"Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal
literatura" izenburua
du Mari Jose Olaziregik egindako azken ikerlanak. Bertan, emakumezkoek
idatzitako euskal literatura guztia inondik inora intimista ez
dela dio irakasleak. Era berean, emakumezkoek idatzitako nobela
eta poema liburu asko aztertu gabe daudela salatzen du. Horregatik,
testu horiei kritika egiten hasi eta baliagarriak direnak irakurtzen
hasteko garaia dela aldarrikatzen du.
-Zure azken liburuak emakumezkoek
idatzitako euskal literatura aztertzen du eta nahiko panorama
kaxkarra erakusten du, emakumea euskal literaturan gutxiestua
balego bezala.
Kontua da, sistema literario guztietan, idazle eta literatura
mota batzuk kanonizatuak izaten direla, eta gero beste batzuk,
periferikoak, bigarren mailakoak. Periferia horretan egoten dira
emakumezkoek idatzitako testuak, haur eta gazteei zuzendutakoak
eta itzulitakoak. Nire azken liburuan hori salatu nahi izan dut,
esanez, emakumezkoek idatzitako literatura badela, baina literatura
hori ez dela aztertua izan. Hala, aipatzen eta promozionatzen
ez den literatura ez da irakurtzen, eta ez da existitzen.
Nire ustez, emakumeek euskaraz idatzitako testuei buruzko azterketa
luze, sakon, historiko, soziologiko eta kritikoak falta dira.
Horrelako oso gutxi dago, apenas ezer.
-Ohituta geunden emakumeak
hainbat arlotan gutxiespena jasotzen duela entzutera, baina literaturari
dagokionez ez da hainbestetan halakorik entzuten.
Gaur egun emakume
batek ez du arazorik testu bat argitaratzeko. A priori hemen
inor ez da zokoratzen, baina, zergatik daude hain gutxi aztertuak
emakumeek idatzitako testuak? Zergatik ez dira inoiz literaturaren
historian aipatzen? Txarrak direlako? Guztiak? Literaturaren
kalitatearen irizpidea da darabilguna testu horiek baztertzeko?
Nik uste dut gehienetan ez direla ezagutzen, eta hori salatu
nahi izan dut. Hau da, inondik ere ez dut defenditzen emakumeek
idatzitako literatura, soilik emakumezkoek idatzi dutelako. Nik
ez dut eleberri bat aukeratzen emakume batek idatzi duelako,
saiatzen naiz kalitatezko testu bat hautatzen. Litekeena da,
emakume batek idatzia egonagatik nire bizi esperientziatik gertuago
egotea, baina agian ez. Artea kontsumitzen dugunean, irizpidea
beti da kalitatearena. Gakoa, kontsumitzera joan baino lehenagoko
une horretan dago. Ez badugu testu baten berri entzun, eta idazle
baten berri ez badugu jaso komunikabideetan, historia liburuetan,
aldizkarietan... ez dugu inoiz irakurriko. Hor dago gutxiespena
eta bazterketa. A priori, inork ez du onartzen euskal literaturan
emakumea zokoratzen denik, eta noski, biktimismoan ere ez dugu
erori behar. Biktimarik ez dago. Kontua da, garaia dela testu
horiei kritika egiten hasteko, eta baliagarriak direnak irakurtzen
hasteko. Ez ditzagun baztertu egilearen sexuagatik.
-Beraz, promozio bideek
eta egiten dute porrot.
Gaur egun literatura ere espektakulu gizartearen zati bat da,
eta izugarrizko indarra daukate komunikabideek eta promozio bideek.
Frogatuta dago: ez da beti kalitatearen irizpidea testu bat ospetsu
egiten duena. Komunitate kritikoak kanonizatutako idazle batzuk
daude, edo komunikabideetan gehiago azaltzen direnak.
-Emakumezko idazleak gutxiago
ezagutzen omen dira, baina hala ere, euskal idazleetatik %10,8
baino ez da emakumezkoa. Datu horri begiratuz gero, pentsa daiteke
normala ere badela emakumezko idazle gutxiago ezagutzea.
Poesia gutxiago idazten eta saltzen da, baina gurean poesia oso
aztertua dago, prosa baino gehiago. Euskal literaturan zirkuitu
normalizatu bat antolatu behar dela uste dut. Ez ditzagun zirkuitu
bereziak egin emakumezkoek idatzitako literaturarekin, edo haur
eta gazteentzat egindako literaturarekin. Noski, gutxiago badira,
gutxiago produzitzen dute, eta gutxiago aipatzen dira, baina
kontua da ez direla aipatzen eta aztertzen. Euskal sistema literarioaren
normalizazioa lortu behar dugu.
Bestetik, injustizia puntu bat antzematen dut, emakumezkoek idatzitako
literatura guztia intimista dela esaten denean. Ezagutzen ez
denez, intimismoa aipatzen da, eta zaku berean sartzen dira estetika
eta poetika oso desberdinak. Zakutan sartzen ditugunean, klasifikazioak
egiten ditugunean, beti dago injustu izateko arriskua.
-Hala ere, emakume idazleengan
ez al duzu gehiegizko apaltasunik somatzen. Gehienek diote literaturan
amateurak direla, eta ez profesionalak.
Virginia Woolf-ek esaten zuenez, seguruen, emakumeok, jende aurrean
hitz egiteko beldur handiagoa dugu, normalean, exijenteagoak
baikara gure buruarekin.
Idazleen kasuan, emakume bati gizon bati baino gehiago kostatzen
zaio idazlea dela onartzea. Plaza, komunikabideak, ez dira emakumezkoenak,
ez dute protagonismorik eta horrek ziurtasun falta eragiten du.
Askok diotenez, gainera, argitaletxe batetara zoazenean, emakume
izanagatik gehiago exijitzen zaizu. Hau da, eleberri txar bat,
gizonezko egile ezagun batek idatzia, plazara daiteke. Zailagoa
da, berriz, nobela txar bat emakume baten kasuan argitaratzea.
Euskal kulturan, botere kotak ez dira emakumeenak. Onartu zaigu
andereñoak izatea, batzueri kazetari izatea, edo kritiko,
baina zenbat emakume da editore? Zenbat idazle? Hor badaude zenbait
rol hain erraz onartu ez direnak.
-Emakume idazle gazteei
buruzko ikerketarik ere egin duzu. Optimistagoak izateko balio
dute?
Urruzuno literatur lehiaketako epaimahaian izaten naiz, eta egia
esan oso testu onak aurkezten dituzte. Normaltasunaren bidea
bilatu behar dugu, jende guztiak eduki dezala aukera berdina.
Hori da sinpleki nik planteatzen dudana, baina inongo biktimismorik
gabe.
Azken urteetan ari dira emakumezko idazle gazte asko lanak aurkezten,
eta bai, baikorrak izan gaitezke, zergatik ez.
-Kritikagintzaz ere mintzo
zara azken liburuan, eta kritika feminista eskasa dela diozu.
Kasu gutxi egiten zaie emakumezkoek idatzitako liburuei?
Asko eta asko aztertu eta komentatu gabe pasatzen dira. Euskal
literaturaren historia garaikidea hartu, eta ikusi zenbat autore
dauden aztertuta. Askotan, gainera, kantitate kontua harrigarria
izaten da. Badaude egile batzuk, nobela pare bat dutenak eta
etengabe aipatzen direnak, eta berriz, emakumezko idazle batzuk,
agian lau edo bost eleberri idatzi, eta gutxiago aipatzen direnak.
Gakoa ez dago kantitatean. Gutxiago aipatzen dira, eta asko ahaztuta
daude.
-Gazteengan irakurzaletasuna
bultzatzerik ba ote dagoen ikertzen aritu izan zara. Zaila dirudi
gaur egungo gizartean irakurzaletasuna bultzatzea.
Zaila da. Zaletasun bati buruz ari gara, eta oso zaila da pertsona
bati norberak pasioz bizi duen hori agian gustatuko zaiola sinistaraztea.
Gainera, irakurketarena oso iharduera diskriminatzailea da: behar
duzu irakurtzen ikasi, pixka bat aldendu...
Ni saiatzen naiz
ikasleei ez saltzen. Esaten diet, beharbada, irakurriz ondo pasatuko
dutela, bere barne bizitza aberastuko dutela, mundu berriak ezagutu....
Hori guztia agian, baina agian ez. Proba egiteko aholkatzen diet,
eta kontuan izateko zein eskubide dauzkaten: liburu bat hasi
eta ez bukatzekoa, orriak pasatzekoa... eskubide horiek kontuan
hartuz irakurketa ez dramatizatzea da kontua. Plazerrezko zerbait
izan beharko lukeen horren bila joan beharko genuke, eta ez inor
traumatizatu ez dakit zein testu irakurri ez duelako, ez baitago
funtsezko testurik. Irakurketak, agian, bizitza apur bat atseginago
egin dakiguke, baina irakurtzea ez da derrigorrezkoa, irakurri
gabe ere bizi gaitezke eta zoriontsuak izan. Plus bat besterik
ez da.
Hau entzuterakoan ikasleak harrituta geratzen zaizkit, irakurketaren
apologia entzutea espero baitute. Nire ustez, hipokresia izugarria
dago irakurketaren inguruan. Hor ditugu guraso eta irakasleak
irakurri behar dela esanez, hau da, norberak egiten ez duena
besteei eskatzen, edo norberak pasiorik gabe bizi duen zaletasuna
aholkatzen. Gainera, irakurleak oso gogaikarriak gara. Bati mendia
gusta dakioke, baina ez da etengabe mendira joan behar duela
ondokoari esaten arituko. Irakurlea, berriz, bai. Oso tipologia
berezia da irakurlearena.
-Badago 15etik 20ra urte
bitarteko gazteendako euskal literaturarik?
Bai, jakina. Itzulitako literatura asko dago, eta nire iritziz,
behingoz, itzulpenei kasu handiagoa egin beharko genieke. Gazteentzako
eleberriak badaude, ez beharbada beste merkatuetan dagoen aukera
zabala, baina horrek ere bere abantailak ditu, zeren inguruko
merkatuetan azken urteetan modan jarri diren bilduma horiek gehiago
dira eskaintza komertzialak kalitatezko literatura baino. Euskal
Herrian, zorionez, marketin eta merkatu kontuetan hain zuzenak
ez garenez, harribitxiak topa ditzakegu. Aste honetan, adibidez,
Juan Cruz Igerabideren Hamabi galdera pianoari irakurri
dut, gazte batek irakurtzeko oso testu ona. Itzulpenetan hor
ditugu Stevensonen testuak modu zoragarrian itzulita, eta beste
hainbat.
-Orain dela gutxi, euskal
literaturan kritikagintza ba ote dagoen aztertzeko ihardunaldiak
egin zenituzten. Zein ondoriotara iritsi zineten, bada kritikarik?
Jardunaldiok oso ondo joan ziren, espero baino jende gehiago
hurbildu baitzen. Gure helburua, kritikagintzarik ez dagoela
dioen topikoa bertan behera uztea izan zen. Euskal literaturan
kritikagintza badago, eta azken hamarkadetan kritika oso onak
egin dira. Bestalde, diagnostiko bat egin genuen: zertan diren
ikerketak, non dauden hutsuneak, nondik jo beharko genukeen
literaturaren kasuan... Saiatu ginen, gainera, kritikagintza
hitzaren oinarrian zer ulertzen den zehazten. Batetik kritika
publikoa dago, komunikabideetan agertzen dena, eta bestetik,
kritika akademiko edo zientifikoa. Nik uste dut, ezbairik gabe,
gurean ahulena kritika publikoa dela, kritika akademikoan azken
urteetan aurrerapausoak eman baitira. Oraindik aztertzeke dauzkagu
gauza asko, adibidez, alderdi historiografikoa ahulena da, narratiba
oraindik ez da luze aztertu, ezta emakumezkoek idatzitako literatura
eta haur eta gazteei zuzendutakoa, literatura itzulia.... hutsuneak
badira, baina hutsune handiagoa dago kritika publikoan. Argitaratzen
direnak aipamen laburtxoak dira, baina kritika oso gutxi. Nik
gainera, izugarri botatzen dut faltan hurbilpen bat, hau da,
kritika akademiko eta publikoaren arteko hurbilpena. Alegia,
egunkarietan atera daitezela ez zirkuitu unibertsitarioko kritikak,
baizik eta kritikatzen duten testuak baina arrazoituak. Gaur
egun etena handiegia da. Pasatzen gara gehienetan aipamen labur
batetik, ez dakit zein metodologia kritiko erabili duen azterketa
batetara, eta behar dugu erdibide bat.
-Horrek zer esan nahi du,
adibidez, unibertsitateetako irakasleek komunikabideetan parte
hartu beharko luketela?
Frantses edo gaztelaniazko zirkuituan, unibertsitateko irakasle
batzuk idazten dute egunkarietan eta gehigarri literarioetan.
Baina, jakina, horrek eskatuko luke benetako gehigarri literarioak
edukitzea gurean. Zein gehigarri literario ditugu euskaraz? Gutxi.
Zabalagoak beharko genituzke, iritzi eta artikulu gehiago jasoko
lituzketenak. Benetako gehigarri literarioak, euskaraz, euskal
testuak komentatzeaz gain, edozein hausnarketa literario bideratuko
luketenak. Nik faltan botatzen ditut horrelako argitalpen luze
eta sakonak. Gaur egun baditugu atalak egunkarietan, baina ahulak
eta eskasak dira, gutxi da.
-Euskal literaturak ematen du horrelako aldizkari bat kaleratzeko
adina?
Ezbairik gabe, bai. Kontua da lantalde bat sortzea, aurrekontu
bat zehaztea eta abian jartzea. Egunkarietan orriak oso garesti
dira, kosta egiten da hainbat gairi orri asko eskaintzea.
-Euskal literaturaren kasuan,
gutxitan irakurtzen omen dira liburu bat txarra dela dioten kritikak.
Oso gutxi, hemen kritika gehienek ondo hitz egiten dute. Liburu
bat ona dela esaten dutenak gainera, gehienetan ondo argumentatu
gabeak daude. Era berean, izan dira liburua txarra dela dioten
kritika gehiegi arrazoitu gabeak. Gustatu zait edo ez zait gustatu,
baina, zergatik?
Bestalde, hau herri txikia da eta beharbada idazlea bihar ikusiko
duzu paseatzen edo zure laguna da. Denok ezagutzen dugu elkar
eta zaila da. Gainera, batzuek oso gaizki hartzen dituzte kritikak.
Bestetik, kritikariaren rola azken urteetan aldatu egin da. Lehen
sententziatu egiten zuen, hau ona eta hura txarra zela esanez.
Azken hamarkadetan, berriz, krikariak iritzia ematen du, baina
batez ere irakurketa azaltzen du.
-Literaturaren
inguruan hainbat ikerketa egin duzu. Zu zeu ez al zera eleberri
bat idaztera animatzen?
Ez, ez. Gezurra da kritikari baten oinarrian idazle frustatu
bat dagoela dioen topikoa. Onartzen dut nerabe garaian poemak
idatzi nituela, eta sariketetara aurkeztu eta bat baino gehiago
irabazi nuela.... baina ez. Poemak edo nobelak idazten dituen
batek ez du ulertzen zein plazer senti dezakeen irakurle batek
edo kritikari batek testu baten zirrikitutan barneratu eta komentarioak
egiterakoan. Plazer estetiko izugarria da. Gainera, zenbat eta
gehiago ezagutu gauza bat, orduan eta gehiago maite duzu.
-Eta beste ikerketarik
egiteko asmorik?
Bai. Une honetan, EIZIE-rentzat, literatura unibertsalari buruzko
testu liburu bat egiten ari naiz, euskaraz. Batxilergorako izango
da, eta helburua, euskarara itzulita dagoen ondare unibertsalaz
baliatzea da. Horretaz gain, Un siglo de novela en euskera
UNED-erako idatzi nuena ere oraintxe aterako da, baina orain
osatu egin behar dut. Artikulu bat egin nuen 100 orri baino gehiagokoa
euskal nobelaren bilakaeraz, eta nahiko nuke osatu azken urteetako
nobelen azterketez. Lanik ez zait falta. Ikerketa gustatzen zait,
baina irakaskuntza ere bai, biak behar ditut.
-Bukatzeko, gomendatu eizaizkiguzu
emakumezkoek euskaraz azkenaldian idatzitako hiru liburu.
Dudarik gabe, Lurdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak
esan zion, oso nobela ona da. Oso gomendagarria da ere Mariasun
Landaren Amona zure Iholdi ipuin laburtxoa. Miren Agur
Meaberen poema liburua.... badago non aukeratu. Argazkiak: Maria
Agirre
Euskonews & Media 71.zbk (2000 / 3 / 17-24) |