Lurraldearen antolaketa, gizarte osoari
eragiten dion gaia izanik, erabat ezezaguna da oraindik. Azken
urteetan hobera egin den arren, Marisol Estebanen iritziz plan
horiek betetzea da benetako erronka.
-Arduratzen al da gizarte
zibila lurraldearen antolaketaz?
Lurraldearen antolaketak lantzen dituen gaiek asko kezkatzen
dute jendea: gure inguruaren bizi kalitatea hobetzea, jolasparkeak
sortzea, behar adina etxebizitza eraikitzea, ingurugiroa zaintzea,
hobekuntza ekonomikoa sustatzeko komunikazioko azpiegiturak edo
teknologikoak sortzea, eta abar. Hiritar guztien eguneroko bizitzari
eragiten dioten gaiak dira, nahiz eta lurraldearen antolaketa
beharbada ezezagun samarra egiten den.
-Egokia al da Euskal Autonomia
Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean arlo honetan gauzatzen
den politika? Zeintzuk dira arazo nagusiak?
Desberdinak dira Iparraldeko tradizioa eta Euskal Autonomia Erkidegokoa
nahiz Nafarroakoa. Frantziar Estatuan beti izan da lurralde politika
gauzatzeko tradizioa, baina Espainiaren kasuan ez. Hala ere,
azken 15 urteetan politika eta estrategiak lantzen hasi dira.
Hegoaldean, Iparraldean baino tradizio eta esperientzia gutxiago
dauzkagu. Baina, nire ustez, egin beharrekoa
egiten ari gara. Estatu espainiarrean, lurraldearen antolaketaren
inguruko politika eta estrategiak gauzatzeko aukera ematen zuen
legedia onartu zuten lehenengo erkidegoak Euskal Autonomia Erkidegoa
eta Nafarroa izan ziren. Hasiak dira planak planteatzen (hortxe
daude lurraldearen direktrizak, adibidez), eta Autonomia Erkidego
osorako planak garatzeko estrategia bat ere badago; gainera,
egiten dira lurralde zehatzagoetarako, eskualdeetarako eta arazo
sektorialetarako planak ere. Horri dagokionez, beraz, Estatu
europarren estrategiekin bat datoz gauzatzen diren politikak.
Politika berri hauek daukaten arriskua da plan horiek ez exekutatzea,
edo lurraldean eraikuntza ez baldintzatzea. Lurraldea antolatzeko
planen helburua, beste politika sektorialei jarduteko eremu bat
finkatzea da, hala nola Eusko Jaurlaritzako administrazioari
edo udalei adibidez, azken hauen politikak lurraldetarragoak
izanik. Ikusteke dago ea lurraldea antolatzeko plan hauek politika
sektorial horiek edo beheragoko beste administrazio batzuren
politikak baldintzatzeko gai izango ote diren. Orain arte ez
dute eragin handiegirik izan. Politika sektorialek, lurraldea
balioesteko politikek baino askoz ere zama handiagoa daukate
lurraldearen eraikuntzan. Gure kasuan, alderantzizko prozesua
ematen ari da. Lurraldea antolatzeko plana zer den definituz
hasi behar da, eta ondoren, plan horien eraginkortasuna nola
berme daitekeen ikusi.
-Lurraldeak hain desberdinak
izanik, udalerri batzuetan gehiegizko okupazioa somatzen da.
Zein neurri hartzen dira, edo hartu beharko lirateke, arazo hori
konpontzeko?
Iraganak utzi digun jaraunspena
da hori, 60 eta 70eko hamarkadek bereziki. Oso konponbide zaila
dauka. Bilbo eta Gipuzkoa inguruko hiriak, Iruña, Gasteiz
edo Iparraldea baino askoz ere jendeztatuagoak daude. Dentsifikazio
arazoak Bilbo eta Donostia inguruan daude batik bat, eta oso
zaila da hori konpontzea. Jada eraikita dagoena eraikita dago,
eta horrekin aritu beharko da lanean, ahal dela konponbidea bilatuz.
Gakoa da ea zein den inguru horietako bizi baldintzak hobetzeko
erabili beharreko estrategia mota.
Agian
orain bertan egiten ari garena da aukeren artean onena: libre
dauden orubeak bilatzen ahalegindu, eta aldameneko espazioek
falta dituzten ekipamendu, zerbitzu eta aisiarako guneak sortzeko
erabili. Udalerri batzuek pairatzen duten dentsifikazioaren bizi
beharra daukagu. Gauzak dagoeneko eraikita daudela, dentsitatea
murrizteko eraitsi egin beharko litzateke, eta inork ez du aukera
horretan pentsatu ere egiten, ez delako ez arrazoizkoa, ezta
desiragarria ere.
-Nekazaritzako lurraldeak
behar adina al daude babestuta?
Gure ingurunean, hiriek eta nekazaritzako guneek multzo bakar
bat osatzen dute, nahiz eta bakoitzak bere xehetasunak eduki.
Azken batean, logika lurraldetar berdin bati erantzuten diote
biek. Orain bertan, ezin da nekazaritzako lurraldeen garapena
hiriekin uztartu gabe planteatu, hain zuzen ere nekazaritzako
ingurugiroak jasaten dituen mehatxuek alde guztietarantz zabaltzen
ari diren hirietan dutelako jatorria. Baina nekazaritzako ingurugiroaren
biziraupena, inguru hiritarrarekin daukan loturaren menpe ere
badago hein handi batean. Nekazaritzako
guneei ekonomikoki garatzen lagunduko dieten eskema berriak aurkitu
behar dira, bertan bizi direnentzat jarduera ekonomikoak aurreikusten
dituztenak. Jarduera horiek, gainera, hiriei estuki lotuta egongo
dira: elikagai autoktonoekin hornituko dituzte, hiria zabaltzeko
nahiz aisialdirako guneak izango dira, besteak beste. Hala ere,
kontrolatuta egongo dira, nekazalturismoa bezala, nekazaritzako
ingurua babesteko neurriak aurreikusten baitira. Bide onetik
doa estrategia hau, alegia, nekazaritzako ingurua zaindu bai,
baina garatzeko aukera ere emanez, bestelakoan ez aurrera ez
atzera geldituko bailitzateke. Nekazaritzaren garapen jasangarriaren
estrategiak dira hein batean. Beraz, ingurugiroa mantendu behar
da, baina jarduera ekonomiko bat gauzatzeko aukera bermatuz.
Gi gauzak batera ematea litzateke erronka.
-Azken urteotan egindako
azpiegiturako planteamendu batzuek talde ekologisten haserrea
piztu dute. Behar bezala ulertzen al ditugu administrazioaren
eta mugimendu ekologisten arteko harremanak?
Administrazioaren eta talde ekologisten arteko harremanak gatazkatsuak
izan ohi dira, edo behintzat adostasunik gabekoak; baina ez gure
inguruan bakarrik, Estatu guztietan baizik, batzuen eta besteen
jardueren helburuak ez direlako
beti berdinak izaten. Mugimendu ekologistek ingurugiroari lotutako
helburuak ipintzen dituzte lehen mailan, baina administrazioek,
orokorrean, beste xede mota batzuk ere izaten dituzte. Horregatik
sortzen da gatazka. Eta helburuak nola edo hala bateratu behar
direnean, bakoitzaren lehentasunak ez dira berdinak izaten. Nahiko
normala da desadostasunak sortzea, baina hala ere elkar ulertzeko
ahaleginak egin beharko dituzte bi aldeek. Mugimendu ekologistek
arazoez jabetzen lagundu dute, eta administrazioak beren politika
aldatzera bultzatu ditu, bai gure inguruan, eta baita giro garatuagoetan
ere. Mugimendu ekologistaren jarrerak hausnarketak egitera behartzen
du administrazioa, esate baterako ingurugiroaren gaineko eraginari
buruzko ikerketak egitearen beharraz, bestela ez bailuke horrelakorik
egingo. Halere, ezin uka mugimendu hauen aldarrikapenak zenbaitetan
gehiegizkoak ez direnik. Oinarrizkoa iruditzen zait ingurugiroa
zaindu behar izatea, baina argi dago jendeak bizi ere egin behar
duela. Nekazaritzaren arloan bezala, bi jarrerak elkarbizi daitezen
saiatu behar da.
-Nolakoa
iruditzen zaizu Euskal Herriaren egoera, Europako gainerako Estatuekin
alderatuz?
Arazo lurraldetarraren kasuistika oso zabal eta anitza da Europan,
eta ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko, Europako Estatuetako
edo Iparraldeko kasuistikaz hitz egiterik. Gainera, oso desberdinak
dira Iparraldeko egoera eta Bilbo metropolitarrekoa, lurraldearen
ikuspegitik oso ezaugarri desberdinak dauzkatelako. Europa osoan
daukagu honelako kasuistika. Euskal Herriko eremu ugaritan dauzkagun
arazo lurraldetarrak Europako gune askok ere badauzkate, eta
hemen gauzatu nahi den estrategia ez da Estatu europar horietan
aurki daitekeenarengandik desberdinegia. Batzuetan hobeto jokatuko
da eta besteetan okerrago, baina arazo eta estrategiei dagokienez,
ez dago hainbesteko aldea Europako antzeko lurraldeekiko.
-Zer iruditzen zaizu ordenamendu
juridikoak lurraldearen antolaketaren esparruan egindako urrapenen
aurrean ematen duen babesa? Egokiak al dira hartzen diren neurriak?
Lurraldearen antolaketaren arloko urrapenei buruz hitz egitean,
ingurugiroaren aurkako urrapenak datozkigu berehala gogora, horiek
direlako komunikabideetan gehien entzuten diren hondamendiak.
Urrapenei zehapen egokia ezartzen al zaien? Ibai batera egindako
isurketa baten ondorioz, bertako fauna eta flora 10-15 urterako
hiltzearen moduko hondamendia sortzearen kasuan, inork esan dezake
ez dagoela halako egoera zigor dezakeen
zehapenik. Egin beharrekoa, nire ustez, prebentziorako araudia
bere osotasunean aplikatzea da; halako hondamendirik gerta ez
dadin araudia aplikatzeko ahaleginak egin. Izan ere, gehiegitan
gertatzen dira. Legeriak berak finkatzen dituen prebentzio neurriak
hartu izan balira, ez zatekeela horrelakorik gertatuko pentsatu
ohi da kasu horietan. Indarrean dagoen araudia betetzea exigitzean
dago koska, eta hor administrazioak asko dauka egiteko.
-Inoiz arituko al dira
Euskal Herriko lurraldeak azpiegiturazko antzeko palenteamenduekin?
Behar adina egiten al dute Administrazioek mapa bakar bat osatzeko?
Bai lurraldearen antolaketan, bai beste arloetan, politikak koordinatze
aldera goaz, eta gero eta gehiago gainera. Eta koordinazio hori,
aurrera begira, areagotzen joango delakoan nago. Eta ez Iparraldearekin
edo Nafarroarekin bakarrik; Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan,
mendebaldeko erkidegoren batekin izan liteke; Kantabriarekin
adibidez. Zergatik? Lurraldearen antolaketak aztertzen dituen
arazoek ez daukatelako mugarik, eta, arazoak, sortzen diren lekuan
konpondu behar dira derrigorrean. Horregatik iruditzen zait gero
eta handiagoa izango dela koordinazioa, lurralde horietako gobernuek
ere gero eta gehiago koordinatuko dituztelako euren politikak.
Mapa bakar baterantz ote goazen?
Mapa hori itxia izatekotan, eta bere baitan autonomia maila handiko
politikak garatzeko aukera ematen baldin badu, orduan muga administratiboak
apurtzen arituko ginateke uneotan nire ustez. Europar Batasunean
bertan ere indar handiko ekimenak hasi dira sortzen lurraldearen
antolaketaren arloan, duela gutxira arte apenas landu duenean
arlo hau. Europak izan ditu energiaren edota lanaren politikak,
baina ez ordea lurraldearen antolaketari dagokionik; orain hasi
da politika hori zehazteko pausoak ematen, erabaki asko Europa
mailan hartu beharrekoak baitira. Gero, lurralde txikiagoak baldintzatuko
dituzte erabakiok, gurea kasu. Hortaz, politikak koordinatze
aldera goaz. Baina lurraldea antolatzeko politika autoktonoak
izango lituzkeen lurralderen bat finkatuko ote dugunaren inguruan,
kasu batzuetan hala izango da, baina, nire ustez, lurraldetasun
hori gainditu eta goragoko maila batera jo behar izango dugu
gehienetan. Trenbideen azpiegiturak planteatzerakoan, adibidez,
jauzi bat ematen ari gara, beste Estatu batzuren gainetik jartzen. Argazkiak (Marisol
Esteban): Estibalitz Ezkerra
Euskonews & Media 85.zbk (2000
/ 6-30 / 7-7) |