EiTB-irratia - 2001
Julian Beloki

EiTBEiTB-irratia osasuntsu eta indartsu dabil. 350.000 entzule inguru, egunero, Euskal Irrati-Telebistako irratiek eskaintzen duten programazioetakoren bati zaletuak: Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea eta Gasteiz Irratia. Talde gisa hamazortzi urte bete berriak ditugunean, egindako lanagatik merezitako aitormena eta etokizunerako itxaropena baino ez dira, entzuleengandik jasotako onespenaren datu adierazgarriok.

Radio Euskadik eta Gasteiz Irratiak, informazioaren arloan bateginda, milaka euskaldunen eguneroko informazio-iturririk sendoena osatzen dute, orduz orduko informazio-zerbitzuetan, hogeitalau orduko gurpil informatiboari atsedenik eman gabe. 180.000 entzuletik gora egunero Radio Euskadik eta 28.000 Gasteiz Irratiak. Berehalakotasuna, hurbiltasuna, aniztasuna eta lan-talde profesional trebatu baten kalitatea dira entzulegoaren leihaltasun horren erakarpen-indar.

Bide beretik, irratigintzaren uhinetan inoiz izan duen zabalkunderik haundiena eman diote euskarari Euskadi Irratiak eta Euskadi Gazteak, etxe euskaldun askotako irrati-entzungailuetan, elkarren osagarri, besterik entzuten eztela jarri baitira. 140.000 entzule euskaldunen irrati-programazio bakarrak dira, eguneko hogeitalau orduetan, bata ala bestea hautatzerakoan, adinak baino agintzen eztuelarik.

Horrela ba, osasuntsu eta indartsu dago, zalantzarik gabe, EiTB-irratia mende berriaren hasiera hontan. Egunero, irratia pizterakoan, gero eta entzule gehiagok hautatzen gaituelako, noski, baina, baita beste alderdi eta ikuspegi batzuengatik ere. Nagusienetakoa, urte guzti hauetan osatzen joan den lan-talde profesional zabal baten prestakuntzarena da. Etxe barruko irratietako langile finko izatera iritsi direnez gain, beste profesional askoren ikastegi ere izan dira eta ba dira gaurregun ere gure irratiak. Unibertsitateko ikasle direla, bekadun gisa hasten diren unetik ematen zaien prestakuntzari eta jasotzen duten lan-esperientzia aberasgarriari esker, entzunikusizkoen lan-sektorea garatzen lagundu duen profesinal-talde zabala joan da osatzen. Irratigintzaren, telebistaren eta, orohar, entzunikusizkoen sektorean, Euskal Irrati-Telebistan bertan lehenik eta behin, baina Euskal Herri osoko beste komunikabide askotan, eta hemendik at ere bai noski, ikusi eta kontuak egin besterik eztago, zenbat eta zenbat profesional trebe dabilen ohartzeko, lehen urrats profesionalak EiTB-ko irratietan egin dituena.

Orohar, horrelako egoera bati berez darion baikortasun-sentipenak, etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa du ezinbesteko galbahe, hutsala gerta eztadin eta benetako indar eraginkorra izan dezan. EiTB-irratia, alde horretatik, gaurregungo eta etorkizuneko zeregin eta erronkei aurregiteko tresna eta bitartekoak eguneroko lanarekin prestatzen eta egokitzen ari da, etengabe. Norabide horretan, digitalizazioaren eta telekomunikabideen arteko uztarketa oparo eta emankorrak irratigintzari ere eskaintzen dizkion garapen eta zabalkunde-bide berritera egokitzen joateko, ezinbesteko zeregin ditugu, honenbestez:

  • Giza-baliabideen etangabeko prestakuntza profesionala. Amaitu berri dugun urtean abiarazitako bidetik, hogeitamabosna orduko ikasketa eta prestakuntza-programa berria izango dute EiTB -ko irratietako lankide guztiek 2001ean. Hizkuntza-kalitatea, trebakuntza teknikoa eta eguneratze profesionala dira prestakuntza-plangintzaren zutabe nagusiak.
  • Eguneratze eta eraberritze teknologikoa. Soinu-produkzioari dagozkion bitarteko tekniko guztiak digitalizatze-prozesuan, inbertsio berriak egingo dira ekoizpen-gune guztietan, baina, aurten, bereziki, Gasteizko egoitzan, urtea amaitu baino lehen kokapen berria izango baitu Gasteiz Irratiak, taldeko beste irratiekin eta Euskal Telebistarekin batera, Arabako hiriburuan.
  • Bertatik bertarako informazioaren hildoa sakondu, aniztasuna, profesionaltasuna eta kalitatea zainduz. Gure gizarteari jakingarri zaion guztiaren hurbileko eta berehalako testigu izateko ahaleginean, gure irratietako mikrofonoak behar den lekuan eta behar den unean jartzeko ahalegina areagotuko dugu, zabalkunderako antena-sarea eta unitate ibiltarien konesio-sistemak berrituz eta indartuz.
  • Programazio-edukiak garai berrietara egokitzeko ahalegina. Euskara hutsean diharduten Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztearen programazioak esparru eta eskaintza berritera etengabe egokitzen joatea, Euskal Telebistarekin batera http://www.eitb.com web-gunerako komunikazio-gune berri eta eraginkorrak aztertzea eta garapetzea eta EiTB-irratia-ren programazio-eskaintza espezialdu eta berriak anteratzea.

Itxaropentsu eta baikor, entzulego zabal baten onespen eta leihaltasunak damaigun indarrarekin, Informazioaren eta Komunikazioaren Gizartean erabat murgiltzeak dakartzan eginkizun eta desafio berriei aurre egiteko prest daude EiTB-ko irratiak. Euskal gizarteak berak irrati publikooi eskatzen eta eskertzen digun zerbitzua, aldian aldiko informazio eta komunikazio behar eta premiei egokitzen joateko ahalegina egiteko prest, orain eta gero.


Jualian Beloki, EITB-Irratien zuzendari koordinatzailea

Euskonews & Media 109.zbk (2001 / 2 / 2-9)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved