Duela bi urte, Imanol Murua Uriarekin
izan nuen elkarrizketa aski luzea, nire bizitzaren zehar izan
ditudan gorabeheraz, bereziki ekintzaz. Ikus Jakin aldizkariaren
108. alearen 87-116 orriadeetan. Baina zenbait pundutan haruntzago
joan nezake eta horrek ematen dit bidea gaurko honetan zerbait
gehiago adieraztera, pertsonalki bizi izan dudanez.
Legez, horrek ematen dit bide ziurra bakoitzak pertsonalki bizi
izan dituen lekukotasunetan oinarriturik agiri zehatzak agerrarazteko.
 Aralar.
Haurtzarotik nekarren mendizaletasunak
eraman ninduen, nik uste gabe, Euskal Herriko mendiak ez ezik
bertako herri, baserri eta saroiak ezagutzera. Horietan beti
ateak irekirik aurkitzen nituen euskarari esker. Hortik sortu
zitzaidan euskararenganako kezka nire barne gogoan. Baserritarrekiko
harreman anaikorrez gainera, Aralar eta Gorbea mendietako zenbait
artzainek, berekiko harremanetan, adiskidetzat hartzen ninduten
eta beraien txabolak aurkitzen nituen ostatu. Eta neronek igarri
gabe, hortik sortu zitzaidan euskalzaletasuna, mundua orokorra
denez gero, nik nere herri eta hizkuntzatik aurrera joanaz unibertsalagoa
nintzela uste izate horretatik bideratu behar nintzela, besteak
ukatzeke, noski.
Nire ideiak, aita eta aitonaren
ideiei jarraituz, liberal ezkertiarra nintzen. Baina soldadutza
garaian, lehenik Madrilen izan nintzenez, itzultzaile egin beharra
izaten nuen gaztelerarik ez zekiten batzuekin. Haiei ematen zitzaien
tratu txarrek gehiago bultzatu ninduten euskararen alde. Mendizaleon
artean, egia esan, Eibarko sozialista zein abertzaleok elkarrekin
ibiltzen ginen eta orduan ikasi nuen, zaharragoek elkarren artean
zein adiskide ziren ideia desberdin horien gainetik. Horien artean,
Faustiko Mujika jakitunenetako zen eta maiz mintzatzen nintzen
nire kezkak azalduz gure hizkuntzaren balioetaz eta beronen jatorrietaz
Faustino Mujika, euskarazko gramatikaz ikasia zen eta maiz entzun
izan nion Zabala-Aranaren gramatika izan zuela ikasbide. Gutunez
eskatu nion ea lortu ahal bazuen niretzat gramatika horren ale
bat eta postaz bidali zidan. Hori izan nuen ikasketarako lehen
hastapena.
Hala ere, 1948an soldadutza bukatzean,
frankismoaren aurka zerbait egin nahirik, sozialesten gaztedi
elkargoan klandestinoki laguntzea erabaki nuen. Baina ez hain
luzaroan, zeren abertzaleen ekintzak begionez ikusten nituen
eta hauekin kolaboratzea erabaki nuen. Baina, hemen ere, euskara
gerorako utziz jarraitzen zuten, askatasunera iristea behar bezala
bideratuko zuten ustetan. Gero, behar bada asmorik hoberenarekin,
gazte buru bero batzuen jarrera izan zen alderdiko joera alde
batera utziz, Ekin taldea sortu eta bide berriak harturik abiatzea.
Oso nabariak ziren orduko eragin zipokariak , maiz gezurrezko
ekintzak bultzaraziz, eta ez nuen hain gogoko bide hori. Horregatik
erabaki nuen euskararen alde soil soilik lan egitea erabakiz.
Eta besteok, azkenerako Euskalerria ta Askatasuna (ETA) zeritzan
elkargoaren sortzaile bihurtu ziren.
Mendizalerik
gehienak ziren euskaltzale eta horien artean ezagutu nuen Yon
Etxaide donostiarra, hil arteraino adiskide mina izango nuena.
Berak erakutsi zidan euskal literaturako egiterik egokienak hautatzen
eta ezagutzen, balio bereziak lortzeko. Bere bidez jasotzen nituen
Euzko Gogoa eta Gernika aldizkariak eta bera izan
zen Umandiren Gramatica vasca gomendatu zidana. Gramatika
hori orri multikopiatuetan erabiltzen genuen eta 1955ean zazpi
laguneko eibartar taldetxo hark geure kontura argitaratu genuen.
Oraindik ez zen garai erraza eta, Mitxelenarekin mintzatuz, Julio
Urkixo Mintegiaren babespean argitaratzea lortu genuen.
Garai hartan Bermeon A. Imanol
Berriatuak argitaratzen zuen Anaitasuna
aldizkarian hasi nintzen 1950 edo 1951 urtean euskaraz idazten.
Gero Jokin Zaitegi zenaren eskariz hasi nintzen Eusko Gogoa
aldizkarian, Guatemalan argitaratzen zuenean.
Zazpi laguneko taldetxo hura
hasi ginen Eibarren gramatika ikasketan, garai hartan isilpeko
lana zelarik, euskararentzat inoiz ez baitzegoen lekurik, klandestinoki
izan ezik. Lehen aldian, ikasiz, elkarren eritziak entzunaz,
moldatzen ginen eta gero Eibarren bertan apaiz zegoen D. Rafael
Artola , "Bordari" zenaren anaiarekin jarraitu genuen.
Bere euskara aberatsaz gainera gramatikaz ondo jantzia baitzen.
Horrela jarraitu genuen, etenik gabe aurrera begira.
Baina, gure ikasketak aski ez
zirelarik, talde hortatik hasi ginen Eibarren euskara suspertzeko
zerbait gehiago egin nahirik. 1959an Bergararekin batera, Ikastolak
ireki genituen, Bergarako Iosu Oregi lagun harturik burutu genuen
ekintza hori.
Lehentxoago, 1957an Euskaltzaindiko
urgazte izendatu ninduten, teknika hitzen bilketaz egin nuen
lana nolabait eskertu nahirik edo (Ikus "Eibar´en
erabiltzen diran burdin lagintzako itz teknikoak", Euskera,
III,1958, 141-158 orriladetan).
Urgazle izendatu nindutenean
eta bertako batzarretara agertzen hasi, ohartu nintzen lanerako
eguna galdu beharrez gainera, Euskaltzandiako batzarretara joaten
zen bakoitzak bere patrikatik ordaindu beharra zuela bai bidaia
eta baita bazkaria ere. Horrez gainera
Euskera agerkaria argitaratzeko ere diruz gaizki zebiltzala.
Baina 1937-1953ko ale bereziaren 81. orrian irakurria nuen, lehenago
bazela "Euskaltzandiaren laguntzaileak" zeritzan talde
bat, diruz laguntzen zuena. Ekintza hura kontutan harturik, behin
esan nion Mitxelenari ea talde hori zergatik ez zuten berriz
martxan jartzen. Eta hark egin zuen eskariaren ondorioz, 1959an
uztaileko batzarrean erabaki zen, batzar agiriak honela dioenez
"Biztu bedi Euskaltzandiak leengoko denpora batean eukan
Euskaltzandiaren laguntzaileak taldea". Ekintza hori nire
ardurapean utzi zen eta taldetxo bat osatu nuen euskaltzaleen
artean, Euskera agerkariaren harpidedun gisa, beren borondatez
urteko mila pezeta ordaintzeko. Eta batzuk, bi mila emateko ere
gertu zeuden.
Bestalde, izendapen horrek eman
zidan aukera 1745ean Eibarren jaio zen Juan Antonio Mogel euskal
idazleari omenezko jardunaldiak proposatzeko eta onartua izan
zen.
Garai hartan, Eibarko alkate
zen Javier Egurenekin, nik neuk ezaukera handia nuen, baina zazpi
laguneko taldean zen Jose Luis Ugarteburuk lagun mina zuen eta
elkarrekin joan ginen laguntza eske eta gogo onez hartu gintuen.
Hortara, Udalaren eta Euskaltzandiaren babespean antolatu genuen
Euskaltzaleen Biltzarra, hitzaldiz, 1959ko azaroaren 6tik 8ra.
(Ikus, Euskaltzaindiaren Euskera V., 1960, 23-183 orrialdeetan).
Egun haietan, hitzaldiez gainera,
beste zenbait ekintzaren antolaketaz arduratu ginen: pintura
eta argazki erakusketak, euskarazko antzerkiak Teatro Amayan,
euskarazko lehiaketa haurrentzat, dantzak Untzaga plazan, gerraondoko
Gipuzkoako lehen bertsolari txapelketa, txistu kontzertua, kalez-kaleko
jira eta abar. Aurrez Eibar aldizkariaren urriko zenbakitik
girotu genituen ekintzok eta ondoren, azaro eta abenduko Eibar
aldizkari berean, kronika gisako berri emateak. Bereziki,
ikus eta irakur Imanol Laspiurren "Umien euskal sariketa"
zeritzan artikulua, azaroko Eibar-en 11. orrialdean. Baina
baita ere beste zenbait berri Club Deportivo Eibar-eko buletinean,
1959. aren abenduko alean.
Euskal jai haiek, Eibarren ez
ezik, Bizkaia eta Gipuzkoan hots handia izan zuten. Aldi berean,
ordurarte euskararentzako somatzen zen izoztasuna eten zuten,
gure hizkuntzaren ekintza arloetan bide berriak irekiz.
Ekintza haiei esker, eman ziguten
bide eibartar euskaltzaleen artean diru laguntza eskariak egiteko
eta aldi berean ikastoletarako haur gehiago lortu ahal izateko.
Eta, handik urte batera, 1960an, Zezen-bide kaleko etxe baten
behean bi toki hartu genituen ikastolak era egokian antolatzeko.
Ez genuen nahi isilpean jarraitzerik eta horretarako lortu genuen
alkatea buru zela eta parrokoaren bedeinkapenez irekitzea.
Antolakuntza haien buru gisa
azaldu nintzenez, geroztik ez dut izan lasaitasun askorik. Hizkuntzak,
berez herri baten gauza naturala izanarren, ez Franco-ren garaian
eta ez geroztik, Espainia gehienean ez dut izan harrera onik,
nahiz eta bertako hizkuntzarik zaharrena izan. Nire harat-hunatko
ibilerak zaintzen zituzten polizi eta goardi zibilek, gure etxeko
telefonoa ere isilpean beraien geletara konektaturik zuten.
1964an izendatu ninduten euskaltzain
oso eta handik urtebetera, Mitxelenak
bultzaturik, Euskaltzaindiaren idazkari izendatu ninduten. Aurrerabidean,
lanak bizkortu genituen eta 1968an Arantzazun egin genituen batzarretan
euskara batuaren arau nagusiak markatu genituen. Garai horretako
xehetasunak eman nizkion Imanol Murua Uria kazetariari eta ikus
hasieran aipatu dudan Jakin aldizkariaren 108. zenbakiko
103-109. orrialdeetan.
1968ko ekainean , Madrileko Unibertsitatean
ikasle zen Jesus Gonzalez San Pedrok Euskaltzandiaren babespena
eskatu zuen, Valladolid eta Zaragozan ikasketetan ari ziren Euskal
Herriko estudianteak udarako oporraldian euskara ikasteko jardunaldiak
antolatu nahi zituztelako eta eman genien, hileroko batzar agirian
erabaki zenez (Ikus, Euskara agerkaria, XVI, 1971,183. orrialdea).
Gabirian pasiotarrak zuten etxea
hautatu zuten ikastaroen lekutzat. Hala ere, eragozpenik ez zitzaizkien
faltatu. Euskaltzandiko idazkari nintzenez, egun batean telefonoz
deitu ninduten, esanaz, Goardia Zibilak joan zitzaiela handik
alde beharra zutela aditzera emanez. Nik, berehalaxe, euskaltzinburu
zen Manuel Lekuona jaunari dei egin nion gertatzen zenaren berri
emanaz. Zerbait izutu zen, baina lasai har zezala esan nion,
zeren lehendabizi Antonio Arrue euskaltzain jaunari deitu niola,
ea elkarren artean ikastaroen jarraipenerako zerbait lortzen
genuen. Esan bezala, Arrue jaunak bazekien ni, politika alde
batera utziz, buru-belarri euskararen sustapenean nenbilela.
Biharamunean
Arrueren erantzuna: Gipuzkoako gobernadore zen Ottra Molto prest
zegoela gu hartzeko eta elkarrekin egoteko. Berehala joan nintzen
Ormaiztegira, han Garmendiaren etxean elkarrekin biltzeko. Bertatik
deitu genion gobernadoreari, ikastaroen antolatzaile zen J. Gonzalez
San Pedrok, irakasletzaren arduradun zen Xabier Mendiguren Bereziartuak
eta nik, babesle zen Euskaltzaindiaren partez joango ginela esanez.
Ondo hartu gintuen. Lehen hizketaldia
berarena zen, euskara maite zuela esanez, baina maiz politikarekin
nahasturik ikusten zuela. Ikastaroen jarraipena nahi bagenuen
ez nahasteko politikarekin eta utziko zigula. Bere euskararenganako
interesaz eta abar luzaro mintzatu zitzaigun. Gainera, euskaldunok
aski arrazazale ginela ere esan zigun eta orduan hitza eskatu
nion. Honako hau apertuz: Euskaltzaindiarekikoa euskara zela,
politikak alde batera utziz, eta antolakuntza arduradun zenak,
Gonzalez eta San Pedro zituela bere deiturak eta ni neuk San
Martin. Beraz, ez zezala zalantzarik izan arraza kontu hortan
ere. Hala ere, esan zigun, ezkontzak ere euskotarren artean egiten
genituela, erdaldunak "maketo" bezala mezpretxatuz.
Orduan esan nion: "Hara jauna, ni madrileña batekin
ezkondua nago". Bere erantzuna, hitzetik hortzera: "Y
sus amigos le han dejado". Ahalik eta leunen erantzun
nion: "Yo para casarme no conté con mis amigos,
sino con la novia a la cual quería". Eta X. Mendigurenek
gaineratu zion: "Además, hoy en día, la
esposa de San Martín, se defiende bien en euskara".
Hori entzutean zion: "¿Cómo. Usted le ha
enseñado euskara?". Nik ordea "Sepa usted
que no la he obligado, ha sido por su propia voluntad. Así
como por mi nunca he despreciado la lengua castellana, pues es
mi segunda lengua, la quiero y la necesito".
Bere harridura agertuarren, nik
uste, honekin lasaitasun zerbait hartu zuela. Eta hitza eman
zigun ikastaroekin jarraitzeko, baina, edozergatik uzteko agintzen
bazigun, utzi beharko genuela. Alderatzerakoan, bere azken hitzetan,
esan zigun: "Bueno, ya saben, cuando se quiera estudiar
euskara, se estudia pero sin hacer política. Así
como cuando se va al monte es para hacer montañismo y
no política". Horrela agurtu gintuen.
Pozik
irten ginen eta kanpoaldean ginelarik, Mendigurenek esan zidan:
"Zer arraioa esan nahi ote zuen, mendizaletasunean politikarik
ez erabiltzeaz?". "Ba, Xabier, nonbait jakin dik, Peruko
Andes mendietara joan zirenetako batek ikurriña eraman
zuela eta handik itzultzean denak sartu zituztela presondegian.
Eta hemengo mendizale gehienok, mendilagun haien alde agertu
nahirik, gure karnetak itzuli genituela Federaziora. Nik neuk,
hori baino gehiago, Espainiako Mendizale Federakuntzak nire merituengatik
zilarrezko domina eman zidanez, domiña ere itzuli nian
karnetarekin batera". Gure parreak, ez dut uste barnetik
entzungo zituztenik.
Gertakariok erakusten digute
hirurogeigarren hamarkada hartan zein nekeza zen euskararen alde
zerbait egitea.
Nire ekintzak euskararen esparru
soilekoak ziren arren, garaiko egoeran aski ziren susmo ilunak
jasotzeko. Eta 1973an Luis Carrero Blanco hil zutenean, euskal
herritarron pasaporteak baliapenik gabe utzi zituzten. Horietaz
baliatu nahi zuenak bisadu berri bat atera beharra zuen. Euskaltzandiak
Donibane-Loitzunen bilera zuenez eta ni ordurako euskaltzain
oso ez ezik, erakundearen
idazkaria nintzenez, Eibarko komisariara joan nintzen bisadua
lortu nahirik, baina han esan zidatenez, nik nuen fitxa kontuan
hartuz Madriletik zuten aginduaren arabera, ezin zidatela bisadurik
eman. Baina Antonio Arrue euskaltzainarekin harreman onak nituen,
eta hark egin zituen ikerketak Gobernu Zibilean eta "Información
y Turismo"ko bulegoetan. Haietan ez omen zuten nitaz fitxarik
eta inon izatekotan, Eibarko komisaldegiaren kontukoa izango
zela. Eskerrak berari eta orduan Eibarren alkate zen Antxon Iraolagoitiari,
lortu nuen hain beharrezko zen bisadu hura.
Uste nuen hor bukatu zirela nire
aurkako susmoak. Baina Espainiako politikak, demokraziarako aldakuntzak
bideratu zituenean eta Gipuzkoako gobernadore, hain ezaguna nuen
Juan Mari Jauregi izendatu zuten. Behin, eginkizun batzuengatik
Gobernu zibilera joan beharra zuenez, Juan Mari agurtzean esan
nion ea nitaz zuten fitxa ikus zezakeen. Handik lasterrera ekarri
zidan, esanaz. "Zure fitxa, nirearekin konparatuz, aingeru
batena dela dirudi".
Baina uka ezinezkoa iruditzen
zitzaidan frankismoaren ondorizko makinaria oraindik erabilgarritzat
zutela. Zeren, bestela, zergatik ez zituzten erre fitxero haiek?
Bizilekua Eibartik
Hondarribiara aldatu nuen 1982ko irailean, egunero Donostiara
lanera joan beharra nuelako, urbiltzeagatik. Eta nigan beti iraun
duen mendizaletasunagatik, inguruotako mendietara bilerak egitean
zenbait arkeologi aztarnategi aurkitu nituen Jaizkibelen Itsasaldean
eta maiz joaten nintzen hegal haietan lur-azalak milakatzera.
Baina 1983an GAL-en ekintza ilun haiek hasi zirenetik, ez ninduten
bakean uzten. Urte horretako aberri egunean goardia zibilek etxea
miakatu zidaten, ez dakit zeren bila. Gero, autoaren gurpilak
zulatzen zizkidaten, lehenago mendian autoa uzten nuen lekuetan
eta gero baita ere etxeaurrean. Horietako batean, gurpila kendu,
haguna mailuz zanpatu eta uretara bota nuen. Zer uste ote zuten,
euskararen alde ari ginanok ETA-koak ginela? Bestela ulerkaitz
egiten zait.
Susmoa nuen goardia zibilak izango
ote ziren. Alfonso Oronoz alkatea konsultatu eta honek ere susmo
bera zuen. Besterik gabe jo nuen Irungo kuartelera gertakizunak
salatzera. Galderak egiteko moduagatik ohartu nintzen nire susmoak
bidezko zirela. Salakuntzaren kopia eskatu nien eta hurrengo
egun batean joan nintzen garai hartan gobernadore zen Julen Elgorriagarengana,
kontu ematera. Aurretik ezagutzen ginen, bera Irunen alkate zelarik
Ama Xantalen ermita berritze hartan lagundu nuenez. Ez zen harritu,
zeren esan baitzidan Franco-ren garaiko pentsamenez bizi zirenak
oraindik ba omen zirela, eta holakoak. Espainiaren hegoaldera bidaltzen ahalegitzen zirela.
Eta, nik esan nion: "Zergatik ez espedientatuz zigorra eman?
Zeren nire pekatu bakarra, pekatua baldin bada, euskararen alde
lana egitea baizik ez da. Eta horrelakoek, doazen lekura doazelarik,
jokaera berdintsuak erabiliko dituzte". Hor bukatu ziren
maltzurkeriak, harrezkero ez ninduten molestatu.
Baina, geroztik, gaur egun guztiok dakigunez, GAL taldeari buruz
jakin ditugunak kontutan harturik, benetan izugarriak ziren Estatuaren
barnetik horien ekintzak eta hilketak. Juan San Martin,
idazlea eta euskaltzaina
Argazkiak: Auñamendi entziklopedia eta Lur hiztegi entziklopedikoa |