Laurogeita hamarreko hamarkadan zehar,
euskal zinematografiaren egoerarako erabakigarriak izan diren
bi ezaugarri jazo dira. Lehenengoa, talentu artistiko bikaina
daukaten zuzendari gazteen
belaunaldia sortu izana, hain zuzen ere Euskadiko zinema sormenezko
krisi egoera frustratuan zegoenean, hau da, laurogeigarren hamarkadaren
amaieran eta laurogeita hamarrekoaren hasieran. Bigarrena, Eusko
Jaurlaritzaren politika zinematografikoak izan duen errotiko
norabide aldaketa; izan ere, laurogeigarreneko laguntza hutsaletarako
joera alboratu, eta bide berri bat hartu baitu. Euskal Media
sozietate publikoak hartu du protagonismo guztia, eta, inbertsio
publikoa errentagarri bihurtzeko, koprodukzioan sartu da Eusko
Jaurlaritza sozietate honen bitartez.
Bi gertakari hauen baturak (alegia,
talentu handiko zinemagileak batetik eta oldarkor zein handizaleagoa
den gobernu politika bestetik), Euskadiko zinemak laurogeita
hamargarrenean etorkizun oparoa
izango zuela pentsaraz zezakeen; ostera, zinemagile dezentek
Gasteizko Kultura Sailarekin laurogeigarren hamarkadako bigarren
erdialdeaz geroztik zituzten harreman txarrek okerrera egin zuten
Euskal Media sortzearekin batera. Zenbait produkzio etxeri dirua
esleitzerakoan izandako faboritismoen inguruko salaketek kiratsa
zerion giroa gaiztotu besterik ez zuten egin, eta azkar batean
erabat zapuztu ziren giro harmoniotsurako itxaropen guztiak.
Ondorioz, eta ulergaitza dirudien
arren, laurogeita hamarreko tarte handi batean Euskal Mediak
bizkarra eman zien zinemagile euskaldunen proiektu interesgarri
eta arrakastatsuenei, eta zuzendari asko Euskaditik kanpo joateko
beharrean ikusi ziren. Hortxe ditugu Alex de la Iglesiaren Acción
mutante (1993), Julio Medemen La ardilla roja (1993),
Imanol Uriberen Días contados (1994), Daniel Calparsororen
Salto al vacío (1995), Montxo Armendárizen
Historias del Kronen (1995), Alex de la Iglesiaren El
día de la bestia (1995), Julio Medemen Tierra
(1996), eta abar. Film hauek guztiak Euskal Herritik aldentzen
joan ahala, Euskal Media -zorioneko salbuespen batzuk kenduta-
, kritika eta ikusleei apenas edo deus interesatzen ez zaizkien
obretan murgiltzen ari da. Prozesu mingarri honek izango du bere
eragina Euskadiko zineman, beheratu egingo baitira bere kalitatea
eta identitatea. Nolanahi ere, 1997az geroztik, eta apur bat
bada ere, izango da aldaketarik; Kultur Saila berriak laurogeita
hamarreko ildo nagusia eten, eta, azken urteetan euskal erakundeek
bidegabeki alboratutako bi zinemagile ospetsuk ekoiztu eta zuzendutako
Secretos del corazón filman sartuko da Euskal Media;
Imanol Uribe eta Montxo Armendárizek alegia.
Honi guztiari beste ezaugarri
bat ere gehitu behar zaio: Euskadiko zinema, bere hastapenetatik
hasita, ez da edukiari dagokionez homogeneotasunik eskaintzeko
gai izan. Laurogeita hamarreko hamarkadan,
gainera, are handiagoa izango da gaiaren inguruko askatasuna,
eta jada ez da "derrigorrezkoa" izango film orotan
herrialdeak bizi duen gatazka politikoa islatzea. Bi alderdi
azpimarratu behar dira: batetik, komediak indar bizia hartuko
duela, aurreko hamarkadan ia erabat baztertuta egon ostean, azalekotzat
eta euskal errealitate sozio-politikoarekin bateraezintzat jotzen
zelako.
Bigarren, aipatzekoa da hirurogeita
hamar eta laurogeigarren hamarkadatan hain present egon zen zinema
politikoaren desagerketa. Egia da, hala ere, 2000ko hasieran
Helena Taberna zuzendariaren Yoyes estreinatu zela, euskal
zineman ETAri buru sekula egin den filmik onenetarikoa, baina
arau nagusiaren salbuespena besterik ez da film hau, Días
contados bezala. Ezer gutxi dago laurogeita hamarreko euskal
zinema politikoan, eta dagoena ez dago oso inspiratua, zoritxarrez.
Ekoizpena estutzen zuten korapiloak
askatzen lagungarri zatekeen egoera honek, baina, gauza batzuengatik
eta besteengatik are gehiago nahastu zuen ordurako nahiko aldrebes
eta kaotikoa zen egoera. Laurogeita hamarreko hamarkadan benetan
konplexua ageri zen
Euskadiko zinema: kulturaren politika desegokia izan zen bere
hastapenetan, baina amaiera aldean pixkanaka bide onari heldu
zion, nahiz eta bere betiko zehazgabetasuna mantenduz; talentu
handiko zinemagileek, "euskal zinemaren" zigilua eraman
beharrean, Madrilera joan behar izaten dute, euskal zinema benetan
erasanda utziz; Euskadiko zinemaren historia laburrean parekorik
izan ez duten zuzendari, aktore eta teknikoak izan dira; aurrekontu
teknikoaren aldetik aparta den film sorta egin da; gaiari dagokionez
sekulako homogeneitate falta somatu da, eta abar.
Argi dago Euskal Herriko zinea
zalantzaz beteta sartu dela 2000. urtean bere finantzaketa publikoari
eta izaerari dagokionez, baina garrantzitsuena, talentua alegia,
laurogeita hamarreko hamarkadak zinemari eta euskal kulturari
eskaini diona, betiko izango da hor. Carlos Roldán
Larreta, Arte Historian doktorea
Argazkiak: Carlos Roldánen "El cine del País
Vasco: de Ama Lur a Airbag" liburutik (Ikusgaiak-3 cuadernos
de cinematografía de Eusko Ikaskuntza) |