|
Onomastika
izenak ikertzen dituen zientzia da. Bere bi atal nagusiak antroponimia
(pertsona izenak) eta toponimia (leku izenak) dira. Onomastikak
hizkuntza guztietan garrantzi handia baldin badu, zer esanik ez
euskararen kasuan. Bere balio sinbolikoa ukaezina da, kontuan
izanik, batez ere, Euskal Herriko eremu zabal batean euskara galduaren
aztarna bakarra izenak direla eta, hortaz, alderdi horiek euskaldunak
izan direla adierazten digun lekuko bakarra onomastika dela, hots,
toki izenak eta deiturak, gehienbat.
Euskal literaturaren
lehen liburuak XVI. mendea arte agertzen ez badira ere, izenak
anitzez zaharragoak ditugu, izenak baitira gure hizkuntzaren lekukorik
zaharrenak, pertsonenak (antroponimoak), jainkoenak (teonimoak)
eta lekuenak (toponimoak), I. eta II. mendeez geroztik Akitanian
batez ere agertzen direnak. Geroago X. mendetik aitzina Euskal
Herriko agirietan agertzen zaizkigu, Nafarroakoetan bereziki,
baina Euskal Herritik kanpokoetan ere bai. Eta esaera zaharrak
dioen bezala, izena duenak izana ere badu. Hortik, bada,
gure herriaren izanaz mintzo diren izenen garrantzia, onomastikarena
alegia.
Garrantzi honetaz,
gure herriko idazle eta ikertzaileez gainera kanpokoak ere jabetu
izan ziren aspaldi, eta hor ditugu horien artean Wilhelm von Humbolt,
Arturo Campión, Julien Vinson, Sabino Arana, Henri Gavel,
Ramón Menéndez Pidal, Julio Caro Baroja, Koldo Mitxelena,
Joan Coromines, Alfonso Irigoien... –izen batzuk bertzerik ez
aipatzeagatik–, beren idatzi eta ikerketa lanetan euskal onomastikaz
arduratu direnak.
Izenak ere
arautu behar al dira?
Hizkuntzaren gainerako
alorrak (gramatika, hiztegia, ortografia...) bezalaxe, onomastika
ere arautu behar da, izenen aldaera ofiziala emanez. Eta euskararen
kasuan, badaude begi bistako arrazoiak arautzea beharrezkoa dela
baieztatzeko:
- Euskara Administrazioaren hizkuntza
ofiziala inoiz izan ez zenez, eskribau eta funtzionarioek euskal
izenak erdal grafian idazten zituzten eta, anitzetan euskara
ezagutu ez eta nolanahi idazten zituzten, edo erdarara itzuli.
Horrela iritsi dira gureganaino hainbat eta hainbat izen, eta
gaur egun ere herriaren ahotan erabiltzen diren anitz, aldaera
laburtu eta desitxuratuak izaten dira.
- Erraza da ikustea gure bizitzan
izenen erreferentzia eguneroko gaia dugula. Pertsona guztiak
izenei lotuak gaude. Denak ditugu gure nortasuna adierazten
duten izen-deiturak, denak bizi gara izena duen herri edo hiri
batean, izena duen etxe edo baserri batean edo, gutienez, izena
duen karrika bateko pisu batean. Gure eguneroko bizitzan, segur
aski, gehien erabiltzen dugun erreferentzia izenena da. Zenbat
pertsona eta leku izen ez ote dugu aipatzen egunaren buruan?
- Euskal izenen erabilera ez da
bakarrik euskara dakitenetara edo hizkuntza honetan mintzatzen
diretenetara mugatzen. Erran beharrik ez dago:
- Euskara ez dakitenek ere egunero
entzuten, irakurtzen, idazten edota ahoskatzen dituzte izen
horiek.
- Euskal Herriko mugetatik kanpo,
gero eta hedadura zabalagoa hartzen ari dira gure ponte izenak
eta, egungo hedabideak eta informatika direla medio, gure deiturak
eta leku izenak munduko xoko guztietan ageri dira.
Izen anitz, ordea,
oraindik ere gaizki erabiltzen ditugu. Adibideetan ez luzatzeagatik,
bakar batzuk bederen aipatuko ditugu. Dokumentu ofizialetan ikusten
ahal dugu Itziar izena Itciar, Itxiar, Iciar,
Iziar eta Ytziar idatzia; Etxeberria
eta Etxenike deituren ordez Echeverria eta
Cenique; toponimoen xafla ofizialetan Plentzia
edo Arraizko bentak idatzi beharrean Plencia
eta Arraitzko bentak; kale izenetan berriz Nagusi kalea
edo Lehendakari Aguirre, Kale Nagusia eta
Agirre Lehendakaria jarri beharrean; etxe izenetan
Artxea edo Izal, Arretxea eta Irazabal
jarri behar zen lekuan...
Hortaz, argi dago
euskal onomastika, hots, izana duen herriaren izenen aldaera
arautua –ofizialtzat hartua– ezartzearen garrantzia eta beharra,
izen horien erabilera zuzena izan dadin, gure hizkuntzaren prestigiorako
eta gure herriaren nortasuna behar bezala agerrarazteko. Onomastikaren
erabilera okerra edo finkatu gabea ez da gure herriaren nortasunaren
alde mintzo, ez eta gure hizkuntzaren osasunaren alde ere. Gramatika,
hiztegi eta ortografiaren alorretan bezalaxe, onomastikarenean
ere, erabilera zuzena hizkuntzaren osasunaren seinale da. Gainera,
kontuan izan behar da onomastika dokumentu eta kartel ofizialetan
agertzen denez, gure euskal izenak denek irakurtzen dituztela,
bertako euskaldunek eta erdaldunek eta kanpotik etortzen direnek.
Horregatik, onomastikaren erabilera, neurri handi batean behintzat,
gure hizkuntzaren osasunaren edo osasun ezaren adierazle da, eta
begi bistakoa da alde handia dagoela osasuntsu egotetik gaixorik
egotera eta bertzeen aitzinean bizkor agertzetik ahul agertzera.
Beraz, hizkuntzaren zuzentasunak, eta zuzentasun horren barruan
onomastikarenak, garrantzi handia du.
Euskaltzaindiaren Onomastika batzordea
arautze lan hori egiten ari da aspaldiko urteetan. Ponte izenak,
deiturak toponimo nagusiak eta txikiak, kale izendegiak etab.
arautzea da Akademiaren eginbeharra. Baina gertzatzen dena da,
hori ez dela aski forma ofizialak gizarteratzea lortzeko. Herri
erakunde eta aginteei dagokie normalizazioa lortzeko beharrezko
den gizarteratze lana. Urrats hori lortzen denean, gure izanaren
izenak dokumentu ofizialetan, xafletan, hedabideetan eta,
azken batean, erabilera mota guztietan, behar bezala agertzen
direnean, gure herriaren nortasunaren alderdi garrantzitsu bat
berreskuratuko dugu eta euskararen duintasunak eta prestigioak
bere lekua hartuko du. Andres Iñigo, euskaltzaina |