|
Mexiko aldean, Alejandro Dumasen eleberri
ezagunaren bi zatien izenburuan oinarritutako esaera bat erabili
ohi da. Ez dakit beste inon halakorik erabiltzen ote den, baina
han behintzat zera esaten da: "Ez dira gauza bera HIRU MOSKETARIAK
eta HOGEI URTEREN ONDOREN..."
EUSKONEWSerako "Euskal Herriko
EGUNGO film laburren eta IKUSKEN GARAIKOen arteko alderaketa"-ren
inguruko zerbait idazteko eskatu didatenean, esaera hori etorri
zait gogora...
Ez da harritzekoa. Izan ere,
herrialde hartatik etorri berria nintzen Ikuska Saila sortu genuenean
(eta ez da plural maiestatikoa... asko ginen tartean -alfabetikoki-
: Javier Aguirresarobe, Juanba Berasategi, Daniel Gil, Luis Iriondo,
Koldo Izagirre, Bixente Karda, Alberto Mayán - in memorian
-, José Luis Zabala... eta beren laguntza osoa eskaini
ziguten Erakundeak - CAJA LABORAL POPULAR, ORBEGOZO INSITUTUA,
gerora CEGASA...- ).
Hogei urte baino gehiago igaro
dira ordutik...

"Ikuska-5"en
filmaketa. Kamara atzean Xabier Agirresarobe.
Atzerago Koldo Izagirre eta Antxon Ezeiza.
Gauzak, jakina, asko aldatu dira,
eta eremu guztietan gainera, baina badira lehengo horretan dirautenak
ere...
Film laburren EGUNGO egoerari
dagokionez, lehenik eta behin aitortu behar dut ez dudala gehiegi
ezagutzen...
Hortaz, zuzenagoa eta praktikoagoa
izango da garai hartako egoera deskribatzea,
eta gure lanean eta irizpideetan izan zuen eraginaren berri ematea...
Beraz, gai honetan interesa daukanak
orduko koordenatu objektibo nahiz subjektiboak gaur egungoekin
"gurutzatu" ahal izango ditu, "konparaketa"
egin ahal izateko.
Goazen 77 eta 78. urteetara
Ez nintzen Euskal Herrira itzuli
zen bakarra izan... beste lagun asko etorri zen erbestetik, kartzelatik,
edota beren kontzientzia kultural eta nazionalak ilundu zituen
gau frankistatik...
Guztiok geneukan (horixe...
pluralean, inolako salbuespenik egin gabe...) GEUREAK izango
ziren Gizartea, Morala, Kultura, Artea...eta baita Zinematografia
SORTZEKO grina...
Ez zegoen ez Euskal Erakunderik,
ez Estatuturik, ez ETBrik...
Ez zegoen Euskal Zinemaren ametsa
- bakoitzak gura bezala ulertuta - egia bihurtzeko gai zen "euskal
zinemagilerik"... Teknikoki kapaz ziren gehienek aurreko
urteetako "buru argien ihesean" hartu zuten parte...
hizkuntza eta errealitate zehatza falta zitzaizkien...
Joan ez ziren batzuek bazeuzkaten ahalmen horiek, baina apur
bat gehiago ikastea falta zitzaien, zinematografiaren inguruan
benetan jardutea...
Ez zegoen, inondik inora, Euskal
Zinematografia sortzeko azpiegitura industrial, tekniko nahiz
ekonomikorik, Euskal Zinematografia bakoitzak nahi bezala ulertuta...
 Joseba Elosegi Gernikako
bonbardaketari buruzko "Ikuskan".
Koordenatu hauek guztiek IKUSKA
sortzeko erabakia hartzera eraman gintuzten, hau da, "gaurkotasuneko
gaiei buruzko erreportaietara".
Eta, horrela, zera erabaki genuen:
SERIE bat izan zedila (20 egin
ziren guztira), ikasteko orduan JARRAITASUNA izateko, egileen
aldetik ANIZTASUNA egon zedila ("gazteak" eta "zaharrak";
hots, hemen bizi zirenak eta "buru argien ihesekoak"),
eta planteamenduen aldetik PLURALTASUNA.
EUSKARAZ filmatzea
Beste ezeren gainetik, Euskal
Zinematografia Nazionalerako oinarriak finkatzea...
HOGEI URTE IGARO DIREN HONETAN,
garai ona da hartutako erabakiei eta koordenatuak interpretatu
genituen moduari buruzko kritikak egiteko...
Nolanahi ere, bata zein bestea
erabilgarriak izango dira GAUR EGUNGO interesatuek egungo egoera
aztertzeko eta "IKUSKEN GARAIKO"-arekin alderatzeko. Antxon Ezeiza,
zine zuzendaria
Argazkiak: José María Unsainen "El cine y
los vascos" liburutik (Eusko Ikaskuntza, cuadernos de sección
cinematografía) |