Arbasoen
oihanak oihan mardulak zirela pentsatu izan ohi dugu. Zelakoak ziren ba edo uste
dugun zirelarik gure arbasoen oihanak?
Aspaldiko
basoak, oihanak, nolakoak ziren jakitea betidanik interesatu zaigu.
Antzinako garaiaren mendi eta basoen egoera ezagutzea inbestigazio
zehatzen jarduera litzateke. Zehatz-mehatz jakin jakitea ez zen
ahalegin makala izango. Baina azalpen honetan, honelako azalera
orokor batetan, zehaztasuna mehazkeria gerta lekiguke eta egokiagoa
iruditzen zait garai haietako basoei gainetikako begirada lasaia
botatzea, zertzelada batzuk opatzea eta pintore inpresionisten
modura, joandako euskal oihanen enbor liluragarri bezain ilunpeko
hura irudi mardo baten itxuran zuei hemen agertzea.
Ez naiz aurrehistoriaren
bidezidor estuetan sartuko. Pinu eta urkiak jaun eta jabe ziren
garai haietan airera bota zuten eta gaurdaino zohi-ikaztegietan
gordeta izan den polena hor bego. Aski izan bekit "Anni Domini"
deitzen ditugun azken bi mila urte hauetako basoen bilakaera zuei
azaltzea.
Mitxelena hizkuntzalariak
idatzi zuen bezala, Akitanian aurkitutako erromatar garaiko harlanduetan
agertu ziren inskripzioak gaurko euskarazko arbola arrunteren
izenen bidez argi genezazke. Lau izen bildu zituen inskripzio
haietan Mitxelenak: arixo, artehe, fago eta leheren. Arixo
haritz, artehe art(h)e, fago pago eta leheren
leher (pinu). Baso-testigantza hura euskaraz idatzitako lehenengoa
litzateke.
Izandako basoen
beste testigu irmo bat toponimia zaharrean legoke. Toponimiari
so egiten badiogu adierazpen jori eta mamitsu topatzen ditugu.
Landare-toponimo baten oparotasuna, hor-hemen errepikatzea, landare
beraren sarritasunaz mintzo da.
Hori
dela-eta, haritzak, pagoa eta artea espezie gailenak ziren joandako
azken bi mila urteetan, bertako espezieen artean behintzat. Haiekin
batera pinuek ere beren garrantzia bazuten Euskal Herriko bi ertzetan:
ekialdean eta mendebaldean; garrantzitsua zen batez ere leher
gorria edo pinu silbestre deritzana. Bigarren garrantziko espezie-multzoa
ere ez da toponimian alboragarria; interesantea da oso.
Dena dela eta
haritzen aztarna gure lurrean hain nabarmena izanik, gera nadin
puska batean behintzat Quercus Genus honetan. Euskaraz
haritz izena ematen zaie Quercus robur L. eta Quercus
petraea (Matt.) Liebl. -ri. Baina ez bakarrik bi espezie hauei.
Quercus faginea Lamk. eta Quercus humilis Miller
espezieen euskal izena ere eta beti toponimiari jarraituz haritzarena
da.
Bada beste Quercus
espezie bat, Quercus pyrenaica Willd. delakoa, bere izen
propioarekin euskaraz, gure ametza alegia. Toponimian garbi bereizten
da haritz eta ametz izenen artean.
Baina badago
Nafarroako haran bakan batzuetan beste izen berezi eta bitxi bat.
Ezkametz izena. Ezkametz izen hori goi-nafarreraz hitz egiten
den haran edo ibar hauetan gertatzen da: Imotz, Odieta eta Anue.
Hor bildu zituen Xabier Irigarai ingeniariak ezkametz deitura
eta bere barianteak; hauen artean erkametz erreduna; herren ez
ibiltzearren jo dezadun behingoz hitz horren errora, izen zuzen
zein den erabakitzeko.
Ezkametz izena
izen konposaturikoa da. Ezk- eta -ametz dira bi
osagaiak. Etimologiaz izen hibridoa da. Ametz nondik datorren
argi dago. Eta aurreneko zati hori, Ezk- soil hori zer
da? Pierre Landhe-ren Hiztegira jotzen badugu han aurkitzen dugu
ezkanda hitza eta honen
esan-nahia adierazteko esaten digu: vide harixkanda. Plazido
Mujikaren Hiztegian miakatuz gero hor agertzen da pottol exkamotx
(alto navarro) = "roble de hoja rizada y ramas cortadas". Eta
azken froga beharko bagenu, ezk- hori harizko dela ikusteko
hor dugu erruz erabiltzen dugun ezkur hitza. Zer da ba ezkur ezk-hur,
haritz-hur, harizko-hur baino. Xabier Irigaraik
berak Odieta ibarreko Gendulain herrian haritz-ametz bariantea
aurkitu zuen, ametzari zuzenduta hori bai, Quercus-en nabaritasunak
gehiago nahastuz; baina hizkuntzari gagozkionez berezitasun falta
hori azalekoa gertatzen zaigu kasu honetan, hitzaren mamia hitz
beraren konposaketan bertan baitatza; haritz-ametz honek
argi eta garbi uzten digu zein den egiazko euskal izena Nafarroako
ibar horietan: ezkametza.
Toponimiara itzuliz,
eta ezkametz izen hori euskararen zokotasun polita bada ere, toki
izenetan berriz haritz eta ametz formak dira agertzen direnak,
batez ere haritza, haritzak izanik espezie-multzo zabalduena Euskal
Herrian eta inguruko herrietan.
Zuhaitz
eta zuhaitzetik etorritako toponimoak ere maiz agertzen zaizkigu
gure herrian. Dirudienez zuhaitz eta haritz hitzak
erlazionatuak dira eta zuhaiztiak hariztiak omen dira.
Hariztien eta
ameztien berezko zabalerera joanez, lehengo egoera hauxe zen:
hariztiak, lur marduletan haritz hosto zabalekoak eta lur idorragotan
haritz hosto txikikoak, eta ameztiak, beste aldetik, hareatsuetan,
euskal mendi eta ibarretan edonon topatzen ziren, batez ere hariztiak.
Aspaldidanik murriztuz joan ziren ibar gurenetako hariztiak, nekazaritzaren
zabalkundearekin batera. Hori izan zen hariztien urritasunaren
zio nabaria.
Artatza eta artadiak
lur gutxiko maldetan, eguteretan, kare-harkaitzetako lur-zuloetan
aurkitzen ditugu. Ebro ondoko eskualde sikuagoetan, berriz, arteak
lur hobeagotan ere aurkitzen ditugu.
Pagadiak. Gaur
ditugun baso ederren artean beharbada ederrena. Batez ere biharko
egunari begiratzen badiogu, eta dauden pagadiak behar den bezala
maneatzen baditugu. Diren pago basoak, osoan begiratuta,
zirenak dira eta gainera eta lur zabalerari so egiten badiogu
handiagoak ia Euskal Herri osoan. Pagoa azken mendeetan gehiagora
joan den espeziea dugu. Batez ere goiko mendietan. Pagoaren gehiagotze
horretan, batzuetan, beste espezieren kalte gertatu da, hala nola
haritzarenean, basoaren itzalak pagoaren alde jokatzen baitu.
Espezie laguntzaileei
gagozkiolarik, euskal toponimian aztarna askotarikoak eta zabalekoak
izan dira, beren maiztasunaren ondorio bezala. Arbola laguntzaileak
deitzen direnak lehengo mendeetan, gaur egun bezala, eta dirudienez
gaur baino gehiagotan, sarri aurkitzen ziren gure mendietan. Baso
txikietan, multzoetan, taldeetan, bakanetan. Hagina, lizarrak,
ezkiak, sahatsak, zumarrak, haltza, hurritza, iharrak, astigar
edo azkarra, urkiak eta frutarbolak edonon gordetzen dira euskal
toki-izenetan.
Sastraka eta
sasiak. Arbola gabeko mendiak ezagutzen ditugu Euskal Herrian.
Baina ia kasu guztietan, gehienetan behintzat, gizonak denboraren
poderioz horrela moldatu dituelako. Azienda edo ganaduaren bidez,
nohiz-behinka suaren laguntzaz, arian-arian, aspaldiko baso eta
oihanak iratzagorri, garobel, otegi, otakadui, ilarratza, iñarradi,
orreaga, ipurua, sasieta, isasti, arantzazu, elorrieta eta abar
bihurtu ziren, lehengo zuhaitz lerden haiek sastraka konkor bilakatuz.
Huraxe bai izan zela bihurkera atzerakoia. Ederra eder mantendu
ordez motz bihurtu.
XVIII mendea,
argien mendea, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen eskutik,
Peñaflorida kontearen lehendakaritzapean, ikusiko dugu.
Urte haietan Azkoitiko Intxausti Jauregia (Intxausti horrek ere
baso edo baserri kutsuko izena daramalarik) eta Bergarako Seminarioa
Zientziaren santutegi bihurtu baitziren.
Orduan
hasi ziren, Ameriketatik batez ere, espezie berriak ekartzen.
Europako parke eta jardin edo lorategietan barreiatu ziren espezie
horiek, lehendik zetorren aspaldiko parkeen itxura aldatuz eta
neurri inportante batean itxura hori ederragotuz. Paisaiaren estetika
berria osatu zen. Gaur zail egingo litzaiguke diren parke eta
jauregi askotatik espezie handi eta eder horiek kenduko bagenitu.
Atlantiar Europako parke eta etxalde askotan ingurua hain nabar
ornitzen duten zedro, izei, sekuoia, taxodium, hemlock, arbor-vitae
eta hainbeste eta hainbeste espezie, ez bakarrik Ameriketatik,
baita Japonia, Txina, India, Australia eta beste herri askotatik
ekarritakoak ere aisa europartu ziren.
Ordutik datoz
leku-izen batzuk gure herrian. Horra hor Durangoko Pinondo, Zudaireko
Pinodieta baserria (Nafarroa beherean). Kontura gaitezen orduko
toponimoetan pino forman sartua zela euskaran egungo piñua.
(Nafarroako toponimian Pinadibeltz, Pinaduia, Piñodia,
Pinadorre, Pinape,... badira), ler forma Erronkarin pino silbestrerako
gordetzen zen bitartean. Gero XIX eta XX mendeen aldagunean beste
pino mota bat etorriko zaigu gure mendi eta baserri edo etxaldeetara;
hizkuntzaren permebilitatea handiagoa zen ordurako eta pino forma
zaharragotik pinu forma berriagora igaroko zen; harrez gero pinua
esaten bazen artikuludun hitzean pinu geratuko zen artikulugabekoan
ere.
Honaino euskarazko
hausnarketa hau. Ikustapen zabala eskaini dizuet eta gaztelaniaz
arituko naiz hurrengoan, mendiak, basoak eta horien barruan zuhaitzak
nola kokatzen diren eta hori dena gizonaren eskuz nola moldatu
den mendeetan zehar eta nola gero eta moldatuagoa izango den gure
munduan. Inozenzio Munita apaiz basozale hura gogoratuz, XX mendeko
erdialdean Araman aritu zena, abadegintzan zein basagintzan jakituna;
ondo eta egoki hazten ziren zuhaitzen zabaltzaile sutsua izan
zen gipuzkoar apaiz argia. Munita apaizak erakusten zigun bezala,
gogora dezagun Gipuzkoan ezaguna zen eta ia gaurkotu behar ez
duen aspaldiko esaldi hura (gaurkotzekotan erreka dioen lekuan
ura ulertu behar genuke); esaldi harek hauxe zioen: "Basoa eta
erreka auzo, hau ez duen etxea gaizto". Manuel Mª Ruiz Urrestarazu,
Arabako Foru Aldundiko Ingurugiro zuzendaria |