Mariasun Landa Errenterian jaio zen 1949ko
ekainean. Oso gaztea zenean idatzi zituen lehen ipuin eta poemak,
eta ordurako bazekin "idazle" izan nahi zuela. Emakume
honek argi eta garbi aitortzen du "idaztea bakarrik egoten
jakitea dela", baina hala ere ez dio bere zaletasunari uko
egin eta idazten eman ditu hogei urte baino gehiago, "idaztea
plazerra delako". 1973an Filosofian lizentziatu zen Parisen,
gero Euskal Herrira itzulzea erabaki zuen eta euskalduntzea,
eta zenbait urtez Oinarrizko Heziketan eta IRALEko irakasle ihardun
zuen. Egun Literaturaren Didaktikako irakaslea da Donostiako
Unibertsitate Irakasle Eskolan (Euskal Herriko Unibertsitatea).
Euskal Herriko hainbat aldizkari
eta egunkaritan kolaborazio lanak egin baditu ere, haur eta gazteen
literaturan dauzkagu bere emaririk nagusienak. Alor honetan 222
titulu argitaratu ditu, hauetatik asko Espainiako (katalana,
galiziera, gaztelera) nahiz atzerriko hizkuntzatara (ingelesera,
frantsesera, grekerara...) itzuli direlarik."Literaturak
adinik ez duela" uste duen idazle honek hainbat sari jaso
ditu, hauen artean "Lizardi saria" 1982an Txan Fantasma
ipuinarengatik eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria
Alex ipuinarengatik 1991n, nabarmendu daitezkeelarik. Iholdi
ipuina 1992an IBBYko Ohorezko Zerrendan sartu zen. "Amona,
zure Iholdi" (Erein) eta "Sorgina eta Maisua"
(Elkarlanean) dira Mariasun Landaren azken lanak, nahiz eta Haur
eta Gazte literaturaren barne egon, edozeinek prezatu ditzazke,
"literaturak eta ipuinak adinik ez dutelako".
-Zerk bultzatu zintuen
haur eta gazte literatura idaztera? Haur eta gazte literatura
idazten hasi baino lehen beti gustatu zait literatura. Garbi
neukan oso gaztea nintzenean idaztea zela gustukoen nuen gauza.
Gero bizitzak buelta asko ematen ditu. Nik Parisen burutu nituen
Filosofiako ikasketak, eta gero Euskal Herrira bueltatu nintzen.
Garai hartan, 1973an hain zuzen ere, euskararekin lan egiteko
modu bakarra ikastoletan parte hartzea zen, eta horrela egin
nuen. Urte asko pasa nituen ikastolen munduan. Nire zaletasuna,
nire bokazioa, nire idazteko gogo hori modu horretan bideratu
nuen. Irakasle bezala aritu nintzen lanean, ez zegoen inongo
materialik eta irakasleek moldatzen genituen liburu eta ikasgaiak,
orduan hasi nintzen ipuinak sortzen eta idazten, batez ere gelan
nire ikasleekin lantzeko. Lehentasuna
nire idazteko zaletasunari emango nioke betidanik idatzi baitut,
irakasle izan baino lehen ere idazten nuen. Haur eta gazte literaturaren
trenean ia konturatu gabe sartu nintzen. Filosofia ikasten ari
nintzela ere idatzi nituen haur eta gazte literaturarekin zerikusia
zuten hainbat gauza, istorio fantastikoak gehienak. Niretzat
haurtzaroa beti izan da gai literario handi bat. Estilistikoki
edo literatura aldetik begiratuta haurtzaroa oso interesgarria
iruditzen zait, emozio eta sentimendu handiak kontatu behar dituzulako
baliabide linguistiko murritzekin. Hau kontutan izanda, erronka
literarioa dela uste dut. Gauza serio eta garrantzitsuak adierazi
behar dituzu, baina oso modu errezean, sinplean. Eta sinpletasun
hori estilistikoki oso zaila da, formak garrantzi handia hartzen
duelarik.
Haurtzaro hori bi modu ezberdinetan landu daiteke, alde batetik
helduei zuzendutako idazlanen bitartez, eta bestetik, haurrentzat
eginiko liburu edo ipuinen bitartez. Nik bigarren bidea aukeratu
nuen orain dela urte asko.
-Zuk idatzitako liburu
askok, haurrentzat izanik, oso gai sakonak eta sentimendu bortitzak
azaltzen dituzte... Badago haur literatura
mota bat niretzat oso azalekoa dena, txori eta lorez betetako
literatura "light" mota bat niri ez zaidana gehiegi
gustatzen. Nik uste dut, nire liburuetan kontatzen ditudan istorioak
oso istorio gogorrak izan direla, baina estilistikoki oso modu
sinplean azaldutakoak. Eta sinpletasun horrek lan handia eskatzen
dizu.
-Emakumea zara, haurrentzat
idazten duzu eta gainera euskaraz. Zein neurritan suposatu dute
ezaugarri hauek eragin negatiboa? Emakume izateak sozialki
eta zenbait egoeratan bigarren mailakoa kontsideratua izatea
suposatzen du. Haur literatura aldiz "azpiliteratura"
mota bat da askorentzat. Eta euskarari dagokionez nik uste dut
Euskal Herrian bereizketa nabarmen bat dugula: normalki, estatu
mailan edo europa mailan adibidez, haur eta gazte literaturaren
munduan emakume asko daude, argitaletxetan lan egiten, aholkulari
bezala, idazleak... Emakumeak eta haurrak oso gertu daude bata
bestearengandik, oso normala da beraz haur eta gazte literaturan
emakumeak aurkitzea. Euskal Herrian aldiz oso gutxi gara haur
eta gazte literaturaren inguruan lan egiten dugun emakumeak,
bai argitaletxeetan eta baita idazle lanetan ere. Eta hau oso
arraroa da.
Ikastolan irakasle gisa aritutako
urteak sormen handikoak izan ziren, oso iraultzaileak. Urte haietan
andereño zoragarri askok lan pila bat egin zuten. Beti
harritu nau nola emakume haiek ez ziren ausartu aurrera jarraitzen,
idazleen munduan aurrera ateratzen. Uste dut hau ikerketa sakon
baterako lan polita dela: emakumeek lan asko egin zuten, baina
gero, kanporatzeko garaian ez zuten ezer egin.
-Urte asko pasa dira idazten
hasi zinenetik. Zein aldaketa somatu dituzu euskal literaturan? Nik uste dut Euskal
Herrian haur eta gazte literaturari dagokionez gauza asko daudela
egiteke. Arlo askotan gauza asko falta zaizikigu: gazteentzako
literatura gehiago, hizkuntza mailan horrelako "gazte hizkera"
bat ere falta zaigu, gaztetxoek erabiltzen duten euskara berezi
baten beharrean gaude, gaztelerara jotzen baitute gazte gehienek.
Produkzioa oso desorekatua egon da azken urteetan, narratiba
izan da nagusi eta poesia gutxi izan dugu, haurrentzat ez da
ia antzerkirik egin... Gauza asko falta zaizkigu. Kongresuetan
biltzen garenean guzti honen falta somatzen da eta esan egiten
da, baina orain dela hogei urteko egoera ezagutu dugunok denbora
honetan emandako aurrerapausoak ikusi ditugu. 1974an ez zegoen
ia euskaraz haur eta gazte literatura. Oso denbora gutxian liburu
pila bat idatzi dira eta itzulpen asko egin dira. Hutsune guztiak
kontutan hartuz, denbora laburrean besteen mailan egotea lortu
dugula uste dut.
-Eta, pertsonalki zein
aldaketa antzeman dituzu "Amets Uhinak" (1982) eta
"Amona, zure Iholdi" (2000) liburuen artean? Amets Uhinak liburua ikastolan sortu nituen ipuinen
bilduma bat da. Bertan denetarik dago, beldurrezko ipuinak, fantasiazko
istorioak, intimistak... Gaur liburu hori irakurtzen dudanean
nahiko inperfektua dela konturatzen naiz. Inperfektua baina era
berean freskoa ere badela uste dut, gehiegi pentsatu gabe idatzitako
liburu. Urteekin nire buruarekin zorrotzagoa naizela uste dut.
Nire estiloa zehazten joan naiz denbora honetan, gustatzen zaizkidan
gaiak, ahots narratiboak etabar erabakitzen. Askotan erabili
dut haurraren ahots hori. Amets Uhinak liburuan orain
batzutan falta zaidan freskotasuna nabaritzen dut. Orain ni naiz
nire kritiko nagusia baina esperientzia gehiago daukat. Txan
Fantasma adibidez berehala itzuli zuten katalanera eta baita
gaztelerara ere, liburua iraultzailea eta berria zelako. Autismoaren
arazoa azaldu nuen liburu honetan, neska bakarti baten istorioaren
bitartez. Liburu horrek ate asko ireki dizkit. Beti gorrotatu
izan ditut haurrentzat idatzi diren liburu arrosak, lorez eta
gozokiz jositakoak, literatura "light" merke baten
barnean daudela uste dut. Orain ideia berdina mantentzen dut,
niretzat haurrak txikiak dira baina ez dira inolaz ere ergelak,
serioak dira. Haurtzaroan emozio bortitzenak gertatzen dira,
orduan, zergatik ezin dugu denetaz hitzegin haurrekin?. Hau mantentzea
oso garrantzitsua da niretzat, literaturaren bitartez denetaz
hitzegin dezakegulako haurrekin. Haurrak amodioa, gorrotoa edozer
gauza sentitzen du, baina ezin du sentitzen duenari buruz hitzegin,
eta hori da nire ustez haurtzaroaren drama.
Edukiari dagokionez, haur eta gazte literaturan denetaz hitzegin
daiteke. Forma da zaindu behar dena. Txan Fantasma liburuan
hori egiten saiatu nintzen: autismoaren arazoa azaldu nuen baina
Txan izeneko fantasma txiki baten
bitartez. Hori da haur literaturaren erronka: gauza serioak azaldu
baina forma estilistiko landu baten bidez. Haur eta Gazte literatura
onak ez du heldua aspertzen. Pertsona heldu bat istorio kursi
bat irakurtzen duenean aspertu egiten da, eta hori nik hasieratik
izan nuen garbi: istorio kursi bat kontatu baino lehen hobe nuela
isilik egotea. Beste gauza bat da absurdoarekin eta fantasiarekin
jokatzea edo abenturazko istorio bat azaltzea.
-Istorio berri bat idazten
duzunean, zer datorkizu burura, nondik hasten zara, non dago
inspirazio iturria? Nire baitan istorio
antzerako bat sortzen da, gero folio batzuk idazten ditut. Folio
hauek oso atseginak eta ludikoak izaten dira normalean. Hauetako
istorio batzuk kaxoi batean sartzen ditut eta bertan gelditzen
dira, besteekin aldiz lanean jarraitzen dut. Azken hauekin sortzen
da gero haur eta gazteek irakurriko duten liburua izango denaren
ideia, eta galderak etortzen zaizkit: azaltzen ari naizen
istorioa egokia da?, erabiltzen ari naizen hizkuntza egokitua
dago?... Baina galdera guzti hauek bigarren pauso batean
heltzen dira. Lehenengo pausoa nire barnean gertatzen da: istorio
bat kontatzeko beharra, plazerra edo gustu hori sentitzen dudanean.
Gero haurra dator, beranduago. Niretzat ezinezkoa da enkarguz
idaztea, hamar urtetako haurrentzat adibidez eta naturarekin
zerikusia duen gai bati buruz. Horrelakoei ezetz esaten diet.
-Idazlea, idazle jaiotzen
da, ala denborarekin bihurtzen da nobelaria? Nire ustez, bizitza
honetan oso gauza gutxi izaten dira jaiotzez direnak. Horregatik
oso zaila egiten zait esatea "idazleak jaiotzez direla idazle".
Badago beste zerbait, nik gehiegi ikertu ez dudana: "talentua".
Nik uste dut sentsibilitate berezi bat beharrezkoa dela, mundua
ikusteko pertzepzio berezi bat. Berezitasun hori modu ezberdinetan
gauzatu daiteke, batzuk musika aukeratuko dute, beste batzuk
margoa, beste batzuk literatura. Pertsona asko egongo dira talentudunak,
talentu hori gauzatu ez dutenak. Baina landu egin behar da, eta
idazlea oso egoskorra izan behar dela uste dut. Ordenagailuaren
aurrean eseri behar zara, testuari bueltak eman, idatzi, pentsatu...
Azkenean lana da. Egoskorra izateak esan nahi du testu bera behin
eta berriz miatzen duzula, irakurtzen duzula, zuzentzen duzula.
Idazle batek bi gauza hauek biltzen dituela uste dut: talentua,
eta talentua azken finean sentsibilitate berezi bat da, eta lana.
Eta idazlearena oso lan bakartia da, diziplina eskatzen duena.
Idaztea bakarrik egoten jakitea da eta hori denoi kostatzen zaigu.
-Zein neurritan zara idazle
diziplinatu bat? Ni oso indiziplinatua
naiz. Diziplina kanpotik ezartzen didate, unibertsitatean. Ez
daukat ordutegi finkatu bat, zoritxarrez ez dut oraindik hori
lortu. Gaur gauez, bihar goizez, orain ordu pila bat, gero ezer
ez zaidaleko ezer bururatzen... horrela funtzionatzen dut, idazketa
kontuetan behintzat. Indiziplinatua baina egoskorra naiz. Bernardo
Atxagak esan zidan berak daten arabera egiten zuela lan. Nik
epeak gorrotatzen ditut, sokak dira niretzat. Nire kabuz lan
egitea gustatzen zait.
-Idatziko
duzu noizbait helduentzat? Helduentzat artikuluak
eta kronikak idazten ditut. Literatura oso esparru zabala da,
suertatzen baldin bada ez diot helduentzat idazteari uko egingo,
gustuko dudana nik nahi dudana idaztea da. Agian istorio autobiografiko
bat idatziko dut, nik Parisen igarotako urte haiei buruz, horren
beharra sentitzen dut. Baina ez dut hori egingo helduentzat literatura
delako, hori idazteko gogoa daukadalako baizik. Haur eta gazte
edo helduen literaturari dagokionez mugak askotan oso garbiak
dira, baina beste askotan ez. Literaturak, ona denean ez dauka
adinik. Pinocchio adibidez, zergatik ez da helduentzat literatura?
, mugak oso erlatiboak dira. "Alizia herrialde miresgarrian"
helduei asko gustatu zaie, eta baita "Printze txikia"ere.
Askotan haurrekin didaktikoegiak garela iruditzen zait, beti
zerbait erakutsi nahi diegu, eta nik uste dut hori kaltegarria
dela literaturarentzat. Haurrek ondo baino hobeto dakite noiz
datorren aspirina bat gozokiaren barruan eta noiz den benetazko
gozokia.
-Haurrek ezagutzen zaituzte
kalean edo beste edonon ikusten zaituztenean? Egia esatera, anekdota
politak gordetzen ditut. Baina haur eta gazte literaturan idazleak
ez dauka glamour handia. Normalean, haurrei ez zaie gehiegi
interesatzen istorio hau edo bestea idatzi duenaren izena, askoz
gehiago interesatzen zaie ipuina nolakoa den edo zein sailekoa
den jakitea. Badakit fan talde txiki bat daukadala, baina
tira...
-Guzti hau pozgarria izango
da zuretzat... Bai, baina ez pentsa,
nik uste dut egiazko poza barnetik atera behar dela, bakoitzaren
autokritikaren bitartez.
-Zure buruarekin gogorra
zara orduan... Beno, oso zaila egiten
zait egiten dudanarekin pozik gelditzea, bai nire bizitzan eta
baita nire liburuetan ere. Nire buruari gehiago eskatzen diot,
idatzitakoa ondo dagoela iruditzen zait, baina hobeto egon zitekeela
pentsatzen dut askotan. Argazkiak: Teresa Sala
Euskonews & Media 98.zbk (2000
/ 11 / 3-10) |