Nola 1993an iparraldean ez zen ikus-entzunezko profesional
egiturarik, Lan Berri elkarteak erabaki zuen hutsune hori betetzea,
Comedia Productions sortuz. Elkartea bi ardatzetan garatu da:
ekoizpen dokumentala eta ekoizpen instituzionala.
Dokumentalari buruz, nahiz eta Europako eta Frantziako erakundeek
kalitatezko ekoizpen batzuk saritu dituzten jaialdietan, holako
lanentzat diru iturriak aurkitzea, oraino zailtasun handiena
da.
Holako diru laguntzak eskuratzen direlarik, telebista kateek
baldintzak jartzen dituzte hedabide hitzarmenak izenpetzerat
behartuz. Horiek lortzeko, behar da merkatua biziki ongi ezagutu,
bai eta ere erosleak eta programazioen arduradunak.. Erran nahi
baita harreman iraunkorrak behar direla atxiki beti, erabakiguneetan,
eman dezagun Frantziakotzat Parisen.
Horregatik ekoizpen dokumentalen %95a Pariseko elkarteek, Capa
bezalakoek, dute burutzen. Beste %5ak Frantziako eskualdetan
egiten da eta hor Iparraldea dago. Holako lanek diru zama handiak
eskatzen dituzte proiektua egin aintzin eta gero emaitza gutti
lortzeko eta gainera segidarik gabe.
Horra zergatik Comediak nahiago duen aholkulari lana bete, enpresei,
lekuko elkarteei eta administrazioari ikus entzunezko gaiak eskainiz.
Iparraldeko eremua ttipia da. Lantegi ttipiek eta ertainek osatzen
dute lekuko ekonomia. Horien aldetik galde gutti. Ezin da konparatu
estaduko edo nazioarteko elkarteekin: Alstom, l'Oréal,
EDF, adibidez Comediaren bezeroak dira. Gelditzen dira ekoizpen
ttipiak eta ertainak (40 eta 150 KF artekoak) eta iparraldean
agerraldi edo gertakari bereziak badirelarik lau edo bost lantegi
ttipien artean banatzen dira.
Lekuko elkarteei buruz, ikus entzunezko tresna ez da oraino euskarri
bezala biziki erabilia. Hala ere, gertatzen da noiz behinka erreportaiak
egitea lekuko gertakari baten erakusteko. Bainan oraino nola
elkarteek Euskal Herritik kanpo dei egiten duten holako lanentzat,
kalte egiten diote lekuko ikus-entzunaren garapenari: adibidez,
Euskal Kultur Erakundeak Bordeleko elkarte bati egin arazi dio
iparraldeari buruzko filma bat. Iparraldeko gaietan, ezohizko
berrien emaiteko Comedia daukate bitartekori arrunta telebista
kateek Canal +, TF1, France 2, France 3, ARD, Reuter TVS gure
egiturak erabiltzen dituzte gaiak grabatzeko eta TDFen bitartez
hedatzeko baina hori ez da eguneroko lana.
Bistan dena Iparraldean nagusi direnak France 3 eta ETB dira.
France 3 Euskal Herrik bere bederatzi lankideekin, egunero sei
minutuko berriak hedatzen ditu eta astero hamahiru minutuko aldizkari
bat ekoizten du. ETB.ek egunero sei minutuko berriak zabaltzen
ditu. Nola bi urtez Comediak aurkeztu duen astero hogei minutuko
aldizkari bat, ETB.ek eskaini dio iparraldeko ekoizpen guzia
bere gain hartzea: ETB1 eta ETB2-entzat berriak eta kirolak.
Lankidetza horrek egitura berri bat sortu du "Euskal Media",
ikus-entzunezko prentsan aditua. Comedia - Euskal Media bikoteak
Iparraldeko ekoizpenari bultzada berri bat eman nahi dio.
Xabi Hiriart,
ikusentzunezko egilea
E-MAIL: comedia2@wanadoo.fr |