Zaila
da oso artisautzan espezializatuta daudenen ekonomia zehazki zer
den adieraztea. Bereziki, artisautzari buruzko definizio bateraturik
ez dagoelako; baina ez mundu mailan bakarrik, baizik eta ezta
Europan bertan ere. Nolanahi ere, interesgarriak suerta daitezke
hainbat gogoeta.
Langile bat artisaua dela esan ahal
izateko produktuak bere zigilu pertsonalarekin egin behar baldin
baditu, funtsean bere eskuez baliatuz, makineria ahalik eta gutxien
erabiliz, eta berekin langile gutxi
batzuk bakarrik izanik, argi dago oso zaila gertatuko litzaigukeela
ileapaintzaileak artisautzat jotzea -hainbat herrialde europarretan
egiten duten bezala- , edota gure kale eta plazatan apaingarri
pertsonalak saltzen ibiltzen diren gaztek ez direla artisauak
esateko.
Munduan zehar leku batean eta bestean
dauden artisauek, hortaz, oso teknologia eta ekonomia desberdinak
dauzkate. Batezbestean nahiko urte dauzkate artisauek, eta, gure
herrialdeko hainbat erakundek ahaleginak egin arren, oraindik
ikasketa arauturik ez dagoenez, beren jarraitasuna ez dago guztiz
bermatuta.
Ekonomiaren arloan bi galdera sortzen
dira beti: zer ekoiztu? Eta nori saldu? Lehenengo galderak ez
du aparteko arazorik sortzen, gure artisauek badakitelako zer
ekoiztu, eta ongi egiten dute gainera, aldiro izaten diren azokatan
ikus daitekeen bezala. Ezer esan behar izanez gero, erosleak ordaindu
beharreko salneurria aipa liteke, seriean ekoiztutako produktuen
kasuan baino zailagoa suertatzen baita artisautzakoak konparatzea.
Artisauen ekonomiaren gakoa, beren
produktuen salmenta da. Izan ere, gure herrialdean ia ez dago
artisautzan espezializatutako merkataritzarik,
eta gai hauek ekoizten dituztenek apenas daukate beren lana ezagutzera
emateko aukerarik. Gainera, salneurria finkatzeko orduan ere babesik
gabe gelditzen dira eroslearen aurrean, salbuespen esanguratsurik
baden arren.
Azoka eta erakusketak baliotsu eta
lagungarriak dira, eta baita artisauei zuzentzen zaizkien laguntza
ekonomikoak ere, baina, azken batean, bizirauteko laguntzak baino
ez dira.
Gure erakundeek modu aktiboago batean
esku hartu beharko lukete epe laburrean merkataritzaren arloan.
Horretarako, beste lekuetan egiten dena aztertu beharko lukete,
eta, ondoren, gure egoerara egokitu. Hala eta guztiz ere, lehenik
eta behin artisauek beraiek elkartu behar dute, administrazioarekin
batera sektorearen etorkizuna bermatuko duten neurriak hartzeko,
ez laguntza fiskalak bakarrik.
Hemengo artisau asko eta asko jubilatuta
daude jada, eta beren sarrera ekonomikoak apur bat handitzeko
jarraitzen dute bizitza guztian zehar egin duten lana egiten,
edo ezagutzen dituzten teknikak beste arlo batzuetan aplikatzen.
Badira bizibidetzat artisautza daukatenak ere, edota "hobby" gisa
egiten dutenak, beste jardueren osagarri gisa.
Baina
benetan kezkatzekoa dena, artisautzako produktuen ekoizpenaren
esparruan hain gazte gutxi sartzea da -nahiz eta badagoen salbuespenik-
, eta trebatzeko eskolarik ez egotea. Egia da oso zaila dela gure
egungo ekonomiak gazteei eskaintzen dizkien beste aukerekin lehiatzea,
baina artisau berririk sortzen ez bada, etorkizuna iluna behintzat
bai izango dela. Carmelo Urdangarin, Jose Mª
Izaga |