Oxforden
irakasle bisitari izateko beka emanik/Concedida la beca para
el puesto de profesor visitante en Oxford |
Aitzpea
Leizaola, Antropologia-Etnografia Saileko bazkidea, izango da
2000-2001 ikasturtean, Oxford Unibertsitateko irakasle bisitariaren
plaza hartuko duena. Izan ere, haren proposamena izan da aukeratua
Eusko Ikaskuntzak eta britainiar erakunde horrek urtero deitzen
duten bekaren azken ekitaldian aurkezturiko guztien artean. Leizaola,
egun, bere doktore tesia bukatzen ari da Martine Segalen-en zuzendaritzapean
Paris X-Nanterre Unibertsitatean eta irakasle elkartua da Euskal
Herriko Unibertsitatean. Ikertzaile honek, besteak beste, Reno
(Nevada), La Sorbonne (Paris) eta Queens University of
Belfast goi zentruetan jaso du graduatuondoko prestakuntza.
Gehienbat, eta beti ere ikuspuntu antropologiko batetik, espazioaren
irudikapenak (mapak, kartografia...) aztertuko ditu Leizaolak
Oxford-eko egonaldian egin beharreko ikerlanean, nazio-estatuen
eta estaturik gabeko nazioen arteko tentsioen alderdi esanguratsutzat
jotzen baititu. Lanak Euskal Herriko kasua hartuko du abiaburu
eta hiru atal nagusi izango ditu. Lehenbizikoan, XIX. mendearen
amaieratik gaur egun arteko mapen garapenari egingo dio so ikertzaileak.
Bigarrenean, berriz, entitate politiko gisa onarturik ez denez,
Euskal Herriaren izate kartografikorik eza jorratuko du. Azkenik,
ikus-irudikapen ikonikoek gaurko munduan eta naziogintzan duten
garrantziaren inguruko analisia egingo du, meteorologiaren iragarpenari
eskainitako telebista emanaldietan mapez egiten den erabilera
abiapuntu harturik. |
Euskonews & Media 81.zbk (2000
/ 6 / 2-9) |