|
Kontzientzia ekologikoaren aztarnak. Kontzientzia, diskurtso eta balore
ekologikoak errotzen joan dira gure gizartean pixkan-pixkanaka.
Beste eremu sozialetan gertatu den legez, egun, naturarekiko
errespetua eta bizimodu osasuntsu edota sustengarriaren defentsa,
teorian behintzat, ez dagokie talde ekologistei soilik.
Triskantza ekologikoak, Seveso
eta Amocco Cadiz (78), Harrisburg (79), Bhopal (84), Rhin (Sandoz)
eta Chernobyl (86), Exxon Valdez eta Vandellós (89), Doñana
(98) Tokaimura (99), edo gertuago ditugun Erika eta Rumaniako
Aurul-ekoa, adibide esanguratsuak eta adierazkorrak dira, planeta
osora zabaldu den inguramenarekiko kezka nondik etorri den jakiteko.
 Doñana.
Jadanik ez dira talde ekologistak
soilik ardura eta erantzukizunak aldarrikatzen dituztenak, administrazio
eta instituzio politikoetan, enpresa zein sindikatuetan gai ekologikoekiko
arreta eta begirunea sartuta baitago. Maila eta konpromiso desberdinekin
noski.
Hain zuzen ere, egoera berri
honek ekologismoa eta "ambientalismoa"-ren arteko haustura
ekarri zuen. Andrew Dobson-en (Pensamiento Político Verde,
1997) esanetan, ekologismoak praktika politiko, sozial eta ekonomikoak
erradikalki kolokan jartzen dituen bitartean, "ambientalismo"-ak
ez.
Honi loturik, gogora datorkit
Jesus Ibañez soziologoa zenak, ekologismo eta ekologiaren
arteko bereizketa ulertarazteko, soziologia eta sozialismoaren
arteko binomioa adibide gisa jartzen zigunean. Erkaketa horrek
agerian uzten baitigu, zientziak eta gizarte mugimenduak, ideologia
berriak eta egokipen sistemikoak ez doazela helmuga berdinetara.
Eta gure aburuz, salbuespenak salbuespen, kontzientzia ekologikoaren
hedapenean mugimendu ekologista izan bazen protagonista nagusia,
gaur egun, lehiakideak agertu zaizkio nonahi.
Historiara
joz, gure antipodetan, Zelanda Berrian, antolatu zen munduko
lehen partidu berdea 1972 urtean. Aurreko urtean bertan Nafarroan
ANAN lehenengo euskal talde "ekologista" jaio zen,
eta Stokholm-en, Nazio Batuek nazioarteko konferentzia bat (Giza
Inguramena) deitu zuten estreinuz, gizakiok planetan eragindako
garapenkeriaren kalte antinaturalak aztertzeko.
Hogei urte luzetan, partidu berdeak
edonora ugaldu ziren, (Alemania eta Frantziako gobernuetako kide
izan arte) eta 1992.eko urte emblematiko hartan Rio de Janeiron
aldaketa klimatiko (Iparreko gobernuentzat) eta biodibertsitatearen
(Hegokoentzat) gonbenioak sinatzeaz gain, garapen sustengarriaren
leloa mundu osora hedatu zen. Euskal Herriko mugimendu ekologistak
ere "Erreka" plataforma bateratzailea martxan jarri
zuen dema berriei eusteko.
Europako Batasunak V Ingurumen
Programa famatua martxan jarri zuen, "garapen sustengarriruntz"
izenburuarekin. Sustengarritasunaren inguruan bazirudien administrazio,
partidu politiko, sindikatu eta enpresarien aldetik ere adostasunezko
minimum bat jartzen ari zela. Baina errealitateak kontrakoa
erakutsi digu.
Euskal ekologisten protestaldiak. Diplomazia berriakez ditu mugimendu
ekologistaren mobilizazio eta protestaldiak gelditu, ez hemen
ezta atzerrian ere. Alderantziz, talde ekologisten instituzionalizazioak
(estrukturala zein sozio-politikoa) talde berrien sorrera ekarri
du eta gure artean ziklo mobilizatzaileak ez dira baretu "garapen
sustengarriaren" diskurtso politikoaren etorrera berantiarrarekin.
"Inguramen
Aktibismoaren Eraldaketa" lelopean Europako zazpi estatu-nazioetan
burutzen ari den ikerkeketa baten partaideak garen heinean, Euskal
Herrian azken urteetan (1987-1998) eman diren protesta ekologistak
aztertzen ari gara. Jakin bagenekien, Lemoiz eta Leitzarango
Autobiaren auzien ostean, Itoitzeko aferan aurkituko genuela
protestaldi indartsuena. Harritu egin gaitu, ordea, jakiteak
Nafarroa izan dela epe horretan, beste euskal herrialdeen gainetik,
mobilizazio gehien ezagutu duen lurraldea (329 ekintza). Zergatik
hori? Horrenbeste protestaldi bertako gizarte ereduan dagoen
kultura politiko eta urte hauetan han burutu diren garapen plangintzekin
loturik daudela iruditzen zaigu.
Protestaldi kopuruan, Bizkaia
dator bigarren postuan (282), Bilbo Handian batez ere, eman diren
Superportua, Lindano, Aser, Errauskailua, Ur horniduraren gabezia
eta bestelako arazoei ohiartzuna emanez. Gipuzkoa (195), Araba
(56) eta Iparralde (30) atzetik datoz.
Aldarrikapenen edukiari begiratuz
gero, eta beste nazioetako datuekin gonbaratuta, harrigarria
da ikustea zer garrantzi gutxi izan duten kontserbazionismo eta
naturalismoaren gaiek. Azpiegiturak eta obra publikoak izan dira
euskal ekologisten helburu nabarmena. Enpresak baino gehiago,
administrazioa etsai.
Formari dagokienez (deialdiak,
manifestaldiak, konfrontazioa, biolentzia...) euskal ekologismoaren
praktika kritikoa manifestaldietan
oinarritu da eta konfrontazio gradu altu bat eman dela baiezta
dezakegu. Horrek interlokutoreen arteko komunikazio eta "zubien"
gabezia isladatzen du. Eraketaren aldetik, hainbat talde nazional
izateaz gain (Eguzki eta, egun, Ekologistak Martxan; CADE Iparraldean)
lokalismoa dugu fenomenorik aipagarriena. Alegia, edozein gatazkaren
aurrean koordinadora edo talde "sui generis" bat antolatzen
da, non arazoari bertotik eta modu berezi eta partikularrean
erantzuna eman nahi zaion.
Bestalde, Greenpeace-k, nahiz
eta E.H.-an kide gehien daukan erakundea izan (6000 bazkide inguru),
eta beste nazioarteko talde ekologistek (WWF, FoE,..) ez dute
hemen ez bulegorik zabaldu, ezta kanpaina edo ekitaldirik burutu
ere, kasu berezi batzuetatik aparte, Aser edo Itoitzekoa adibidez.
Hutsune horren zergatiak aztertzea beste baterako utziko dugu.
Globalizazio ekonomikoa, informatiboa
eta kulturalaren sasoian, produkzio eta kontsumoaren moduak unibertsalki
zabaltzen direnean eta plagintza energetikoetan, garraiogintzan
eta hedabideetan aztarna pisutsuak topatzen ditugunean, euskal
ekologismoak "Think globally, act locally" -Orokorki
pentsa, berton ekin- leloarekin tinko segitzen du baina ez da
gauza izan, oraindik, esalditik harantzago joateko.
Dilemak eta erronkak. Filosofian, dilema bat, bi proposizio bateraezinen
arteko alternantzia litzateke. Solasaldi arruntetan ere, bi gauza
kontrajarrien arteko aukeratu beharrari dilema diogu. Ingurumen
alorretan eta Euskal Herrian bereziki bizi dugun egoera dilematzat
jo genezakeen, duda izpirik gabe.
Nork
uka dezake, tokian toki zein globaltasunean agerian diren krisialdi
ekologikoaren sintoma eta adierazpenak? Inork ez.
Aktore berriak, instituzioak
eta administrazioa, partidu eta sindikatuak, enpresariak eta
korporazioak, komunikabideetan batez ere, eztabaida ekologikoaren
parte izatera erdu dira. Komunikabideak enpresak dira eta gero
eta ingurumen informazio gehiago eskeintzen dute, antza, publikoari
interesatzen zaiolako. Modu honetan ingurumenaren diskurtsoa
sozializatu egin da eta kezka horrek "denak gara ekologistak"
parametroetara eramaten gaitu.
Pixkanaka ia denok erabiltzen
dute "garapen sustengarriaren" leloa. Adibide bat.
1999.eko Gasteizko Gobernu akordioan (EAJ-EA) garapen sustengarria
"ahalezko eredu bakartzat" jotzen da. Dena den Euskal
instituzio politikoetan ikutu berde berria, pasibo ekologiari
aurre egiteko erabiltzen da, ez aurrerantzean beste eredu ekologikoago
bat martan jartzeko, eta zoritxarrez hori Inguramen arloko arduradunen
garunean baino ez dabil oraindik.
Euskadi XXI plana, Foru Aldundien
egitasmoak edo "EVE" delakoaren Energia plangintzak
aztertuz gero ez dago zalantzarik, instituzioek ez dutela orindik
sustengarritasunaren kontzeptua barneratu. Are okerrago, Bilbo
inguruko udaletxeek hala eskatuta, Eusko Jaurlaritzak Zonalde
Kutsatuaren Aldarrikapena (1977) kentzeko eskatu berri dio gobernu
zentralari. Zertarako? Bilboaldera ekarri nahi dituzten proiektu
energetiko kutsakorrak (Petronor, Zabalgarbiren errauskailua,
Aireportuko hedakuntza, Superportuko bi proiektu energetikoak
...) Europako Batasunaren murriztapenik gabe ezarri ahal izateko.
Sustengarritasunik ezean, egungo instituzio politikoek, oraindik
ere hazkunde ekonomikoa, aldaketa teknologikoa eta irudi berria
baino ez dute bilatzen.
Arlo pribatuari dagokionez, enpresariak
orain dela gutxi arte inguramen eztabaidetatik kanpo egon dira.
Duela bost urte (1995-96)
dena den, Aclima- "Cluster Vasco del Medio Ambiente"-
antolatu zen (Sener, Zabalgarbi, Cementos Rezola, Lemona, Aser,
Iberdrola, Vidrala, ACB, ...) Europako arau berrien presioari
aurre egiteko alde batetik eta dugun pasibo ekologiari etekin
teknologiko eta ekonomikoa ateratzeko bestetik. Ez dezagun ahaztu,
zarama eta hondakin toxikoak, negozio borobila ere izan daitezkeela.
Enpresa mundu honetan, Confebask
eta Eroski lirateke adibiderik onenak ikusteko nola teorian eta
diskurtso publikoan jarrera aldaketa sakon bat eman arren, erantzukizun
izugarria dutenez biek produkzio eta kontsumo tankeratan, praktikan
ez duten ezer egiten. Alabaina, ezin dugu ahuztu Autonomia Erkidego
eremu publikotik etorri den enpresen teknologia eta jardurera
aldaketarako bultzada nagusia, IHOBE-ren programen eskutik (Ekoizpen
garbia-Ingurugiro Kudeaketa- ISO14001) izan dela.
Baserritarren sindikatuaren (EHNE)
konpromiso ekologiko sendo eta nabarmenaz aparte, gainontzeko
sindikatuetan "gaia"-ri eusteko arduradun bat edo beste
izendatu da eta noizean behin administraziotik jasotako dirulaguntzekin
ikastaro edo mintegiren bat antolatzen da. Horretaz kanpo hainbat
kanpainetan, zenbait sindikatuk (LAB, CCOO, STEE-EILAS, ESK,
CGT,....) talde ekologisten deialdiekin bat egiten dute. Horraino
ailegatzen da langileen aktibismo berdea.
Radiografia
honek agerian ipini nahi du teoria eta praktikaren arteko alde
dilemikoa. Alde batetik ingurameneko aktore berriek (instituzio
politikoak, enpresak, sindikatuak,...) argi daukate "fitxa"
mugitu behar dutela xake ekologikoan, iritzi publikoak eskaturik,
baina bestalde ez dute inongo konfiantzarik ekologisten jarrera
eta postulatuetan, nahiago dutelarik euren jokabide tradizionalak
mantendu.
Gatazkaren kultura gainditzeko aurrerapausoak. Euskal Herrian une nahiko berezian
gaude, sozialki, politikoki eta ekonomikoki. Sasoi aldakorra
dela eta, ekologisten artean polemika eta afera ekologikoak antzoki
sozio-politikoaren erdigunera eraman beharraz ez dago zalantzarik.
Kontua da ea igarotako hiru hamarkadetan bezala, gatazkarena
izan behar den bide bakarra.
Ikusi dugun legez, beldurrak
eta mesfidantzak alde guztietatik datoz. Aurreko koadroari (Bilbo
nora zoaz? 1999) so eginez gero, gatazka ekologikoaren parametroak
Bilbo Handitik Euskal Herri osoari eraman daitezkeela pentsaten
dugu. Orokorrean mintzo, sindikatuak eta unibertsitatea ezbai
ekologikotik kanpo, alboan edo ertzetan egoten dira baina hauexek
izan zitezkeen balantzari itzulia emateko
euskal ekologisten aliatu berriak. Bestalde politikagintzan,
demokrazia partehartzaileago bat errebindikatuz, udal, aldundi
edo intituzio autonomikoetan dauden "aktibista instituzional"-ekin
elkarkolaborazioa beharrezkoa dute talde ekologistek korporazio,
gobernu eta sektore pribatutik datozen proiektu anti-ekologiko
eta anti-sozialak geldiarazteko.
Hor dago dilema nagusia. Nola
eragin, nola lortu elkarren arteko eztabaidaguneak, zernolako
irizpideak erabili adostasunak lortzeko eta bereiztapenak egiteko
ere, non ezarri akordioak eta nondik jarraitu gatazka publikoaren
dinamikarekin. Eta hor ez dago inongo makila magikorik. A. Machadok
zioenez, "Bidea ibiliz egiten da".
GATAZKAREN KULTURA
POLITIKOA
Iñaki
Barcena, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea. Euskal
Herriko Unibertsitatea |