldunekiko jarrera positiboa
dute, erdaldunekiko jarrera ere positiboa dute; gaztelaniaren
bizitasun etnolinguistikoa euskararena baino hobea dela ikusten
dute; etorkizunerako hau mantendu egingo dela esaten dute.
Espainolak:
subjektu hauen euskararen ezagutza baxua da; sare sozial erdalduna
dute; beraien sarean eta egoera soziolinguistiko ezberdinetan
gaztelaniaz aritzen dira soilik; euskara eta euskaldunekiko jarrera
neutroa dute; erdaldunekiko jarrera, berriz, positiboa dute; gaztelaniaren
bizitasun etnolinguistikoa euskararena baino hobea dela ikusten
dute; etorkizunerako hau mantendu egingo dela esaten dute.
Anomikoak:
subjektu hauen euskararen ezagutza baxua da; sare sozial erdalduna
dute; beraien sarean eta egoera soziolinguistiko ezberdinetan
gaztelaniaz aritzen dira soilik; euskara eta euskaldunekiko jarrera
neutroa dute; erdaldunekiko jarrera, berriz, positiboa dute; gaztelaniaren
bizitasun etnolinguistikoa euskararena baino hobea dela ikusten
dute; etorkizunerako hau aldatu egingo dela esaten dute.
EUSKARAREN ERABILERA
AZALTZEKO PROPOSATUTAKO EREDU PSISOZIOLINGUISTIKOAREN BAIEZTAPENA
Egiturazko eredu
analisia kobariantza matrize batetatik abiatzen den analisi kausala
da. Matrize hau erabiliz, ikertzaileak berak erabilitako aldagai
eta eredua eratzen duten konstruktu teorikoen arteko erlazioa
neurtzen ditu, konstruktu teorikoen arteko lotura kausalak aztertuz.
Abiapuntutzat, ikertzaileak aurrez hipotetizaturiko eredu teoriko
bat hartzen da; Tesi honetan "euskararen erabilera azaltzeko
eredu psikosoziolinguistikoa" abiapuntutzat hartuko da.
Lortutako ereduan
hiru aldagai latente daude: lehena, aldagai soziodemografikoek
osatzen dutena; bigarrena, aldagai psikosozialek osatuta; eta,
azkenik, euskararen erabilerari dagokiona (era).
- Lehen aldagai latente honetan
behatutako aldagaiak, subjektuen jaioterria eta bizi-herriaren
euskaldun proportzioa dira, hau da, hizkuntza aldetik nolakoa
den subjektuen kontestua. Aipatu behar da aldagai honetan ezin
izan direla sartu zenbait aldagai kualitatiboak direlako: jaioterriaren
eta bizi-herriaren lurraldea, subjektuen eta gurasoen lehen
hizkuntza, gurasoen jatorri geografikoa, sexua eta subjektuek
ikasten duten kurtsoa.
- Bigarren aldagai latentea aldagai
psikosozialek osatzen dute, aldagai hauen artean subjektuen
euskal identitatea eta subjektuen euskararen ezagutza maila
izanik esanguratsuak agertu direnak. Eredu teorikoan, aldagai
hauez gain, bizitasun etnolinguistikoa (hautematea eta usteak),
euskara eta euskaldunekiko jarrerak proposatzen ziren euskararen
erabilera aurresateko. Halere ere, LISREL programak analisitik
kanpo utzi ditu esanguratsuak ez zirelako.
- Hirugarren aldagai latentea eta
menpeko bezala funtzionatzen duena, portaerari dagokiona da.
Hau subjektuen euskararen erabilera da: bai sarean egiten dutena
eta baita egoera soziolinguistiko ezberdinetan egiten dutena
ere.
Aipatzekoa da lortutako
eredu honetan ez dela agertzen sare sozialari dagokion aldagai
latentea, edo beste modu batean esanda, sarearen izaerak ez duela
baldintzatzen euskararen erabilera, emaitza hau kontraesankorra
badirudi ere, kontutan hartzen bada aldagai soziodemografikoak
bizi-herriaren eta jaioterriaren euskaldun proportzioa neurtzen
dela, logiko dirudi bi aldagai hauek (soziodemografikoa eta sarea)
informazio berdintsua ematen dutenez, parsimoniaren printzipioa
jarraituz hauetako bat eredutik kanpo geratzea.
Bestalde, aldagai
psikosozialen artean subjektuen euskararen ezagutza agertzen da,
hasierako ereduan aldagai hau sare sozialean sartuko zela aurresaten
bazen. Gogoratu behar da ikerketako lagineko subjektu gehienek
gaztelania dutela lehen hizkuntzatzat, beraz, subjektu asko euskara
ikasi dute familiako girotik kanpo, honela euskara jakitea, neurri
handi batean, subjektu berak aukeratu du eta horregatik logikoa
da aldagai psikosozialen artean agertzea.
Konstruktu teoriko
hauen arteko erlazio kausalak aztertuaz, zera ikusten da: euskararen
erabilera bi aldagaiek baldintzatzen dutela; alde batetik, aldagai
soziodemografikoa, hau da, subjektuen kontestua (jaoiterria eta
bizi-herriaren euskaldun proportzioa); eta bestetik, aldagai psikosoziala,
bertan subjektuen euskararen ezagutza maila eta euskal identitatea
daudelarik. Bi aldagai hauen artean, psikosoziala denak pisu handiagoa
du euskararen erabilera azaltzeko.
Eredu hau, ikerketa
honetan frogatu egin da eta esanguratsua gertatu da (c
2 = 7.27, 7 a.g., p=0.40).
Gainera, GFI (godness of fit index-doikuntza indizea) eta AGFI
(adjusted godness of fit index-doikuntza indize doitua) estatistikoak
ere 0.88 baino handiagoak dira, 0.99 eta 0.96koak izanik hain
zuzen ere, beraz eredua fidagarria dela esan daiteke.
Eredu hau frogatzeko
lagin osoa (euskaraz dakitenak eta ez dakitenak) erabili da eta,
aldagai garrantzitsuena subjektuen euskararen ezagutza maila agertu
da. Aldagai arteko harremanetan gehiago sakontzeko, bigarren analisi
batean eredua euskaraz egiteko gai diren subjektuekin soilik frogatu
genuen.
Bigarren eredu
honetan beste ereduarekiko aldaketa batzuk daude: alde batetik,
psikosozial aldagai latentean behatutako bi aldagaiak aurkitzen
dira, euskararekiko jarrera eta subjektuen euskal identitatea,
bien artean euskal identitatea garrantzitsuena izanik. Gogoratu
behar da, lagin osoarekin egindako ereduan psikosozial aldagai
latentea ere behatutako bi aldagaiek osatzen zutela: euskararen
ezagutza maila eta euskal identitatea, bien artean euskararen
ezagutza garrantzitsuena bezala azaltzen zelarik. Bestalde, eredu
honetan aldagai soziodemografikoek pisu handiagoa dute euskararen
erabilera azaltzeko aldagai psikosozialek (psik) baino, aurreko
ereduan kontrakoa agertzen bazen ere.
Eredu hau esanguratsua
gertatu da (c 2
= 13.59, 7 a.g., p=0.10). GFI (godness of fit index-doikuntza
indizea) eta AGFI (adjusted godness of fit index-doikuntza indize
doitua) estatistikoak 0.98 eta 0.93koak dira, beraz eredu hau
ere fidagarria da. (AURKIBIDEA)
ONDORIOAK
Azkeneko azpiatal
honetan, gure ikerketaren emaitzetatik atera daitezkeen ondorio
nagusiak adierazten saiatuko gara.
Euskal eta espainiar
identitateetan identitatea neurtzeko erabili ditugun ezaugarri
ezberdinak integratzen dira: lurraldetasuna, kultura, hizkuntza
eta sentimendu nazionala. Beste ikerketa batzuetan hau ez zen
gertatzen (Azurmendi, Bourhis eta Ros, 1998), kultura eta hizkuntza
faktore ezberdinetan agertzen ziren. Gure emaitza ikusirik euskal
herriko egoera normaltzen ari dela esan daiteke eta horren ondorioz
identitate etnolinguistikoan bereiz daitezkeen alderdi edo osagai
guztiak integratzen ari dira, identitate koherenteak osatuz.
Euskal identitatea
eta espainiar identitatea ez dira integratzen, mundu autonomoak
bezala aurkitzen ditugu (beste testuinguru batzuetan fenomeno
hau ez da gertatzen Galiziaren kasuan identitate galegoa eta espainiarra
faktore bakar batean agertzen ziren).
Identitatearen arabera
egin dugun sailkapenak eta Berryk akulturazio teoria erabiliz
proposatzen duenak bat egiten dute. Anomikoak (dekulturazioa edo
marginalizazioa), espainolak (asimilazioa), euskaldunak (banantze
edo separation efektua) eta kulturbidunak (integrazioa). Aipatutako
lau talde hauek ia aldagai psikosozial guztietan ezberdintzen
dira, profil psikosozial ezberdinak azalduz.
Identitatea eta euskararen
erabilera baldintzatuak daude aldagai soziodemografiko, soziolinguistiko
eta psikosozialez. Ereduaren emaitzen arabera kontestuko aldagaiek
pisu handiagoa dute euskararen erabilera azaltzeko aldagai psikosozialek
baino. Tradizio soziologikoan aipatzen den bezala.
Guk baieztatu dugun
ereduan ikusten den bezala, bizitasun etnolinguistikoak ez du
euskararen erabilera aurresateko ahalmenik azaltzen, ez hautemate
subjektiboak ezta uste sistemak ere.
Identitatearen garrantzia:
aldagai psikosozialen artean, pisu gehien duena. (Clement &
Noels, 1996; Azurmendi, Romay & Valencia, 1996; Ros, Azurmendi,
Bourhis & Garcia, 1999).
Gure ereduaren emaitzak
kontutan harturik, euskararen erabilera bermatzeko euskararen
ezagutza maila ona ziurtatu beharko litzateke (prozedurarik errazena
eta eraginkorrena eskola da, gaur egun ikasle gehienak euskal
ereduetan matrikulatzen dira), hau horrela izanda badirudi euskararen
presentzia ziurtatzen dela edo behintzat orain daukaguna baino
altuagoa izango dela etorkizunean. Honek horrela jarrai dezan
d eredua indartu beharra dago. Bestalde, euskararekiko jarrera
positiboak eta euskal identitatea bultzatu eta indartzeko berriro
ere hezkuntza sistema izan daiteke tresnarik eraginkorrena. Identitateari
garrantzi berezia eman behar zaio eta argi dago orain arte identitate
integratzailea sortzeko egindako ahaleginek ez diotela mesede
handirik egiten euskarari (gogoratu behar da identitate kulturbiduna
duten subjektuek nahiz eta euskara ezagutza maila ona izan ez
dutela apenas euskara erabiltzen). Beraz euskararen erabilera
bermatu nahi baldin bada euskal identitatea bultzatu behar.
Bukatzeko gure lanaren
ahuleziak aipatu nahiko nituzke, datozen ikerketetan kontutan
hartu beharreko aspektu batzuk aipatuz.
Datuak biltzeko prozedura
objektiboagoak erabiltzea komenigarria litzateke, honela autoinforme-galdesorta
erabili beharrean behaketa zuzenaren erabilera izan daiteke prozedurarik
egokiena, batez ere, euskararen erabilera neurtzeko euskararen
kale-erabilera aztertu duten ikerketetan egin den bezala (BAT
28, 1998).
Galdesorta prozedura
erabiltzerakoan ere, aldagaien edukian sakontzeko galdera irekiak
erabiltzea komenigarria litzateke, honela galdesortak berak ez
lituzke subjektuen erantzunak hainbeste baldintzatuko. Hau oso
interesgarria litzateke identitateari dagozkion galderetan; zentzu
honetan, esan beharra dago identitatea neurtzeko prozedura hau
erabiltzen duen beste ikerketa bat martxan dagoela gure ikerketa
taldean.
Azkenik, lan honen mugak aipatu
behar dira. Alde batetik, erabili den lagina, ikasle unibertsitariez
osaturiko "komenientziazko lagina" izan da eta honek
emaitzen orokortasuna mugatzen du. Lan honetan, erabilitako lagin
hau, Euskal Herriko ikasle unibertsitarien adierazgarria izan
dadin ahaleginak egin direla esan beharra dago; erabili beharko
liratekeen bestelako laginek ere adierazgarritasuna gorde beharko
lukete. Bestalde, galderen eduki semantiko antzekoa duten autoinforme-galdesorta
erabili izanak, koherentzi gehiegizko erantzunak sor ditzake;
hau horrela balitz ere, aldagaien arteko kobariazio iturri bakarra
izatea ez da oso probablea.
(AURKIBIDEA)
Iñaki Garcia, Mondragon
Unibertsitatean irakaslea-Hizkuntzen Psikopedagogia lizentziaturan
|