Hemingway
zezenzalea, mozkorti, harro eta handinahia; Hemingway sanferminzalea,
andrezalea, bizizalea, amerikar diruduna. Hemingway idazlea ere,
Itsasoa eta agurea, Por quién doblan las campanas
edo Fiestaren egilea. Hemingway estereotipo, bizarzuri,
kantari, edanda.
Baina baita Hemingway
Euskal Herriaren miresle ere, Hemingway Auritz, Orbaitzeta, Aribe
edo Agoitzen bisitari; Donostia, Donibane-Lohizune edo Hendaian
turista, Lekunberrin eta Miarritzen apopilo. Hemingway gazte,
jakingose, kazetari; Hemingway pilotazale, arrantzale, ardozale.
Hemingway benetakoa, Hemingway sortzaile, Hemingway ezezagun.
Historiak beti baditu
bi aurpegi, eta pertsonaiak, baita pertsonaienek ere, berdin.
Iruñeko jaiak munduan famatu egin zituen amerikarrak, 20ko
hamarkadaren hasieran Euskal Herrira iritsi zenean, gutxik bezala
barneratu zuen hemengo giroa. Jendearekin maiteminduta zegoela
eta paisaiak liluratu zuela utzi zuen idatzia. Hortik aitzina,
1931ra arte, Nafarroa izango zen urtero-urteroko bisita. Eta 1959a
egin zuen bidaia zoro eta etiliko batengatik oroitua izan behar.
1923an lehen aldiz
euskal lurra zapaldu zuenean bazuen asmoa eta gogoa. Akiturik
zen fisikoki eta psikikoki. Lehen Mundu Gerraren ondorioak oso
kaskoan zeuzkaten bere belaunaldikoek, garai gogorra baitzen Europa
osoan, eta bizitasun bila iritsi zen Iruñera. Aditua zuen
bazirela Pirinioen alde honetan jaiak sekulakoak, zezenen aurrean
bizitza eta heriotzaren arteko jokoa inon baino garbiagoa azaltzen
zela; trajedia, hitz larriz, hemen zela. Parisera bueltan idatzi
zituen bi artikulu sanferminei buruz Kanadako egunkari batean
-"ez dago inauteririk hau bezalakorik"-, sekulakoak
kontatu zizkien lagun amerikarrei, eta prestatu zen hurrengo urtean
Iruñera ere bueltatzeko. Pariseko karriketan, neguminean,
paseak ematen zizkien tranbiei.
Hurrengo
urteetan Eslava kaleko pentsioan, Gazteluko Plazako Quintana Ostatuan,
Iruña kafean, hantxe ezagutu zituen Nafarroako hiriburuan
egingo zituen lagunak, baina Iruñea ez ezik, Piriniora
ere hurbildu zen idazlea. Michiganen jaioa, Laku Handien ertzean,
arrantza zuen afizio kuttunena, eta Quintana Hoteleko nagusiari
galdetu zionean amoarrainetan aritzeko tokiez Auritzera bidali
zuten. Iruñean aurkitu bazuen Parisen ez zegoena, hau da
jarrera fisikoa, alaitasuna eta eskuzabaltasuna, mendialdeak eskaini
zion bere jaioterrian beti bilatu behar izan zuena: naturarekin
harremana, jende xehea, paisaia zabalak. Askatasuna.
20ko hamarkadaren
bukaeran argitaratutako bi liburuetan -Fiesta eta Death
In the Afternoon- marraztu zituen katedralak bezalako pinudiak,
ur izoztua jaisten zuten errekak, aizkorarik ezagutu gabeko pagadiak.
Han lasaitasuna aurkitzen zuela esaten zien lagunei, eta euskal
pirinioa kutsatu gabeko azken tokia zela zioen. Bere lumarekin
goraipatuak izatearen ohore bera inguru askok izango zuten gero,
erraz berotzen zen horietakoa baitzen idazlea, baina Nafarroa
toki kuttunenetakoa izan zen beti, hasieran eta azken urteetan
ere.
Garai honetan ibili
zen baita euskal kostaldean ere, Donostian, Hendaian, Donibane-Lohizunen
edo Miarritzen, turista ibili ere. Arrastorik ere bere lanetan,
ez badira aipuak edo narrazio motzen bat edo beste.
Hemingwayk esaten
zuen euskaldunek ekartzen zizkiotela gogora berak txikitan Michigango
iparraldean ezagututako indiar tribuak. Oso harrigarri egiten
zitzaion jende xehearen jatortasuna. Xahatoa arrotzari eskaintzea,
dantzarako gonbitea jasotzea, tolesik gabeko jarrera natural eta
sinple horiek, izugarri estimatzen zituen. "Hau bai lurra"
esaten du Fiesta nobelako protagonistak Euskal Herriaz
ari delarik.
Gero
etorriko zen 36ko gerra, Lehen Mundu Gerra, frankismoa... eta
amerikarraren berririk ez Iruñeko lagunek. Kuban, ordea,
hantxe ere berehala bildu zen euskaldunekin, eta irlan bizi izan
zen hogei urte luzeetan, bere azken hogei urte luzeetan, mundu
osoan idazle ezaguna egin zenean, Nobel Saria jaso zuenean, Euskal
Herritik alde egindako talde hetereogeneo eta bitxia izan zuen
koadrila. Gudariekin kaperau izandako apaizak, saltinbakiarena
egindako marinelak, zestapuntistak, aduana buruak, abenturazaleak...
Habana ondoko San Francisco de Paulako Finca Vigia mitikoan bisitari
temosoenak izan ziren euskaldunak.
1953an Nafarroara
berriro itzuli zenean ohituratu behar izan zuen aldaketekin. Hogei
urte luze ziren, aldaketa asko, baina cicerone baten gisara
gidatu zituen lagunak. "Dena aldatu da, baina pasatako garaietako
gauza on guztiak aurki daitezke oraindik, baldin eta bilatzen
asmatzen bada".
Lekunberriko Aiestaran
Ostatutik egunero, argitu orduko, abiatzen zen taldea Iruñeruntz,
Lancia gorrian. Halako batean, Iruñerria janzten zuen gariaren
urre kolore eta mitxoletaren gorriarekin miretsita hain segur,
lur honek inoiz entzun duen lorerik ederrenetakoa jaso zuen idazlearen
ahotik: "Lotsagarria da Van Goghek noizbait Nafarroa pintatzea
lortu ez izana".
Eta 1959ko bisitagatik
bakarrik ezagutua izan behar. Argazkiak: Hemingway Museoko
webgunetik eta Lur Entziklopediatik |