|
Gogoan dut filmazio batean izan nintzen
lehenbiziko aldia, 14 urte neuzkala. Oroitzapenean gelditu zaidan
uneetako bat, ispiluari begiratu behar nion sekuentziaren filmaketari
dagokio. Ispiluaren aurrean ipini nintzen, baina kamerak nire
begiradaren isla harrapatu ahal izateko, "pixka bat ezkerralderago"
joan behar nuen. Eta ni, jakina, mugitu egiten nintzen. "Pixka
bat gehiago, gehixeago, gehixeago, gehixeago... Hortxe!".
Hemen?- pentsatu nuen neure baitan, txantxetan ari zirelakoan,
baina ezer galdetzera ausartu gabe. Ispiluari begira nengoen,
baina neure burua ikusi gabe, aurrean neukan pareta zuriari begiratzen
nion-eta, kamerak zinema egiten zuen bitartean. Ala euskal zinema
esan beharko nuke?
Lerro hauek idazteko eskatu zidatenean,
behin eta birritan irakurri nuen gai eta izenburutzat ipini zidatena:
"AKTOREAREN LANBIDEAK EUSKAL ZINEMAN DAUZKAN AUKEREN
INGURUAN". Eta zinemarekin izan nuen lehenengo harreman
hura etorri zitzaidan orduan gogora, izenburua filmatutako eszena
hura bezain irreala iruditzen zait eta. Aktore batek euskal zineman
zein aukera dauzkan pentsatzera narama.
Pentsatzen jarrita, demagun hemengo
aktore batek, gizon nahiz emakumea, hemengo zineman aritu nahi
duela. Hau da, esklusiboki zineman aritu nahi duela, eta esklusiboki
hemen bertan aritu nahi duela. Antzerkia nahiz telebista bezalako
beste hedabideak "ukitzeko" tentazioari uko eginez.
Aktore
honek, behin erabakia hartutakoan, eta dohainak dauzkala suposatuz,
film asko filmatuko direnaren zain egon behar du. Eta filmatuko
diren horien guztien artean, bere adin, egoera, itxura eta abarretara
egokituko den paperen baten zain. Eta zuzendariak edota casting-eko
zuzendariak beregan konfiantza izan eta gustatzearen zain. Eta,
noski, probetan ez du urduriegi jarri beharko. Eta famatua izan
beharko du, edo ez, horrela, zuzendari horrek aurkitu beharreko
aktore errebelazioa izateko moduan egongo da-eta.
Oztopo horiek guztiak gainditu
ostean (eta ez dira ez gutxi), eta talde bikain batekin aurrekontu
txikiko film bat filmatu ondoren (hori abantaila handia da gero
hemengo zineman), filmak ondo gelditu behar du (ondo geldituko
ahal da! Normalean bai). Banaketaren kontua dator ondoren, eta
hori ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Eta...
...Buelta berriz ere. Beste proiektu bat, aktoreak haragitzeko
moduko beste pertsonaia bat. Beste proba batzuk. Agian bere izena
ezagunagoa izango da aldi honetan, baina ez gehiegi, edota agian
"ikusiegia" egongo da, edota...
Bistan da aktore honek ez duela
etorkizun liluragarririk izango; beraz, bi aukera izango ditu:
edo zinemako aktore bakarrik izaten jarraitu, eta horretarako
filmak egiten diren lekuetara joaten ibili beharko du (euskal
zinema ote den edo ez begiratu gabe), edo beste hedabideetan
ere aktore lanak bilatzeari ekin (telebistan nahiz antzerkian).
Tira...
Gidoilariei, elektrikariei, argiketariei
eta abarri beste hainbeste gertatuko zaiela pentsatzen dut...
eta, eremuz aldatuz, baita futbolariei ere! (Hara! Oraingoan
ezin emakumezkoak barnebildu. Lastima!). Futbolaren kasuan, esaterako,
lanbidearen ordezkari nagusiak (singularra erabilita ere nintzateke
oker ibiliko) milioiak kobratzen dituzten figura handiak dira.
Zinemako antzezpen ederrenak bezala komentatu eta gogoratzen
dira beren jokaldiak. Baina badira "beste" talde batzuk
ere, talde handi eta jokalari handi gutxi horiek existitzeko
beharrezkoak direnak. Beren futbol zelaiak ez daude "partiduetan"
ikusten ditugunen baldintzetan, eta ez daukate "beste"
zelaietan egoten den zaletu talderik beren jokoa animatzen. Eta
ezin dute baldintza egokietan entrenatu, baina izerditu, beste
guztiek bezala izerditzen dute. Eta euskal taldeetan, azkenean
atzerritarrak dira gehien kobratzen dutenak. Eta asko kobratzen
duten euskaldunek, euskalduna ez den talderen batean dabiltzalako
kobratzen dute asko. Salbuespenak ere badaudela? Jakina! Euskal
zineman ere bai. Eta harrobiaren aldeko apustua egiten duten
ekoizleak ere badaudela? Baita ere! Eta zuzendariak, eta ikusleak,
eta... denetarik.
Azken batean, euskal zineman
film gutxi eta label asko daudela esango nuke. Eta aktorearen
ogibideak euskal zineman daukan aukera bakarra askoz ere film
gehiago egitean datzala. Bizi gaitezela hori ikusteko! ... Edo
film horiek ikusteko! ... Edo film horietan lan egiteko! Eta,
hau guztia, irreal eta harrigarri samarra izan arren, ispiluari
begira dauden baina berez aurrean daukaten paretari begiratzen
dioten aktoreak bezala, baina zinemari esker gauzak beste modu
batera ikusten ditugula. Izan ere, zinema edozein errealitate
aldatzeko gai da. Eta Hollywood sortu baldin bazen, eta baita
Boolywood ere, zergatik ez... Txoriwood? Aitzpea Goenaga,
aktorea |