Seguruenik, 1990eko uztailaren 24an lehen
aldiz bildu ginenean, San Juan Bataiatzailea elizaren konponketarako
lanek zer nolako ondorioa ekar zezaketen inork gutxik asma zezakeen
Batzorde Eragilean. Herriko
eliza nagusiarekiko sentimendu bizi eta sakonak eraginda elkartu
ginen, Jose Maria Astigarraga erretorearen deiari jaramonik eginez,
eta aurreneko harreman haiek talde heterogeneo baten itxura azaldu
ziguten, argi eta garbi. Ez nuke esango, taldeak zenbat buru
hainbat aburuko irudia ematen zuenik, batez ere Jose Marik bapatean
eginiko planteamenduak erreakziorako aukera gutxi ematen zuelako.
Baina lehendabiziko bospasei batzarrak burutu arte, nekez antzeman
genezakeen zer eskatzen ari zitzaigun eta, beraz, zaila zitzaigun
behar bezalako iritzirik agertzea.
Inoiz inork, azken bederatzi
urteotako errestaurazioak adierazitako lan eskergaren gaineko
ikerketaren bat burutu nahi izango balu, dokumentazio paregabea
aurkituko luke, pazientzia osoz eta estilo biziz Arantza Olabe
batzordekideak idazkari-betebeharretan jasotako agirietan. Ziur
nago, erretrato soziologiko interesgarria aterako litzatekeela
ikerketatik, Arrasate zaharrak historian zehar eskainitako hainbat
eredutan bezala, oraingo enpresa honetan ere interes partikularren
gainetik herri osoaren interesa izan baita helburu nagusia, errestaurazio
lanen gaineko burutapenari ekin eta obrak amaitu ondoko inaugurazio
eguna bitartean.
Bederatzi urtetako lan jarraia
izan da. Talde-bilera ugari izan ziren astelehen iluntzetan.
Talde zuzendaritza zorrotz eta zehatza, Jose Antonio Altuna eta
Alfonso Gorroñogoitiarekin. Taldekide guztien ekarpen
baliotsua. Izan ere, SJB-ko Batzorde Eragileak garbi zuen herri
oso baten sentimendua ordezkatzen ari zela, eta horrela denean
ez da alaikeriarako aterik egon behar. Gainean, mende berri baten
aurrean geunden arren, ezin genuen ahaztu gizaldi askotako objektu
batekin ari ginela aztertzen eta, jakina, hainbat arrasatear
belaunalditako heredentziarik preziatuenetakoari ezin genezaiokeen
edozein erantzunik eman. Gauza serixua zan.
Arrasateko eliza nagusiaren historia,
historiaren gau ilunean galtzen da, ez baitago zehazterik noizkoa
dugun, aurrenekoaren eraikitze lanak, gutxi gora behera, Alfonso
X-ak Mondragón hiria sortu zueneko data hurbil batean
koka bataiteke ere. Ez da asko arriskatzerik, adibidez, edozein
hiribilduk -eta Mondragón helburu horrekin sortu zuen
Gaztelako erregeak- bere eliza eduki behar zuenez gero, 1260ko
hirigintza-planteamenduetan tenplu berri baten diseinua bazela
esatea. Jakin badakigu, 1260 baino lehen, herritarren bizitza
izpirituala Santa Marina-ri eskainitako elizatik zuzentzen zela,
1967ko apirilera arte Santamaña baserria egon zen
tokian mendetan zehar izandako elizatik, hain zuzen.
Eta Mondragón izenaren
zergatia ere ezezaguna zaigun bezalaxe, San Juan eliza herriko
nagusia noiztik den ezin dugu esan, lur mugikorretan ibili gabe.
Gerta zitekeen, adibidez, herriaren izenaren jatorria, Alfonso
X-ren gortean ospetsu ei zen Guillen de Mondragón San
Juan Bautista Ordenako Komendadorearengan egotea. Zaldun horren
tituluari jarraiki, eta erregeak herriari izena bere menpeko
leialaren ohorez eman bazion, pentsa al liteke eliza San Juan-en
adbokaziopean jartzea otu zitzaiela? Auskalo! Dena den, historiak
bere argi eta ilunak dituenez gero, galderei egunen batean erantzun
ahal izango diegula pentsa genezake, eta horrela zalantza guztiak
gaindituko genituzke.
Ez al du, bada, historiaren eskaileratik
gora Jose Angel Achon historialarik arestian 35 urtetako jauzi
bat egin, San Juan elizaren gaineko lehen aipu ezaguna 1318ra
arte igoaraziz? Eta ez zait batere harrigarria egin, aipamen
horren jatorria, mundrautar zahar haiek Oñatiko
Jauntxoaren kontra zeramaten antzinako auzi bati buruzko dokumentu
batean aurkitu izana. Ez da, ez, txantxetako marka, orain dela
gutxi arte 1353koa baigenuen gure herriko San Juan Bautista elizari
buruzko lehen erreferentzia idatzia. Mondragón sortu zen
unera hurbilagotu gaitu Achonek. Beraz, 58 urte bakarrik falta
zaizkigu, Arressate Mondragón bilakatu zen egunera
iristeko. Historialariek badute non ihardun, emaitza interesgarria
gerta bailiteke, edozein tokitatik begiratuta herriko historiaren
finkapenari lagunduko liokeena.
1995
inguruan SJB-ren batzordearen eraginaz eraberritze-lanei ekin
zietenean, elizaren ekialdeko aldean, ia ia oinarrian, harri
belztu batzuk ageri ziren, inoiz suaren eragina jasan izan balute
bezala. Gutariko batzuen irudimenak, salto bat egin zuen, herriak
Ertaroan pairaturiko erreketa suntsitzaile haietako bateraino,
eta lekuko zuzena bilakatu ginen, ametsezko aurkezpen zirriborrotsuan,
hiribilduko eraikinak sutan kiskali ziren jazoera historikoan.
Baina, noizko erreketaz ari ginen? Izan ere, 1305 urteak lehen
sute handi baten berri ematen digu, urte hartako ekainaren 27an
Fernando IV-ak, Valladoliden, salbuespena eskaini baitzien hiritarrei
zergak ordaintzeko orduan, "por que se quemo/antanno
la mi puebla de Mondragon" Eta mendetan zehar badira,
gutxienez, beste bost erreketa, eliza nagusiaren egituran arrasto
nabarmena utzi zutenak.
Batere zalantzarik gabe, herriaren
bizitzan berean ere zeinu berezia utzi zuen sutea 1448koa dugu,
eta horrek -idatzita geratu zaizkigun erreferentziei bagagozkie-
goitik behera erre zuen eliza nagusia. Saturnino Ruiz de Loizaga
arabar ikerlari frantziskotarrak Vaticanotik igorri zidan behin,
Ahaide Nagusien liskar odoltsu haien ondorioz Mondragón
zeharo hondatuta geratu zelako Aita Sainduari herriko apaizek
eginiko eskabide eta Calixto III-aren buldaren kopia. Garaiko
erretore eta arzipresteak euren eskaeran diotenez, hiri osoa
erre zen eta baita eliza ere, bere apaingarri eta guzti, kanpaiak
barne. Jakina den bezala, Calixto III-ak emandako zerga-salbuespenaren
bidez eta hiritarren auzo lanari esker berriztapeneko obrei heldu
zitzaizkien arrasatearrak.
Azpimarratu nahi nukeen beste
arlo bat, eliza eraikitzeko erabili ziren materialei dagokiena
da. XIII mendeko Arrasate zahar eta txiki hura ez zen batere
aberatsa, batzuek euren irudimenean alderantziz pentsa dezaketen
arren. Ganboar eta oñaztarren arteko eraso jarraiek zeharo
jota zeukaten tokiko ekonomia. Goian aipatutako buldan, erretore
eta arzipresteak eginiko eskaeraren zenbait erreferentzia irakur
daitezke eta horietako bat ekonomiari dagokio, hiria -Arrasate-
mendialdean sortu zela esaten delarik, gari eta mahatsik nekez
jasotzen dela gehituz. Harresietatik kanpo baziren burdinola
batzuk, baina ez dut uste hiri-ondasunei gehiegizko ekarpen egingo
zietenik. Ikusi, bestela, Zalgibar-eko Oñatiko
Jauntxoaren burdinolaren kasua.
Horregatik diot, eta horrela
idatzi nuen 1993ko SJB-ren Batzorde Eragilearen txosten batean,
Arrasateko giza-multzoaren zehazkizun bat, bertan gainerakoak
menperatuko zituen inongo talderik ez nabarmentzea zen, ez baitugu
ahaztu behar oñaztar eta ganboarrak hiribilduan bizi zirena.
Hori dela eta, eliza nagusiaren eraikiketa eta geroko berriztapenak
ere ekintza pribatu eta herrikoiari esker egin ziren. Eta erabilitako
materialen apaltasunak eta obretako finantzaketarako sistemak
gestio-mota desberdin bat erakusten digute, garaiko gainerako
elizetan erabilitakoekin alderatuta. Beste horietan, konte, Ahaide
Nagusi eta nobleziaren patronatupean jasotzen ziren elizak. Arrasateko
kasuan, orain arte dakigunaren arabera, herri xeheak ere hartu
zuen parte zuzena, eraikintzako gastuen finantzaketan. Eta, adierazi
dudan bezala, Arrasate ez zen aberatsa.
Beste zehazkizun interesgarri
bat, Arrasateko garai haietako biztanlegoari dagokiona da. Zenbat
biztanle zituen orduan herriak? Ikusi dugu lehen, aurreneko eliza
Santa Marina-koa zela, eta hiria sortzean -udal artxibategian
diren agiri askok azaltzen digutenez- erregearen asmoa hiribildua
jendez betetzea zen, Arrasatek hobe kunpli zezan bere zeregina,
hau da, gure eskualdean erregearen beraren interesak defendatzea,
inguruko jauntxoen gurarien kontra. Beraz, inguruko populazioaren
gehiena hiri barrura bilduko zen, horixe baitzen sortzailearen
nahia. 1494an, badirudi bostehun bat pertsona bizi zirela harresiez
barruan eta beste ehun bat auzoetan. 1448ko sutea izan zenean
-aipatutako buldan irakur daitekeenez- jendez ugaritsua zen Arrasaten.
Baina zer esan nahi du horrek? Parametro erlatiboak diren arren,
adituen iragarpenei jarraiki, ez du ematen mila biztanle edukiko
zituenik. Eta 1260ean? Ozta ozta helduko ziren 250 izatera.
Herriko biztanlegoaren gaineko
zehaztapen horiek, dena den, ez diote herriari -ingurukoekin
alderatuta- garrantzirik kendu behar. Oñati eta, auzoetako
populazioa kontuan izanik, baita Aramaioko salbuespenekin, Deba
ibarreko herri handiena zen Arrasate. Horrela zenaren ezaugarria,
San Juan Bataiatzaileak eliz-antolamenduan lorturiko maila dugu.
Kristautasunaren lehen garaietan elizak era desberdinez antolatu
zituen Euskal Herriko lurraldeak, orduan ere -gaur bezala- batasun
kulturalaren kontzeptuak ezer gutxi balio zuelarik. Arrazoi geo-politikoei
begira eratzen ziren, gehien batez, eliz-esparruak. Eta Arrasateko
parrokiari betebehar garrantzitsuena egokitu zitzaion artzapez-barrutiburu
bezala.
Mendetan, Gipuzkoako zatirik
handiena Iruñeko gotzaitegiari zegokion. Salbuespenak
Deba herria eta Arrasateko artzapez-barrutia ziren, Kalagorrikoari
zegozkionak, Araba eta Bizkaiko lurralderik garrantzitsuenekin
batera. Gogoan eduki behar da, X eta XII mendeak bitartean Arabako
gotzaiak izan zirela nagusi gure lurraldean eta horiek desagertzean
Kalagorrikoak bereganatu zituela arabarren eliztarrak eta, jakina,
parrokiak. Lehen nioen bezala, eliza-antolamenduari ez zegokion,
zuzen zuzenean, biztanlegoaren garrantziari. Adibide garbi bat
bezala, horra hor Valpuestako gotzaitegia. Oraindik orain, harritu
egin daiteke bisitaria Valpuestako herrixkarekin, ia-ia mapan
agertzen ez den toki hartatik, 804 urteaz geroztik eta Juan lehen
gotzaiarekin arabar mendebalde eta Bizkaiko Enkarterrietako eliztarren
bizitza izpirituala nola zain zezakeen asmatu nahian. Baina horrela
ziren gauzak.
Arrasateko artzapez-barrutia
aipatu dut eta sartu-irten azkar bat egin nahi nuke gaian, interesgarria
iruditzen zaidalako, Arrasate sortu zeneko ertaroar giroaz zertxobait
gogora dezagun. Ezaguna da, Oñatiko Jaunarenak zirela
Leintz-eko lurrak, Arrasate salbu. Eta ulergarria
den bezala, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzagako elizak
oñatiarraren esku zeuden, era ofizioso batez, behintzat.
1260an Arressate Mondragón bihurtzean, erret-laguntza
ziurtatuta, Oñatiko Jauntxoak arriskuan ikusi zuen bere
boterea, militarra zein elizakoa, eta ordudanik ahaleginak biderkatu
egin zituen Arrasate berria menperatu eta bereganatzeko. Dena
den, ez dirudi egoera zailak eragin handia zuenik apaizen jokaeran,
eta Saturnino Ruiz de Loizagari zor diodan ondoko bitxikeria
hau oroituz, 1421ean Arrasateko San Juan Bataiatzailean erdi
benefizioduna zen arren, Juan Martinez de Birupainek beste erdi
bat zuen Eskoriatzako San Pedron eta beste erdi bat Maringo Santa
Marian. Hiru erdi, hain zuzen, praktika gordinean etsai ziren
lurraldeetan.
Noiz osatu zen Arrasateko artzapez-barrutia?
Ikerketa lan guztiek 1438an jartzen dute bat egitearen data,
eta barrutian honako parrokia hauek sartu ziren, denak hasieratik
egon ez baziren ere: Bergara, Antzuola, Angiozar, Elgeta, Oñati,
Elgoibar, Mutriku, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, Leintz-Gatzaga,
Arrasate eta Aramaio, herri bakoitzeko parrokiari zegozkion auzoetako
elizekin. Artzapez-barrutiaren egitura horrek 1862ra arte iraun
zuen, hain zuzen ere, Erromak aurreko urteko irailean aldarrikaturiko
bulda baten ondorioz, Gasteizko Gotzaitegia sortu arte. Gotzaitegi
berriak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen zituen eta artzapez-barruti
berriak auzitegi-barrutietara pasatu ziren. Ondorioz, Arrasatek
bere nolakotasuna galdu zuen. Dena den, aurki artzapez-barrutien
kopurua handitu egin zen eta Arrasateri egoitza bat egokitu zitzaion
ostera. Baina antolamendu berrian, Aretxabaleta, Eskoriatza,
Leintz-Gatzaga eta Arrasateko elizak zegozkion bakarrik, hogeita
hiru denera.
San Juan Bataiatzailea eliza
jazoera desberdinetako lekuko zuzena izan da mendetan zehar eta
horietako bat, bere garrantziarengatik herriko historian era
bereziz idatzita dagoena, 1353an gertatutakoa dugu, elizako atartera
herriko Kontzejua bildu zenean, Garagartza, Udala, Herenuzketa,
Isasigaina, Gesalibar eta Uribarriko ordezkariekin batera. Urte
hartako otsailaren 17an erabaki zuten auzo horietako biztanleek
Arrasateko babespera igarotzea, "porque bibimos en servidumbre
escura e muy desaguisada con los males e dannos, furtos e robos
e fuerças e desaguisados que resçivimos de los
ricos homes e caballeros e escuderos poderosos que viven e entran
en la dicha tierra e en la comarca". Jose Mari Urangaren
arabera, auzo berrien gehitzearekin sei ehun ziren euren buruak
arrasateartzat zutenak.
Gertaera horrek gogoratzen digu,
itxura guztien arabera, Arrasateko Kontzeju edo Udala eta Eliza
Nagusiko apaizgoaren artean harreman onak izan direla historian
zehar, nahiz eta noizean behin hasarreak ere izan diren. Ahaide
Nagusien urte zailetatik batera aritu ziren Kontzejua eta eliza,
herriaren gainera eroritako kalamitateei era hoberenean aurre
egin ahal izateko. Erromako bulda eta gaztelar erregeek emandako
zerga salbuespenek herriko birreraikitze-lanak, eliza barne,
noski, ahalbidetu zituzten. 1461eko apirilaren 13an ere, parrokiako
apaizgo, arzipreste, bikario, klerigo eta kabildoak bat egiten
dute herriko Kontzejuarekin "queriendo ser de una condiçion
con el dicho conçejo, Alcaldes e ofiçiales e omes
buenos" Oñatiko Pero Velez de Guevara Jauntxoaren
ondorengoen kontra jotzeko.
Historiako bat etortze horren
adierazlea da, batere zalantzarik gabe, SJB-eko Batzorde Eragileak
1999an eginiko azken balantzea, obrak finantzatzeko diruiturrien
jatorria erakusten duena. Horren arabera, Udalak adina diru jarri
dute eliztarrek. Identifikazio sakona nabaritu ahal izan da berriz
ere, herritarren jokaeran Arrasateko eliza nagusiarekiko.
Aste Santuetan, herriko lehen
agintariaren makila larunbat santuko arratsaldera arte elizan
uzteak bi erakundeen arteko komunikazioa bazela adierazten du.
Areago, gogoratzen badugu, eguen santuko prozesioaren ostean,
sagrarioko ateko giltza erretilu batean jartzen zuela abadeak
eta honek alkateari hurbiltzen ziola. Alkateak giltza kate batean
lotu ondoren bere lepotik zintzilikatzen zuen eta horrela eramaten
zuen biharamunera arte. Diotenez, alkateek ez zuten ezta lotara
joateko ere katea lepotik kentzen. Eliza eta aginte zibila: bi
indar, parrokiako zereginetan, gehienetan, batera joan direnak,
etenak gertatu diren arren. Baina indarren batuketak horma garaiagoak
gaindi ditzakeela uste izan dutelako, nonbait, egia da batera
aritu izan direla Kontzeju edo Udala eta eliza. Norbaitek esan
lezake, historikoki Arrasateko eliza nagusia askoz ere aberatsagoa
izan dela Udala bera baino, eta halako desoreka kronikoak menpekotasuneko
irudia sortarazi duela. Baliteke, baina ez derrigorrez.
San Juan Bataiatzailea eliza
nagusia aberatsagoa zela esan dut aurreko lerroaldian. Adierazpen
herren horrek ez du aberastasunaren maila garbi uzten. Benetan
al zen aberatsa Arrasateko eliza? Gorago nioen bezala, 1438ko
artzapez-barrutiaren eraketak abantailak ekarri zituen herriko
elizarentzat, hamarren eta hasikin edo primiziak bereganatzeko
aukera zabalagoa eskaintzen baitzion. Baina Arrasateko parrokiaren
kutxak betetzen zihoazen neurrian, sos bat ere ez edo, kasurik
hoberenean, gutxi jasotzen zuten elizetako herrietan San Juan
Bataiatzailearen kontrako erreakzioa larriagotu egiten zen. Bestalde,
eliztarren baten heriotzako orduan bere ondasunak elizari uzteak
herriarentzat kaltea adierazten zuen, eta gauza jakina da mendetan
zehar ohitura hedatua izan dela heredentzian eliza hobeagotua
gertatzea. Desoreka sortu zuen usadio horrek, udal ondasun eta
elizarenen artean.
Hamarrenak, eliztarrek ordaintzen
zituzten zergarik zaharrenak ziren, VIII mendean jarri baitziren
indarrean, eta nekazal eta abere-haziendaren gainean, izenak
dioen bezala, %10a aplikatzen zen. Artzapez-barrutiak ongi diseinaturiko
sistema bati jarraiki, zerga biltzaileak auzoko guztien etxeetara
iristen ziren. Beste zerga garrantzitsua, haskin edo primizia
zen, eta hitzaren adierazpenak garbi azalten duen legez, urteko
lehen uzta eta abereen gainean aplikatzen zen. Bataz beste, bigarren
zerga honek %3a suposatzen zuen, nekazal ekoizpen osoaren gainean.
Haskinak biltzeko, patronato bat osatzen zen apaiz eta udalaren
artean, eta administrazioa maiordomo bati zegokion.
Zergak ez ordaintzea, deliktua
ez ezik pekatua ere zen. Elizak gogor jotzen zuen alde horretatik
eta hamarrena berandu ordaintzea erailketa bezain huts larritzat
hartzen zen, horrek suposatzen zuen guztiarekin.
Are oraindik, ordaintzen ez zutenak edota berandu zebiltzatenak
publikoki salatzen zituen elizak eta zigorra exkumikuraino hel
zitekeen, hutsegileari ondasunak kendu ostean.
Arrasateko parrokiak une zailak
igaro zituen, inguruetan nekazal-lurren eremua murriztu zenean,
basoen mesedetan, ziren burdinolek behar zuten egurra lortzeko.
Elizak erreakzionatu behar izan zuen eta ordukoak dira, adibidez,
herriko baselizetan artean ziren eliz funtzioak kendu edo gutxitzeko
Kalagorriko gotzaiak emandako agindua. San Juan Bataiatzailea
eliza nagusian benefiziodun -oso eta erdi- gehiegi ziren, eta
aurrerantzean parrokiako apaizek ospatu behar izan zituzten elizkizunak
haietan. Garibay historialariak dioenez, bere garaian, 1580 inguruan,
eliza nagusian hamalau apaiz ziren, sei benefiziodun oso eta
gainerakoak erdikoak. Horrezaz gain, sakristau eta serora bat
ere agertzen ziren nominan. Urte haietako apaizgo eta kontzejuaren
arteko kapitulazio batean, elizaren irabaziak oso txikiak zirela
irakur daiteke "por no se coger pan ni vino en la villa".
Hamarren eta haskinetako sistemak 1837ra arte iraun zuen.
San Juan Bataiatzailea eliza
nagusia arrasatear guztion bilgunea gertatu da betidanik. Gutariko
bakoitzaren oroitzapenetako arasan arakatuko bagenu, ziurrenik
geure izaerarekin itsatsiriko lehen irudiak eliza nagusikoak
azalduko litzaizkiguke. Gauza bera gertatu zitzaion Esteban Garibay
historialariari, bere "Memorias" liburuan dioenean
:"Cada mañana antes de ir (eskolara) nos
llevaba (gure aitak) de madrugada a la dicha iglesia de
Sant Juan Baptista a oir la primera misa cantada de las animas
fieles, que en la dicha iglesia de San Juan Baptista se dezia
y se dize hoy dia, de pia y sancta costumbre"
Jakina, ez noa Garibayren oroitzapenen
balioa geure aldetik eman genitzakeenekin estaltzera. Baina,
batere zalantzarik gabe, irakurle bakoitzak eliza nagusiari buruz
dituenak pilatuko bagenitu, kanpatorreak zerurantzeko norabidean
egin nahiko lukeen distantzia beteko genuke berehala. Eta, esan
gabe doa, mende honetako usadioei bakarrik egokituko zitzaizkien.
Zer ez du ikusi parrokiak historia osoan? Oraindik egun gutxi
direla, Iturbide Zaharren Egoitzako aitona amona batzuen solasaldi
erdi zirriborrotsua entzun ahal izan nuen, San Cristobal-eko
baselizatik kanpaien bitartez ekaitzaren arriskuaz abisatzen
zenean parrokiako kanpatorretik erantzun behar zitzaiola gogoratzen
zutelarik. Ezkila makurra-ri eragin behar zion, San Cristobal-eko
deia entzunda kanpatorretik hurbilen zegoen apaizak.
Angelusaren joaldiek eguna hiru
zatitan banatzen zuten -Goiz, arrats ta eguarditan, Ama goresten
zaitugu- egunsentiko bostetan iristen zitzaielarik gure arbasoei
otoitzerako lehen abisua. Albakua esaten zioten deialdi
horri. Eta horrela izango zen, XVI mendean kanpatorrea eraiki
zenetik. Dena den, geroxeago ere ikusiko dugun bezala, utzikeria
apaizgora sarritan heldu da, eta 1700an, gotzaiaren ordezkariak
San Juan Bataiatzailera eginiko bisitan frogatu zuenez "no
se observa en esta villa la costumbre de tocar el ave maria,
a la alva, mediodia y ocaso del sol".
Aitortu behar dut ia-ia mende
erdia berandutu dudala kanpatorrearen goi alderaino igotzea.
Ba nuen gogoa handik goitik herria nola ikusten zen jakiteko.
Eraberritze-lanak amaituta, elizaren inaugurazio eguneko aukera
ezin nuela alperrik pasatzen utzi behar iruditu zitzaidan eta
goraino joan nintzen. Hantxe nituen denak, bakoitza bere tokian.
XV mendekoa ei den zorioneko su kanpai zaharra ikutu ahal
izan nuen, handiena, bi metroko diametrorekin. Ezagutu nituen,
halaber, San Juan kanpai sotila -jai handietan soluak
interpretatzen zituena-, San Frantzisko alaia, Jesus, Maria eta
Jose edo ezkila makurra, San Bixente kanpai agintari serioa
eta San Juan Bautista salbeko kanpaia.
Gorago aipatu dut gehienetan
ongi eraman direla parrokiako apaizgoa eta Udal edo Kontzejua.
Baditugu erreferentziak, Kontzejuak elizako gastuetarako ekarpenak
egin zituela, behin baino gehiagotan. Kanpaiekin ari garelarik,
eredu gisa balio dezake, 1634an Udalak erabaki bat hartu zuela,
kanpatorreko erlojuaren finantzazioan laguntzeko. Horren ondorioz,
Meatzerrekako Kanpanbaso eta Musakolako Aranbizkar mendietako
arboletatik erdiaren balioa, aurrerantzean herriko bizimoduaren
erritmoa markatuko zuen erlojua ordaintzeko erabili zen. Hori
ikusita eta aurreneko mendi haren izena kontuan izanda, jatorri
beretsukoa izango al zen, kanpatorreko bi kanpairik zaharrenen
-1480 eta 1530koak- finantzazioa?
Kanpaiak, kanpaijoleak haietaraino
igoz gero jo zitezkeen edota kanpantorpe-tik, mihiari
lotutako soka luzetako sistema baten bitartez, normalean -gure
denboran behintzat- maisutasun handiz sakristauak erabiltzen
zuena. Hala ere, baziren pribilegiatuak, sakristauaren
borondatea irabazi eta soketatik kulunkatzen zirenak, une hartan
oharkabez zerbitzu publiko historiko bat betetzen zutenak. Eliza
nagusiko kanpaiek Arrasateko bizimoduan eragina izan dute mendetan.
Orain dela gutxi, herrian pizturiko eztabaida batek grazia egin
zidan: dirudienez, auzoko batzu kexu ageri ziren, gaueko ixiltasunaren
etenarengatik, kanpatorreko erlojuaren danbak direla eta. Eskerrak,
handik zenbait egunetara Arrasate Presseko inkesta batek gehiengoaren
iritzia azaldu zigula eta, zorionez, lagun guztiak erlojua gauez
gelditzearen aurka zeuden. Niri, behintzat, gaueko ordu txikietan
erlojuaren agurra aditzeak sentsazio goxoa sortarazten dit, eliza,
kanpatorre eta, oro har, herri osoaren gizalditako ahotsa barneraino
sartu izan balit bezala.
Kanpaien hotsak sentimendu diferenteak
piztu ohi dizkigu, zein nolakoak ziren jabetuta. Iluntzeroko
joaldiak garbitokiko animen aldeko otoitza eskatzen zuen -anima
bedeinkatuak Jaungoikuak daixela barkatuak- eta jai haundien
bezperetako hots errepikatuak alaitasunerako izpirituari dei
egiten zion, kristau ospakizunetarako gertuaraziz. Garai modernoek
bigarren hauen aldeko apustua egin dutela esango nuke, angelusa,
hil ezkilak eta ostiral arratsalderoko joaldi ilunak desagertu
zaizkigularik.
Oroitzapenetako arasan, duda
barik, aste santuetako karrakak izango ditugu eskuragai.
Nik, behintzat, bai. Asteazken santuan, Vicente Goikoetxearen
"Misererea" entzun ondoren elizako argi guztiak itzaltzen
zirenean, eskuko tramankulu zaratari haiek tenplua betetzen zuten
euren hots sarkorrarekin. Handik gutxira, ixiltasunera itzuliko
zen, hurrengo egunak otoitz sakon eta nor bere baitan bilduta
emateko. Dena den, karrakarik gabe ere, zenbait urte lehenago
beste era desberdin batez azaltzen zuten ume eta gazteek jolaserako
gogoa. Gaizka Barandiarani eskaini nion liburuan honela ziostan
biografiatuak: "Teniolak ziren, Aste Santuan mutilak
elizara piloan biltzen ginen abagunea. Elizako atarian irauten
genuen azkenengo kandelak itxungitzen ziren arte. Aldareko bi
kandelak itxungitzeko falta zirenean sartzen ginen bolaran. Batzuek
harriz betetako poteak eskuetan zituztelarik, kandela guztiak
itxungitzen zirenean, bankuetako oholak gora jaso eta joka, eta
poteetako harriekin abarrosik handiena ateratzen saiatzen ginen"
Eta Aste Santuarekin ari garelarik,
nola ahaztu Pipar eta Tomate, gure katxoborratxo
ospetsuak? Ostegun santuko prozesioan ateratzen zituzten, Jesus
zutabean lotuta eta ondoan zigortzaileak zituelarik, bere bizkar
gainean zigorkada amaigabeak ematen ari zitzaizkionak. Urtero
gure amorruaren helburu bilakatzen ziren. 1999an eraberritzeko
lanak amaituta, kanpatorrean eraturiko erakusgelan ikus daitezke,
besteak beste, bi "bihozgabe" haiek. Hurbildik begiratuta,
ez dirudite hain krudelak.
Arasako toki desberdin batean,
aurrekoa baino ezkutuagoa nonbait, beste eliz-funtzio batzuen
gogorapenak geratuko zaizkigu, aspergarri eta astunak zitzaizkigulako
hauts geruza batez estalita. Baina, jakina, eliza ez zen jokoa
eta besteak baino une interesgarriagoak baziren arren, guztietara
bildu behar, zerurako bidean egongo baginen.
Esteban Garibay-ri irakurri diogu
lehenago, bere aitak mezetara egunero eramaten zuela aitortuz.
Garai haietako ohitura arrunta zen, batez ere euren maila garaia
erakutsi nahi zuten sendietan. Apalagoek -txiroagoek- animarako
elikadura ez ezik baita gorputzerakoa ere bilatu behar zuten
eta ez zitzaien horrenbeste astirik geratzen elizara egunero
hurbiltzeko. Dena den, mezak goiz osoan zehar eman izan dira
mende honetako bosgarren hamarkadara arte. Aukera zabala zen,
eta lehen aipatu den bezala, inguruko baselizetan ere eliza nagusiko
apaizek atenditu behar zituzten ofizioak. Lan extra horrek era
positiboan eragiten zuen apaizen diru iturrian. Hala ere, gero
ikusiko dugun bezala, ekonomia gorabeherek bortitz eragin zuten
San Juan Bataiatzaileko benefiziodun eta laguntzaileengan.
Meza, matuti, errosario eta bezperak
eguneroko zeremoniak ziren. Maiztasun handikoak, berriz, hileta
elizkizunak. Azken horiek, hildakoaren mailaren arabera, lehen,
bigarren edo hirugarren kategoriakoak izan ohi ziren. Dena den,
San Juan Bataiatzailea eliza nagusian gehien ospaturiko ofizioa
urteko mezia-ri zegokiona zen, eliztarrek euren senitartekoren
baten heriotza gogoratu nahi zutelako eskatuta. Eta, hileta elizkizunetan
bezala, urtebetetzeak ere desberdinak izan zitezkeen, hildakoaren
mundu honetako garrantziak baldintzatuta.
Ofizioen sailkapenean eta benefiziodunen
arteko banaketan ordena apur bat jarri nahian, apaizgoak arautegia
ezarri zuen sarritan, inplikatuta
zeuden guztiek erarik hoberenean bete zezaten. Arautegia gotzaiak
onetsi behar zuen eta arauek, elizaz barneko disziplinaz gain
abadeen atez kanpoko bizimodua ere zaindu nahi zuten, gehiegikeriarik
eman ez zedin. Baina ez zen helburua beti lortzen. Horrela, 1691.ean
gotzaiaren Bisitatzaileak parrokiara eginiko bisitan jasotako
agirian irakur daitekeenez, "se prohiba a los sacerdotes
el tener en su casa y compañía los hijos havidos
en el tiempo del clericato. Ha sido informado su Ilustrisima
de que muchos de los sacerdotes de estas iglesias contravienen
a ello".
Eliza katolikoak erakutsi zigun
"deabru, mundu eta haragia" kalte guztien erantzule
hirukoitzeko azkenak tiratu ei du beti indar biziz. 1424ko urriaren
6an Erromatik ateratako dokumentuan irakur daitekeenez, "Pedro
Pérez de Barrutiak, apaiz, jaiotzaz akasdun, hau da aita
presbitero eta ama ezkonge eduki arren, ...", inori ez zitzaion
arraro egiten abadearen aitatasuna. Barrutia hori ez da abizen
berdineko azkena izango, apaiz "akasdunen" artean.
Adibidez, Pedro Ignazio de Barrutia arrasatear eskribau eta antzerkigile
ospetsuaren aita "Dn. Pedro de Barrutia y Salinas del
horden de Santiago, Vicario y Cura de la Parroquia de Sancti
Spiritus de la Ciudad de Salamanca" izan zen. Itxura
guztien arabera, zuzen zegoen Julio Caro Baroja, zuhaitz genealogikoa
egitea arriskutsua dela esaten zuenean, sarritan apaiz edota
urkaturen batekin topo egiten delako.
Gotzaien Bisitatzaileek aldian-aldian
eginiko ikerketan parrokiari zegozkion alderdi asko aztertzen
zituzten eta bisita bakoitzeko agirian euren iritzi eta jarduneko
ondorioak jasotzen ziren. Horrela, aipatutako 1691eko bisitan
Bisitatzailearen ustez, San Juan Bataiatzaileko eliztarrak "ezjakin
handiak" ziren, eliz-edukiaren gaineko jakintzari zegokionez.
Horren erantzule nagusiak, noski, apaizak ziren. 1714ko bisitaren
agirian honela irakurtzen da: "es noticioso de que en
las misas cantadas, algunos de los dichos ministros (diakono
eta diakonordeak) se ausentan del dicho altar, dejando al
preste con un ministro, lo que es una irreverencia y especialmente
siendo a fin de irse a la sacristia a tomar chocolate o a gastar
el tiempo en conversación". Dirudienez, meza
luzeak gehienontzat ziren aspergarriak. Beraz, abadeen horren
gisako ohitura ezeredugarriekin, ez da harritzekoa herriko eliztarrek
laxokeriaz hartzea Ama Elizaren aginduak.
Horren kezkaz edo, eliza nagusiko
maiordomoaren betebeharren artean oinarrizko beste bat jarri
zen, biharamuneko ofizioen berri apaizei bezperan ematea, alegia,
bakoitzari zegokion ordua zehaztuz. Horrezaz gain, korporalak
aldatzea, purifikatzaileak garbitzea, kanpaiak jotzea, jai egun
guztietan meza eta bezperetara joatea, eguneroko salbera agertzea,
kajoietatik eliz jantziak ateratzen eta sartzen zirenean bertan
egotea, ofizioetara agertzen ez ziren benefiziodunen hutsak apuntatzea,
eta beste betekizun mordo bat gehitu zitzaion maiordomoari, "bajo
sancion de penas pecuniarias"
Gorago nioen bezala, herriko
eliza nagusiko ekonomia gorabeherak erpin eta ibar nabarmenetakoak
gertatu dira historian. XVI mendearen erdialdean Trentoko Kontzilioak
garbi asko azaldu zuen betiereko mezen fundazioetan kudeaketa
berri bat ezarri behar zela. Bestalde, aurreko gizaldietatik
artean bizirik zirauten fundazioen emaitza eonomikoak oso murritzak
ziren, urteen poderioz pilaturiko debaluazioarengatik. Ondorioz,
eta beraien izaerarekin ez zetozen lanak egitera behartuta egon
ez zitezeneko aitzakiarekin, Arrasateko apaizek, gotzaiaren onespenaz,
mezen zerbitzuarengatik kobratzen zutena igo nahi izan zuten
sarritan. Batzuetan lortu egin zuten baina gehienetan eliztarren
ezetz borobilarekin aurkitu ziren.
Eliza nagusiko berezko egoera
kaxkarrari, 1582tik beste arazo berri bat gehitu zitzaion: frantziskotarrak
azaldu ziren herrira. Historia luzeko gertaera, aurrenik gonbidatutakoak
jesuitak izan baitziren, Garibayk bere "Memorias" liburuan
dioen bezala. Juan de Araoz arrasatearraren testamentuan, 1575ean,
komentu eta ikastetxe bat egiteko bere borondate eta ezinbesteko
diruak utzi baziren ere, komentu berriaren benetako eragilea
Garibay historialaria bera dela esan daiteke, okertzeko beldur
handirik gabe. Jesuiten zalantzak ikusita, Garibayk Fray Francisco
de Tolosa frantziskotarren Kantauri probintziko nagusiarengana
jo zuen, eskaintza egiteko. 1582ko uztailaren 6an, lehen meza
eman zuen Fray Francisco de Tolosak, ordurako eraiki zen kaperatxoan.
Lehia, beraz, irekia zegoen eliza
nagusiko apaiz eta San Frantziskoko fraideen artean. Garibayk
berak ere, 1599an testamentua egitean, San Frantzisko komentuaren
alde egin zuen. Eta
berak bezala, hainbat arrasatearrek. Auziak ez zuen irtenbiderik
izan, nahiz eta gotzaia eta herriko Kontzejuak parte hartu eta,
batzuetan, idatzizko itunetara iritsi zen. Baina, bistan da,
dirua tartean denean zeruko bideak berak ere zulo gehiegi azaltzen
ditu.
Orain arte ez dut ezertxo ere
aipatu, elizaren arkitektura eta bere balio arkitektonikoari
buruz. Ideia hedatua izan da gure herrian, eliza nagusiko egiturak
esku ugariren ondorioa ageri zuela, eta bazirudien estilo desberdinetako
gurutzeak osotasuna minusbaloratzen zuela. Garbi dago, aurreko
orrialdeetan idatzi dut horretaz, San Juan Bataiatzailea tenpluan
historiak itzal eta argiune asko dituela. Gertaera latzek -suteak,
adibidez- era kaltegarrian eragin dute elizako egituran. Eta
horiei jarraitu zieten eraberritze lanek ez zuten beti asmatu,
batzuetan emaitza bitxiak gertatu zirela igar dezakegularik.
Bestalde, eta ez naiz aspertuko gauza bera esaten, Arrasate mendetan
zehar herri pobre samarra izan da eta, beraz, ez zegoen alaitasun
gehiegirako aukerarik.
Lehenago ere Garibayrengana jo
dudan bezalaxe, ostera aldatu nahi nituzke hona arrasatear historialariaren
"Memorias" liburuan dioena: "Tiene esta yglesia
de Sant Juan Baptista fabrica antigua, toda de canteria y muy
ricos ornamentos y su plata del culto divino vale mil marcos
en peso y hechuras y muchas y muy hermosas campanas, y su torre
muy fuerte, sobre arcos, a modo de la cathedral de Santo Domingo
de la Calzada, porque por debajo dél se atraviesa una
calle"
Dakigun bezala, Esteban de Garibay
y Zamalloa 1533ko martxoaren 3an jaio zen, eta -beraz- berak
beste toki batean deskribatzen duen 1448ko sutea laurogei ta
bost urte lehenago gertatu zen. Gorago ere, Erromak 1455eko maiatzaren
4an aldarrikaturiko bulda baten berri eman dut, hain zuzen ere
San Juan Bataiatzaileko Ochoa Peres de Çumarraga arzipreste
eta Ynnigo Ibannes de Gomistiano apaiz eta bikarioak sute erraldoi
horren ondorioz elizak pairaturiko kalteak konpontzeko eginiko
eskabideari erantzuten. Buldaren edukia oso interesgarria da,
indulgentzia edo barkamen osoa eskaintzen baitzien, elizako berreraikipenean
-reparationem et constructionem- laguntzen zutenei, diruz
edota euren lanaren bitartez. Dirutan eskaini beharrekoa Aragoiko
urrezko bi floreno edo gaztelar berrogeita hamabost morantevino
zen. Esku lanaren bidez emandakoak, berriz, hamabost egun jarrai
edo hogei tartekatuta izan behar zuen, eta nork bereak egin zitzakeen...
edo beste norbaiten bitartez. Calixto III-aren agirian, barkamen
indulgentziak eliza berritzen eta hornitzen arituko zirenentzat
pozik ematen zituela irakur daiteke. Buldaren epea bost urtetarakoa
zen.
Ez dakigu nolako emaitza ekarri
zuen buldaren erakarpenean buruturiko operazioak. Urte batzu
beranduago, 1461eko maiatzaren 1ean, Arrasateko erreketaren errudunik
handiena zen Pero Velez de Guevara-ren anaiak -Ynnigo de Guevara-
bere patronatupean eraturiko Oñatiko Bidaurreta monastegiaren
Arrasateko lurrak San Juan Bataiatzailea eliza nagusiari eman
zizkion. Zehazki, Muxibar aldeko terrenuak (de todas las dichas
tierras e heredades que estan sytuadas en Muçibarr)
eta aldamaneko orube bat (E un solar llamado Muçibargaray)
Pentsatzekoa da, buldaren ondorioz
eta baita eliza nagusiari egokitu zitzaion dohaintzaren bidez
lortutako diruak tenpluaren berreraikipenean inbertitu zirela.
Eta gaur ezagutzen dugun egiturari garai hartan hasi zitzaiola
itxura ematen esan genezake, ahaztu gabe XIII eta XIV mendeetan
zehar eginikoak ere bere eragina izango zuela. Beraz, estilo
desberdinetako gurutzaketak baldintzatu zuen azken emaitza.
Ana Isabel Ugalde arrasatear
ikerlariak San Juan Bataiatzailea elizari buruzko artikulu bat
idatzi zuen Euskonews&Media aldizkari elektronikoan, 1998ko
urriaren 10ean, eta bertatik iritzi batzuk aldatu nahi ditut
hona, zuzen eta zehatzak direlakoan. "Se halla ubicada
en el centro de la villa, entre dos calles y lindando con uno
de los cantones que la atraviesan transversalmente. Esta circunstancia
hizo que el muro postrero se cortara oblicuamente, de forma que
se ajustara al trazado urbano. Y probablemente unido a la necesidad
de espacio, motivó que su torre-campanario se alzara sobre
grandes arcos apuntados por encima de dicho cantón, peculiaridad
que parece exclusiva de esta iglesia. Las tres portadas de acceso
se abrieron precisamente en cada una de las calles y cantón
y se resolvieron con gran sencillez. La única concesión
a la escultura la hicieron en la situada debajo del campanario,
en la que una estrecha greca vegetal adorna el arco escarzano
que sostiene el tímpano, ocupado por una imagen moderna
del titular. Mayor sentido monumental reviste la que se abre
a la calle Iturrioz, donde lo escarpado del terreno hizo precisa
una escalinata, que recuerda la del Santuario del Yermo en Llodio,
al igual que el pequeño conopio presente en ambas portadas.
Es de planta de cruz latina,
con tres naves escalonadas de otros tantos tramos, crucero desarrollado
en planta y en altura, y tres ábsides en batería,
el central de sólo cuatro paños, como el de la
catedral de Pamplona, comenzada a fines del siglo XIV. Estas
características, al igual que los soportes de núcleo
cilíndrico y octogonal con columnillas adosadas, están
presentes en edificios construidos según modelos en boga
desde los primeros siglos del gótico, con ejemplos señalados
en San Juan de Laguardia o San Pedro de Vitoria, iniciadas a
fines del siglo XIII, y el más tardío de Orduña,
todos con antecedentes en tierras burgalesas y castellanas.
Además,
presenta la particularidad de que las tres capillas de la cabecera
se hallan comunicadas entre sí a través de grandes
arcos apuntados que han permanecido ocultos hasta ahora, y que
también los podemos ver en el santuario del Yermo de Llodio,
antes citado. Le fueron añadidas posteriormente pequeñas
capillas funerarias abiertas en el muro perimetral, que apenas
distorsionan el proyecto primitivo.
A pesar de los vanos, la iglesia
resulta bastante oscura. La iluminación, tamizada por
las vidrieras, se realiza a través de algún óculo,
los cuatro ventanales rasgados en las tres capillas de la cabecera
(1, 4, 1) y, principalmente, por los que se abren en cada tramo
meridional, totalmente descentrados. La utilización del
arco de medio punto para una de ellas, concretamente para la
situada en el tramo de los pies, es evocadora de las fechas ya
adentradas en el siglo XVI en que fueron construidas.
Los abovedamientos son muy
sencillos. Crucería cuatripartita, en las naves laterales,
de paños en la cabecera y recorrida por un nervio espinazo,
en la nave principal. Dicho nervio lo utilizaron en el País
Vasco, irradiado de Castilla, en la capilla de Santiago de Vitoria
y en Santa Cruz de Campezo a comienzos del siglo XV, y coetáneamente
a Mondragón, en San Juan de Salvatierra.
La escultura es, sin embargo,
muy escasa en cantidad y en calidad. Se reduce a ciertos capiteles
corridos, algunas ménsulas y las claves de bóveda,
con una ejecución mayormente torpe, siendo lo más
destacado la clave de bóveda de la capilla de San Miguel
y las gárgolas exteriores.
Diríase, en definitiva,
que se trata de un edificio erigido con un decidido propósito
monumental, aunque con un planteamiento arcaizante para la época.
El maestro cantero que lo trazó en el tercer cuarto del
siglo XV conocía lo que se hacía comúnmente
en Castilla por aquellos años, pero no acertó a
incorporar las novedades que iban llegando paulatinamente de
los países nórdicos y que habían sido totalmente
asimiladas a comienzos del siglo XVI, que fue cuando se dio por
concluida la iglesia"
Ana Isabel Ugalderen mugaketa
zorrotz honek ibilaldi batera eraman gaitu, elizaren eraikuntzan
igar daitezkeen arte estilo desberdinetatik. SJB-ko Batzorde
Eragilearen esku egon diren eraberritzeko azken lanek irudi diferente
bat eskain dezakete, kanpo zein barne aldetik. Baina oinarrizko
egituraketak berean jarraitzen du.
Garai desberdinetako eraginak
nabariak direlarik, ezin daiteke esan nor den elizaren egile
edo diseinatzailea. Horrela idatzi zuen Jose A. Barrio Loza irakasle
eta ikerleak, SJB-eko Batzorde Eragileak eskatuta, elizaren gaineko
memoria artistikoan: "Aparte de lo expresado sobre filiaciones
y diferencias con respecto al gótico del entorno, en Mondragón
han de resaltarse sus peculiaridades, arriba ya remarcadas respecto
de la cabecera, las asimetrías, el sentido de fortaleza
de la iglesia, etc.
Lo más seguro es que
la idea partiera de algún arquitecto, desgraciadamente
no identificado, que conocía bien la arquitectura de la
meseta, idea que pone al servicio de un aparejador o maestro
de obras capacitado, y algo retardatario, que no supo sacar un
edificio perfectamente ortogonal, haciendo, por ejemplo, zigzaguear
el nervio espinazo desde la cabecera a los pies, ni trazar bien
los arcos formeros de algunas capillas. A pesar de todo, la iglesia
resulta noble y lo demostrará cuando se le libere de revocos,
enlucidos, coros, cegamientos y demás"
Gure
oroitzapenetako arasan iraungo du bizirik, elizak oraintxe arte
erakutsi dizkigun bost koruetako irudiak. Premiak behartuta,
bata bestearen atzean erantsi zitzaion egiturari, biztanlegoaren
hazkundeari leku egokia eskaini ahal izateko. Zenbat aldiz igo
ginen, Errosarioko Ama Birjinaren aldare ondoko eskailera kiribil
estutik, goiko korura edo giza hezur pilo bat zen tokira! Berreraikitzeko
lanak artean hastear zirela, zalantzan egon zen zer egin zitekeen
antzinako arrasatear haien aztarnekin. Azkenik, bertan geratu
ziren, ongi ezkutatuta, hurrengo batean aurkituko dituztenei
antzerako duda nagusituko zaiela suposatuz.
Errosarioko Ama Birjinaren aldarea
aipatu dut, eta ezin hona aldatu gabe utzi, arrasatearrontzat
irudi horrek izandako adierazpena. Mendetan gora egin behar dugu,
1516ko irailaren 8ra arte, Ama Birjinaren jaiotzako egunera arte.
Data hartan Arrasaten beste sute handi bat gertatu zen. Sugarrek
herria hartu zuten ia bere osotasunean. Herritarrek, zeruko laguntzaren
esperantzan, Errosarioko Ama Birjinaren irudia atera zuten kaleetara
eta handik gutxira sutea amatatu zen. Hori ikusita, arrasatearrek
boto egin zuten, aurrerantzean urteroko egun seinalatu horretan
prozesioan aterako zutela aginduz. Horrela egin zen 1921era arte.
Boto haren ordez, herriko Udalak urtero, Ama Birjinaren jaiotzako
egunaren osteko igandean Arantzazura igotzea erabaki zuen.
Baina ez dira hor amaitzen Ama
Birjinaren arrasatearrontzako bitartekotza-lanak. 1641eko irailaren
8an suaren ordez urak ekarri zuen larridura herrira, Aramaio
ibaiak gora egin baitzuen. Herritarrek Ama Birjinaren irudia
San Agustineko Atera -Kondekuara- eraman zuten eta urak euren
ubidera itzuli ziren. Hogeitabost urte beranduago, 1666ko abenduaren
25ean, suak Ferrerias kaleko etxebizitzen laurdena suntsitu zuen.
Sugarren abiadurarengatik larrituta eta ondamendia nolakoa izan
zitekeen ikusita, Errosarioko Ama Birjina atera zuten herritarrek
eta haizea baretu egin zen, sua kontrolpean utziz.
Pulpitoa ezagutu genuenok ongi
oroituko dugu, haren alboan zegoen pergaminoa, "Aquí
predicó San Vicente Ferrer. Año 1408"
esaerarekin. Itxura guztien arabera, historiako hainbat bider
bezala, irudimenak errealitatea gainditu du gure kasu honetan
ere, San Vicente Ferrer-i toki askotan batera egotea egokitu
ei zitzaion eta. Arrasaten zegoela dioten uneetan, Espainia eta
Italiako beste toki batzuetatik ere ei zebilen. Beraz, nor beraren
fedearen arabera utz daiteke San Vicente Ferreren gaineko istorioa.
Pulpitoaren eskudel edo barandilla zurezkoa zen, oso polita,
eta hasierako zatian honela irakur zitekeen, grabatuta: "Diga
poco y bueno". Pulpitoa 1974an kendu zen.
Zer esan, berriz, Amandre
Santa Ines-i buruz? Zenbat aldiz ez genuen, haren gorpu momifikatua
gordetzen zen txokora begiratu, handik bapatean mamuren baten
izpiritu hegalaria aterako ote zen itxaropenean? 1946an eraman
zuten zulo hartara haren gorpu momifikatua, elizan bertan Okariz
sendiarena zen San Sebastian kaperatik. 1994an Eusko Ikaskuntzaren
Medikuntza Saileko Kuadernoan argitaraturiko lan interesgarriak,
Amandrea- ri buruzko datu zehatzak eskaini zizkigun Pako
Etxebarriak zuzenduriko talde batek -ikerlarien artean Jose Angel
Barrutiabengoa arrasatearra genuelarik. Eta defuntuaren gaineko
nortasuna -Ines Ruiz de Otalora, XVI mendearen amaieran Arrasaten
jaioa eta 1607an Valadoliden hila- emateaz gain, mitoaren deuseztapenerako
bidea irekitzen zuten, batere kupidarik gabe. Agian, amesgaiztoetatik
libratzen gintuen bertsoaren oihartzun zaharra bakarrik geratzen
zaigu oroitzapen:
Amandre Santa Ines
bart egin dot amets
ona bada, bion partez
txarra bada ino(re)ndako pez.
San Vicente Ferrer ez bazen ibili,
Arrasatetik ibili zena, parrokian lan ederrak burutzen, gainera,
Gasteizko Pedro de Ayala eskulturgilea da, ayalatarren tailer
ospetsukoa. Artista horren eskuetatik atera zen, 1628an aldare
nagusiaren atzekaldean ezarritako erretaula barrokoa. Argazki
zaharretan ikusi ahal izan dugu obra hura, 1913an parrokian eginiko
itxuraldaketan desmuntatu zena. Erretaulako sagrarioa Errosario
Ama Birjinaren aldarera eraman zen eta bertan zegoen San Juan
Bataiatzailea, berriz, Udaletxeko ganbarara. Azken eraberriketako
lanen ondoren, berriz elizako aldare nagusira itzuli da Pedro
de Ayalaren obra eder hori, "obra de mucho mérito
y costó tanto como el retablo todo".
Gauden mende honetaraino jauzia
eginez, beste euskal artista handi batekin egiten dugu topo.
Pablo Urangari nagokio, nahiz eta zenbaitzuen ustez, aldare nagusiaren
alboetan margotu zituen bi freskoak kalitate gutxikoak diren.
Pablo Urangaren osaba bat, Fernando Uranga, apaiz izan zen Arrasateko
San Frantzisko elizan eta baita ospitalean ere, 1898tik 1906ra
arte. Pablo lobak denboraldi luzeak egiten zituen gure herrian
eta 1903ko otsailaren 21ean San Juan Bataiatzailearen elizan
ezkondu zen, Prudencia Lejarreta gasteiztarrarekin. Hamar urte
geroaxeago, elizan egindako egokitzapen-obra batzuetan, freskoak
margotzea eskatu zitzaion Pablori eta baita honek eskabidea bete
ere, bostehun pezetaren truke. Bi egunetan amaitu zuen lana Urangak,
seguruenik behatzaile guztiengan harridura uzten duten bi ormirudiak
burutuz. Jaungoikoaren legeko hamar aginduak, Urangarentzat gehiago
bide ziren, freskoan egin daitekeen irakurketari dagokionez.
Eta, bigarrenean, San Juan Bataiatzailearen burua iseka ari dela
dirudi.
Eliza
nagusitik igarotako beste bat, Espainiako Felipe V erregea izan
zen eta monarkaren igaroaldiaren berri idatzia geratu zaigu.
1701eko urtarrilaren 31n heldu zen Arrasatera eta Matheo Nicolás
de Aranguren-en Ferrerias kaleko etxean lo egin zuen. Biharamuneko
kronika da ondokoa, Francisco de Apraiz y Barrutia apaiz eta
benefiziodunak idatzia: "Y oy dia, Martes primero de
Febrero de dicho año (1701), al rayar del Alba
vino su Magestad a pie a esta dicha Iglesia Parroquial de San
Juan Bautista a oir Misa, sin embargo que llovía bastantemente.
Fue recibido por el cabildo con capas y cetros cantando el Te
Deum Laudamus (Hallándose revestido de Pontificial el
Ilmo Señor Don Juan Iñiguez de Arnedo Obispo de
Pamplona, que vino acompañando a su Magestad asta Vitoria,
por estar en sede vacante este obispado de Calahorra) debajo
de Palio, que llevaron los Cavalleros de esta villa, y forasteros
que concurrieron a ver a su Magestad que fueron muchos. Su ilustrisima
dijo misa rezada en el altar Maior, y le oyo su Magestad con
mucha devocion, estando arrodillado al Pie del dicho Altar Maior,
adonde estaba puesto el sitial. Acabada la misa, y recivida la
Bendición Pontificial, su Magestad se volbio a pie a dicha
cassa (Matheo Nicolás de Aranguren-enera) y dentro
de media hora salió de ella. Y a cavallo subió
por la calle de las Ferrerías al Portal de Gazteluondo,
y fue a comer a la villa de Salinas..."
San Juan Bataiatzailea eliza
nagusian ehorzketak izan dira mendetan zehar, kulturako irekia
izan zenetik, seguruenik. Hasieran ikusi dugun bezala, Santa
Marinatik elizkizunak hiribilduko lehen elizara pasatu zirenean,
parrokiako estalpea tokirik gustukoena bilakatu zen arrasatearrentzat,
euren hillarrixa aukeratzeko orduan. Garai haietan elizak
ziren biztanleen hilobigunea eta, beraz, ez da harritzekoa San
Juan Bataiatzailea aurki izatea herriko jendearentzat estimatuena,
Santa Marinako eliza zaharra garrantzia galtzen zihoan eta. Zer
esanik ez, hildakoa bizi zen artean beste auzokoekiko izandako
diferentzia elizan ere nabaria zen, hilobien kokapena dela eta.
Aldare Nagusiaren aurrekaldea, herriko pertsona gorenentzat zegoen
egokitua. Gainerakoak, alboetako kaperen inguruetan lurperatzen
ziren. 1810era arte iraun zuen Arrasaten, elizan ehortzeko ohiturak.
Diodan, kanpoko lehen hilerria, Independentziako gerran (1808-12)
frantsesek agindu ondoren egokitu zela. Geroxeago, Aldayra eraman
zen kanposantua.
Nire adinekook ez dugu ezagutu
baina San Juan Bataiatzailearen historian, Euskal Herriko beste
hainbatetan bezala, oblatak eskaintzen ziren, elizako
hilarrien aurrean egon ohi zen altzariaren gainean ipinita. Gero,
apaizen amakasiek erretiratzen zituzten, euren kontsumorako.
Ohitura horretatik geratzen zen apurretako bat, seguruenik, hildakoaren
sendiari auzokoek eskainitako argizaria zen. Eta, zalantzarik
ez, artean gure haurtzaroan ere etxetik elizara aulkia eramatea,
elizako zolua eremu ireki eta jarleku egonkorrik gabea zen garaietako
usadioa genuen. Gutariko askok aurreneko txanponak irabazi genituen
aulkia eroate horri esker, amandrei eskainitako zerbitzuaren
truke. Nahikoa zuten haiek, buruko mantelina eta otoiz eta irakurgaietako
mezaliburuaz arduratzearekin. Aulkia, ahal zelarik, amandreak
sendi-tokitzat zeukanean jarri behar genuen, aurreko beste garai
batean familiko argiolak ezarriko ziren lekuaren inguruan.
Vatikanoko Kontzilioak ohitura zahar guzti horiekiko etena ekarri
zuen.
San Juan Bataiatzaileaz mintzatzen
ari naiz etengabe eta ez dut oraindik, herriko zaindariaren ohorez
herrian izaten diren elizkizunen gaineko ezer komentatu. Askorentzat,
Arrasateko ospakizunik minenak dira ekainaren 24ko meza nagusia
eta bezperako Salbea. Eta seguruenik, azken hori izango da denon
baitan daroagun mundrautasunaren sentimenduan era bereziz
eragiten duena. Norbaiti entzun diot, egiazko arrasatearra izateko,
bezperako Salbeak zirrara espeziala egin behar diola elizan dagoenari.
Ez dakit horrela izan behar duenentz, baina ziur nago gutxi egongo
direla Hilarion Eslavaren elizkanta parrokiako abesbatzari entzun
ondoren, San Juan Ereserkiarekin eztarria apur batez bederen
korapilatu ez zaiena.
Herriko apaiz eta Udalaren arteko
harremanen beste ezaugarri bat, San Juan bezperako arratsaldean,
Salberako Udaletxetik zinegotzien lepoan eramaten den irudia
dugu. Udalak enkargatu zien XVIII mendean Elorrioko Juan Xavier
de Araoz eta Juan de Munar irudiegileei. 1207 erreal ordaindu
zizkien. Sakristian gordetzen zen irudia, 1953ra arte. San Juanetarako
mahai eta anda batzuen gainean jartzen zen, jai nagusiko Mezaren
hasieran Plazatik egiten zen elizbirira ateratzeko. Elizkizunerako
udal agintariak, atarteraino danbolindero eta txistulariek lagun,
Iturriotz kaleko elizpezahar-eko atetik sartzen ziren,
Padre Eternua-ren irudiaren azpitik igaroz. Aipatutako
elizbira horretara klero, agintari eta Kofradiak euren pendoi,
bandera eta, kofradeek bana zeramatelarik, baita argizari handiekin
ere joan ohi ziren, eliztarrak tenpluan geratzen ziren bitartean.
1953z geroztik, San Juan Bataiatzailearen
irudi hori Udaletxera pasatu zen eta hasiera batean alkatearen
beraren lan gelan kokatu zuten. Urte hartatik San Juan eguneko
bezperan zinegotziek eramaten dute irudia elizara, udal banderarekin
batera, ibilaldia Erdiko Kaletik doalarik, eta elizara ate nagusitik
sartzen da udal agintarien ordezkaritza. Ordurako organuaren
notek parrokiako espazioan giro berezia sortu dute.
Eta organuaren aipamenak beste
arlo batera narama, hain zuzen ere San Juan Bataiatzaileko musika
historiara. Garibayren "Memorias" liburuan garbi asko
irakur daiteke, 1448ko sutean "quemose tambien la iglesia
con sus organos, campanas, relox y retablos y ornamentos con
gravísima lastima". Beraz, badirudi ordurako
musikak bere tokia bazuela parrokian, nahiz eta aurreko orrialdeetan
maiz aipatutako 1454ko buldari zegokion eskabidean ezelako aipamenik
ez den egiten organuari buruz. Garibayren irudimenak eragindako
beste adibide berri bat ote? Ez dut uste. Ez zuen horren beharrik,
1507rako Martin Ibañez de Echebarria herriko arziprestearen
erreferentzia ematen baitigu Garibayk berak, "buen sonador
de organos, gran corista, maravilloso escritor o copista y tan
diestro que el personalmente fabricaba monocordios sin que nadie
se lo enseñara"
1667an Eibarko Joseph Eizaga
Echebarria frantziskotarrak parrokiako organua egin zuen. 1913ko
obretan organu zaharra berri batek ordezkatu zuen, eta horixe
izan da SJB-ko eraberritze-lanetaraino iraun duena, azken laurogeita
bost urteotan zenbait hobeakuntza aplikatu zaizkiolarik. Mende
honetan organulari bikainak igaro dira eliza nagusitik. Victoriano
Balerdik eman zion hasiera gizaldiko zerrendari eta itxura guztien
arabera David Arzamendi nekaezinak eman liezaioke amaiera. Bien
bitartean, Prudencio Balerdi, Jose Izurrategi, Dionisio Isasmendi
eta Francisco Arrizabalaga ditugu, herriko musika maila oso goian
ipini dutenak. Ezin ahaztu, noski, titularrak izan gabe laguntza
handia eskaini duten Gregorio Solabarrieta, Justo Munarriz, Victoriano
Balerdi semea, Juan Arzamendi, Karmelo Eriz, Gurutze Uribarren,
Rafael Agirre eta beste hainbat.
San
Juan Bataiatzailea eliza nagusiari buruzko zehazkizun batzuk
ekarri ditut orrialde hauetara eta ezin dut amaitu, mende honen
hogeita hamabost urtetan zehar parrokiarekin zeharoko lotura
estu mina izan zuen gizon baten gaineko aipamena egin gabe. Niretzat
eta arrasatear gehienontzat, mende honetan herriko bizitza izpirituala
hobekien zuzendu zuen apaiz ahaztezina: Don Jose Luis Iñarra.
Batzuen baitan, eta errespeto osoarekin, Don Jose Luis Ola
ok pa Iñarraren eredua suzko hizkiz geratu zen grabatuta.
Arrasatear peto petoa bilakatu zitzaigun, herrira 1941era iritsitako
oiartzuarra. 1976ko urriaren 2an hil zen, parrokian bertan, elizkizun
batean ari zela. Bihotzekoak jota aldarearen aurrean erori zen
zerraldo. Igandea zen azken agurra eman genionean, Herriko Plazan,
ideologia guztietako jendez gainezka.
Nik ez dakit Don Jose Luisengan
aurki ote zitezkeen, historian zehar eliza nagusiaren kudeaketan
izan diren nolakotasun guztiak. Eta ez dakit, batez ere ezina
zaidalako parrokiako radiografia zehatz osoa egitea, eta, berriz,
egin nezakeen alderaketa herrena geratuko litzaidake. Baina ziur
nago, aro guztietan San Juan Bataiatzaileko barne bizitza herriko
bertute eta akats guztien isladapen gardena izan dela. Eta, bestalde,
ez dut zalantzarik arrasatear bizitza estiloan eragin zuzena
izan duela parrokiaren irradiapenak. Bi baieztapen horien artean
kontraesana dela irudi litekeen arren, ez da horrela, azken finean
eliza eta herria bat izan baitira mendetan zehar, identifikatuta
oso, eta sinbiosia errealitate nabarmena gertatu da.
1999ko uztailaren 5ean SJB-ren
Batzorde Eragileak bere azken bilera burutu zuen, Kanpartopeko
batzar gelan. Berrehun eta berrogeita hamabigarren bilkura zen,
abian jarri zenetik. Hasieran esan dudan bezala, bederatzi urte
lehenago xedea zein litekeen oso garbi ez bagenuen ere, harro
sentitzen gara burututakoaz. "Christifidelium manus adiutrices
necessariae"-ri egiten zion eskaera buldak. Bostehun
eta berrogeita hamar urte beranduago ere, arrasatearron esku
laguntzaile askoren beharra zegoen helmugara iristeko. Herriak
ez zuen hutsik egin.
Josemari Velez de Mendizabal, idazlea
Argazkiak: "San Juan Bautista de Mondragón-Arrasate:
Una interesante e inacabada historia" liburutik |