1. Emakumeen Eskubide Politikoen
Garapena
XX. mendera arte emakumeak botere
politikoaren ariketatik erabat baztertuak egon dira. Aro Garaikidean
eskubide politikoen eztanda eman zenean ere Ilustrazioak eta
Liberalismoaren pentsakerak aldarrikatzen zituzten berdintasuna
eta askatasuna ez zitzaien emakumeei onartu. Eskubideen unibertsalitatea
ez zen errealitatean gauzatu; horregatik emakumeek beren aldeko
mugimendua antolatu eta hasera batean boturako eskubidea eskatu
zuten. Sufragismoak aurkako erantzun instituzionala eta soziala
oso gogorra jasan behar izan zuen, erakundeek argi baino argiago
ikusi baitzuten Sufragioaren ondorioak oso sakonak izan zitezkeela,
batez ere gizartearen oinarria zen familiaren aldaketa bultza
baitzezakeen, orduraino gizonaren erabateko nagusitasunean egituratzen
zen instituzioa.
Sufragismoaren eraginez mendebaleko
Estatuek pixkanaka emakumeen bozkatzeko eskubidea onartu zuten.
Lehenengoa Zelanda Berria izan zen 1893an, ondoren Australia
1901ean eta Europako Estatu gehienak hurrengo urteetan zehar
aldatu zituzten beren hauteskunde-araudiak (Unión Interparlamentaria,
1992: 17-20). Kasu honetan Finlandia aitzindaria izan zen 1906an
eta Lehenengo Mundu-Gerraren ostean sufragio unibertsalaren hedapen
orokorra ikus ahal izan genuen. 1960 eta 1970 hamarkadetako Mugimendu
Feminista berriak botere politikoarekiko jarrera kontrajarriak
agertu zituen. Iritziak sinplifikatuz esan daiteke Mugimenduan
zeuden korronteek, interpretazio-ildo desberdinetatik abiatuz,
boterearen balorazio baikorra edo ezkorra egin zutela. Alde batetik,
aurkako ikuspegia zegoen eta bestalde, integrazioaren aldeko
jarrera (De Miguel eta Cobo, 1997: 213). Hogeita hamar urteetan
zehar azaldutako gatazka eta iritzi kontrajarrien ondoren egungo
Mugimendu Feministaren gehiengoa boterean eskuhartzearen alde
dago. Honez gero ia erabateko adostasuna ematen da funtsezko
ideia honen inguruan: emakumeak instituzio politikoetan sartu
behar dira.
2. Emakumeak alderdi
politikoetan
Alderdi politikoak elementu desberdinez
osatutako errealitate konplexuak dira eta zeregin ugari dituzte.
Alderdiak gizartearen ordezkaritza eta sistema politikoa mugitzeko
bide nagusiak dira, oinarrizko bi mailatan tresna nagusiak baitira:
alde batetik, eliteak bildu eta aukeratzeko, eta bestetik, hiritarren
partaidetza politikorako, eskubide politikoak burutzeko bideak
dira. Horregatik, emakumeen eskubide politikoak aintzat hartzerakoan
alderdi politikoak nahitaez kontuan hartu behar dira.
Alderdi politikoetan emakumeen
afiliatu kopurua gizonezkoena baino txikiagoa da orokorrean.
Halaber, alderdietako zuzendaritza karguetan, militantzian baino
emakume gutxiago egon ohi dira; horrek esan nahi du alderdiaren
hierarkian gora egiten den neurrian emakume-kopurua murriztu
egiten dela eta hori emakumeak erakundeetan duen partaidetzarekin
lotutako joeraren adierazpena da. Horren arabera, hierarkiako
goiko mailetan emakume gutxiago daude. Joera horri honela deitu
zaio: "handituz doan diferentziaren legea" (Putnam,
1976: 33). Alderdien militantzian eta zuzendaritza organoetan
dauden emakumeen ehunekoen arteko diferentziak analizatzeko egindako
azterketen emaitzek erakutsi dute bi arlo horietan aldea beti
eman ohi dela, zenbait kasutan diferentziak oso handiak direlarik.
Honen inguruan egindako zenbait
azterketen ondorio nagusietako bat ondoko hau da: alderdien ideologiak
eragin handia duela sexuen araberako afiliazioan eta barne egituran
kargua duten emakumeen proportzioan. Ia kasu guztietan gizonezkoak
emakumezkoak baino gehiago izanik, ideologiaren arabera ezkerreko
alderdietan eskuinekoetan baino emakume afiliatu gutxiago izan
dira historian zehar (Bashevkin, 1993: 151). Ezker-alderdietan
langileek eta sindikatuek izan duten garrantzia da arrazoi nagusia,
bertan emakumeek ez baitute partaidetza handirik izan (Lovenduski
eta Norris, 1993: 40). Aitzitik emakumeak eskuineko alderdietako
zuzendaritzako karguetan ezker-alderdietakoetan baino gutxiago
izan dira. Eskuineko alderdietan emakume afiliatuen eta zuzendaritzan
daudenen arteko diferentzia handiagoa da (Bashevkin, 1993: 151),
generalizazio hori askotan mugatu behar den arren. Ezker-alderdietako
zuzendaritzetan (afiliatuen portzentaia txikiagoa bada ere) emakume
gehiago egotearen arrazoien artean ezker-alderdiak mugimendu
feministen postulatuetatik hurbilago daudela azpimarratuko genuke
eta neurri handi batean ideia honekin berarekin lotuta, kuoten
eta beste motako sustapen-neurrien aplikazio orokorra egongo
lirateke (Uriarte, 1995: 131).
3. Euskal Erkidegoko
Alderdiak
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE)
alderdietan ere emakume afiliatuak gizonak baino gutxiago dira.
1995eko datuen arabera, emakumezkoen afiliazio-portzentaia IU-EBren
%23aren eta PPren %41.2aren artean dago (ikus 1. taula). EAEko
alderdiek, orokorrean eta kasu bakoitzean, beste herrialdetako
alderdi gehienetan ematen den emakumezkoen afiliazioaren kopuru
txikiaren joera jarraitzen dute.
EAEko alderdien ezker/eskuin
kokapena kontuan hartuta, ez da emakume afiliatuen kopuruaren
kasuan diferentzia nabarmenik ikusten. Emakumezko afiliatuen
portzentaiarik handiena PP eta EAn (ideologia desberdinekoak)
ikus daiteke. Bi alderdi hauen ondoren, eta urruti samar, HB,
PSE, EAJ eta UA alderdiak egongo dira, ordena horretan; portzentaia
txikiena IU-EB alderdiak izan du. Datu horien arabera, eskuineko
alderdietan emakumezkoen militantzia tasa handiagoa erakusten
zuten joera tradizionalak bat ez datozela euskal errealitatearekin
ikus daiteke.
EAEko alderdiak aztertzen jarraitzeko
independentismo/zentralismo eskalan non kokatuta dauden aztertu
behar da. Hala ere, dimentsio hori ere ez da emakumezkoen afiliazioa
interpretatzeko erabilgarria, goian adierazi bezala kopuru handienak
PPn (joera zentralistaduna) eta EAn (alderdi abertzalea) ematen
baitira. Gainerako alderdien zerrendan, emakumezkoen portzentaia
altuenetik txikienera ipiniz gero, alderdi abertzaleak eta ez
abertzaleak nahastuta agertzen dira. Ezin da esan, beraz, dimentsio
ideologikoek (ezker/eskuin eskalan eta independentismo/zentralismo
eskalan), emakumeek EAEko alderdietan duten afiliazio maila esplikatzeko
balio dutenik.
EAEn alderdietako barne-zuzendaritza
karguei dagokienez, sexuen araberako osaketaren inguruko datuek
erakutsi dute emakumeak gizonezkoak baino gutxiago direla. Hala
ere, joera orokor gisa aipa daiteke gero eta emakume gehiago
daudela kargu horietan. Bestalde, afiliazio kopuruarekin konparatuta,
buruzagitzan emakumeen portzentaiek beherantz egin dute, PSE
eta IU-EB alderdien kasuetan izan ezik: bi hauetan buruzagitzan
oinarrian baino emakume gehiago daude proportzioan; halaber,
PSE alderdian zuzendaritzako erakunde gorenean postuen %34,5
emakumeek betetzen dituzte, portzentaiarik altuena (ikus 1. taula).
Azpimarra daiteke bi alderdiek ezker-ideologia dutela, eta beste
hainbat neurriren artean, emakumeen ordezkaritza sustatzeko kuoten
sistema erabiltzen duten alderdi bakarrak direla.
1. TAULA
EAEko ALDERDIEN EMAKUMEEN PORTZENTAIAK
AFILIAZIO ETA ZUZENDARITZAN
|
AFILIAZIOA
(1995) |
ZUZENDARITZA
(2000) |
|
Emaku-
meak |
Guztira |
% |
Emaku-
meak |
Zuze. Guztira |
% |
EAJ |
8697 |
31974 |
27.2 |
1 |
12 |
8.3 |
EA |
5810 |
14792 |
39.3 |
5 |
18 |
27.7 |
HB |
-- |
-- |
30 |
2 |
24 |
8.3 |
PSE |
2791 |
9500 |
29.4 |
10 |
29 |
34.5 |
IU-EB |
253 |
1100 |
23 |
6 |
20 |
30.0 |
PP |
953 |
2314 |
41.2 |
13 |
53 |
24.5 |
UA |
252 |
945 |
26.7 |
7 |
30 |
23.3 |
ITURRIA: Emakunde (1994): Participación
de las mujeres en la actividad política en Euskadi.
Vitoria, Gobierno Vasco, 54-56. or. eta alderdiek emandako datuak.
Herri Batasunak ez du militanteen erregistrorik; hortaz, koalizioak
emandako ehunekoak gutxi gora-beherakoak dira.
Kontuan hartutako bigarren sailkapenari
dagokionez, alderdiek zentralismo/independentismo ardatzean duten
kokapena, azpimarratu behar da bi alderdi abertzaleetako (EAJ
eta HB) zuzendaritzek emakume-kopuru baxuena dutela. EAJren kasua
oso nabarmena da; gaur egungo zuzendaritzan emakume bakar bat
dago, aurrekoan berriz bat ere ez. HBko Mahai Nazionalean bi
emakume besterik ez daude.
4. Azken gogoeta
Zalantzarik gabe, XX. mendean
zehar emakumeen lorpenak ugariak eta garrantzitsuak izan dira.
Hala ere, egungo legeek eta konstituzioek hiritarren berdintasuna
aldarrikatzen duten arren, gizartearen errealitatean sexuan oinarritzen
den diskriminazioak bizirik dirau: oraindik emakumeek arazo larriak
dituzte (pobrezia, langabezi tasa handiak, euren aurkako biolentzia,
e.a) eta arazo horietako bat emakumeek erakunde politikoetan
duten presentzia murritza da. Azken urteotan proposamen ezberdinak
egin dira honen inguruan: zenbait alderdi politikoek, euren erantzunkizuna
onartuz, neurriak hartu dituzte, horien artean polemikoena kuota
izanik. Presentzia politikoa bermatzeko legeak ere erabili izan
dira. Hortxe dugu, esaterako, Frantziako Asanblada Nazionalak
onartu berri duen parekotasun politikoaren legea. Neurri hauek
guztiek abiapuntu bera dute: emakumeak erabaki guneetan egon
behar direla, bere presentzia politikoa beharrezkoa dela, alegia.
Arrazoi ezberdinak aipa daitezke hori ulertzeko: alde batetik,
emakumeek bere arazoak eta eskakizunak planteatzeko eskubidea
dutela; baina badago beste argudio nagusi bat, esparru politikoan
emakumerik ez egoteak eragin negatiboa duela emakume guztiei
buruz dagoen irudian eta balorazioan. Emakumeen bereizkeria ez
da instituzio politikoen kontu soila eta emakumeen mugimenduaren
zereginak ezin dira parekotasunera mugatu. Baina politikaren
islada beste arloena baino askoz ere handiagoa da, gizartearen
arazoak eta asmoak jasotzen duen ispilu nagusia baita. Hortaz,
parekotasun politikoaren bitartez emakumeenganako gizartearen
begirunea bultza daiteke eta, honela, gizaki bezala dagokien
duintasuna aldarrikatzeko bidean aurrera joan gaitezke.
Bibliografia
BASHEVKIN, Sylvia B. (1993): Toeing the Lines: Women and Party
Politics in English Canada. Toronto, Oxford University Press.
DE MIGUEL, Ana eta COBO, Rosa (1997): "Implicaciones
políticas del feminismo", Quesada, Fernando (ed):
Filosofía Política: Ideas políticas y
movimientos sociales. Madrid, Trotta, 203-215.
ELIZONDO, Arantxa eta MARTÍNEZ HERNÁNDEZ, Eva
(1995): "Presencia de Mujeres y Política para
la Igualdad entre los Sexos: el caso de las Instituciones Políticas
Vascas (1980-1994)", Revista de Estudios Políticos,
89, 345-368.
ELIZONDO, Arantxa (1999): La presencia de las mujeres
en los partidos políticos de la Comunidad Autónoma
del País Vasco. Vitoria, Gobierno Vasco.
LLERA, Francisco J. (1994): Los Vascos y la Política.
Bilbao, Universidad del País Vasco.
LOVENDUSKI, Joni eta NORRIS, Pippa (1993): Gender and
Party Politics. London, Sage.
PUTNAM, Robert D. (1976): The Comparative Study of
Political Elites. Englewood Cliffs, New Jersey, Prentice
Hall.
UNIÓN INTERPARLAMENTARIA (1992): Las Mujeres
y el Poder Político. Encuesta realizada en los 150 Parlamentos
Nacionales existentes al 31 de Octubre de 1991. Madrid, Congreso
de Diputados.
URIARTE, Edurne (1995): "Mujer y Política
en España", Sistema, 124, 121-136.
URIARTE, Edurne eta ELIZONDO, Arantxa (ed) (1997): Mujeres
en Política. Barcelona, Ariel.
|
Arantxa Elizondo
Lopetegi, Politika-Zientziako Saileko Irakaslea, EHU |