Zortzi urte daramatza Bilbo hiria hobetzeko
planetan murgilduta eta hasierako egitasmoek beren uzta ematen
hasi dira. Bertoko nahiz kanpoko jendea erakartzeko gai izango
den hiriarekin amesten du Jose Antonio Garridok, munduan eredu
izango den metropolia sortu. Duela gutxi Bilbao Metropoli 30-k
2015. urteari begira hausnarketa estrategiko berria osatuta du.
-Zer da Bilbao Metropoli 30 eta zertan datza bere lana? Bilbao Metropoli
30 duela zortzi urte jaio zen elkarte publiko-pribatua da. Erakundea
Bilbo hiriaren eraldaketa zelan izan behar zuen planifikatu eta
estrategikoki zuzentzeko helburuarekin sortu zen. Hasiera xumea
izan zuen elkarteak baina zortzi urteren ostean, Bilbao Metropoli
30-ren barruan 130 kide publiko nahiz pribatu biltzen dira. Eusko
Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaletxearen ekimenez
sortutako erakundea denez, hasiera batean erakunde publiko bezala
funtzionatzen hasi zen. Hiru horiei Bilbo Handiko 30 udaletxe
gehitu zitzaizkien eta hortik dator Bilbao Metropoli 30 izena.
Ondoren erakunde pribatuak sartu ziren eta gaur egun, erakunde
pribatuen kopurua publikoena baino handiagoa da. Erakunde horien
artean, besteak beste, Iberdrola, BBVA edo BBK-ren moduko Bilboko
enpresa handiak aurkitzen dira, enpresa ertainak eta mota askotako
elkarteak ere.
Bilbo Metropoliaren eraldaketarako plan estrategiko
bat egituratzen hasi ginen eta beste gauza batzuen artean Bilbo
kulturaren hiriburu bilakatzearen, Guggenheim museoaren eta azpiegituren
aldeko apustua egin genuen. Gogoratzen dut nola lehen urratsak
eman genituenean komunikabideek Bilbo proiektu eta maketen hiria
bezala deskribatzen zuten, eta proiektu horiek egun errealitate
bihurtu dira. Erakunde honek bi ezaugarri ditu. Batetik, irabaz
asmorik gabeko erakundea da eta bestetik, ez dugu dirurik ezta
inbertsiorik kudeatzen. Ezagutzaz soilik baliatzen gara eta beraz,
etorkizuna planifikatzeaz arduratzen gara. Duela gutxi 2015.
urteari begira hausnarketa estrategiko bat burutu dugu.
-Zortzi urte hauetan egindako
lanak zer nolako eragina izan du Bilboko oraingo itxuraldaketan? Erakundea gaur egungo
Bilbo hiriaren irudia islatzen aitzindari izan dela uste dut.
Duela zortzi urte oso gutxik sinisten zuten irudi horretan. Guk
Bilboko zortzi gai nagusi berritzearen aldeko apustu serioa egin
genuen. Horien artean jendearen hezkuntza, azpiegituren berriztatzea,
kulturaren hiriburu izatea, hiri eta ingurugiro eraberriketa
eta gizartearen kohesioa aurkitzen ziren. Azken honi garrantzi
handia eman genion, geure inguruan koordinazio falta nabarmena
zegoela ikusi baikenuen batez ere eraldakuntza horietatik kanpo
gelditu ahal zirenekiko. Beldur ginen ez ote ginen puntu pobreak
zituen Bilbo bat diseinatzen ariko. Nire
ustez, komunikabide zein hitzaldi edo erakusketetan islatu den
Bilbo berriaren irudia eskaintzen aitzindariak izan gara. Bilbo
hiri bizia da, ilusioz betea. Mundu osoan zehar Bilboren enbaxadore
bihurtu gara. Zortzi urte hauetan zehar bai Europan bai Estatu
Batuetan aurrerapen prozesuetan murgildurik ibili diren hiriekin
harremanetan egon gara. Pittsburgh hiriaren eredua kopiatzen
hasi ginen baina geroago bestelako hiriak ezagutu ditugu eta
beraiekin harreman estua daukagu. Estatu Batuetako Austin, Seattle,
Baltimore edo Texas dira horietako batzuk eta Europan Leeds eta
Manchester aipa daitezke. Hiri hauek guztiak ez dira bakarrik
eraldaketa prozesuetatik igaro, etorkizunari begira ere jarri
dira. Hauxe da gutxi gora-behera gure lana.
-Bilbo hiriak 700 urte
bete ditu eta azkenaldian denen ahotan dabil. Zein da arrakasta
horren klabea? Nire ustez, bi arrazoi
izan dira azken hamar urte hauetako arrakastaren eragile. Batetik,
erakunde publikoek proiektuetara bideratu duten indarra, lana
eta itxaropena aurkitzen dira. Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak
eta udaletxeek apustu serioa egin zuten eta arrakasta horren
erantzule gisa har ditzakegu. Bestetik, hiri baten garapenaren
arrakasta erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanetik
datorrela konprobatu ahal izan dugu. Hau ez da Bilbo-k asmatutako
zerbait, munduko hiri guztietan konprobatu ahal izan den zerbait
da.
-Zeintzu dira zure ustez
azken hamarkadan hiriburuan izan diren aldaketa azpimagarrienak? Denon begibistara
dauden aldaketak bi arrazoiri lotuta daude. Horietako batek azpiegiturekin
zerikusia du. Duela zortzi urte ez genuen metrorik ezta superporturik
ere. Gaur egun azpiegitura jakin batzuk ditugu eta etorkizunari
begira hauek atsedenik gabe hobetuz joango gara. Bestalde, Guggenheim
fenomenoa daukagu. Nire ustez, museoak berak izan duen arrakasta
baino amets bat egi bihurtzearen
fenomenoa izan da. 2.010. urteari begira osatu genuen hausnarketa
estrategikoaren barruan horrela jarri genuen: "zatoz Bilbora
zure ametsak egi bihurtzera". Amets horren adibiderik argiena
Frank Gehry dugu. Gehry-k bere bizitzako proiektua zeukan esku
artean baina ez zuen non garatu. Eta hara non Bilbon proiektua
gauzatzeko aukera aurkitzen duen. Bilbok ezaugarri turistikoetan
lortu duenetik aparte, lotura kolektiboa irabazi du. Ez bilbotarrek
bakarrik, kanpotik datozenek ere Bilbo bizitzeko hiri aproposa
dela uste dute, beren ametsak eta ideiak garatzeko hiri egokia
da. Gertu ditu azpiegitura teknologiko, unibertsitario, zientifiko
eta ekonomikoak ere. Gainera, bizitza kalitate altua lortzen
badugu eta hau ere gure helburuetako bat da, arrakastaren gakoaren
aurrean aurkitzen gara.
-Guggenheima eraiki zenean
askoren kezka zen ez ote zuen museoak hiria bera estaliko. Zerikusia
al dute uste horiek errealitatearekin? Nik uste museoa erreferentzia
puntu bat da. Erreferentzia puntu bat baino ideia baten armarria,
lehenago aipatu dudan bezala Bilbon egi bihurtutako ametsa. Zentzu
horretan, turismoagatik nahiz lanagatik datozen bisitariek museoaz
gain dagoen garapen kulturala ezagutuko dute Bilbon. Iberdrolaren
zientzia eta teknologia sariaren bitartez, epaimahaikide lanetan
lau Nobel saridun
izan ditugu duela gutxi. Lau saridun horiek Guggenheim ezagutzeaz
gain, Euskalduna Jauregian opera entzun daitekeela jakin dute
eta Bilboko gastronomia ere ezagutzeko aukera izan dute. Hau
da, oro ez da Guggenheim, eta gainontzeko guztia pixkanaka-pixkanaka
ezagutuz doaz. Guggenheim museoa une hauetan jendea erakartzen
duen itsasargia izan daiteke baina beste Bilbo bat badago. Edonor
hiri barruan murgiltzen bada, Bilbo bizitzeko ezin hobea den
hiria dela konprobatuko du.
-Badirudi hiriko alde batzuei
besteei baino lehentasun handiagoa eman zaiela. Zonalde horiek
berreskuratzeko asmorik al dago? Nik uste dut baietz
baina proiektu hauek epe luzera egituratuta daude. Hasieratik
esan bezala, erakundearen ezaugarrietako bat da epe luzera pentsatzen
dugula. Egia esan, guk egindako hausnarketa 2.010. urteari begira
dago. Prozesuak luzeak dira eta horren adibide garbia Bilboko
errekarena dugu. Errekak 14 km dauzka eta gutxi barru bilbotarrek
erabat garbi ikusi ahal izango dugu. Jendeak ez gaitu sinisten
baina duela hamar urte arrainik ez zegoen tokietan, gaur egun
arrantza egin daiteke. Dena den, erabat garbituta ikusiko dugu
baina prozesu luzeak dira eta inbertsio handiak behar dira. Azkenaldian Bilbon gauza berriak ikusten ari gara
eta zonalde kaltetuenek nolabait berrituta bukatuko dute. Botere
publiko eta elkarte pribatuek badakite ezin direla zenbait zonalde
berrikuntzetatik kanpo utzi. Guztiak berreskuratzera jo behar
dugu, Bilbo Handiak milioi bat biztanle baititu eta Euskadin
bi miloi ehun mila biztanle garelako. Inor guzti honetatik kanpo
gera ez dadin borrokatu behar dugu. Nahiz eta horretarako elkartasun
pragmatikoa erabili behar, ezin dugu inor atzean utzi. Ezin dugu
jendea diskriminaturik eduki azkenean hori guztia zeure aurka
altxatzen delako, bakoitzak indibidualki edo kolektiboki erakuts
dezakeen elkartasunetik kanpo.
-Hainbeste aldaketen artean,
hainbeste arkitektu atzerritarren obrak... Bilbok bere izaera
galtzeko arriskurik ez ote dago?
Ez dut uste, pertsona guzti horiek Bilborekin erraz identifikatzen
direlako. Eta aldez aurretik erreferentziaren bat bazuten gehiago
identifikatuko dira hiriarekin. Gehry eta Foster-en aurpegietara
ohitu gara. Ez dira hona etorri, arkitektura diseinu bat egin,
burutu eta alde egin duten pertsonak izan. Hiriari lotuta gelditu
dira. Bilbok bere ideiak hemen garatu nahi duen orori ongietorria
ematen dio, hori da garrantzitsuena.
-Zelan ikusten duzu gaur
egungo Bilbo Europako artearen eta kulturaren barruan?
Egia esan Bilbo
zale handia naiz eta baliteke inpartziala izatea. Dena den ez
bakarrik gaur egungo Bilbo, nire ustez arte eta kultur tradizio
handiko hiria da. Badaude bilbotar batzuk, zenbait euskal herritar
ere, Bilboko kulturaren barruan ehun urte dituzten erakundeak
daudela ez dakitenak. Adibide bezala Filarmonika Elkartea aipatuko
dut. Emaztea eta biok duela 30 urtetik gara bertako kide. Erakunde
pribatua da eta urtean zehar ganbara musikako 30 kontzertu inguru
eskaintzen ditu. Kontzertu horiek seguruenik Europan Paris, Londres,
Berlinen eta beste tokiren batean soilik entzun daitezkeela.
Beraz, kultur tradizio handia dugu. Tradizio honi kultur hiriburua
izatearen egitasmoa (Autonomia
Erkidegoa baino zabalera handiagoa hartuta) lotzen badiozu, nire
ustez bere hedapena kontuan edukita Bilbo Europako hiri guztien
artean lehena da. Lehena kulturari dagokionez. Beste arlo batzuetan
hedadura handiagoko hiriekin lehian dago eta hau ez da bilbainada
bat. Euskalduna Jauregiaren, Arriaga, Filarmonika, Guggenheim
edo Arte Ederretako museoaren egitarauak begiratzerik ez dago
guzti hau konprobatu ahal izateko.
-Elkarren antzekoak diren
hiriek osatutako sareren bat al dago munduan eta zein izan daiteke
Bilbok sare horri eskain diezaiokeena? Bilbo bi sareren
kide da. Horietako bat Eurocities da. Bilboko alkatea den Iñaki
Azkuna gaur egun Eurocities-eko presidentea da eta Bilbao Metropoli
30-k Bilboko alkatetzari idazkaritza tekniko lanak burutzen dizkio.
Bestalde, CIDEO-ko kide gara
eta hau Hirien Garapenerako Iberoamerikar Zentrua da. Bertan
aurkitzen dira, besteak beste, Bartzelona, Bilbo, Janeiroko Rio,
Monterey eta Buenos Aires. Era berean eta hau oso garrantzitsua
da, gaur egun munduan hiri garapenean aitzindariak diren hiriekin
harremanetan gaude. Lehenago aipatu ditudan hiri hauekin sare
bat osatzen dugu eta elkarri informazioa igortzeaz gain, noizean
behin biltzen gara. Zentzu horretan, Bilbao Metropoli 30-k bizitza
luzea du hizlariak eta biltzarrak antolatzeari dagokionez. Urtean
1.500-2.000 pertsona ingururekin harremanetan gabiltza lan jarduerak
direla-eta. Gehienbat gure kideek bidalitako pertsonak izaten
dira. Komiteak eta lan taldeak osatzen ditugu beste hirien zenbait
ezaugarri ikertu asmoz.
Bilbok munduko zenbait hirik osatzen duten sare horren barruan
duen garrantzia oso handia da. Bilboren berrikuntza eredua gaur
egun arrakastaz egindako berrikuntza bezala aurkezten da mundu
osoan. Sistematikoki hirien garapenari buruzko nazioarteko kongresuetan
partehartzeko deitzen digute, Bilbori buruz hitz egin dezagun.
Izan ere, Bilbo jarraitu beharreko eredu bihurtu da. Ez goaz
kongresu guztietara zerrenda oso luzea delako eta urte osoa emango
genukeelako zeregin horretan. Gainera badaude egin beharreko
beste zenbait gauza ere.
-Zelan definituko zenuke
2.025. urteko Bilbo hiria? Hausnarketa estrategikoan
esaten genuen bezala, 2.025. urteko Bilbo hiriko klabea pertsonek,
ezagutzak eta berrikuntzek izan beharko dute. Urte horretarako
klabe hori ondo ezagututa izan beharko dugu eta arreta Bilbo
horretako buruak izango diren gazte eta ez hain gazteei zuzendu
behar dugu. Ezagutza errekurtso ekonomikorik garrantzitsuena
izango duen Bilbo sortu behar dugu. Hau da, ezagutza pertsonak
dira. Munduko hirien sarearen barruan dagoen Bilbo baino hobeagoa
izango den hiria lortu behar dugu. Era berean, guztiontzat bizitza
kalitatea altua edukiko duen eta bertan bizitzeko ezin hobea
izango den hiria gauzatu behar dugu. Bere ezagutzaz elikatuko
den eta kanpoko ezagutza erakartzeko gai izango den Bilbo hiria
izan behar du. Guri interesatzen zaiguna da edozer garatu nahi
duen edonor Bilbora etortzea. Horretarako giro egokia eskaini
behar zaio gustora egon dadin. Jose Antonio Garridoren argazkiak: Estibalitz
Ezkerra
Gainontzeko argazkiak: Bilbao Metropoli 30, Euskalduna Jauregia
eta BBKko web orrialdeetatik atera dira
Euskonews & Media 82.zbk (2000
/ 6 / 9-16) |