1963urteko urtarrilaren 15an, Mixel Labegueriek
galdaturik eta harren eta Jean Errecarten laguntzarekin pasatu
nintzen, 33 urte nituelarik, Hazparneko kantonamenduko kontseilari
orokor zenbait aste lehenago, eritasunez, zendu zen Louis Madre-ren
aulkian.
Ordu arte, Mixel Labeguerie Kanbon eta ni Hazparnen, mediku izanagatik,
ez ginuen oraino biek harreman berezirik ukanik. Hamar bat urteren
aldea izanez gure artean, ez ginen ainitz gurutzatzen. Argi da,
denek bezala, banakiela bertze zenbait lagunekin "Enbata"
mugimendua sortua zuela eta ere Euskalzalen biltzarraren lehendakaria
eta 1962. Urtetik Euskal Herriko diputatu berria zela.
Bistan da kontseilu orokorreko hauteskunde horietan presentatzea
onartu banuen, hortarako batere prestatua izan gabe, Mixelen
iritzi eta asmoak gustukoak nintuela eta uste nuen holako gizon
batekin zerbait ekartzen ahal nuela nere eskualdeari.
Ondoko urtean 1964an Mixel Labeguerie hautatua izan zen Ezpeletako
kantonamenduko kontseilari jeneral eta ordutik elkarri biziki
hurbil ginen eta egiazko adiskidetasun bat sortu zen gure artean.
Zer gizon zen
Bertze ainitzek bezala senditu nuen gizon horrek zer eragina
zuen hurbiltzen zituen jendeen gainean. Berehala zerbeit pasatzen
zen Mixel eta heien artean.
Mixel Labeguerie
hitz bakar batez kalifikatu behar banu hauta nezake: xarma.
Bere izaitea guzitik jalitzen zen xarma hori, lili batetik airatzen
den usain gozoa bezala. Ez zuen bilatzen bertzen xoratzea, ez
zen lillurazale bat (ainitz xoratzen baziren ere). Jitea zuen
halakoa; xarmegarria zen.
Itxuraz eta izaitez. Maite zuen ongi beztitzea, eleganta zen
eta, omen, haur-haurretik hasia zuen gustu hori. Bere boz beroak
eta hitzen ongi uztartzeko zuen dohainak emaiten zioten ere xarma
hori.
Mintzazale paregabea, hitzari musika berezi bat emaiten zuen
izan dadin fransesez edo euskaraz. Eta kar izigarri batekin mintzo
baitzen, karisma handiko gizon bat zen. Mixel euskal biltzar
batzuetan ezagutu duten ainitzek diote: "hura entzun nuen
egun hartan, euskalzale edo aberzale bilakatu nintzan".
Eta zer erran olerkeriaz eta kantu berri egileaz?
Orduan zen xarma hori gaindikatzen. Nik bezala hurbildu dutenek
momentu xoragarri batzu iragan dituzte harekin, bere gitarra
hartzen zuelarik eta berriki moldatu kantua abesten.
Gisa berean, oroitzapen azkar eta ezin ahantzizkoak baditut:
biak kontseilari orokorrak izanez, elkarrekin joaiten ginen ardura
Paueko biltzarrerat. Goizeko 8etan hartzen nintuen, pasatzean,
nere etxean. Haren edo ene autoan egiten ginuen bidaia. Gure
orduko problemak edo egitasmoak ginituen maizenik aipatzen. Baina
batzuetan, bidean abiatu orduko erraiten zautan: "Joan den
astean egin diat kantu bat, ea zer pentsatzen dukan huntaz".
Eta hola fagore gaitza egiten zautan niri, lehenik, bere kantu
berria abestuz. Gisa hortan entzunarazi dazkit "Maritxu",
"Xorieri mintzo zen" eta abar. Bidea egiten ginuen
ohartu gabe. Zer momento goxoak eta aberatsak.
1973an gose greba haundiak izan ziren euskal herriko eliza ainitzetan.
Prefetarrekin eta administrazioarekin ukan ginituen, garai hartan,
biltzarre frango biziak euskal iheslariak lagundu nahiz, atera
bide bat lortzeko. Orduan zuen Mixelek moldatu "Parisen
eta Madrilen" kantua. Pau-eratekoan abestu zaukan. Huna
lehen bi bertsuak:
"Parisen eta Madrilen direla
bi gobernio
Euskaldun abertzalea biek astio.
Egina zuten tratua abertzalen lekutzea,
Euskal Herritik kanpora gu botatzea.
Zuzen kontrako tratua baitute biek finkatu,
Euskal seme hoberenak zaizkote oldartu.
Ez dute hartu puñalik ez eta ere bonbarik,
Ez zuten harma beharrik gosea besterik".
Horiek autoan beraz eta bertze
zenbat aldiz bere etxea, lagunekin gertatu eta loriatuak ginauden
hartzen zuelark bere gitarra edo plantatzen bere organo elektrikaren
aintzinean. Bai zinez gizon xarmagarria zen Mixel Labeguerie.
Jendakina, xehea, gizazalea edo humanista
Medikua zen eta bazekien jendea entzuten eta behar ziren hitzak
atzemaiten haiei laguntzeko. Bere herietaz biziki hurbil zen,
aita bat bezala. Gertatu zaut frankotan, bera Parisen zelarik
bere diputatu edo berantago (1974etik harat) senatur lanetan,
haren herienartatzea. Ikusi orduko erraiten zautaten
"Gure medikua falta dugu eta zure ikusterat heldu gira.
Badakigu haren adiskidea zirela". Senditzen nuen galduak
bezala zirela eta neurtzen zer eragina izaiten ahal zuen bere
herien gainean. Konfiantza osoa, erran nezake itsua ezarria zuten
hartan. Neurtzen ere haren ordaintzeaz zela erretx izanen. Jadanik
euskaraz egitea nere kontsulta garantzitsua zen eta egoiten nintzan
ixtant bat heiekin Mixelez mintzo. Bidearen erdia egina nuen!
Eta gauza bera medikuntzatik kanpo, bereziki jende xehearekin.
Bertzeri idekia zen, behar zen denbora hartzen zuen jendearen
griñen aditzeko eta egin ahalak egiten haiei laguntzeko.
Bai segur humanista zen eta erakusterat eman du bere egintzetan.
Adibidez, 1936-37 urteetan, Espainiako gerla denboran, 155 000
Euskal iheslari Iparraldean sartu zirelarik - sustengu bazorde
bat zutik eman zuen bertze bi Uztariztarrekin Louis Dassance
eta Eugene Goyheneche. Iheslari anitzekin harreman bereziak ukan
zituen eta heitarik zenbait izan dira, hil arte, haren adiskide
minak.
Mixel zinez abertsalea zen, hausturarik gabe eta beti indarkeriaren
kontra agertuz ; Mixelentzat gizona lehen zen. Erakusterat garbiki
emaiten daukute berak moldatu bertso hauek:
Aberriaren askatasunaz profetak
mintzo denetan,
Zauri guzien erremedioa daukate hitz batetan.
Errepika
Nik ere nai dut Askatasuna
Izaitekotan Gizonarena.
Txori txikiak, kaiolan denak, azkatasuna zertako?
Libratu eta erortzen bada arranoaren meneko?
Fede handiko gizona
Nolaz ez. giro girxtino eta abertzale batean altxatua izan da
bere familian eta bere sortherrian, Uztaritzen. Herri hortako
Fraiden eskolan eta gero
Seminario ttipian ikasle izan da. Halaber parte hartu du han
bereko talde gehienetan hala nola "Euskalherrizaleak"
elkartean. Hunek zuen kudeatzen Piarres Lafitte apezak 1934-an
sortu zuen "Aintzina" aldizkarrian. Denek azpimarratzen
dute Piarres Lafitte.n eragina Mixelek bere biziari eman dion
norabidean, dela euskaltzale alorrean dela politika sailean.
Hara Mixelek berak zer erraiten zuen 1976-an:
"14-15 urte nintuelarik nere eskola Demokratia kristianoaren
familia izan zen eta egun ere hala da".
Bayrou-k, kontseilu orokorreko lehendakariak eta adiskideak,
Mixel hil zelarik, hauxe idatzi zuen :
"Fede haundiko gizona zen. Jakin du Demokratia kristianoaren
idealari fidel egoiten eta biziak ekarri pairamenak baikorki
jasaiten".
Eta pairamenak izan ditu Mixelek bere bizian. Bere emaztea, 5
semeen ama galdu du, 33 urte zituelarik. Biak Pariserat abian
zirelarik, etxeko ate aintzinean supituko hil zen. Huna zer dion
bere andre zenari eskain olerkian:
"Urrieta gau eder batez
Ama joan zinen bidaiez.
Bidaia hori nik uste baino luzeago zen zienez:
Zeruko treina hartu zinuen Parisekoaren partez,
Adiorik gabe utzi dituzu zure umeak nigarrez".
Zenbait urte berantago 1969-eko
uztailaren 13-an bere seme gehiena Beñat, bide istripu
batean, Kanbon berean hil zen. 16 urte zituen. Ama zenduz geroz,
Beñat seme zaharrena zen, Maite Mixelen arrebarekin familiaz
arduratzen.
Huna "bortz iturri" karia hortarat egin bertsoetarik
zonbeit:
"Bortz iturri baziren neure
mendietan
Bortz iturri kantari, alai harroketan.
Edaten maite nuen heien ur hotzetan,
Hetarik baten kanta agortu da betan.
Mundarraingo kaskoa harrokak inguru,
Mendirik ederrena dirudi gaztelu.
Bortz semeren erdian banuen urgulu,
Zeruko Jainko Jaunak, bortizki no nauzu".
Bere fedean atzeman zuen Mixelek
behar zuen indarra. Zorigaitz izigarri hoieri ihardokitzeko.
AZKEN MEZUA
Nere hitza amaitu nahi nuke aipatuz "Kanta berri" olerkia.
Hau da Mixel Labeguerie-ren azken idazkietarik bat. Iduritzen
zait mezu bat bezala hortan uzten daukula. Aldarrikatzen du bere
abertzaletasuna (zenbaitek Mixel Enbata-tik urrundu zelarik gaizki
hartu zuten. Batek traidore bat bezala zaukan). Bakezaile den
xoria igortzen du Anai Artean berezle samurlaria izan bada.
Azkenik dio kulturak salbatuko duela Euskal Herria. Huna kantu
hortarik zonbeit bertso:
"Oi kanta berri, zurekin
nago orain duela aspaldi,
Zuretzat nuen kar bero hura suntsitu ez da dirudi.
Beste lanetan iragan ditut egunak eta gau-aldi,
Bainan oraino ez dut ukatu Euskadi nere Aberri .
Oi kanta berri bihotzetikan ezpainetarat jalia,
Euskal airean bihaltzen zaitut, zu nere mezularia.
Anai Artean izatu banaiz beresle zamularia,
Izan izaite zu ene partetik Bakezale den xoria.
Oi kanta berri gure herriak behar du bide eta zubi,
Etxetan ere baitezpadako argiarekin , ur garbi.
Horiek denak ez dira aski bizi dadien Euskadi,
Hanbat oraino beharko ditut kanta bat eta kanta bi".
Hortan utziko dut, deneri oroitaraziz
gizon maitagarri hori dugula omenduko, Kanbon, 2000-ko urriaren
14 eta 15 etan. Segur naiz egun haundiak direla eta, Mixel dugula
gogoan, kantaldi xoragarri batean, kartsutasunean erranen dugula
boz eta bihotz batez: Bai Euskarari, Bai Euskal-Herriari. |
Laurent Darraidou, idazlea
Argazkiak: Auñamendi entziklopedia |