"Ez dut uste, bestalde,
sekretua denik, euskararen gaineko ikerketetarako zaletasuna
dugun guztiok, beste esparru batzuetatik salto egin dugula:
zuzenbidea, medikuntza, teologia-tik linguistikara jo
dugu. Beste nazioetan, ordea, linguistikan ari direnak
diziplina horri buruzko urte luzetako esperientzia dute"
(Julio Urkijo/1918/EI-ren I Kongresuan)
"Euskarazko
irakaskintzan, irakasleak beste hizkuntza batzuetan eman
daitezkeen aldaera eta formulismoak saihestu behar baditu
ere -gure hizkuntzaren nolakotasunetara egokitzen ez direlako-
ikerkuntza zientifikoaren goi mailetan metodo berrien
aplikapenaren alde jokatu behar dugu, horiek arrotzak
zaizkigun arren" (Julio Urkijo/1918/ EI-ren I
Kongresuan)
"Nahaspila
euskaltzale eta euskologoen artean sor daiteke. Euskologoek,
normalean, atzera begira egiten dute lan, linguistikan
oinarritzen dira eta edozein hizkuntzatan ari daitezke.
Etorkizunari begira inoiz aritzen badira, ez da euskararen
martxan nola edo hala eragiteko. Euskaltzaleak, ordea,
zentzu etimologikoan, euskararen biziraupenerako ahaleginetan
jardungo du, euskaraz beti" (Julio Urkijo/1918/
EI-ren I Kongresuan)
"Euskaldunok,
munduko garapen zientifiko eta kulturalerako sarbidea
benetan bilatu nahi badugu, zeharo konprometitu behar
gara, diziplina guztiak geure hizkuntzan jasotzeko, oinarriko
hezkuntzatik gorenekoetaraino, aurreneko hizkiak ikastetik
planeta-orbitaren baten kalkulua egiteraino.
Une hori iristen denean,
kultura ertaineko euskaldunak euskara beste hizkuntzarik
ez du beharko bizitza arrunta garatzeko. Goi mailakoak,
berriz, aukeran izango ditu munduko beste hizkuntzak ere"
(Luis Eleizalde/1918/ EI-ren I Kongresuan)
"Euskaldunak,
linguistikoki, isolamendu eder, bikain bezain hilgarrian
bizi gara" (Luis Eleizalde/1918/ EI-ren I Kongresuan)
"Nazionalitatearen
aurreneko elementutzat daukat hizkuntza. Horrexegatik,
edozein euskaldunek, eskura dituen bitartekoekin, euskararen
garapen osoa bilatuko du" (Txurrukako Kondea/1918/
EI-ren I Kongresuan)
|
Gogoeta horiek ez dira
gaur goizekoak, orain dela 82 urtekoak baino. Oraingo egoera sozio-teknologikoaz
ezta ideia izpirik ere ez zen une historiko batean eginda.
1918ko Eusko
Ikaskuntzaren lehen Kongresuan argi eta garbi esaten zuen Eusko
Ikaskuntzak (konkretuki D. Julio Urkijok, berak idatzitako txosten
batean): Euskarari dagokionez, indarren batasunean konfiantza
osoa dugularik, abian jarri dugu plangintza estrategiko bat.
Eusko Ikaskuntzak
urte dezente daramatza lantegi honetan, nahiz eta -sarritan- bere
lana zeharo ezezaguna izan den. Zeinen errua? Ez gara hemen jarriko
errudunak bilatzen, ez alajaina!, ez baita hori gure estiloa.
Baina aurrera baino lehenago, garbi utzi nahi nuke Eusko Ikaskuntzaren
betebeharra euskararen sustapenean oinarritu dela, hein handi
batean.
Ezaguna den bezala,
1918ko Kongresu haren ondorioz, urtebete bat beranduago Euskaltzaindia
sortu zen Eusko Ikaskuntzaren baitatik. Ez zen urrats makala,
egiteke zegoen lan eskergari aurre egiteko. Oinarriak jartzen
ari ziren.
Baina, aipu horietako
batean eginiko sailkapenaren arabera, ez dugu euskerologo bezala
soilik aritu behar, bere herriaren izanarekin erabat konprometitua
dagoen euskaltzale bezala ere, baizik. Eta horrela bakarrik ulertu
ahal izango da, euskararen bilakaera arruntean zientziak eduki
behar duen tokia. Ez dela makala, jakina.
Gaurko hitzaldiño
honen izenburuak dioen bezala, Euskararen Sustapenerako Erakundeek
egin dezaketen eta egin behar luketenari buruz mintzatu behar
dut. Ez dut uste titulua egokia denik, niri -gauden une kritikoan
gaudelarik (globalizazioaren eraginez, hein handi batean)- Zientzia
Erakundeek euskararengatik egin dezaketenari buruz mintzatzea
gustatuko bailitzaidake. Bestela, badirudi, euskararen ardura
Euskaltzaindia, Elhuyar, UZEI, UEU eta antzerako erakundeena bakarrik
dela, eta hori ez da horrela. Horien lan eskergari beste askorena
ere gehitu beharko zaio, euskararen normalizazioa erabatekoa izango
bada, gizartearen maila guztietara helduko bada.
Eremu urriko
hizkuntzek europar eta munduko esparruan adierazten dutena azaltzen
jarriko bagina, aurreneko arazoa eremu urriko horren mugak kokatzean
egongo litzateke, izan ere kontzeptuak berak dimentsio desberdinak
hartzen ditu, egunez egun, batez ere teknologia berrien aplikapenen
eraginarengatik. Hori alde batetik, eta bestetik, eremu urriko
hizkuntzak definitzerakoan -nahiz eta geografikoki oso eremu urrikoak
izan- ez da berdina batzuek eta besteek duten tratamendua..
Hobeto azalduko dut
ideia hau: suomiera, hizkuntza urrikoa al da? Suediera? Bat ere
zalantzarik gabe, bai. Europako hizkuntza minoritarioen mapa aztertuko
bagenu, berrogei bat hizkuntza aurkituko genituzke sailkapen horretan.
Horien artean suomiera eta suediera daude. Baina, Europar Batasuneko
hizkuntza ofizialen artean bi horiek agertzen dira, beste
bederatzirekin batera. Eta, jakina, Finlandia eta Suediako gobernuen
aldetik bi hizkuntza ofizial horiek jasoko duten tratamendua,
arreta, ez da euskararen moduko hizkuntza batek jasotzen duenaren
modukoa. Ala bai?
Eta, hizkuntza minoritarioen
arazoan ematen den nahasia hobeto uler dezagun, irakurri besterik
ez da egin behar, Europar Batasunaren agiri ofizialak. "Languages
in Europe" atalera jotzen badugu, han estatu hizkuntzak beste
ezer ez dugu aurkituko. Besteak ez omen dira existitzen.
Edozein modutan,
eta Europako agintari txit gorenek eremu urriko -edo gutxiago
erabilitako- hizkuntzei buruz duten iritziak axola behar badigu
ere (batez ere, gure diruarekin ari direlako), geuk -euskaldunok-
geure ahalmen txikitik zer egin dezakegun aztertzea dugu ezinbesteko
erronka, osterantzean beste inork egingo ez duelako.
Euskarak, geure
esparrura nator, urrats handiak eman ditu azken urteotan, orain
dela hogeita hamar urte inguru imajina ezin genitzakeenak. Eta
alderantzizkoa uste duenari ez diodala sinesten esango nioke.
Oinarri zabala jarri da, jardun zuzen eta burutsua eman baita
euskal gizartean, euskaldunok geure garapen integrala euskaraz
burutu nahi dugula aldarrikatu dugularik, gau eta egun. Geure
seme alabek -orain dela hogeita hamar urte inguru gizartearen
euskalduntzearen erdi utopia hartan geniharduenon seme-alabek-
euren ikasketak euskaraz burutu ahal izan dituzte, ikastolatik
unibertsitaterainokoak. Eta hori, jaun-andreok, urrats handia
izan da, euskal gizartearen normalizazioan.
Baina, zorioneko
europar batasuna eraikitzean, itxura guztien arabera, abiadura
desberdinak diren bezalatsu, euskal gizartearen normalizazioari
dagokionez, esparru desberdinetako abiadurak ere oso diferenteak
gertatzen ari zaizkigu. Eta hizkuntzari dagokionez, zoritxarrez,
jasan genitzakeen motelenetakoa da. Zergatik?
Lehen lehenik, euskara
hilzorian zegoen, osasunbidean jartzen hasi zenean. Tratamendu
egokia ematen baimendu zitzaigunerako azken hatsetan zegoen. Eta
gaixoaren zuzperketa ez da hain samurra gertatu. Bigarrenik, beste
hizkuntza askok euren zuzperketarako giro, diogun, lasaia izan
duten bitartean, geure gaixoari gizarte mota ero bat egokitu zaio,
garapen teknologikoei begira. Hau da, euskara askoz osasuntsuago
aurkituko zatekeen gaur egun, azken hogeita hamar urteotako susperraldia,
adibidez, mende honen erdialdean gertatu izan balitz. Pellokeria
hutsa dirudikeen baieztapen hau ez da hain txotxolokeria, euskara
osasunbidean jartzea eta gizartearen usadioak zeharo aldatzea
bat etorri baitziren, horrek suposatu zuen abiadurako galerarekin.
Euskarak, ia-ia,
ez du Gutenberg-en galaxia ezagutu. Aitzitik, MacLuhan-en galaxiaren
eragin negatiboa jasan du, teknologia berriek mundu osora ohituren
bilakaera uniformakorra ireki zutenetik. Euskararen normalizaziorako
ikastola eta eskoletako ateak ireki zirenean, egundoko iraultza
teknologikoa ematen ari zen hezkuntza munduan, eta gure hizkuntzak
besteen artean eman zezakeen jokoa nolakoa izan zitekeen ezagutu
aitzin, zeharo baldintzatuta aurkitu ginen, mundu arrotzetatik
zetozkigun uhin akabatzaileak zirela eta. Hau da, eskola giroa
irabazi ez eta etxeko giroa galdu genuen.
Telebistaren eraso
kontrolagaitzari ondorio latzak jarraitu zion, eta horien artean
-adibidez- gizartearen irakurketarako gero eta zaletasun txikiagoa
dugu. Galera horrek ez zion batere onik ekarri euskarari, noski.
Eta telebista katea luzeago baten aurreneko maila izan zen, gaur
bizi ari garen egoeraraino. Nolako bilakaera? Kontrakoa, orain
arte bederen.
Orain dela gutxi,
UNESCO-ren babespean buruturiko Munduko Hizkuntzei Buruzko Txostena
Bilbon aurkeztu zenean, globalizazioak gaur egungo hizkuntzetatik
erdia galaraz dezakeela entzun ahal izan genuen. Hitz potolo eta
esanguratsuak, entzun nahi dituztenentzat. UNESCO-ren datuen arabera,
6000 bide dira munduko hizkuntzak eta mende erdi baten barru horietatik
erdia historiako erreferentzia hilak suerta daitezke. Eta gizarteak
daraman abiadura esponentziala kontuan izanik, mehatxu hori lehenago
ere bihur liteke errealitatea, -inor oraindik konturatu ez bada
garbi esango diot- gizarteak berak bere axolagabekerian zut, eragiten
baitu bere itsukeriarengatik hainbat arlotako galera jarraia:
hizkuntzak, ingurugiroa, giza komunitateak. Murgilduta gaudeneko
erokeria honek itsu ezaxolati bihurrarazi gaitu, globalizazio
eta ekonomiaren mundializazioa dela eta. Dirudienez, dena da zilegi
eta edozein astakeria eman daiteke, auskalo zeren izenean!
Hizkuntzei dagokienez,
globalizazioak eta teknologia berrien aplikapen masiboak arrisku
berri bat gehitu dio munduko panorama ilunari. Eta komunikazio-parametro
berrietan, hizkuntza minoritarioak galtzaile atera daitezke, indar
eta osasuntsuen mesedetan, berehalako neurririk ezean.
Ene ustez, maioritario/minoritario
erlazio horretan, eta Internet sareari dagokionez, hizkuntza bakoitza
zein sailean dagoen asmatzea ez da erraza. Badakigu jakin, hori
bai, zein den maioritarioa, edo sareak gehien erabiltzen duena:
ingelesa. Zein da ingelesaren helburua Interneten? Jaun eta jabe
izatea, eta horren esperoan, besteek kalte egin diezaiokete. Azken
finean, eta ez gaitezen engainatu, teknologia berriak planteatzen
ari direna merkatal jardunbide ekonomiko erraldoia da.
Beraz, edukiaren hedapen kontrolatua negozioaren sinonimoa izan
daiteke eta horren atzetik abiatzen dira munduko hizkuntza guztiak,
ahalmen txikiago edo handiagorekin. Bai, jaun andreok: geure euskarak
ere aurre planteatu beharko dio erronkari, mende erdi baten barru
bizirik iraungo badu.
Helburu samurra?
Bai, zera! Euskaldunok, hizkuntzen norgehiagoketa itzel horretan
sartzen bagara, bi alderditatik eutsi behar diogu apustuari:
- Edukien sorkuntza
- Azpiegitura aproposaren gertuketa
a) Edukien sorkuntza Hori
eta ez beste izango da helburuaren mamia. Zer egin genezake, euskaraz
sorturiko kalitatezko edukirik gabe?
b) Azpiegitura
aproposaren gertuketa Euskaraz
sorturiko edukiak, bitartekorik aproposen laguntzarekin hedatu
beharko dira, jakinarazi, eta horretarako azpiegitura egokia prestatu
behar da.
Euts diezaiogun,
besterik gabe, hitzaldiño honen izenburuak dioenari: Nola
aritu behar dute euskal erakunde zientifikoek, euskara garaile
atera dadin?
Batere zalantzarik
gabe, goi mailako zientzia-erakundeek -eta sailkapen horretan
Eusko Ikaskuntzaren gisakoak eta baita Unibertsitateak ere sartzen
ditut- betebehar garrantzia dute euskararen garapenean, ez soilik
hizkuntzaren irakaskuntzan, baizik, nire ustez bestea bezain inportantea,
euskarazko zientziaren sorkuntzan. Goi mailako zientzia erakundeek,
hori bai, hizkuntza-adituak prestatu behar ditu, gero eta identifikatuagoak
beraien betebeharretan. Baina zientzia hitzak adierazten duen
esparru zabaleko adituak ere sortu behar dituzte gure erakundeek,
egiazko euskal gizakia errealitatea bilakatzen joan dadin.
Zertan ibiliko ginateke,
medikuak, injineruak, enpresa gizonak, abokatu, antropologo edota
politologoak behar den bezala hezituko ez bagenitu? Nik ez dut
uste oraindik ohartu garenik EUSKAL GIZAKI OSOA gauzatu ahal izateko
ia-ia dena egiteke dugunaz. Eta bideak ez dira errazak. Inguruak
batere laguntzen ez digulako eta guk euskaldunok ere eragozpenak
jartzen dizkiogulako lantegiari.
Eusko Ikaskuntzaren
gisako erakunde batean zientzia egitasmoak garatzen dira, eta
produkzioa altu samarra dela azalduko dizuet. Ez da sekretua.
Gure argitalpenak, Eusko Ikaskuntzarenak, gutxi gora behera, berrogei
bat liburu dira urtero, era guztietako diziplinak jorratzen direlarik.
Gure elkartean 3000 bat bazkide ditugu, eta horietan goi mailako
zientzialariak dira. Bazkideek ikerketa-lanak burutzen dituzte
eta, argitalpen batzorde batek ontzat ematen baditu, lan horiek
argitaratu egiten dira, liburu gisa edo aldizkari espezializatuetan.
Zenbat dira, bataz
beste, euskaraz argitaratzen ditugun lanak? Gutxi, oso gutxi.
Zergatik? Ikerketa lanetarako egileek aukeratzen duten hizkuntza,
gehien bat, espainiera delako. Nola irauli joera hori? Hortxe
galdera... baina ez dakit erantzun aproposik ote dudan.
Egileari ezin dakioke
hizkuntza inposatu. Askatasunean ekoiztu behar du eta aurreneko
eskubidea hizkuntzari dagokiona da. Eta euskarak, zientzialarien
artean XX. mendearen hondarretan duen presentzia txikiarengatik,
gorantz egin dezakeen arren, lor genezakeen abiadura ez litzateke
datozen berrogeita hamar urteetan, EUSKAL GIZAKI OSOA erdiesteko
euskarak beharko lukeena: lehenago bidean hila geratuko litzaiguke,
elikadura egokirik ezarengatik.
Eusko Ikaskuntzaren
gisako erakundeek, beharko al lukete izan BI SAIL DESBERDIN, bata
euskaraz lan egiten dutenentzat eta bestea erdaldunentzat? Ez
dut uste. Hori, ene iritziz, eskubide naturalari ostiko bat ematea
izango litzateke. Behintzat, hori ez lukete azken helburua izan
beharko; agian, tarteko mugatzat jo genezake ahalegin hori, behin
behinekotzat, baina inolaz ere erabatekoa. Gizarte herren bat
sortzen ibiliko ginateke horri ekinez gero. Baina, diodan bezala,
behin behineko irtenbidetzat ez nuke ezetzik esango. Hobeto esplikatuko
naiz:
Euroak euskal ekonomiaren
baitan izango duen eraginari buruzko lan egitasmo bana aurkezten
dute bi pertsonak. Batek garbi du espainieraz egin nahi duela
(berdin dit erdalduna den edo euskaldun petoa) Bigarrenari euskaraz
sortzea gustatuko litzaioke, baina hizkuntza horretan arituz gero
bere lan zientifikoak irakurlego murritzagoa izango duela badaki
jakin. Bi egitasmoen prozesu eta helburuak antzerakoak dira eta,
beraz, bat bakarrik aukeratu behar da. Nola asmatu? Zer egin genezake?
Erdal planteamendu
negatiboetatik, orain arte entzun ahal izan denez, zientzia-politikak
ez du -hizkuntzen tratamendua dela eta- baztertzaile izan behar
(edo, argiago esanda, euskaraz egiteagatik ez da erdal produkzioa
azpiratu behar) Horren estiloko jarrerek, erdaraz sortzen den
zientzia euskarazkoa baino hobea dela aurreirizten dute. Eta hori
ez da, ezta urrik ere, egia. Euskaraz garaturiko zientziak espainieraz
edo beste edozein hizkuntzaz eginikoa baino balio handiagoa eduki
dezake gaur egun. Beraz, utz ditzagun alde batera betiko topiko
antzu bezain pozoitsuak eta epai dezagun zientzia bere balioarengatik.
Euskal zientziak
-onak, meritu duenak- aukera egokiak eduki behar ditu mundu zabalean
ezaguna izan dadin. Mundu zabalean diodanean, euskarak duen irakurlegoaz
baino harantzagoko hartzaileez ari naiz. Eta hori, nik dakidanez,
itzulpengintzaren bidez bakarrik lor daiteke. Gertatzen dena,
ordea, formula garestiagoa dela eta euskara bihar etziko hizkuntzen
artean ikusi nahi badugu NORBAITEK laguntza-bitartekoak ahalbidetu
beharko ditu. Formula honek balio beharko luke. Noiz arte? Bada,
euskararen normalizazioa erabatekoa den arte. Horrek esan nahi
du, bizi dugun gizartea nolakoa den ikusita, planteatzen ari naizen
formulak aplikapen jarrai eta luzea exijitzen duela.
Eusko Ikaskuntza,
bere kabuz, formula horren aplikapenaren alde agertu da azken
urteotan, eta batez ere euskarri elektronikoetan erabiltzen ari
da. Zergatik euskarri elektronikoetan? Ekonomikoagoa delako, paperezko
euskarrietan baino. Eta, garbi utzi behar da, gure ekonomia larriak
ez digu ahalbidetzen testu luzeko itzulpena egitea, orain arte
bederen. Beraz, kalitatezko testu ertainak aukeratzen ditugu itzulpenetarako.
Horrek ez du esan
nahi, dena den, itzulpengintzarekin dena konponduta dagoenik.
Ez da hori. Baina, bai behintzat, beste hizkuntzetarako itzulpengintza
ezinbesteko urratsa dela aurrera egiteko. Euskarara eginiko itzulpenak
ez du, derrigorrez, euskararen sendotasuna bermatuko. Euskaratik
beste edozein hizkuntzatarako itzulpenak, berriz, hizkuntzaren
normalizaziorako bidea indartzen ari da.
Badira kolektiboak,
arrazoi desberdinak tarteko, euren testuei itzulpenekin laguntzeari
uko egin diotenak eta zuzeneko emaitza bilatzen dute, nahiz eta
hartzaileen kopurua askozaz txikiagoa dela badakiten. Hori, adibidez,
Eusko Ikaskuntzaren kasuan, ELERIA aldizkariarekin gertatzen zaigu,
legelari euskaldunen aldizkaria dena. Eusko Ikaskuntzak asumitzen
du bere osotasunean aldizkari horren defizita. Beste aukera bat
da. Euskarari dagokionez, badira -jakina- beste adibideak ere,
euskal zientziarekin lotura zuzena dutenak (Euskaltzaindia, Elhuyar,
UZEI, UEU, BAT eta abar)
Gorago esan dudan
bezala, erronkaren luzapena ez da epe laburrean amaitzen, gure
gaixoaren amaiera adieraziko bailuke. Baina behin eta berriz azpimarratuko
dudana zera da, testuinguru osoak behar duen edukiaren sorkuntza,
hori gabe gainerakoa alferrikakoa izango bailitzateke.
Azken urteotan, euskal
kultura eta euskara teknologia berriekin uztartu direnean, gehien
bat teknologia hutsari egin zaio jaramon, "hard" eta
"soft"-en aldetik zer nolako erantzuna eman dakiokeen
erantzunez. Eta hori ez dago gaizki… baina ez da nahikoa.
Eusko Ikaskuntzak
parte hartu izan du zenbait esperientziatan alde horretatik eta,
aitortu behar dut, ez gara oso pozik geratu, batez ere arazoaren
muinari heldu beharrean azalari, oskolari, heldu zaiola uste dugulako.
Hau da, euskararen bitartezko hedapen masiboari muzin egin zaiola
iruditzen zait, herri teknokrata honetan -eta Euskal Herria egundoko
maisutasuna erakutsi du beti alderdi horretan- oso arreta gutxi
eskaini baitzaio, zientzia euskaraz sortu eta mundu osora hedatu
ahal izateko arazoari. Beharrezkoak direla teknologia berriak
euskara irakasteko? Batere zalantzarik gabe, baina horretan
geratuko bagina, berehala itoko ginateke gure ezintasunean. Zergatik?
Bada, oso erantzun sinplea: sistemak elikadura jarraia behar duelako
bizirik iraungo badu. Eta gorputz bati ez bazaizkio era guztietako
bitaminak eskaintzen gaixotu egingo da, ahuldu, eta laster hilko.
Ikus-entzunezkoen
teknologia, informazioaren autopistak, disko trinko eta multimedia
diskoak, liburu elektroniko eta etorkizunak oraindik zerbitzatu
ez dizkigun produktuei buruz mintza gintezke, baina horietatik
joan behar duen elementuaren gain ez bada behar bezala ikertzen,
agur!
Eusko Ikaskuntzaren
gisako erakundeei ekoizpen jarrai…eta garestia dagokigula uste
dut. Eta ez dago beste irtenbiderik. Hizkuntza guztiek ez dute
osasunbide-tratamendu berdina behar, inguratzen gaituzten espainierak
eta frantseserak, adibidez, bestelako arazoak dituzte, besteak
beste, Internet sarean maioritario izatezko maila lortuko ote
duten, edo ingelesaren morroi izaten jarraituko duten. Gureak
ez; gureak tokitxo bat eskatzen du, aurreneko erronka bezala,
mende erdi barruko hizkuntzen artean. Eta hori geure esku
dago, euskaldunon esku. Izan ere, guk ez badugu gurea zaintzen,
nork egingo du?
Konturatu al zarete
oso baikorra naizela euskarak eduki dezakeen etorkizunari dagokionez?
Gauden egoera larrian egonda ere, esperantzarekin begiratzen dut
aurrera, eta teknologia berriek ekarpen ezin hobea ekar dezaketela
iruditzen zait, ezelako zalantzarik gabe PAPERAK ekarri zuena
baino askozaz onuragarriagoa… BALDIN ETA HAIEK ONGI ERABILTZEN
BADAKIGU.
Nazionalismoaren
aliatua izatearen susmagarria ez zen Txurrukako Kondeak 1918an
zioena gogoratu nahi dut berriz ere, nazionalitatearen aurreneko
elementua hizkuntza dela zioenean. Hori horrela izanda, eta
euskaldunon gogo-muina euskara dela asumitzen badugu, euskarak
ez luke arazorik eduki beharko, erabateko komunikazioaren galaxia
honetan aurrerapen erabakigarriak egiteko. Hori, badakit, nire
barruko nahiaren islapena da… baina, une zailagoak ezagutu ditudalako,
baikor izatera behartzen dut neure burua, itxaropentsu azalduz.
Komunikazio eta informazioko
merkatu erraldoiak, gehien bat, informazioaren edukia hautatuko
du lehengaitzat. Horretaz konbentzituta nago, zeharo. Eta, aizue!,
euskal gogo-muinaz sortutako materialak… euskaldunek bakarrik
burutu ahal izango ditugu. Hori bai, eduki antzeratsuen merkatu
irudikatuezin horretan, kalitateak aginduko du, eta prezioak,
gure hirietako edozein merkatutan bezala. Ala inork galdetzen
al du, adibidez,kilo bat patata erostera doanean, baserri txiki
ala handi batekoak ote diren?
Internet sarean,
ene ustez, laster ez dira hizkuntza maioritario edo minoritarioak
izango, behintzat guk orain kontzeptu horien barruan ulertzen
dugunaren arabera. Sarean tokitxo bat, txikiena ere, izanez gero,
hizkuntza erabilia bihurtuko da, BIZIA. Ezin digutela kanpotarrek
euskaraz irakurri? Eta zer? Hori ez da garrantzitsuena. Inportanteena,
eta nirekin egongo zaretela uste dut, euskaraz kalitatezko edukiak
SORTZEA da eta zientzia esparrura zer eskaintzerik badugula
ERAKUSTEA eta zientzia hori DIBULGATZEA eta azkenik
SALTZEA. Eta hori euskal baratza behar bezala jorratu eta
ongarrituz gero erdietsiko dugu, hots, zientzialari euskaldunei
aukera ematen, euren ikerketa lanak eta euren jarduna euskaraz
garatzeko.
Hitz politak… baina
garestiak asmoak gauzatuko badira. Ez dago lotan jarraitzerik,
oso epe laburrean euskara hilzorian egon baitaiteke. Nire ikuspuntutik,
euskal agintariek euskararen sustapenean inbertitu beharreko diruak
bi ataletan sartu beharko lituzkete:
- Euskarazko sorkuntza beste hizkuntzetara
itzultzen
- Itzulpengintza hori ahalik eta
aberatsena izan dadin, teknologia egokia prestatzen
Sorkuntza GEURI dagokigu,
geu garelako euskaldunak.
Teknologia prestatzea,
lehen azpiegitura bezala identifikatutakoa, GEURI eta BESTEEI
ere dagokigu, elkarlanean, hain zuzen, teknologiaren aplikapena
arlorik gehienetan antzerakoa baita. Sinergiaren indarraz
baliatuta, euskaldunok EUSKARA-BESTE HIZKUNTZAK arteko itzulpen-sistemak
garatu beharko genituzke.
Ordenadoreek ahotsaren
erregistroak ezagutzeko gaitasuna duten une hauetan, eskatzen
den erlazio hori (Euskara-Beste hizkuntzak) betetzeko teknologia
berandutuko dela uste al duzue? Baikorra izan nahi dut eta laster
testu-itzulpen automatikoak zerbitzatu ahal izango direla pentsatzen
dut, testuarekin batera edozein hizkuntzatara joango den itzulpen-mekanismoa
erantsita. Euskarak hori behar du teknologia berrien aplikapenak
etekina ekar diezaion.
Jar dezagun adibide
bat: Donostiako Nazioarteko Fisika Zentroan (hain zuzen ere, eta
oker ez banago, bere izena ingelesez bakarrik duen Zentroari nagokio)
euskaldun talde batek "Elektroi-molekulen dentsitatea"ri
buruzko ikerketa on bat prestatu nahi dute. Hizkuntzaren gorabeheretan
euskararen alde jotzen dute, denok euskaldunak direlako eta euren
arteko hizkuntza euskara delako. Lana burutzen dute eta dibulgaziorako
testu elektroniko bat aukeratzen dute, liburu edo artikulu gisa.
Euskarazko testuarekin batera, adibidez, (ingeles-euskara) itzulpen
ona bermatuko lukeen mekanismoa eskaintzen da.
Hortxe dugu EDUKIA
Eta hortxe dugu GARRAGAILUA,
ikerketa lanak munduko interesatuen arreta lortzea ahalbidetzen
duena.
Urruti gaudela puntu
horretatik? Ez dakit zer den urruntasuna. Baina seguraski,
batzuentzat utopia daitekeen horretatik askoz hurbilago gaude
gaur atzo baino.
TARTEKO MUGA
Teknologiek ezinbesteko
baliabideak ekartzen ez dizkiguten bitartean, beste bideak -ohikoak-
jorratu beharko ditugu, baina horretarako finantza-lerroak egokitu
behar dira. Zertarako? Jar dezadan adibide bat
Eusko Ikaskuntzak
ikastaro birtual berri bat abiarazi du Internet sarean: JAKINET
izenekoa, eta horren bidez euskal gaietan adituak preparatu nahi
ditu, gure zientzia eta kulturaz benetako adituak izan daitezen.
Ikastaro honek aurrerapen bat izan du, presentzia-ikastaro bat
bezala, eta laugarren edizioan gaude.
1.- Ikus dezagun
zer gertatzen zaigun presentzia-ikastaroarekin:
Ikastaroak 125 irakasle
inguru mugiarazten ditu, goi mailakoak, eta uler daitekeen bezala,
denak ez dira euskaldunak. Bestalde, ikasleria mugatua izaten
da, irakaskintzako kalitateari eman baitiogu lehentasuna eta ikasle
bakoitzak bere tutorea edukitzea nahiago izan dugu, ikasleen kopurua
masifikatu gabe. Ez dira berrogeitik pasatzen urtebete batez ikastaro
hori jarraitzen dutenak. Askoz errazagoa da ikasleen kasuan, denak
euskaldunak izatea.
Zer gertatzen da
ikastaroan zehar? Ikasleek, nahiz eta DENAK euskaldunak izan,
zenbait irakaslerengandik espainiera, frantsesera edo ingeleseraz
jasotzen dituztela horien ikasgaiak.
Eta irakasle euskaldunak
IKASLE BAKAR BAT ERE erdalduna dela ohartzean erdarara jo behar
du ikasgaiaren edukia guztiengana helarazteko.
Beraz, EUSKARA BETI
GALTZAILE, irakaslea edo ikaslearen erruz, euskal gaiak izan arren.
Inoiz ez dugu euskara hutsez eman ahal izan.
2.- Ikastaroa
formula birtualean:
Aurreneko aldiz urrian
abian jarri dugula eta bi adar ditu ikastaroak: euskaraz eta espainieraz.
Irakaslea, euskalduna
ez den arren, ikasle euskaldunekin ari daiteke, itzulpenari esker
eta ikastaroaren idazkaritzak ahalbidetzen dion sistema logiko
baten bitartez.
Zer esanik ez, irakasle
euskaldunek euskaraz eman ditzakete euren testuak… edota espainieraz,
ikaslea erdalduna bada.
Ikasleak BETI DU
AUKERA hizkuntza aukeratzeko. IKASLEA GARAILE, beti. Aurten espainiera
eta euskara hautatu ditugu ikastaroko hizkuntzak bezala, baina
-ekonomiak utziko baligu- beste hizkuntza batzuetara ere -frantsesera,
ingelesa- pasa genezake modeloa.
Planteatzen ari naizen
formula honek ekonomia-errentabilitatearekin al du zerikusirik?
Bai, hein handi batean, guztian ez esatearren. Izan ere, lehen
nioen legez, merkatu-legeei eutsi behar diegu Internet sarean
eta, oro har, edukien merkatuan, horiek sortuko diren hizkuntzak
edozein izanik ere.
Baina, otoi!, ezin
dakioke erabile gutxiko hizkuntza bati tamaina handiagoko beste
baten ekonomia-oreka. Oinarrizko arautik abiatuta, kalitatezko
produktuak beste batzuekin lehian egiteko adina meritu baldin
badu, eremu urrikoak abantailaren bat eduki beharko luke, gain-kostuei
aurre egiteko.
Ez al dugu urtetan
zehar esportazioko desgrabazioa ezagutu, atzerrira bidali
nahi genituen produktuak lehiakorrak izan zitezen?
Hemen ere antzerako
zerbait asmatu beharko litzateke. Eta gure artean Europar Batasunaren
zenbait erakundetako ordezkariak daudela aprobetxaturik, mezu
bat iristarazi nahi diet, adierazteko Europar Batasunak oraindik
ez duela ezertxo ere egin -bete beharko lukeenarekin alderatuta-
hizkuntza minoritarioak behar bezala babesteko. Asmatu dituzten
laguntza-lerroak, gutxi eta herrenak direla esango nieke, hizkuntzaren
irakaskintzara baitaude gehien bat zuzenduta. Eta hori ez da nahikoa.
Hizkuntza maioritarioek -estatu hizkuntzek- daramatenarekin konparatuta,
txikiei eskainitakoa hutsaren hurrena da. Hori onartzen ez duenak,
ez du benetako korapiloa non dagoen ikusi nahi.
Erabile gutxiko hizkuntzek,
beraien eskubideetan sinesten bada behintzat, askoz tratamendu
sendoagoak beharko lituzkete, integralak, eta -demokratak
izatera jokatu nahi bada- ezin daitezke abiaburu berdinean osasuntsuak
eta gaixoak jarri, hau da, estatu hizkuntzak eta -gehienez
jota- lurralde-hizkuntzen mailara ozta-ozta heltzen direnak.
Eta hori ez bada ulertzen, barka nazazue baina estatu horiei bost
axola zaie euren "cultural heritage" zorionekoa. Nahiz
eta hitz arranditsuak erabili, argazkia egiteko unean.
Eta gure herriko
agintariei, gauza bera adieraziko nieke, inbertsio handiagoak
egin behar dituztela, batez ere itzulpen sistema automatikoak
berma lezaketen "hard" eta "soft" egokiak
garatzeko. Bitartean, kalitateari zuzeneko bidetik laguntzea,
programa ausartagoak asmatuz.
Laburbilduz:
Eusko Ikaskuntzaren
gisako erakundeek euskararen alde egin lezaketen gauzarik probetxugarriena
, batere duda izpirik ez, euskarazko eduki onak ekoiztea da.
Besterik gabe.
Euskararen eta -orohar-
hizkuntza minoritarioen defentsan ari direla diotenei, eskuzabalagoak
izatea, alde batetik, eta kritikoagoak, bestetik. Zabaltasuna
laguntzen iturria irekitzeko orduan eta kritikoak izatea edukien
kalitatea baloratzean.
Horrela, seguru asko,
mende erdi baten barru, egoera larrian dauden gure hizkuntzei
betarte hobea igarri ahal izango zaie.
Eskerrik asko.
Oharra: testu hau,
2000ko azaroaren 8an, "Multimedia eta Gutxiengo Hizkuntzen
II Nazioarteko Topagunea" ekitaldian egileak irakurritakoa
da. Josemari Velez de Mendizabal,
Eusko Ikaskuntzako Gerentea |