Luis Olarraren aurpegiak (Tolosa, 1902-X-9),
97 urteko bizitza luzean zehar ezagututako poz eta atsekabeak
islatzen ditu; hainbeste dira urte horietan guztietan zehar bizitutakoak:
gerra zibileko une lazgarriak, Miguel de Unamunorekin hil baino
hamabost egun lehenago izandako elkarrizketaren oroitzapen gogoangarriak,
1964ean Helsinkiko Bake Biltzarrera joan zenekoa, eta abar. Donostian,
Parisen, Londresen eta Benidormen bizi ostean, Tolosara itzuli
da Olarra, "azken egunak etxean emateko". Txundigarria
da bere oroimenaren fideltasun eta zehaztasuna; izan ere, mota
orotako datu, izen nahiz datak gogoratzen ditu, dela Asturiasko
Iraultza, Errepublika aldarrikatu zenekoa, edo Pío Barojaren
heriotzaren ingurukoak. Errealitatea goitik behera aldatu zuten
gertakarien lekuko, Emeterio Arreseren moduko olerkari eta artisten
adiskide izana da.
-Zeu izan zinen Miguel
de Unamuno elkarrizketatu zuen azkena. Nola joan ziren gauzak?
Oso ongi gogoratzen dut egun hura. 1936ko abenduaren 15ean izan
nintzen berekin, hil baino hamabost egun lehenago. Hilabete neraman
Salamancan nire emaztearekin, baina zaindariak egoten ziren bere
etxeko atarian, eta ez nintzen bisita egitera ausartzen. Hala
ere, abenduko arratsalde hartan, atarian ia inor ez zegoela ikusirik,
gora igotzea erabaki nuen. Bere alaba batek zabaldu zidan atea,
eta barrura sartzera gonbidatu ninduen. Berehala azaldu zen don
Miguel de Unamuno. Arratsalde guztia eman genuen hitz egiten,
gauza askori buruz gainera. Bandera gorri-horiari buruz aritu
zen, esaten horiak zornea adierazten zuela eta gorriak odola.
Haserre bizian, ezin zuela gehiago jasan oihukatzen zuen: "Egunen
batean, Plaza Mayorren erdira atera, eta Franco eta bere jarraitzaileak
hiltzaileak direla esaten hasiko naiz". ("Alderdi" aldizkarian
garatuago argitaratua, 214-215 zkia., 1965. urtea).
-Hortaz, ez dira benetakoak
Unamuno frankista zela dioten zurrumurruak...
Ez horixe. Nazkatuta nengoen Unamunok pentsatzen eta sentitzen
zuenaren inguruan hainbeste gezur eta lelokeria irakurtzeaz.
Horixe izan zen elkarrizketa hura egitera bultzatu ninduen arrazoi
nagusia. Bere bila joanez gero, "zerraldo" atera
beharko zutela esan zidan. Gerora, Ramón Gómez
de la Serna Ameriketan Miguel de Unamunori buruzko biografia
bat idazten ari zela jakin nuen. Prentsa frankistaren erruz,
Unamuno falangista zela pentsatuz aldegin zuen Espainiatik, eta,
beraz, gutun bat idatzi nion, don Miguelen ideiak argituz. Zera
erantzun zidan: "zure gutuna jasotakoan, urtetako lan
guztia apurtu dut". Ramonek nigan sinetsi eta jada bukatuta
zeukan liburua desegin izana da hunkitzen nauena.
 José Manuel Atxaga,
Luis Olarra eta Juan Garmendia Larrañaga.
-98ko belaunaldiko idazle
asko ezagutzeko parada izan zenuen. Inoren lagun min izan al
zinen?
98ko belaunaldiko idazle askoren adiskidea izateko zoria izan
dut. Dezente gazte ezagutu ditut: Valle Inclánen semea,
Marquelie, Emma Penella, Julio Camba, eta abar. Egunero-egunero
Maximoren tabernan bazkaltzen zuten, eta ni noizean behin Julio
Caro Barojarekin joaten nintzen hara. Nahiko harreman ona neukan
Pío Barojarekin ere, eta bere anaia Ricardorekin, Antonio
Machado, Marañón, Azorín, Emeterio Arrese,
Felix Urabayen, Antonio Espina eta abarrekin.
Ramonek eta biok asko idazten genion elkarri. Buenos Airestik
bere liburu batzuk bidali zizkidan, oso eskaintza politekin,
eta argazki bat ere bai, bere "aparteko adiskidetasuna"
eskainiz.
-Ba al da urte haietako
oroitzapenen artean bereziki gogoratzen duzunik?
Pío Barojaren heriotza, 1956ko urrian. Ni izan nintzen
gau hartan hilotza gaubeilatu zuen bakarra. Juliok ez zion beste
inori utzi. Goizean goiz, hilkutxa ekarri zuten, goialdean gurutze
handi bat zeukala. Arteta sendagileak, gurutzea ikustean, protestatu
egin zuen, eta kentzea pentsatu, baina lehendabizi Juliori bere
iritzia eskatzera joan zen, eta kentzeko baimenarekin itzuli
zen.
Jarraigoa abian jartzen ez zela ikusirik, Val y Vera sendagileak
ehorztetxeko mutiko bati galdetu zion, "zeren zain gaude?",
eta honek erantzun "apaizen zain". Orduan Val y Verak:
"lurperatze honetan ez da ez apaizik eta deus behar".
Eta abian jarri ziren. Han ziren, besteak beste, Francoren ministro
bat, Hemingway eta Camilo José Cela.
-Gerra eta diktadura garaian
ere ateo gisa azaltzen al zenuen zeure burua?
Frankismoko urteetan, behin ere ez nintzen eliza batean sartu,
ezkontzeko izan ezik, nire Emaztearenganako errespetuagatik.
-Ezustekorik ere sortaraziko
zizuten zure printzipio eta ideiek...
Egia esan, kasualitateak eta benturak behin baino
gehiagotan askatu naute heriotzaren hatzaparretatik. Kontatuta
ere sinestezina dirudi. 1936ko uztailaren 18an Gasteizen nintzen,
andregaiari, Pilar Sánchez Bordonari, ikustaldi bat egitera
joana bainintzen. Oso gustura ibiltzen nintzen Arabako hiriburuan,
han inork ez baininduen ezagutzen. Baina erreketeek Tolosa hartu
zutenean, izua sartu eta etxera itzuli nintzen. Iritsi bezain
laster, ordea, alde egiteko esan zidan aitak, errugabe asko beren
pentsamoldeagatik erailtzen ari zirela-eta. Ibiltzeko baimenak
kanpotar batzuei esker lortu, eta Gasteiza itzuli nintzen, eta
hara non iritsitakoan, ni joan ondorengo gauean "paseotxoa"
egiteko nire bila ibili zirela esan zidaten, gauero norbait fusilatzen
zuten lekura eramateko. Kasualitate horrek bizitza salbatu zidan.
-Centro Republicano-ko
kide ere izan zinen...
Bai, gaztetandik ibili nintzen Tolosako Centro Republicano-an.
Garai batean zuzendari eta liburuzain ere izan nintzen, baina
Alcalá Zamora presidentearen jokaera moderatu eta kontserbadorea
ikusita, utzi egin genuen David Álvarez eta biok. Unamunorekin
egon ostean, Tolosan nenbilen goiz batean, guardia zibil batek
eta errekete batek atxilotu eta komisario baten aurrean deklaratzera
eraman ninduten, baina azken honen oker batengatik aske utzi
ninduten. Horra hor heriotzetik askatu ninduen beste kasualitate
bat.
Beti izan naiz lagunez inguratuta, sekula ez baitiot inori kalterik
egin. Bi bandoetan neuzkan lagunak, eta komisarioak, kanpokoa
zenez gero, Tolosako buruekin hitz egin behar zuen lehenengo,
eta hauek, antza, erreferentzia onak eman zizkioten niri buruz.
Erabat txundituta zegoen komisarioa.
Komisaldegikoek fusila hartu eta beraiekin batera borrokatzeko
esan zidaten, baina nik ezetz erantzun nien. Orduan, bulegoren
batean beraientzat lanean aritzeko. Lasai asko esan nien sekula
ez nintzela beraientzat lanean arituko, lotsa handia emango lidakeela.
Eta alde egiten utzi zidaten. Ez zait asko gustatzen niri buruz
hitz egitea, ipuin bat kontatzen ari naizela dirudi-eta...
-Interesgarrienetan interesgarriena
den ipuina baina...
Egia esan, hainbeste urte igaro ostean, atzera begiratzean, bizitza
desberdin asko bizitu ditudala iruditzen zait. Hainbeste dira
gertatu zaizkidanak...
-Zertan aritu izan zara?
Zein lanbidetan?
Gaztetan, gaixo nengoela-eta, Batxillergoko ikasketak laugarren
mailan utzi behar izan nituen. Eskolak udan jasotzek aukera eskaini
zidaten, baina besteak igeri egitera zihoazen bitartean ikasten
gelditzeak ez zidan inolako graziarik egiten. Orduan, nire gurasoei
nahigabe handia emanda, ikasketak utzi, eta aitaren Txokolategian
lan egiten hasi nintzen.
Pinturarako
zaletasunak bultzatuta, Donostiako Foru Aldundiko Artista Berrien
koadro bat aurkeztu eta sari bat eskuratu nuen, baina Pradoko
Museoan eta Toledon Grekoaren obra ikusi bezain laster utzi egin
nion margotzeari, margotu beharreko guztia ordurako margotuta
zegoela konturatu bainintzen.
Tolosan hamabostean behin argitaratzen
genuen BOLAS aldizkarian olerkiak idazten hasi nintzen.
"Olerkari txokolateroa" deitzen ninduten. Orduan ezagutu
nuen Emeterio Arrese, inoiz izan den euskal olerkaririk onena.
Baina beste garai bat zen hura... Geroago litografiari ekin nion,
beti gustatu izan baitzait arte hori, eta eraikuntzako langilea
ere izan nintzen, Kasinoko bazkidea nintzen aldi berean.
Bartzelonan lanik gabe gelditutakoan,
Madrilen Katastroko lanpostu batzuetarako oposaketak prestatzen
hasi nintzen, eta destinoa erabakitzeke zegoela gainditu nuen,
baina Gerra piztu eta ezin izan nuen lanean hasi. Beraz, litografiara
itzuli nintzen berriz ere.
Familia oneko semea izan arren,
langile izateak oso harro sentiarazten ninduen. Jubilatu artean
aritu nintzen lanean Tolosan, Bilbon, Errenterian, Zarautzen,
Gijonen, Parisen, Bartzelonan, Zaragozan eta Madrilen, eta Donostiako
Irakasle Eskolan idazkari laguntzaile ere izan nintzen... Hainbeste
dira egin ditudanak...!
Langabezia ere ezagutu dut, baina
familiak edo lagunek beti aurkitzen zidaten zer edo zer. Garai
hartako jende guztia ona zen, oraingoa baino hobea.
-Beti izan al duzu idazteko
zaletasuna?
Bai, idatzi izan ditut zenbait gauza, baina anonimo moduan beti.
Tolosan gertatutakoei buruz 400 orritako eleberri bat ere idatzi
nuen, baina erre egin nuen. Izugarrizko pena hartzen dut hortaz
oroitzen naizen bakoitzean.
-Helsinkin
1964ean izandako Bake Biltzarrera joan zinen. Izan al zenuen
Pablo Neruda ezagutzeko aukerarik?
Bai, Biltzarrak zirauen egunetan olerkariarekin bizitzeko zoria
izan nuen. Hiru Nobel saridunekin batera agertzen naizen argazki
bat eta guzti daukat: Miguel Angel Asturias, Sartre eta Nerudarekin.
Hantxe eman zuen Nerudak hitzaldi ezagun hura: "... Amerikak
Kalifornia irentsi zuen, Texas eta Florida jan zituen, ...baina
Kuban hortzak apurtu zitzaizkion". Oso oroitzapen ederrak
dauzkat. Bertaratu ziren guztien izenak jasotzen zituen liburu
bat neukan, baina diktadurak aurkitzearen beldur nintzen eta
txikitu egin behar izan nuen.
-Oso leku eta hiri desberdinetan
bizitu izan zara. Nolatan itzuli zara Tolosara?
Dagoeneko 97 urte dauzkat, eta nire bizitza bi edo hiruren parekoa
behintzat izango zen. Zaharra naiz, eta azken egunak etxean emateko
itzuli naiz. Heriotza noiz etorriko zain egotera...
Argazkiak:
Teresa Sala
Euskonews & Media 86.zbk (2000
/ 7 / 7-14) |