1. Heterodoxiari idekia den eliza
besta bat
Corpus Christi
besta XIIgen mendean agertzen da mundu katolikoan, nahiz ez duen
Elizak ofizialki agintzen 1264 aintzin. Sinbolo katolikoen erdi-erdian
dagoen Besta horrek Eukaristiaren udaberria du ospatzen, untsalaz
Mendekoste otabaren ortzegunarekin. Ogia Kristoren gorputza bilakatu
dela du orroitarazten egun hartako liturgiak, denak jaun-hartzera
deituz. Aquinoko San Tomas-ek agindurik egiten da egun hartan
prosesione bat herriko karriketan Sakramendu
Sainduaren inguruan. Erramuz egiten zen erritoa zaukan omen eredutzat
S. Tomas-ek. A. Molinié-k (1)
untsa azpimarratzen du besta horren seinalea heterodoxia
dela: ez iduri eta, Elizaren doktrinak gauza guti manatzen ditu
ospakizun horrentzat, eta hastapen-hastapenetik sorkuntzari leku
haundia utzi dako. Ez da Bazkoz bururatu den Kristoren biziaren
zikloari lotua : bestaren oinarri normatiboa aski orokorra eta
abstraktoa da, eta agindu eskas horrek dako libertate haundia
utzi herriaren kultura eta jakitateari. Askatasun teoriko horri
esker dira mundu katoliko guzian hain errito aberatsak ikusi eta
ikusten Besta Berrietan. Perun, Qoyllurit'i-eko mendi partean
ospatzen dute beila haundia Besta Berriz. Indio komunitate bakotxak
«nazione» berezi bat osatzen du beila horren karietarat, eta bere
nortasun kolektiboa berriz indartzen erritoaren bidez. Besta hortan
nahasten dira errito katoliko eta indio ainitz: mendian bildu
horma, bereziki, hostia saindua bilakarazten
dute Qoyllurit-i-ko beilari eta dantzariek, beren mito zaharrak
kanpotik jinikako normari egokituz. Gutarik hurbilago, Españan,
Julio Caro Baroja historiazale-antropologoak (2) untsa
erakutsi du Besta Berrietan nola baliatzen ziren sinesmen zaharreri
lotutako errito batzu, batez ere maskaren inguruan, eta nola botere
politiko eta sozialak untsa agertzen ziren besta hortan. La Mancha-ko
Camuñas herrian, adibidez, Besta Berriko beztituak bi taldetan
berexten dira : danzantes eta pecados, eta, gehiago
dena, talde bakotxak badu bestaren interpretazione berezi bat,
belaunaldiz belaunaldi transmititzen dena. Herri
berean beraz, aspaldi huntan badira gertaera berarentzat bi ulermen
arras desberdinak, bat ofiziala eta bertzea, pecado-ena,
sasi-interpretazione bezala hartua dena (3).
2. Interpretazionearen
aniztasuna
Michelenak zion
euskeraren mixterioa ez zela bere sortzetik heldu, bainan bere
iraupenetik (4). Gisa
berean, Euskal Herriko Besta Berrien berezitasuna ez da beren
mamitik heldu, bainan beren iraupenetik. Hemen emaiten diren jestu,
soinu, soineko eta urratsek iraultza aintzineko Europa orroitarazten
dute neurri haundi batean. Frangotan entzuten den galdera ahatik
sinboloen erran-nahiarena da, eta erran-nahiaren interpretazionea
bera ainiztasunez josia da. Hemen berexi behar dira sinboloen
ustezko funtsezko erran-nahia eta erritoaren aktoreek berek sinboloari
emaiten dakoten sentsua. Biak bat bertzea bezain garrantzitsuak
dira, eta biek dute «errealitatea» osatzen. Adibidez, ikerle ainitzek
berehala baztertu dute gaur egun oraino Baxe-Nafarro eta Lapurdiko
herrietan komuzki entzuten den interpretazionea: Besta-Berrietako
beztimendu eta soinuak Napoléon I inperadorearen soldadoek
utzi orroitzapenak direla, horietan bazirela eskualdunak, eta
abar. Arazoa ez da jakitea hea Napoleonen soldadoak Iholdin gelditu
ziren ala ez, arazoa da jakitea zertako iholdiarrek esplikazione
hori eraiki eta atxiki duten. Besta Berri bere hermeneutikaren
beha dago oraino. Aktoreen azalpenean gordetzen dira errepresentazione
sozial ainitz: herriak esplikazione hori atxiki baldin badu, bertze
ainitzen artean, erran nahi du, nunbeit, gustukoa zaukala. Gauzak
diren bezala erraiteko, errepresentazione horiek orroitarazten
daukute Euskal Herrian luzaz uniformeak ospe zerbeit ukan zuela,
musika militarra ohorezko eta ofizial doinutzat ginaukala, eta,
Frantses patriotismo batek beti segitzaile suharrak ukan zituela
Euskal Herriko toki eskualdunenetan. Atxikimendu hori ez da baitezpada
(luzaz antiklerikala izana den) errepublikari zuzendua,
baizik eta nazioneari, ez beita arras gauza bera. Badakigu
elizak ze lana bete zuen sail hortan, bereziki 1914-eko sakrifizioari
sakralitate kutsua emanez. Gerlari ohiaren mentalidade hori azkarra
izana da barnekaldean, eta oraino zonbeit herritan Besta Berriko
prosesionetan ateratzen dira hiru gerletako banderariak (1914,
1940, Ipar Afrika). Giro hortan, alabainan, interpretazione militarista
batek bazuen bere oxka.
Bainan hein hortan
egoitea arazoaren axalean gelditzea da. Beti aktoreen interpretazionean
geldituz, laister ohartzen gira, bereziki guhaurek besta hortan
parte hartzen badugu, interpretazione militarra ez dela garrantzitsuena.
Besta Berri, bixtan da, lehenik besta da: dantza, makilariaren
grazia, loreak, karrika ihiztatuak, mihise xuriak
dilindan, iruzki sainduaren argia. Dantzaren
garrantzia untsa azpimarratu dute Jean-Michel Guilcher etnologo
bretoina (5) eta
Aita Etxehandi Belokeko beneditanoaren (6)
lan baliosek. Herriak bere burua apaindurik agertzen du urtean
bi egunez bederen. Ikuspegi hortarik, zer da gehienik konda: gazteak
harma har dezan, edo gazteak aitak bezala egin dezan? Harmaren
orde, makila edo lilia bada, ze inporta du? Gertatzen da Besta
Berrien kasuan, harma bat dela. Interpretazione militarrera berriz
jiteko, azken urte hauetan ari da hedatzen Euskal lurretan interpretazione
berri bat, bertzeak bezala bere arrazoinak badituena: Besta berrietan
agertzen diren gizon harmatuak ez dira Napoleonen denborakoak
bainan bai Errejimen zaharreko milizia probintzialetako orroitzapenak.
Historia, kasu huntan, laguntzaile ona da, eta ezin ukatuzko frogak
badira herrietako artxiboetan, bereziki Baionako Sacre
delakoaren erdi-aroko prosesioneri buruz. Interpretazione hortan,
soldadoak ez dira gehiago frantses armadaren erresto folklorizatu
batzu, baizik eta 1789-eko iraultza aintzineko lapurtar edo baxe-nabartar
«gizon libroen» nortasun juridikoaren lekuko. Harmak, orduan,
ez du batere erran-nahi bera. Harma edo ezpata urtean behin ateratzea
herria eta presunen dretxoaren seinale bihurtzen da. Erran-nahi
hori, azken bi mendeek doi bat baztertu zutena, berriz jin zauku
hegoaldetik, bereziki Irun eta Hondarrabian alardeari emaiten
dakoten sentsu foralistaren bidez. Gipuzkoan karlistadek bete
dute hemen Napoléonek sortu zuen uniformearen prestijioa.
Alardeak aipatzearekin, alabainan, besta zibiko-erlijioso-militar
horien bertze alderdi bat aipatu behar da: «Besta Berri mutiko
besta bat da. Hori uzten deegu» erraiten zautan lapurtar neska
batek, irriño ironiko bat ezpainetan. Dantza erritualizatua
mutiko eta, zehatzago, ezkontzekoen esku zela orroitarazten dauku
besta horrek. Eta egia da bertze ekintza dantzatu batzuetan beino
gutiago sartu direla neskak (pentsa xiberotar dantzari, edo
tobera-mustra eta ihauterieri). Bainan egoera horrek ez du arazorik
sortu hemen, eta ez, gisa guziz, bertze garai batzuetako errabiarik
(7).
Besta Berriz,
herriak bere burua antzezten du. E. Durkheim
frantses soziologiaren sortzaileak erakutsi izan du erlijiozko
erritoen bidez gizarteak bere burua errepresentatzen zuela (8).
Gure herrietan, adin klaseak agertzen dira prosesionean, bakotxa
bere lekuan. Herriko espazioak ere: Luzaiden, sei pabillunketariak
aldizka kartier bakotxean hartuak dira; Santa Grazin, kurutzea
aldizka eremaiten zuten proosionearen bazterrean ziren pentze
eta alorren jabeek; Itsasun, dantza kordaren buru eta buztanean
kartierrak aldizkatzen ziren Besta Berriz eta Otabaz; herri berean,
gazten kapitaina luzaz mendia eta beherekoen arteko etxe batean
hautatua zen, nehore ez zadin samurtu; herri ainitzetan, prosesionen
ibilaldiak ez ziren berak Besta Berriz eta Otabaz, espazioaren
dimentsio guziak sinbolikoki markatu behar balire bezala. Hierarkia
zaharrak ere gogorat ekarriak dira: Itsasun, Erdi-Aroko lau etxe
infançon edo nobleak dira pabillunketari. Sandra
Ott Oxford-eko antropologoak Santa Grazin oinarrizko prinzipio
sinboliko bezala ikusi zituen ingurua
eta aldizkatzia prinzipioak neurri haundi batean aurkitzen
dira Besta Berrietako urrats desberdinen antolakuntzan (9) .
Sinboloak, hitz batez, kurutzatzen dira heterodoxiaz josia den
ospakizun hortan.
3. Besta Berri
ez da oraino «kultura»
Interpretazione batek,
ahatik, ez du oraino arrakestarik ukan, eta beharrere bestaren
geroarentzat. Besta Berri ez da kultura, hitz horri berrikitan
eman zakon sentsu hertsian: kultura eremu autonomo bezala, erran
nahi «ekonomikoa», «erlijiosoa» edo «soziala» ez den eremu bezala.
Politikarekilako mugak, ahatik, ez dira hain argiak. Kultura,
oroz gainetik, erakunde publiko edo pribatu batzuek kudeatzen
duten eremu bat bilakatzen da definizione berri hortan. Erakutsi
izan dut bertze lan batzutan euskal dantzak
ze egituratze prozesua ezagutu zuen, eta nola
pasatu zen herri kulturatik euskal kultura deitu
eremu berri batera (10).
Michel de Certeau-k (11)
untsa aztertu du prozesu hori frantses mailan, eta Denis Laborde
(12) antropologoak erakutsi
du Ipar Euskal herrian ze nekezia ezagutu zuen kulturaren hertsitze
edo erakundetze prozesu horrek. Ihauteriak bereziki kutsatu dituen
fenomeno horrek ez du oraino Besta Berri hunkitu: Besta Berriak
ez dira oraino 1901-eko lege-elkarte batzuek antolatuak. Ez dira
elgarren artean koordinatuak, ez dute diru-laguntzarik. Dena uniformizatzen
eta lehuntzen ari den mundu huntan, garai batean ordre sozialaren
sinbolo ziren Besta Berriak sasi-ospakizun batzu bihurtzen ari
dira, hor izan behar ez lukeen zerbeiten seinale. Alabainan,
besta horren sinbolo esplizitoak ez dira politically correct
gaurko euskal kultura ofizialaren definizionean : lehenik, nahitaez,
eliza besta da, eta badakigu ze nekeziarekin euskalzale munduak
kudeatzen duen instituzione horrekin iraganean izan duen lotura
indartsua. Bigarrenik, bandera horiek hor dira, aginte militar
horiek hor dira, pas ordinaire, pas redoublé, Aux champs
eta abar hor dira. Kanpotik ikusita, ainitzek ez dute ulertzen
kontradikzione organizatu haundi bat bezala ikusten duten ekintza
bat. Barnetik ikusita, ahatik, eta interpretazionen aniztasunak
hori erakusten du, ez da baitezpada kontradikzionerik eta, baldin
bada ere, badakigu norberaren identidadea edo nortasuna egun oroz
berriz negoziatzen den zerbeit dela, parez-pareko situazionen
arabera. H. Eidhem-ek, F. Barth antropologoaren etnizitatearen
ikuspegi situazionistaren haritik erakutsi zuen
1969ean Norvegia iparreko Saami-ek beren «Saami-tasuna» nola erakusten
zuten edo gordetzen egoera konkretuen arabera (13).
W. Douglass eta S. Lyman-ek erakutsi dute Ipar Ameriketan
eskualdunek nola definitzen zuten beren burua
egoera desberdinen arabera : norbeit bizkaitarra izanen zen gipuzkoar
bateri mintzatzen zelarik, hegoaldeko eskualduna baxe-nabartar
batekin, xoilik eskualduna español batekin (14).
Besta Berriz beztitzen denak untsa biltzen du identidadearen plaztikotasun
hori, eta nortasun indibidual eta kolektiboek elgarrekin dauzkaten
harreman bihurriak. Agian ainitz urtez iraunen du aspalditik desagertua
izan behar lukeen adinik gabeko ospakizun horrek.
(1)
Antoinette MOLINIE, "Herméneutique sauvage de deux rites
réputés chrétiens (Les Andes, La Mancha)",
L'Homme, 142, 1997, p.8. (ITZULI)
(2) Julio CARO BAROJA, El estío festivo.
Fiestas populares de verano, Madrid, Taurus, 1984. (ITZULI)
(3) Antoinette MOLINIE, op. cit. Ikuspegi
konparatista zabal batentzat, beha Antoinette MOLINIE (dir.), Le
Corps de Dieu en fêtes, Paris, Cerf, 1996. (ITZULI)
(4) Luis MICHELENA, "El largo y difícil
camino del Euskera", El Libro blanco del Euskera, Bilbao, Euskaltzaindia,
1977. (ITZULI)
(5) Jean-Michel GUILCHER, La tradition de danse
en Béarn et Pays Basque français, Paris, Maison
des sciences de l'homme, 1984. (ITZULI)
(6) A. Marcel ETCHEHANDY, Jantza Eskual Herriko
elizetan, Bayonne, Fedea eta kultura, 1989. (ITZULI)
(7) Irun eta Hondarrabiko Alardeetako eztabaidetaz,
ikuspegi antropologiko batentzat, beha Margaret BULLEN, "Gender
and identity in the Alardes of two Basque towns" in William
A. Douglass, Carmelo URZA, Linda WHITE, Joseba ZULAIKA (ed.), Basque
cultural studies, Reno, University of Nevada, 1999, p. 149-177.
(ITZULI)
(8) Emile DURKHEIN, Les formes élémentaires
de la vie religieuse, Paris, Le livre de Poche, 1991. (ITZULI)
(9) Sandra OTT, Le cercle des montagnes: une
communauté pastorale basque, Paris, Comité des
Travaux Historiques et Scientifiques, 1993 [The circle of mountains,
a Basque shepherding community, Oxford, Oxford University Press,
1981]. (ITZULI)
(10) Xabier ITCAINA, "Danse, rituels et identité
en Pays-Basque français", Ethnologie française,
26, 3, 1996, p. 490-503, eta "Dantza Ipar Euskal Herrian: herri
kulturatik euskal kulturarat", XV Jornadas de folclore y
cultura tradicional, Ortzadar, Iruña-Pamplona. (Argitaratzekotan:
Sukil, 2000ko urria). (ITZULI)
(11) Michel de CERTEAU, La culture au pluriel,
Paris, Christian Bourgeois, 1980. (ITZULI)
(12) Denis LABORDE, "Politique culturelle
et lengue basque. Le Centre culturel du Pays Basque (1984-1988)",
Lapurdum, 2, 1997, p. 339-354. (ITZULI)
(13) Harald EIDHEM, "When identity is a social
stigma" in Fredrik BARTH (ed.), Ethnic groups and boundaries,
the social organization of culture difference, Bergen, Oslo,
Tromso, Universitetsforlaget, 1969, p. 39-57. (ITZULI)
(14) William A. DOUGLASS, Stanford M. LYMAN, "Ethnicity:
strategies of collective and individual impression management",
Social Research, 15, 1973, p. 344-365. (ITZULI)
Xabier Itcaina, Zientzia Politikoetako
irakaslea Pau-ko Unibertsitatean |