|
Bilboko
Udaleko Euskara Zerbitzua duela 15 urte hasi zen lanean, eta ordutik
bertako teknikaria da Jose Joakin Gallastegi. Euskaraz Zerbitzua
guztira 9 pertsonako lantaldeak osatzen du: bi teknikari, lau
itzultzaile eta hiru idazkari. Beraien zeregin nagusia, udal barruko
hizkuntza beharrak asetzea da, bai dokumentu guztiak euskaratuz
bai administrazioko langileen euskalduntze prozesua gidatuz. Datuen
arabera, Bilbon euskaldunen kopuruak gora egin duen arren, oraindik
indarrean dirau hiria erdaldunekin lotzearen topikoa . Hala ere,
Gallastegiren ustez, euskararen inguruan mitifikazio handiegia
dago Bilbon.
-Zertan datza
Bilboko udalaren euskara zerbitzuaren lana? Euskara
zerbitzuarena lana bikoitza da. Batetik, udaletik administrazioa
bera euskalduntzearen, edo hobeto esanda, elebiduntzearen arduraduna
da. Azken batean, orain arte guztiz erdalduna izan den administrazio
baten elebitasuna euskalduntzetik baino ezin da etorri. Bestetik,
udalerrian euskarak duen egoera hobatzeko ahaleginak egiten ditugu.
Momentu honetan oso garbi daukagu bietatik lehentasuna udalaren
barruko euskalduntzea dela. Zergatik? Udalak euskararen aldetik
bete behar duen lehen erantzukizuna horixe delako, zerbitzu elebiduna
eskaintzearena. Bestalde, administrazioaren euskalduntzeaz udala
bera arduratzen ez bada, beste inor ez da arduratuko. Udalerrian,
ordea, bestelako elementu batzuk daude euskara bultzatzeko orduan
osagarriak direnak, eta horiek komunikabideak dira, badira beste
erakundeak, Aldunditik zein Eusko Jaurlaritzatik datozen edo bertan
sortzen diren sareen eragina, etab. Hortik ere euskalduntzearen
beharra nabaria da, hezkuntzaren arloan esate baterako. Baina
udal administrazioan, eragile ia udala bera da. Bestalde, udaleko itzulpen
guztiak geuk egiten ditugu eta udalaz gain, udal enpresei ere
geure itzulpen zerbitzuak eskaintzen dizkiegu.
-Nola kudeatzen
duzue udal barruko euskalduntze prozesu hori?
Langileen euskalduntzearen prozesua
guztiz arautua dago Eusko Jaurlaritzak emandako lege eta dekretuen
bitartez. Hau da, administrazioak 1982ko euskararen oinarrizko
legea garatzeko hainbat dekretu eta xedapen atera dira, ibilbidea
edo perfilen prozesua deitzen dena. Gu momentu honetan bigarren
fasean gaude, eta fase horretan euskararen erabilpenerako planari
ematen zaio lehentasuna. Plenoak orain bi urte onartu zuen, eta
dagoeneko martxan da. Langile euskaldun gehiago lortzeaz batera,
bigarren fase honen helburu nagusia euskaldundutako langile horiek
euskaraz lanean jartzea da, edo euskaraz lanean hasten direnean
haiei laguntzea. Orain arte guztiz erdaldun izan den administrazioa
eragintzeko bi bide daude: batetik, barruko jendearen birziklaketa,
hau da, bertan dauden langile batzuk euskara ikastera bidaltzea
etab. Horretarako irizpide batzuk daude. Badira soslai batzuk
derrigorrezkoak direnak eta horiek ez ditugu halan moduan erabaki.
Kontuan izan dugu administrazio unitate bakoitzaren izaera, zelako
harremana duen jendearekin, udal barruko eragina, etab, eta horren
arabera 500 inguru lanpostutan soslai hori lortzea derrigorrezkoa
dela erabaki da. Eta nahiko martxa onean ari gara helburu hori
betetzen. Bestetik, administrazioan sartzen
diren langile berrien kasuan, askoz errazagoa da. Gaur egun, soslaiean
derrigorrezkoa dutelako edo gainerakoetan euskararen meritua bataz-beste
%10ekoa izaten delako, sartzen ari diren gazte gehienak euskaldunak
dira.
-Uste zabaldua
da hirietan euskara gutxi egiten dela. Zein da euskararen egoera
Bilbon? Euskararen egoera
Bilbon oso kontraesankorra da. Batetik, geroz eta euskara gehiago
entzuten da, ume gehiago matrikulatzen dira euskarazko edo eredu
elebidunetan, geroz eta presentzia handiagoa du euskarak protokolo
ofizial eta abarretan. Konforme, baina guk beti konparatzen dugu
gaur egungo egoera linguistikoa orain 30 edo 40 urte zegoen egoera
linguistikoarekin. Aldaketa positiboa nabarmena da. Horrek ez
du esan nahi, gaur egungo egoerak nahikotasun maila bat duenik
Bilbon euskara normaltzera doala ziurtatzeko. Nik horrenbestaraino
ez nuke esango. Asko egin da eta azken batean, nik uste dut jendeak
nahi izan duen punturaino aurreratu egin dela, eta, gainera, nahi
izan duen pasartetan. Erakunde ofizialek eta gehiago lagundu behar
dutela? Ados, baina nire ustez funtsezkoena bestea da. Adibide
bat jarrita, gaur egun Bilboko autoeskoletan euskarazko eskolarik
ez baldin badago horko gremioak beharrezko ikusten ez duelako
izango da, eta, aldi berean, gaurko bezeriak modu nahiko masiboan
eskatzen ez duelako. Horrek ez du kentzen erakunde ofizial batek
lagundu izango balu, euskarazko talderen bat irtengo litzatekeela.
Baina, gaur egun, euskarak betetzen ez dituen espazio horiek guztiak
horrela daude arlo bakoitzeko agenteen borondatea hori delako.
-Zentzu horretan,
zer egin dezake euskara zerbitzuak? Nahiz eta biztanle
aldetik Euskal Herriko udalik kopurutsuena Bilbo izan, udal bateko
hizkuntza politika goragotik datorren hizkuntza politikaren osagarri
izan behar dela uste dut. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, lehengo
urtean plan estrategiko baterako irizpideak atera zituen. Nire
ustez, ildo horretik jo beharko genuke beti. Hau da, ez gara asko,
ez dugu indar askorik, eta, horregatik, ezin gara nor bere aldetik
ibili. Hori luxu bat da, nor bere kapritxora ibiltzea askotan
indarra kentzea da, ez batzea.
Bilbon
bertan ez dago halako planik. Udalak diru eta baliabide gehiago
emango balitu euskara bultzatzeko ona izango litzateke, ez dut
zalantzan jartzen. Orain, euskararen aldetik udal politika propio
bat izatea ez dut ondo ulertzen, hori Taifen erreinu bat izango
litzatekeelako. Gaur egun, Bilbo unitate natural batean kokaturik
dago, eta unitate natural hori Santurtzitik Galdakaoraino doa.
Bilbo Handia delakoan 20 bat udalerri sartuta daude, 20 bat udalbatza
ezberdinak izan daitezkeenak. Baina bakoitzak bere hizkuntza politika
propioa markatuz gero, aurrera ateratzeko gauza gutxi geratzen
dira. Horregatik, oraingoz, euskararen berreskurapenean udal politika
ez dela ardatza izan behar uste dut. Askoz homogeneoa izango balitz,
eskualde berean eta, isiltzen naiz. Planteiamendu komarkalak Katalunian
asko egiten dira, baina Bilbon eta bere inguruan, udal politika
ardatzatzat hartuta planteiamendu komarkal hori askoz zailagoa
da.
-Euskararen
erabilera bultzatu asmoz, udal batzuek (Getxokoak adibidez) akordio
batera heldu dira komertzioekin. Horren arabera, euskarazko edo
elebidunak diren errotuluak daramatzaten dendek dirulaguntza jasoko
dute. Antzeko akordiorik al du edo egiteko asmorik ba ote dauka
Bilboko udalak? Bilboko
udalak kanpoaldean publizitatea egiteko ordenantzan deskontuak
aurrikusita dauzka euskaraz edo elebidun jartzen dituenarentzat.
Nik dakidala orain arte ez da erabilia izan, edo oso kasu puntualetan,
behintzat. Lehenago esan bezala, uneotan lehentasuna barruko administrazioari
ematen diogu. Beharbada, horregatik apur bat abandonaturik utzi
dugu udalerriaren planteiamendua, bitartekoak ere mugatuak ditugulako,
bai diru aldetik bai giza baliabideen aldetik. Dena dela, zentzu
horretan ni ez naiz bat ere kanpaina zale. Kanpainekin askotan
gertatu da herriko jaietako azken ekitaldian bezala: borondaterik
onenarekin eta energia asko inbertitu ostean, su artifizialak
oso ikusgarriak dira baina handik hamar minutura ez dago ezer.
Nik neuk nahiago nuke bitarteko nahikorekin gauzak ondo aztertu,
errealitate soziolinguistikoa ondo ikertu eta geuk erabaki zein
izan daitekeen lagundu beharreko sektorea. Baina ez du zertan
sektore bat izan behar. Efektu biderkatzaile gehien duen jarduera
bat izan daiteke, beti ere udalerriari begira. Momentu honetan,
udalerrian gastatzen ditugun milioi gehienak euskalduntzean, hau
da, euskara ikasten ari diren bilbotarren poltsikoan igertzeko
modukoak dira. Batez ere, irakaskuntzaren inguruan dagoen euskaldun
jaio berri horri dedikatzen diogu, Bilboko ume gehienak elebidun
edo euskaraz ikasten ari direlako. Horretara zuzentzen ditugu
geure programa eta jarduera gehienak, gaur egun Bilboko sektorerik
euskaldunena hor dagoela ikusten dugulako, noski, adin aldetik
etorkizun handienekoa hura da. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritza
egiten ari den ahalegin handi horren osagarri dira gure planak.
-Euskaltzaindiak
Bilboko kaleen izendegia osatu zuen eta udalari bidali zion. Zertan
dago kontu hori? Euskaltzaindiari eskatu
genion diktamen bat Bilboko kale izendegi osoa euskaraz emateko.
Euskaltzaindiak proposamena egin zuen eta dagoeneko bukaturik
dago. Uneotan mahai gainean dago eta korporazioak nahi duen udalbatzan
edo alkateak erabakitzen duenean, ez dakit zehazki zelan egingo
duten, eztabaidatuko da. Oraindik, baina, ez da onartu. Ez da
onartu nahi ez dutelako, ez dakit zer burokrazia kontu izango
diren, baina dagokion zinegotziak proposamena mahai gainean du.
Nik uste dut epe laburrera aurrean jartzeko moduan egongo dela.
Euskaltzaindiaren
proposamenean gauza bi egin dira: batetik, euskal toponimoen euskal
idazkera, hau da, euskarazko grafiaz idaztea, eta bestetik, izen
askoz berriagoen azpian dauden euskal izenak berreskuratzea. Beti
begiratzen diogu geure historia pertsonalari, horregatik badago
jende asko esaten duena "hau beti izan da Monte Caramelo",
eta Monte Caramelo mende honetako izena da. Horren azpian dagoena
Mintegitxueta. Nik uste dut ez bakarrik toponimiaren kontuetan,
baizik eta hizkuntzaren kontu guztietan ikuspegi apur bat orokorrago
edo historikoago bati heldu beharko geniokeela, ez triunfalismoan
ez derrotismoan jausteko. Historia ez zen hasi gu jaio ginen egunean,
zorionez. Batzuetan oso erraz ulertzen da hori eta denok onartzen
dugu, baina balorazioak eta gure balantzeak egiteko orduan kontrakoa
ematen du.
-Zelako harremana
dauka euskara zerbitzuak Euskaltzaindiarekin? Oso
ona eta eraginkorra, batez ere. Euskaltzaindiak zerbitzu handia
ematen digu, eta eskertzekoa da Bilbon bertan eta udaletxetik
oso hurbil izatea. Jende askok deitzen du Bilboko udalera erakunde
publikorik hurbilena delako izen propio baten jatorriaz, esanahiaz
edo idazkera zuzenaz galdezka, eta kontsulta horiek guztiak Euskaltzaindiara
bideratzen ditugu. Bestetik, Euskaltzaindia Bilbon egoteak hainbat
jende, hainbat protokolo, hainbat hitzaldi, etab, erakarri egiten
ditu, oso pozgarria dena. Bilboko udalerriaren barruan euskarari
halako prestigio bat ematen dio.
-Eta udalerriko
gainontzeko euskara elkarteekin? Haiekin proiektu bateraturik
al daukazue? Badugu harreman bat,
harreman pertsonala. Gehienok elkar ezagutzen dugu eta harreman
instituzional bat ere badago. Berriro diot ez dugula denen artean
banatzeko diru askorik, baina ahal dugun neurrian jende horren
guztiaren jarduna bultzatzen saiatzen gara. Haiei galdetuz gero,
esango dute udalaren aldetik jasotzen dutena ez dela nahikoa,
eta konforme. Hori horrela da, baina ez dugu aparteko haserrerik. Bestalde,
momentuz ez dago halako proiektu bateraturik. Badaude kontaktu
batzuk baina ez proiektu bateraturik. Badira proiektu batzuk sakonagoak
direnak, dirutan ere garestiagoak direnak "euskal txokoak"
kasu. "Euskal txoko" horiek Bilboko auzo batzuetan zeuden
euskara elkarte batzuen eskutik jaio ziren, eta udalak ahal duen
neurrian laguntzen ditu. Baina halako proiektu komunik Bilboko
elkarte guztiak batzen dituenik, udalak bultzaturik esan nahi
dut, ez dago une honetan. Beharbada, epe laburrean batu beharko
ginateke. Ez dakit zein neurritako proiektuan, baina gutxienez
batu eta gero diagnosi bat egin.
-Loturarik
al daukazue Bizkaiko beste udalerrietako euskara zerbitzuekin? Euskara zerbitzuen
artean ez. Beste udalerriekin badago harremana, baina, alde horretatik,
Gipuzkoan udalerrien artekoa askoz lotuagoa daukate. Bizkaian
hori gutxiago ematen da. Hemen bakoitzak gehiago bere aldetik
jotzen du. Alde horretatik, ni asko poztu nintzen Aldundiak lehengo
urtean Euskara Sustatzeko Zuzendaritza sortu zuenean. Bizkaiko
Foru Aldundiak hori sortzeak esan nahi du hainbat gauza komunean
egongo direla, badugula nork eta zerk batu, eta nik uste dut zuzendaritza
horrek egungo egoera aldatuko duela: udalerrien arteko koordinazioa
eta haren edukia eta bideragarritasuna. Alde horretatik, urrunago
joango gara.
-Epe laburrera,
zeintzuk dira euskara zerbitzuaren proiektuak eta erronkak? Erronka betikoa da.
Hau da, euskalduntze programaren bigarren fasean gaude eta 2002.
urtean bukatzen da. Urte horretarako helburu batzuk ezarrita ditugu:
udalerrian euskaldunen portzentaia gora doan neurrian gure langileen
kopurua ere gora joango da, %25era heldu behar gara. Bestetik,
lehendik euskaldunduta dauden langileen unitateetan euskaraz funtzionatzearen
erronka handia da. Gauza bat da euskaltegietan ondo gainditzea
egiten zoazen mailak. Baina beste bat da eguneroko lanean euskaraz
aritzea, horrek askotan esan nahi duelako funtzionariak hainbat
gauza beharbada birritan egin beharko dituela. Udalerriari begira,
oraingoz osagarri izan nahi dugu. Ez da bitarteko kontua bakarrik,
nire ustez filosofia kontua ere bada. Euskararen kontuetan puntu
komunak bilatu behar ditugu. Bestela, gure lana 2002. urtera begira
osatu dugu, eta behin data horretara helduta, guztiaren balantzea
egingo dugu.
Argazkiak: Estibalitz Ezkerra
Euskonews & Media 101.zbk
(2000 / 11-24 / 12-1)
|