1.-TESTUINGURU
HISTORIKOA
Euskal Herrian, bibliotekei dagokienez,
funtsean orain dela ehun urteko egitura bera dugu. Aldundi bakoitzak
berea, eta udal bakoitzak beste horrenbeste. Ukaezina da azken
bi hamarkadetan ahaleginak egin direla biblioteka berriak zabaltzeko
eta zeudenak modernizatzeko, baina salbuespenak salbuespen bakoitza
bere aldetik dabil, eta beraien arteko loturak oso makalak dira.
Egun, elkarlana oso kontu zehatzetara dago mugatua.
Zergatik ez dago biblioteka guzti
horiek koordinatuko lukeen Biblioteka Nazional bat? Proiektua
ez da berria: Eusko Ikaskuntzaren Igo Biltzarrean (Oñati,
1918), Euskal Unibertsitatearen eskaerarekin batera, Euskal Biblioteka
bat sortzeko proiektu
bat aurkeztu zen (Tomas Etxebarria: Proyecto de creación
de una biblioteca exclusivamente vasca). Ez zetorren "nazional"
izenondoaz lagundurik eta soilik euskal gaietara mugatuko zitzatekeen
biblioteka aldarrikatzen zen (zentzurik zabalenean hartuta, hori
bai). Baina erakunde berria izango litzateke, hots, 1918an
garbi ikusten zuten erakunde berri bat behar zela euskal
kulturaren premiei erantzuteko; ez zela nahikoa egitura zaharrak
indartzea eta modernizatzea. Gaur egun, ditugun biblioteka-egituren
mugak eta erakunde berri baten beharra inoiz baino nabarmenagoak
dira.
Nolako erakundea zehazten hasita,
berriz, planteamendu bat baino gehiago egin daitezke. Duda barik,
1918ko proiektua, bere horretan hartuta, neurri batean baino
ez da baliagarri gaur egun. Aldaketa franko izan dira ordutik
hona. Badago zertaz hitzegin, zertan sakondu, hausnartu. Tabuak
eta fetitxeak, biak apurtu behar dira. Ez dut zeruan idatzita
ikusi nolako biblioteka behar dugun. Bi gauzatan, ordea, ados
egon gaitezke danok: Euskal Herri osoko biblioteken arteko harremana
bultzatu behar da, eta harreman horietan euskara da oinarria
eta giltzarria. Arazo politikoak (noiz eta non ez daude?) ez
dira, ez lukete izan beharko, bi baieztapen horien gaineko adostasuna
pitzatzeko gauza. (AURKIBIDERA)
2.-
LEGE TESTUINGURUA
Ezen, gaur egungo legeria berez
nahikoa eta sobera da Biblioteka Nazionala sortzeko, borondaterik
badago. Ikustagun. Nere uste apalean, abiapuntua honako hau izan
beharko luke: egungo Euskal Herria,
sozialki, herri eleaniztuna da. Eleaniztasun horretan historikoki
galtzaile bat egon da: euskara. Hori dela eta, azken hogei bat
urtetan euskara Euskal Herriko zati batzuetan hizkuntza ofiziala
bihurtu da, eta ahalegin bereziak egin dira eta egiten ari dira
pairatu duen bidegabekeria historikoa leuntzeko eta elebitasun
orekatua lortzeko. Kontu ezagunak dira horiek, jakina, baina
euskarari buruz horrenbeste arduragabekeria entzuten den egunotan
ez da alperrikakoa berriz ere gogoratzea. Azpimarratu beharko
genuke, hala ere, horrenbeste gogoratzen ez dena, alegia, Eusko
Jaurlaritzak hitzarmenak egin dezakeela eta egin behar dituela
beste erkidego edo estatuekin euskara eta euskal kultura gorde,
zaindu eta sustatu aldera.
Badirudi, beraz, euskara ofiziala
izatez gain kultur-ondare bereziki garrantzitsua denez gero,
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak legez batere oztoporik
ez dutela elebitasuna biblioteketara eramateko, zein bere erkidegoan
edota elkarren artean elkar-laguntza hitzarmenak sinatuz. Horretarako
tresna egoki bat, egokiena ziur aski, batek bere aldetik edota
bien artean Euskal Biblioteka Nazionala sortzea litzateke, erakunde
horrek bidera dezan euskarari buruzko erabaki tekniko guztiak
Bibliotekonomiaren esparruan. Goraki esan dezagun, bada, legeriaren
ondorio logikoa: Euskal Biblioteka Nazionala bezalako proiektu
bat egitea, izen horrekin edo beste batekin, egungo legeriaren
arabera erabat posiblea da. Areago, Eusko Jaurlaritzaren kasuan
legeak berak helburu hori paratzen dio. Komenigarria litzateke
Estatutuaren eta Foru Hobekuntzaren aldekoek zein kontrakoek
oinarrizko datu hori bistatik ez galtzea. (AURKIBIDERA)
3.-EUSKARAREN
EGOERA BIBLIOTEKETAN
Arrazoi asko dago Biblioteka
Nazional bat eskatzeko. Baina badago bat, nire aburuz, guztien
gainetik gailentzen dena: euskararen normalizazioa. Ezen eszeptikoenak
ere aitortuko du Biblioteka Nazional bat ez bada sortzen, euskararen
normalizazioak oztopo izugarriak izango dituela bidean.
Zer egin dute orain arte Herri
Aginteek legeak agindutakoa betetzeko, alegia, elebitasuna sustatzeko
biblioteketan? Erantzun laburra emango dugu: Bibliotekonomiaren
esparruan, une honetan dakigunaren arabera, oso gutxi.
Labur erantzuteak badu bere arriskuak.
Kasu honetan, begibistakoa da azken urtetan euskarak aurrerakada
haundia egin duela administrazioan,
eta ondorioz, baita biblioteka askotan ere. Horrela, euskaraz
dakien bibliotekari asko dago egun lanean, eta lanpostu askotarako
(ez nahikotarako, ordea) euskara jakitea eskatzen da. Era berean,
errotulazioan, oharretan, ordenagailuen menuetan, eta abar, euskarak
badu presentziarik, gero eta haundiagoa gainera. Baina guzti
hori administrazio osoaren euskalduntze orokorrari zor zaio (hizkuntza-eskakizunak,
udal ordenantzak, etab.). Esaten ari garena da Bibliotekonomiaren
esparru teknikoan, salbuespenak salbuespen, ez dugula arazo honen
tamainari erantzuteko gai den ekimenik ezagutzen.
Har dezagun adibiderik nabarmenena.
Denok dakigun bezala, katalogoa da edozein bibliotekaren lan-tresna
nagusia, berak ematen baitu zerbitzu guztietara iristeko giltza.
Zenbat biblioteka-katalogo egin dira euskaraz? Baina agian galdera
ez dago ondo paratua, ezen euskara ofiziala den Euskal Herriaren
zatian, legean eta gizartean elebitasuna dugu erreferentzia nagusi.
Galde dezagun, bada, zenbat katalogo elebidun dago Euskal Herrian?
Kasu biotan erantzuna berbera da: oso-oso gutxi, salbuespen bakan
batzuk. Erakundez-erakundeko errepasoa eginez, esan dezakegu
Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundietako bibliotekek ahalegin batzuk
egin dituztela, nahiko motz gelditu badira ere; Eusko Jaurlaritzak
hainbat aldiz gai-zerrenda elebidun bat iragarri du, oraingoz
bukatu gabea; azken horren menpekoak diren hiru erakundetako
bibliotekek (HABE, SHEE-IVEF eta HAEE-IVAP) ahalegin ausartak
egin dituzte, baina laguntza premia haundia aitortzen dute; Udalek
ez dute ezer egin; Unibertsitateek (publiko zein pribatuek) ez
dute ezer egin; eta abar. Azpimarra dezagun beti ere Bibliotekonomiaren
esparru teknikoari buruz ari garela.
Bada
garrantzi berezia duen beste gai bat: programa informatikoena.
Egun, katalogo guztiak formato elektronikoan egiten dira. Eta
hemengo hutsunea biziki larria: gaur egun biblioteketan erabiltzen
diren programak ez daude gertatuta katalogo elebidunak kudeatzeko.
Salbuespenak salbuespen, arazo hori ez da kontuan izan programa
informatikoa erosteko orduan. Izango ote da aurrerantzean?
Horrelako egoera batean, ba ote
dago inork pentsatzen duenik euskara normalizatuko dela Biblioteka
Nazionalik gabe? (AURKIBIDERA)
4.-EUSKALTZAINDIAREN
LANA
Gaur egun euskarazko katalogogintzan
martxan den proiekturik sendoena Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekaren
Katalogoa da. Aurreikuspenen arabera, 2000. urtean bukatuko
da eta, beraz, data horretatik aurrera izango dugu Humanitateetan
espezializatutako biblioteka baten katalogo oso bat euskaraz,
formato informatikoan eta nazioarteko arau bibliotekonomikoen
arabera egina.
Euskaltzaindiak borondate garbia
adierazi du horren emaitza teknikoak zabaltzeko, eta hori dela
eta hainbat bilera egin izan ditu zenbait erakundetako ordezkariekin.
Baina, dudarik ez dago, Biblioteka Nazional batek asko erraztuko
luke proiektu horren emaitzen hedapena. (AURKIBIDERA)
5.-NOLAKO
BIBLIOTEKA NAZIONALA
Egungo egoeran ez dirudi erreza
Euskal Herriko hiru erkidegoen artean erakunde amankomun bat
sortzea. Baina Eusko Jaurlaritzak ez du aparteko arazorik Euskal
Biblioteka "berri", "nagusi", "nazional",
edo dena delako bat sortzeko. Horrela jokatu dute, bestalde,
Espainiako autonomia erkidego ia guztietan. Erakunde horrek biblioteka
nazional baten eginkizunak bereganatuko lituzke EAEri dagokionez,
eta Nafarroa eta Iparraldeko bibliotekekin harreman eta elkar-laguntza
hitzarmen berriak sortzeko gai izango litzateke. Gutxiegi ote,
zenbaitentzat? Euskal Herriko zazpi herrialdeek politikoki bat
egingo balute ere (zinez zaila dirudien hipotesia!), hortik sortuko
litzatekeen biblioteka-sistema ere oso dezentralizatua litzateke,
gure herriaren historiari dagokion bezala.
Gai asko geratu zaigu tratatzeko.
Zeintzuk liratekeen Biblioteka Nazionalaren eginkizunak. Non
kokatua legokeen. Nor litzatekeen titularra. Zein harreman mota
izango lituzkeen Euskal Herriko gainetiko biblioteka guztiekin
(motaz-mota zehaztu beharko litzateke). Eta abar.
Gai
horiekin eta beste askorekin kezkaturik, zenbait bibliotekarik
eta dokumentalistak Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia
sortu genuen orain dela hiru urte. Artikulu honetako hausnarketa
asko eta asko, hantxe sortuak eta landuak dira. Hilean behin
biltzen gara Donostiako Koldo Mitxelenan. Hortaz gain, posta-zerrenda
bat sortu dugu eta, aurki, webgunea izatea espero dugu. (AURKIBIDERA)
Pruden Gartzia, Azkue
Bibliotekako zuzendaria |