Urte asko daramatza antzerkian lan egiten
eta zeregin horretan egoera ezberdinak bizi izan ditu. Pozik
dago antzerkira joateko joera berreskuratzen ari delako, egungo
antzezlanek aspaldikoen kutsu errebindikatiboa galdu duten arren.
Azkenaldian hiru antzezlanetan sartuta dabil, horietako bat "Los
Emigrados", emigrazioaren ikutu gabeko alderdiak azalarazi
nahi dituen obra.
-60. hamarkadan euskal
antzerkiaren iraultza gertatu zen. Urte haietako egoera egungoarekin
konparatuta aldaketarik izan al da? Bai. 1969an Euskadin
"Comicos de la legua" taldea martxan jarri zen. Antzerki
independientea egiten lehenetarikoak izan ziren, une hartan estatu
osoan egiten zenaren isla. Ordura arte egiten zen antzerki komertzialari
aurre egiten saiatu ziren, antzerki marginala zen nolabait esateko.
Euskadin profesionalki agertutako lehen taldea izan zen, nahiz
eta adinez gaztea izan. Talde horretatik abiatuta Euskadin antzerki
alternatiboaren zirkuitoa eratuz joan zen. Erabat arrunta bihurtu
zen jai eta kultur asteetan antzerkiaren presentzia, ordura arte
hemen antzerkirik ez zelako egon. Garai frankistan geunden oraindik,
militantzia politiko klandestinoaren urteak ziren eta antzerkia
gizarte mugimenduen parera garatu zen.
Lehen jarduera politikoa handiagoa zuten aktore, abeslari, idazle
zein beste edozeinek. Zenbaitetan militantzia hori jarduera profesionala
baino handiagoa zen. Ikuspuntu artistikotik obra txar batek arrakasta
handia izan zezakeen eduki politikoa zela-eta. Orain abestiak
eta antzerkiak mezu politikoak helarazteko soilik erabiltzen
ez direnez, jendeak estetikari gehiago eskatzen dio, mezuak anitzak
direlako. Lehen militantzia antifrankistaren aldekoak ziren guztiak,
ezkerraren kultura bultzatzen zen. Gaur egun, ezkerreko kulturaren
barruan denetarik aurkitzen da. Horrek eragina izan du jarduera
sozial eta kulturaletan. Garai hartan asmo politikoa argiagoa
zen. Gaur egun bata eta bestearen arteko muga ez da hain argia
bestelako egoera politikoan aurkitzen garelako.
-Garai hartan autore batzuk
erreferentzia puntu bihurtu ziren. Gaur egun pisuko autorerik
ez egoteak baldintzatu al du antzerkiaren egoera? Egungo Euskal Herriko
intelektual eta idazleek ez dute batasunik. Egon badaude, baina
ez da bakarrik kultur erreferentziaren gabezia. Aniztasuna, arreta-gune
bakarretik askotara igaro gara eta hortik zehaztasunik gabeko
ezkerreko kulturara.
-Antzerkiaren
nazioarteko egunean ahots txikientzako tokia eskatu zuten aktore
elkarteek. Unibertsalizazioaren aurrean, hemengo antzerkiak zein
egoera bizi du? Euskadin ez dago
antzerki antolakuntzarik. Gauza askoren unibertsalizazioa ematen
ari da. Munstro horren aurrean kulturak desegiten doaz. Telebista
programek elkarri kopiatzen diote, abeslariek ere eta horrek
kalte egiten die ñabardura kulturalei. Euskadiren kasuan,
nazio moduan iraun nahi dugunez, nortasun kulturalaren zeinu
horiek zaindu beharko genituzke toki bat irabaz dezaten. Iraun
nahi duen herrialde bat izanik, asko harritzen nau zeinu horiek
behar bezala zainduta ez egoteak. Antzerkiari dagokionez, erakunde
dramatiko nazional bat sortu beharko litzateke eta konpainia
iraunkorrak bultzatu. Antzerki nazional bat ez da lege dekretuz
eratzen bere garaian Euskadiko Orkestra Sinfonikoa edo Euskal
Telebistarekin egin bezala. Jarduera kulturalak kudeatu behar
dira; fruitua erein eta ondoren etekinak jaso. Antzerkia naturalki
eratzen ari da barruan gaudenok munduratu nahi izan dugulako,
baina ez horretarako tokirik eman zaigulako.
-Aktore batzuek telebistara
jo dute eta horri esker eman dira ezagutzera. Horrek kalte egiten
dio antzerkiari? Ez dut uste kalterik
egiten dionik. Lehen telebista kate bakarra zegoen eta alde nabarmena
zegoen telebistako aktore ezagun eta ezezagunen artean. Telebistan
ateratzen ez zirenak lanbidekoak ez balira bezala tratatzen zituzten.
Gaur egun, maiz gertatzen da telebistako aurpegi ezagunek publikorik
ez erakartzea eta hain ezagunak ez direnek arrakasta izatea.
Ez dut uste telebistan lan egiteak horretan ez daudenei kalterik
egiten dienik. Ez dute zerikusirik. Antzerkiak aurrera egin du
eta antzerkilanak egoten jarraitzen dute. Obra batzuk gainera
oso onak dira eta jendea erakartzen dute aktoreen zereginetatik
aparte. Batzuetan antzerki talde bat osatzea zaila izaten da
aktoreak telebistan lan egiten dutelako, baina lan munduaren
barruan sartzen da hori. Telebista bitarteko bat gehiago da.
Bakoitzak egin nahi duen ala ez hautatu behar du.
-Publikoari dagokionez
zer esan daiteke? Azkenaldian publikoa
handituz doa. Telebistaren audientzia handia mantentzen da baina
telebistako publikoaren jarrera askoz pasiboagoa da antzerkira,
zinemara edo kontzertu batera joatea erabakitzen duenarena baino.
Dena den, antzerkira joateko ohitura berreskuratzen ari da, ez
da bataila galdu. Ez du zertan telebistaren aurkako borroka izan
behar, asperduraren,
jakin nahi faltaren aurkako borroka da. Antzerkira itzuli dira
gizarte kolektibo bezala, etxe barruko indibidualitatetik kanpo.
Garai bateko telebistarekiko sukarra amaitu da eta telebista
aspergarria bihurtzen ari da. Jendea selektiboagoa bihurtzen
ari dela uste dut edo behintzat horrela izatea gustatuko litzaidake.
Demokrazia hasi berria zenean Europako herrialde demokratikoei
begira jartzen ginen, eta harrituta geunden jendea oso goiz joaten
zelako etxera. Indibidualtasunerako joera hura niretzat beldurgarria
zen. Niri jarduera kolektiboak gustatzen zaizkit. Telebistaren
bakardadeak ematen ez duen berotasun eta energia eskaintzen du
horrek.
-Zeinek du arrakasta handiagoa:
antzerki lan klasikoak ala modernoak? Nik uste biek, ez
dute zertan zerikusirik eduki behar. Ur taldeak adibidez, antzerki
garaikidea klasikoarekin uztartzen du. Beren azken lanagatik
Max sarietara nominaturik daude eta horrek esan nahi du beren
lana estatu osoko jendeari interesatzen zaiola. Beti funtzionatzen
duen generorik ez dago. Agian komediak, baina hori esatea ez
litzateke erabat zuzena izango. Jendeak barre egiteko gogoa duelako
barre egiteko antzerkira doala esatea litzateke. Baliteke jendeak
dibertigarria den zerbait ikusteko joera izatea baina formaltasun
bera eskatzen zaio drama zein komediari. Publikoa ez da tontoa.
Tamalez, telebistako irizpideak erabili ohi dira jendeari zer
gustatuko zaion erabakitzeko. Erabat harritzen nau ETB-n antzerkiari
eta arte eszenikoetara zuzenduta dagoen programa bakarra hain
ordu desegokian emateak. Beraien ustez, ez du behar besteko audientziarik.
Badirudi kirtenez betetako herrialde batean gaudela. Ezin dira
audientzia handiko programak interesa dutenekin konparatu. Gezurra
dirudi guztion diruaz egindako telebista batentzat programa kultural
batek interesik ez izatea audientziarik ez duelako. Guzti hori
bizi garen egoeraren adibide da. Prentsari begiratzea besterik
ez dago gai hutsalei eta kulturari eskainitako orrien kopurua
konprobatu ahal izateko.
-Jendeak hemengo lana baloratzen
al daki? Herritar itxiaren
mentalitatea dugu. Herri txiki batean ematen den arazoa da. Denek
betidanik elkar ezagutzen dute eta horregatik ez dute uste auzokoa
beraiek baino hobeagoa izan daitekeenik. Pentsamolde etxekoiegia
dago gai kulturalekiko, mundu guztiak zoragarria zarela esan
arte ez zaituzte hemen aintzat hartzen. Ez dakit dauzkagun politikarien
ondorio izango ote den. Oso polita da herrialde bat eraikitzea
eta hala ere, nortasun zeinuak nabarmen dauden kultura ez bultzatzea.
Eta joera hori erabat normalizaturik dago. Ez dut oraindik politikaririk
ikusi ETB-ko eskaintza kulturalaz kexatzen. Ez dut ulertzen zergatik
ez dagoen antzerki nazionalik. Garai batean Antzerti zegoen baina
pikutara joan eta orain ez dago ezer. Horiek utzikeriaren aztarnak
dira eta oso larriak iruditzen zaizkit iraupenaren alde borroka
egiten duen herrialde batentzat.
-Utzikeria hori nondik
dator?
Erakundeen aldetik dator. Lanbideak aurrera jarraitzen
du, jarduera badago, taldeak ere. Estatu espainiarretik obra
batzuekiko errekonozimendua heldu zaigu. Administrazioaren errua
izan da, ez dakit zergatik antzerkia ez zaiolako interesatu.
Agian zerbait minoritarioa delako, ez duelako berehalako prestigiorik
ematen eta eduki ideologikoa duelako. Orkestra bat sortzea gauza
polita da, ez du ideologiarik. Denek txalotzen dute eta musikak
ez du ez aberririk ez mugarik. Euskadiko Orkestra Sinfoniko izena
oso ondo gelditzen da nahiz eta musikariak atzerritarrak izan,
eta musikaren irakaskuntza Euskadin erabat egituratu ez dagoen
arren. Erakundeen bultzada hemengo orkestra eta telebista sor
zitezen lilurak sortzea izan da. Kulturalki ia erabat egituratuta
dagoen herrialdean sinestarazi nahi gaituzte eta hori gezurra
da. Oinarri kulturala badu, zeinu kultural ugari dauzka baina
onespenik ez. Antzerkiaren kasuan, Euskadi osoan ez dago udal
antzerkiren batean finko dagoen talderik. Niretzat hori erabat
paradoxikoa da.
-Etorkizun ona opa dakioke
euskal antzerkiari? Nik baietz uste dut.
Baina legetik at jaio garelako eta geure bitartekoekin borrokatzera
ohituta gaudelako. Zailtasun handiz onespenaren alde borrokatzera
ohituta gaude. Horrela ikasi duenak ez du inork geldituko. Toki
batetik desagertarazi eta beste edonon sortuko litzateke. Alde
horretatik maila batera heldu gara eta dagoeneko aktore zein
zuzendarien onespena lortu dugu. Administrazioaz aparte, euskal
antzerkiak lanean dirau. Kexkagarria da, hala ere, ez delako
hobeto zainduta hazten eta garatzen. Gehiago zaindu beharko litzateke.
Ez dago laguntza handirik antzerkia zerbait emankor bezala ikusten
ez delako. Euskadin ez dago egoera normalizaturik. Hori da nik
faltan gehien botatzen dudana. Antzerkirako publikoa badago baina
publiko horri ez zaio sortzeko denborarik ematen. Jaio baino
lehen suntsitu egiten da. Argazkiak: Mikel Martinez
Euskonews & Media 77.zbk (2000
/ 5 / 5-12) |