Estandar idatzi bat eratzea lortu duten
hizkuntzen artean, euskara da, agian, hizkuntza idatzi batu horren
taxutzea egoerarik okerrenean bideratu behar izan duen hizkuntza.
Alde batetik, ez da ahaztu behar, euskara batuak lehen urratsak
egin zituenean, nazio eremuaren parterik handiena eta garrantzikoena
gerra suntsigarri baten ondorengo diktadura baten pean aurkitzen
zela, 25 urte betetzera zihoan eta nazio hizkuntzaren eskubide
oinarrizkoenak ia lehen eguneko lehia berarekin zapaltzen jarraitzen
zuen diktaduran baten pean, hain zuzen. Baina bestetik, hots,
hizkuntzaren beraren zer-nolakoen ikuspuntutik ere, egoera ez
zen, ez, aukerakoa. Hala ere gertatu zen miraria. Hurrengo lerroek
egoera ezin okerrago horren eta gertatu zen mirariaren kronikaren
haria izan nahi dute.
1. Estandar batua eratzeko lehen
zailtasuna, hizkuntzaren dialekto egoera da. Jakina denez, euskalkitan
banatua dago euskara, euskalki eta hizkera askotan, harreman
handirik izen ez duten euskalkietan gainera. Dena dela, askotan,
batez ere erdaraz, kontrakoa esan bada ere, euskalki horien arteko
aldea ez da izugarria. Hots, euskalki desberdinetako hiztunek
Arratiako bat eta Garaziko bat, esate baterako ulertzen
dute elkar, baldintza bat betetzen bada: nor bere literatura
euskalkian irakurtzeko gauza izatea, hain zuzen. Eta kontuan
hartu behar da baldintza hori betetzen ez bada, elkar ez ulertzearen
errua ez dela linguistikoa, kulturala baizik.
Ez da hau une aukerakoena euskalki
horien nondik norakoen azalpenari ekiteko. Dena dela, nahitaezkoa
dut, aurrera egiteko, euskalkiok direla eta zenbait zertzelada
gogoratzea. Alde batetik, euskalkien pisua, hiztunei dagokionez,
ez da bera edo bertsua, ezta hurrik eman ere: biren artean, hau
da, bizkaieraren eta gipuzkeraren artean euskaldunen ia % 80
bereganatzen dute. Behin baino gehiagotan, hori gogoratu dutenek,
beste hau gaineratu izan dute: alegia, bizkaierazko hiztunen
kopurua, gutxienez, gipuzkerazkoena adinako dela. Hori esaten
denean ez da kontuan hartzen berdintasun hori "ahozko hiztunei"
dagokiena dela; hots, ez da kontuan hartzen bizkaieradunen ia
heren batek, Gipuzkoan bizi direnak hain zuzen, azken berrehun
urteetan gutxienez, egoera diglosiko bat adigaiaren jatorrizko
adieran, Ferguson-enean bizi izan duela, hau da, hizkuntza
idatziari dagokionez gipuzkeraduna izan dela; gipuzkera izan
da Elizaren hizkuntza, are pulpitotikoa, adibiderik eragingarriena
besterik ez aipatzeko.
Bada, orobat, beste puntu bat
aitatu beharrekoa, estandarra eratzeko erraztasunari baitagokio:
bi euskalkiok ez dira inondik ere elkarren antzekoenak. Zuberera-amikutzera
alde batera uzten bada, bizkaieraren eta gipuzkoeraren artean
daude euskal hizkeren arteko isoglosarik bereizgarrienak, edo
bereizgarrienetako batzuk bederen.
Hizkuntzaren zertzelada nolabait
demografiko edo soziologikoen puntu honi amaia emateko ikusarazi
nahi nuke Bilbo, gure hiriburua, katalanena ez bezala, ez dagoela,
alde batetik, hizkuntzaren eremuaren erdialdean eta, bestetik
eta honek gorabehera handiagoa du ez duela inoiz
izan Bartzelonak izan duen pisua kultura eragile gisa eta
are gutxiago hemengo hizkuntzaren eusle eta sustataile gisa.
Egia esan, tamalez, ez du inoiz izan inongo pisurik alderdi honetatik.
Gogoratu behar al da katalan estandarren arrakastaren arrazoi
erbakigarriari Bartzelona deritzola?
Beste alde batetik, literatura
euskalkien kontua dago. Honetan ere ez dugu izan katalanek eta
are italianoek izan duten abantaila, hots, literatura tradizio
bakar eta beraz batuarena. Ahuldua, dialektokeriaz betea, nahi
duzuena, baina bakarra. Zeren, jakina denez, gure artean, zuberera
bazterrekoa eta bere kasakoa ahazturik ere, hiru baitira literatura
tradizioa duten euskalkiak: bizkaiera, gipuzkera eta lapurtera.
Hemen ere, zertzelada nabarmenetara mugatuz, gogora dezagun gure
literatura klasiko osoa, Leizarraga, Axular eta Etxeberri Ziburukoaren
eskuetan literatura eta kultura maila aski gora iritsi zuena,
lapurteraz gauzatu zela, XVI-XVII. mendeetan. Lapurdi da beraz
gure Toskana. Baina Italian ez bezala, mendeen joan-etorrian
Lapurdik (eta oro har Iparraldeak) bere pisu demografiko eta
ekonomikoa galdu zuen, eta gainera lapurtera, horren ondorio
gisa agian, ez zen euskaldun guztien literatura hizkera bihurtu.
Bestalde, ahulduz joan zen kultura hizkera gisa, eta XIX. mende
bukaeran izan zuen zilarrezko loraldia gorabehera, estandarra
taxutzeko orduan ez zuen euskara batuari gauza gehiegi eskaintzeko:
hizkera idatzia erabiltzeko halako grazia eta trebetasun nabari
bat hegoaldekoek, antza, onartu nahi ez duguna eta
ezer gutxi gehiago.
Beste muturrean ere ez dira korapiloak
falta. Bizkaiera klasikoa berantiarra da ez da XIX. mendearen
hasiera arte egituratzen, eta hasieratik bertatik ez du
batasunik markinatarrak alde batetik, Añibarro eta
beste, bestetik. Gainera, 1800-1820ko produkzio bikainaren
ondoren ez dago ezer aipagarririk, harik eta 1900 inguruan Domingo
Agirreren bizkaierazko idazlanak, literatura bizkaieraren eredu
bikain den Kresala bereziki, gertatzen diren arte. Ez dut uste
inor haserretuko denik esaten badut, oro har, bizkaierazko idazleak
agertu direla moldakaitzenak euskaldunen artean beren burutapenak
moldiztegiko letrez emateko orduan. Gainera, kontuan izan behar
da erazgozpen horiek areagotu egin zirela mende honen lehen hamarkadetan
sabindarren-eta eraginaren ondorioz, Bizkaian izan baitzuen indar
bortitzena Sabino Aranaren eta Sebero Altuberen garbizalekeriak.
Aski da, adibidez, 1920ko Gazteizko Kristau Ikasbide berriaren
gipuzkerazko eta bizkaierazko bertsioak erkatzea diodanaren funtsaz
ohartzeko.
Eta zen esan erdiko euskalkiaz?
Bi hitzetan azaltzeko, erdipurdikotasuna bide da gipuzkeraren
bertuterik nabarmenena. Ez da alboetako euskalkiek gordetzen
omen dituzten altxor preziatuen jabe, baina hizkuntza kontuetan
erdiko izateak non-nahi dituen abantailak bereganatu ditu. Ez
da inoiz lapurtera klasikoak iritsi zituen gailurretara heldu,
baina ez ditu nozitu literatura bizkaieraren arazoak, eta XVIII.
mendearen erdialdeaz gero ekoizpen aski ugari eta aski duina
Mendiburu, Agirre Asteasukoaren edo Lardizabalen eskutik
produzitu du, zenbait nafarren P. Iraizoz gogoangarria,
besteak beste eta Deba ibaiaz sartaldeko hainbat idazleren
laguntzarekin, dena esan behar baldin bada.
2. Euskararen batasunaz ez da
lehen aldiz 1960eko hamarraldian mintzatzen, bistan da. Kontua,
gutxieneko seriotasunarekin, Euskaltzaindia sortzen denean plazaratzen
da, 1920 inguruan. Orduko eta geroko gorabeheren berri zehatza
jakin nahi duenak badu orain eskumenean liburu bikain bat, Koldo
Zuazoren Euskararen batasuna (Bilbo, 1988). Hortaz, aurreko puntuan
bezala zenbait alde nabarmen azpimarratuko ditut nik hemen besterik
gabe. Lehena da merezi duela "Informe de los señores
académicos A. Campion y P. Broussain a la Academia de
la Lengua Vasca sobre la unificación del euskera",
1920an Euskaltzaindairen agerkarian argitaratu zen txostenak
eragin zituen erantzun ugariei begiratu bat ematea. Denetik dago,
baina badira zenbait gauza aski kezkagarriak direnak. Lehena,
zenbat diren batasunaren premia ikusten ez duten euskaltzaleak,
batez ere Bizkaia aldean. Ez da ahaztu behar puntu honetan Sabino
Aranak zazpi eusko estaturen federazio gisa ikusten zuela Euskadi,
bakoitza bere euskalkiaren jabe:
"El Maestro propuso que,
por de pronto, se construyan tantos dialectos como regiones hay
en Euzkadi" (M. de Egileor Euskera 1922, 33).
Bestalde ez dute uste sabindar
horiek batasuna premiazkoa denik hizkuntzak bizirik iraun dezan:
"¿Es de inmediata
nesesidad para la vida del Euzkera la creación de una
literatura?
Nuestra contestación es terminantemente negativa. Lo necesario
[...] es el patriotismo". (Euzkeltzale-Bazkuna, Sobre la
unificación del euzkera in Zuazo 283).
Garai harteko jeltzaleen leloa
errepikatuz bukatzen da artikulua: harako "el Euzkera por
el Euzkera morirá; el Euzkera por la Patria perdurará"
hura. Nolanahi ere, esan behar da jeltzale nabarmen batenak,
Luis de Eleizalderenak, direla ekarpen zentuzkoenak batasunaren
inguruko polemika honetan. Zuazorenean ikus daitezke honen argudio
aski arrazoizkoak, 312 eta hurrengo orrialdeetan.
Bigarren gauza kezkagarria da
ikustea ez dela ia inongo txostenetan ezertarako aintzat hartzen
euskal literatura tradizioa. Honek ere badu bere arrazoia. Izan
ere, mende honen hasierako garbizaletasunak, Aranarenak eta areago
Azkuerenak, gure literatura tradizioaren arbuio ia erabatekoa
dute ezaugarri nagusitzat. Arbuio hori funtsatzeko argudioa,
gezurra badirudi ere garai hartan ikaragarrizko arrakasta izan
zuena, ezaguna da: euskal idazle guztiek erdaraz egin behar izan
zituzten beren ikasketak, eta horren ondorioz erdarak "kutsatuak"
gertatu ziren; hortaz, beren obrek ez dute zer ikusirik euskara
"jator" eta "berezkoarekin". Ildo honetan
adierazgarria da Campion-Broussain txostenaren ondoriozko polemika
horren ondorea (Zuazo op. cit. 180): eztabaidotatik inolako atarramentu
onik ez zetorrela ikusirik, proposatzen dena euskalkien arteko
kidetasun eta ezberdintasunak zenbatzea eta zehaztzea da; hots,
zenbat herritan esaten den, adibidez, bezala, eta zenbatetan
bezela jakitea eta pisatzea. Hori da Akademiaren Erizkizunzi
Irukoitzara-ren sortze arrazoia eta xedea. Euskara idatziaren
batasuna ahozkoaren gainean eratu nahi da, iragan osoaz tabula
rasa eginaz. Dena dela, berriro diot, hau ez zen garaiaren ezaugarri
bat besterik: bide beretik zihoan Altuberen garbizalekeria sintaktikoa,
hain arrakasta handia izan zuena, eta, damurik, oraindik ere
duena.
Iritzi giro hori ez da hausten
1950 ingurua arte. Belaunaldi berriko kide nabarmenetako bat,
Federiko Krutwig, da auzia erabat eraberrituko duena, literatura
hizkuntzatzat lapurtar klasikoa -Leizarragaren hizkera,
zehatzago esan proposatuz. Ez da hau Krutwigen ideiei buruz
luzaz jarduteko aukera egokiena, baina esan behar da jendeak
uste duen baino eragin handiagoa izan zuela getxotarrak euskara
batuan. Izan ere, estandarraren izpiritua ez dago Krutwigen ideia
nagusietatik urrunegi. Krutwigena da, azken batean, egungo estandar
idatzia hezurmamitzen duen ideia nagusia: literatura tradizioa
izan behar duela ezinbestean euskara batua funtsatuko duen oinarri
sendoa. Bestalde, Krutwig da aurrena argi eta garbi aldarrikatzen
euskarak eguneratzeko eta kultura hizkuntza bihurtzeko duen premiaren
ezinbestekotasuna. Ildo horretan kokatzen da berak ezin zuzenago
jebismo deitzen duenaren kritika:
Contrariamente a los catalanes,
los vascos hemos observado un estúpido jebismo, que nos
ha llevado a considerar el vascuence como una cosa que no debía
contaminarse enmpleándola para hablar sobre temas de interes
universal. [...] Los jebistas se oponen a que el labortano sea
la lengua nacional escrita del Pueblo Vasco, precisamente por
lo elegante de su tono, y parecen defender los irrintzis, para
los que el vizcaino ez más apto. (Gernika, nº 14
(1951), 10-11 orr., in Zuazo op. cit. 353).
Horrek ez du esan nahi Krutwigen
proposamena, bere osoan, onargarria zenik. Eta ez zen onargarria
bere argudietako zenbait egiazkoak ez direlako. Ez da egia, adibidez,
hemeretzigarren mendearen azkenaldean Italia politikoki batu
zenean italiera batutzat toskanoa hautatu zenik. Erdi arotik
bertatik zen toskanoa "italianoa", gaztelania "espainola"
zen bezalaxe. Batasun politikoa iristean egin zena, italiano
hori Italia osora hedatzen saiatzea izan zen, besterik gabe.
Bestalde italiera Italia guztiko hizkuntza bihurtu zen heinean
Erromako hizkera (eta bigarren mailan, Milanekoa) bilakatu zen
italieraren gidari, eta gaur egun Florentzia da Erromaren eragina
pairatzen duena, eta ez alderantziz. Izan ere, gizarteko talde
gidariak hizkuntza bilakaeraren gidari ere bihurtzea da batasun
prozesu guztiek, benetakoak badira, ordaintzen duten faktura
eta batasuna benetan errotu delako seinalea. Hizkuntza eredu
erabat filologiko eta hizkera errealarekiko arrotzek, hizkuntza
bizia oso egoera larrian dagoen tokietan soilik izan dezakete
arrakasta. Erregela orokor hori gure kasura aplikatuz, esan dezakegu
Krutwigen hizkuntza eredu artifizial hark bere garaian izan zuen
arrakasta aski nabarmena, 1950 inguruko euskararen kinka larriaren
adierazgarri betea dela, eta, orobat, gero egin zuen gainbehera
dela euskararen zuzpertzearen seinaleetako bat.
3. Aitzindari hauek gorabehera,
Euskaltzaindiaren estandarrak, 1968an Arantzazuko biltzarrean
taxutu zenak, badu "aita" dei dezakegun aitzindari
eragile bat: 1964an Euskal Idazkaritzaren "hizkuntza saillak"
[sic] Baionan plazaratu zuen proposamena. Han daude, dagoeneko,
in, il idazkerak (baino, oilo) onartzea, Iparraldeko tradizioko
h-a kontsonante ondoren izan ezik (harri baino ez ekharri),
eta orobat deklinabidearen paradigmak eta aditz laguntzailearen
forma oinarrizkoak: han dago, adibidez, nuen eta ez nuan,
nun hautatzea. Zer zen Euskal idazkaritza hori? Ez da garaiko
gorabeheretan espertoa izan behar, kideei erreparatuz gero (J.
Solaun, T. Monzon, J.L. Davant, E. Irigarai, Txillardegi, R.
Iriart, Andiazabal eta Hiriart-Urruti) ondorioz ateratzeko J.
L. Alvarez Enparantza Txillardegi izan zela sail haren sortzaile,
arima eta eragile erabakigarria. Aitortu behar da, beraz, eta
adierazi Txillardegiri dagokion parte handia, gero Euskaltzaindiaren
eta Mitxelenaren eredu bezala ezagutzen den horretan.
Euskal Idazkaritzaren proposamen
horiek arrakasta nabarmena izan zuten 60.etan plazaratuz zihoan
idazle belaunaldi berriagan, gehien bat Jakin aldizkariaren ingurura
biltzen zen hartan. Aldizkari horrek berehala eman zuen Baionako
erabakien berri, eta orduan bertan onartu zituen. Dena dela,
belaunaldi berriko idazleen artean ez zen dena izan lehen orduko
atxikimendua. Antza denez R. Arregi eta J. Azurmendirentzat,
adibidez, batasuna ez zen hizkuntzaren arazo nagusia, eta halako
atzeratasuna agertzen zuten "problemak sortu besterik"
egingo ez zuen kontu haren aurrean. Egia esan, "gazteak"
apurka eta banaka igaro ziren ortografia berrira, lehenik "ausartenak",
"koldarragoak" -edo "zuhurragoak"- gero.
Gazteen artean inork ez zuen Baionako eredua arbuiatzen; oportunitate
kontua zen. Bada anektoda bat egoeraren beste alderdi bat argitzen
duena: zenbait hilabetez, R. Arregi bat, Zeruko Argian idazkera
zaharrean eta Jakin-en euskara batuan idazten aritu zen, estandarra
artikulu sakon eta landuagoekin lotzen zuelako. Anekdotak anekdota,
esan daiteke Arantzazuko biltzarraren bezperetan belaunadi berriko
idazle guztiak Baionako idaztarauen arabera idaztera igaroak
zirela.
"Zaharren" artean,
aldiz, inor gutxik erabiltzen zituen Baionako gomendioak. Baina
ez ziren falta (J. San Martin etab.), Arantzazuko biltzarraren
bezpera horietan batez ere, ohiko ortografiaz idatziz ere euskara
batuaren ortografiaren alde agertzen zirenak. Nolanahi ere, 1968aren
hasieran "oposizioaren termino markatua" gazteak ginen.
Eta dudarik gabe balantza beste aldera nabarmen bultzatu zuena
K. Mitxelenaren jarrera izan zen, Baionako erabakien erabat aldeko
agertu zenean.
Koldo Mitxelena rara avis bat
izan zen gure artean. Ez bakarrik Euskal Herriaren mailan, gure
historiako intelektuak erraldoi bakanetakoa izan zelako, baina
baita ere jeltzale-euskaltzale gisa. Bera izan zen, getho horretakoen
artean, mundu zabaleko eta orobat Euskal Herri "erdalduneko"
kultura eta ideia higikundeei irekia aritu zen ia bakarra. Esate
baterako, Luis Martin Santos donostiarra, Tiempo de silencio-ren
idazle miresgarria istripuz hil zenean, Koldok Egan aldizkarian
eskaini zion hilberria, hain hunkigarri eta literarioki bikaina,
ezin idatz zezakeen gure munduko beste inork. Ildo beretik doa,
azken batean, bere zientziarekiko jarrera laburbiltzen duen esaldi
hau: "Kultur alorrean zerbait sortzen duen herriak beretzat
eta besterentzat sortzen du eta, orobat, besterentzat sortzen
ez duenak ez du beretzat ere sortzen".
Azpimarkatu behar da ez zuela
K. Mitxelenak urrats hori arinki egin. Orain, L. Villasanteren
lekukotasunari esker badakigu zenbait euskaltzale jeltzale bildu
zituela Arantzazuko batzarraren aurretik, eta adierazi ziela
biltzar hartan Baionako erabakien hildotik agertuko zela. Aldez
aurretik sumatzen zuen pertsona gisa arazo larriak ekarriko zizkiola
bere erabakiak. Halere, gizaki gehienei lasai bizitzeko eta saltsak
gazteagoentzat uzteko adin horretara heltzear zelarik, euskara
batuaren higikundearen buru jartzea erabaki zuen. Argi zuen,
bestalde, batasun prosezu batean erabakigarriena, hura bultzatuko
duen taldea dela, eta 1968an, atzean jende serioa eta saiatua
zuen batasun eredu bakarra Baionakoa zela. Berak hartu zuen Biltzarrean
bertan batuaren aldeko argudioen defentsaren pisu nagusia. Berari
zor diogu, gainera, Euskaltzaindiaren batasun ereduaren euskarri
teorikoaren lantze sendoena. Lan horrek, berak hainbestetan errepikatu
zuen esaldia "hizkuntza bat, gurea nahiz inorena,
ez da gizarteko mintzabide eta adierazpidea besterik"
hartzen du abiapuntutzat, eta era askotako argudioz, hiztunen
gizarte-pisuari dagokionaz ahaztu gabe, hornitzen da. Teoria
jardun horren lekuko, besteak beste, "Pro domo" eta
"Azken ordukoak" artikulu zabal eta mamitsuakaipatu
behar dira.
4. Ez da orain arte kuantifikatu
batasunak idazleen jardunean ekarri zuen aldaketa. Egoera berrira
egokitu behar horrek baditu bi alde: bata, subjektiboa, neurtezina
eta agian garrantzizkoena, eta bestea objetiboa-edo, hurrengo
lerroetan gauzatzen saiatuko naizena. Lehen hurbilketa gisa Nemesio
Etxaniz, 60ko hamarraldiko gipuzkerazko idazle nagusietako baten
ipuin bat ("Ezkongai zaarra", Lur berri bila, Donostia
1967) hartu dut, eta saiatu naiz hura euskara batuan jartzeko
zenbat aldaketa egin behar ziren zenbatzen, zehatzago esan, zenbat
hitzetan egin behar zen gutxienez aldaketa bat euskara batura
egokitzeko. Hasi ahala ikusi nuen zenbatze zehatza ia ezinezkoa
zela, gauza bat baitziren Euskaltzaindiaren gomendioak askotan,
gainera, erabat zehatzak ez zirenak, eta beste bat euskara batutzat
garai hartan jotzen zena, hau ere taldeen arabera aldatzen zena.
Nolanahi ere, gutxieneko maila bat eratu dut, ortografia eta
morfologiarei zegokiona batez ere, eta beste bat zabalagoa edo
hertsiagoa bezela edo arraixku batutik kanpokotzat jotzen
dituena. Delako ipuinaren 1585 hitzetatik, 352 gertatu ziren
gutxienez aldatu beharrekoak, eta 433 gehienez. Ehunekoetan adieraziz,
22,2 eta 27,3 hurrenez hurren.
Batasunak ekarri zuen hizkuntza
idatziaren itxuraren aldaketa beste alde batetik ere begiets
daiteke. Adibide gisa zenbait aldaerek 1968 baino lehen eta 1977an
agertzen zituzten kopuruak aurkeztuko ditut. Esate baterako,
1968 arte Hegoaldeko literaturan, Orotariko Euskal Hiztegia-n,
aurkitu sarreran ikus daitekeenez, arkitu da ia erabat erabiltzen
den aldaera; 1977an, aldiz, nire Maiztasun hiztegia-ko erakuskariko
datuen arabera (Donostia, 1982), 659 aurkitu (horietatik 575
euskara batuan) eta 61 arkitu (42 euskara batuan) gertatzen dira;
batua baino lehen bildur da Hegoaldeko aldaera ia erabatekoa:
1977an 198 beldur eta 31 bildur aurkitzen ditugu euskara batuan;
batasun aurreko eskaiñi ia bakarraren ordez, 1977an 399
eskaini, 73 eskeini, eta eskeiñi bat dira Hegoaldean euskara
batuan aurkitzen duguna, etab. Kasu deigarriena, non-ena da agian:
batasunaren abiaduran ia nun aldaera besterik ez da aurkitzen
Iparraldeko nahiz Hegoaldeko testuetan; 1977an 328 non eta 31
nun jasotzen dira Maiztasun hiztegia-n.
5. Arantzazuko erabakiaren arrakasta
benetan nabarmena izan zen. Nik neuk egin zuen azterketa baten
arabera, Arantzazuko batzarretik lauzpabost urtetara egoera ia
erabat batasunaren aldekoa zen. 1972-73 urteetan argitaratu ziren
101 euskal liburuetatik 71 euskara batuan idatzi ziren. Egoeraren
adierazgarri gerta daiteke esatea erlijiozko liburuen artean
Arantzazuko erabakien onarpena %0koa izan zela, eta aldiz saiakeragintzan
ehunekoa 94,6tara heltzen zela. Orobat idazleei dagokionez. Biurteko
hartan libururen bat argitaratzen duten idazleen artean %73 dira
euskara batuan ari direnak; ehuneko hori 91,1era heltzen da 50
urtez beherakoen artean, 100era 35 urtez beherakoen artean. Orobat
adierazgarri gertatzen da: laikoen artean %80k onartzen dute
eta %20k soilik elizgizonen artean; ildo beretik, unibertsitate
ikasketak dituzten guztiak idazten dute euskara batuan.
Ez dut bukatu nahi egungo egoeraz
hitz bi esan gabe. Euskara batuak 70 eta 80ko hamarraldietan
izan zuen bilakaeraz ez dagokit hemen mintzatzea. Baina azken
urteotan, Euskaltzaindiak arauak emateari berriro ekin dionean,
entzun da han-hemenka iritzi bat, gure Akademia arau gehiegi
ematen ez ote den ari, alegia, eta zerbait esan nahi nuke iritzi
horri buruz. Gure helburua inguruko hizkuntzen batasun mailara
iristea bada, bistan da asko falta zaigula oraindik alde horretatik
"konpetitiboak" izateko, eta badirudi hori dela, azken
batean, lortu behar duguna inguruko hizkuntzek irentsiko ez bagaituzte.
Gure egoera zenbaki bidez ikusarazteko 1977ko Uztailaren bateko
Euskaldunon Egunkaria-ko aleko lehen orrialdea aztertu nuen,
eta hau da nire azterketaren emaitza, lehen hurbiltze baten balioa
besterik ez duena: pertsona izenak-eta kendu ondoren, bildu nituen
521 hitzetatik 274 ziren aurreko bezalakoak, hau da, batasuna
gorabehera bere hartan gelditu zirenak, eta 247 estandarra dela
eta gutxienez aldaketaren bat izan zutenak; hauetatik, 1968-1978ko
etapako gomendioek aldatu zituztenak 149 dira hots, hitz
guztien %28,6 eta aldatuen 60,3, eta azken urteetako gomendioek
aldatu zituztenak 32 (%6,14 eta 13,0 hurrenez hurren), Eta badira
66 oraindik zalantza bat edo gehiago idazkeran agertzen dituztenak.
Hortaz, testu hitzen %12,7 genuen oraindik zalantzan, hau da,
gure lehiakide diren hizkuntzek baino hamar aldiz gehiago, gutxienez.
Hori, betidaniko isoglosei bagagozkie. Beste kontu bat da muga
politikoak gero eta larriago ezartzen diharduen isoglosa berriena,
boligrafoa/ bika gisakoena.
Liburu berean aurreko orrialdeetan ematen diren Belaustegigoitia
laudioarrarenak ere aski jaingarriak dira.
Ikus Ines Pagolaren Neologismos en al obra de Sabino Arana Goiri
tesi argitarabagea.
Ez da orobat ezertan ez hartzekoa zenbait txostengileren --batez
ere euskaraz idazten dutenen hainbaten-- maila intelektual apala,
eta eguneroko errealitatetik noraino zeuden urrunduak ikustea.
Dena dela eta tamalez, Berpizkunde delako haren ezaugarri tristeenetakoa
zen hori.
Gogoratu behar da bestalde Baionako eredua oso hurbil zegoela
Arestik Maldan Behera (1960) poemaz gero erabiltzen zuen idazkeratik.
Hori da gero arrazoi biologiko izenburu pean erabili dena. Mitxelenak
ez zuen bere belaunaldiko euskaltzaleez batere iritzi hona. Behin
azaldu zidanez, lur jota bihurtu zen etxera 50.etako Euskaltzaleen
Biltzar haietako batetik, argi eta garbi ikusten baitzuen han
bildu zen bezalako jendearekin ez zegoela ezer egiterik ezertan.
Alde honetatik, Arantzazuko Biltzarra aski arrakastatsua izan
zen, hots, biltzarkide gehienak, Lekuona euskaltzainburua barne,
euskara batuaren aski aldeko jarrerarekin atera ziren Arantzazutik.
Kontuak geroago okertu ziren, biltzarrean izan ez zirenen eraginez.
Horien artean A. Zugazti apaiz zitalaren eragin negatiboa aipatu
behar da bereziki.
Mitxelenaren euskal idazlan guztiak sailaren 8. alean (Donostia,
1988) ikus daitezke orain. Azpimarratu behar da batuaren inguruko
artikuluetan inflexio puntu bat gertatzen dela Mitxelenarengan
1972 urtearen inguruan. Aurrekoak "zaharren" argudioei
erantzunez idatzi zituen; urte horretatik aurrekoak, aldiz, Anaitasunaa
aldizkarian alde batetik, eta bestetik Txillardegiren inguruan
sortzen ari zen garbizalekeria berria, azken batean gerra zibilaren
aurrekoaren funtsa bera zuena, zuten mintzagai nagusi.
Euskal literatura numerotan liburuan (Bilbo, 1975) Ibon Sarasola, profesor de la Universidad del País
Vasco. Vitoria-Gasteiz |