I. SARRERA
Martxoaren 8an ospatzen dugu emakumeen
eguna. Nafarroan -Baztanen, Erronkarin...- Emakunde eguna
ospatzen zen, Igande-Inaute aitzineko hirugarren ostegunean,
eta hori zen tradizio zaharreko emazteen eguna. Emakunde
ondoko ostegunean Gizakunde zen, eta hurrengoa, Ostegun
Gizena, Orokunde, denen besta. Beste leku batzuetan, Frantziako
eta Espainiako hainbat herritan, Santa Agata izan da emazteen
besta eguna, hartan ospakizunak egiten zituzten beren artean,
bat hautatzen zuten auzapez eta, gizonak gomitatuz edo baztertuz.
Bi ospakizun data horiek direla eta -aitzinekoa otsailean eta
oraingoa martxoan- egoki da emazteak aipatzea. Emazteak gure
mitologian. (AURKIBIDERA)
II.
BIKOTEAK
Emazteak zer leku duen neurtzeko,
gizonek duten lekuarekin alderatu behar dugu, ea zein den agintaria,
zein adimentsuena, zein nagusia eta zein sehia. Istorio zerrenda
bat hartuko dut. Saiatuko naiz istorioak ez aukeratzea nire hipotesia
indartzeko, baizik eta denetarik ematea.
Lehena, hain zuzen, hipotesi horren kontra doa, Deabruaren
alaba deituko dugu: protagonista, mutila, sartu da deabruaren
etxean eta, bere burua salbatzeko, haren agindu bete ezinak bete
behar ditu; deabruaren alaba, harekin maitemindu, lagundu eta
gero ezkonduko da. Deabruak biak hil nahi ditu eta, pertsegitu
dituenean, ihes egitea lortuko dute neskari esker. Alaba aita
bera baino ahaltsuagoa da (baina senarrarekin batera egiten baitu,
aita-alaba bikotea ez da hain argia) (ikus Barandiaran, Kastilopranko,
1962: 17, Arratibel, 1995: 88 eta 59).
Bigarren kondairak erakusten du emazte batek nola salbatu zuen
senarra. Dohoztin kontatu zioten Barandiarani:
Arotz bat bazen ezin bizia. Deabruak
erran omen zion hark eginen zazkola lan guziak zortzi egunez,
nahi bazien arima hari eman. Baietz, hitz eman omen zakon. Eta
gero, denbora joatearekin, gizona triste: deabruak hark eman
lan guziak egiten zazkolako.
Emazteari kondatu zakon dena, eta harek pentsatu zuen haren doia:
ile-ondo bat burutik (ez ote zen sabelapetik?) idoki eta deabruari
emateko, hura xuxen zezan. Deabruak ezin ile hori xuxen, eta
suan sartu; ilea erre eta deabruak ezin lana burura. Eta gizonak
arima beretako (Barandiaran,
1962: 101). (AURKIBIDERA)
III.
FAMILIARREN MITOAK
Familiarrak edo prakagorriak
behin baino gehiagotan azaldu zaizkigu, eta ez dut istoriarik
errepikatuko. Bakarrik haien ezaugarriak oroitarazi. Izaki bihurri
tikiak dira, eulien itxurakoak, eta orratzontzi batean gordetzen
dira. Jabearentzat lan harrigarriak egiten dituzte, baina ez
bazaie lanik ematen, edo orratzontzia zabaltzen duena ez badaki
nola berriz bildu, ez dute bakerik ematen. Hots gizonek dituzte
kontrolatzen. Bizkaian kontatzen dute apez batek bazeuzkala,
giltzariak hartu zizkiola eta askatu; lana eskatzen zioten eta,
ura ekartzeko esan zienean, uretan ezarri zioten etxea; beharrik,
senarra etorri zen, emaztearen sabelpeko ileaz kate egiteko agindu
zien eta hori ezin eginez, bake eman zuten prakagorriek. Arestiko
aterabide bera da -ilea-, baina aldi honetan gizonak du pentsatu,
eta emaztea, aldiz, kurios pinterdi da, behar ez dena egin eta
gero ez da konpontzeko gauza: gizonen beharra du bere txandrioen
arranjatzeko. (AURKIBIDERA)
IIIa.
FAMILIARREN BIKTIMA ETA PETZEROAK
Akats handiagoa ere badute familiarrek:
haien jabea ongi bizi bada, lan egin gabe eta aberats, egiten
dizkioten lanei esker, hil orduan heldu zaio arazoa: hil-hurren
eta hil ezin paratzen da, zernahi pairatzen. Erremedio bakarra
familiarretaz gabetzea da, norbaiti ematea. Komunzki abere bati
ematen zaizkio, edo pertsona bati. Orduan airetik eramaten dute
familiarrek beren hartzailea, eta inork ez du gehiago ikusten.
Orozkon diote gizon batek ahuntzari sartu zizkiola, joarean edo
ipurdian. Pertsona bati ematen zaizkionean, beti emazte bat izaten
da hartzailea. Jakina da ahuntza eta emaztea parekatuak direla
erramolde askotan, hala nola Oztibarren, "Ahuntza ez da
abere, emaztea ez da jende" erraten baitzuten han.
Horra bi istorio.
Gizon batek prakagorriengatik
ezin zuen hil. Alaba hirian zuen neskato eta familiarrak hari
eskaintzeko deitu zuen aitak. Neskatxak onartu bezain laster,
airean abiatu zen eta ez zen inon ere gelditu. Sorgina zela esaten
zuten gero, beti airez ibiltzen zela.
Beste istorio batean gauza antzekoa
gertatu zitzaion Anbotoko Andere bilakatuko zen neskatxari.
Anbotoko Anderea mendi batetik
bestera ibiltzen omen zen airetik, ortzi eta tximisten artean,
barazuza botatzen. Nola sortu zen esaten dute kondaira anitzek.
Neskazahar baten neskatoa zen eta nagusi horrek familiarrak zituen;
hil ordua heldu zitzaion baina ezin zuen hil, familiarrengatik,
eta neskatoari eman zizkion; neskatoak hartu zizkion eta berehala
airetik joan zen, geroztik airean ibiltzera kondenaturik, mendi
batetik bestera ikusten zuten, inon gelditu ezinik. Eta hura
da anbotoko anderea.
Familiarren hartzaileak eta biktimak
emazteak badira, haiengandik abantailak ateratzen eta kontrolatzen
dituztenak aita edo nagusi anderea izaten dira; edo, arestian
entzun bezala, nagusia eta senarrak: emazteek ezin dituzte behar
bezala erabili eta baliatu.
Hein batean dira senarrak eta nagusiak, hein batean sehiak eta
emazteak; ez dugu ikusten emazte nagusirik morroia baino gehiago
izaten.
Hurrengo kondairetako bikoteetan egiaztatuko emakumea baino gehiago
izateko baldintza gizona izatea dela, nagusigoa gizatasunean
datzala. Ideia horretara ohitzeko, euskal kantu famatua entzungo
dugu, "Agur jauna", jaun zein andereen ohoratzeko abesten
dena: euskaldun batzuek hain dute gostuko zutitu ere egiten baitute
hori entzutean. Jarririk egotea proposatuko diegu emazteei?.
(AURKIBIDERA)
>IV.
ANBOTOKO ANDEREAREN SORRERAKO BIKOTEAK
Anbotoko Anderearen sorrera erraten
duten beste istorioetan ere agertzen zaizkigu bikote errangarriak,
haietako kide bat beti Anbotoko Anderea delarik eta bestea, hura
kondenatuko duena. Erraten dute neskatila ederra zela Anbotoko
Anderea, bilo horiduna eta beti orrazten egoten zela. Horretaz
kexatu zitzaion ama eta madarikazioa bota zion: "Ximistak
eraman baheza!" Berehala airatu zela su eta gar, ihurtzirietan.
Beste bertsio batean diote emazte
ezkondua zela andere hura eta ez zela mezara joaten. Egun batez
senarrak -edo anaiak- orgetan sartu zuen estekaturik eta bortxaz
elizara eraman zuen; barnera sartu gabe, dena sutan jarri zen,
estekak erre eta airetik abiatu zela garretan. Eta geroztik dabilela
hortik.
Arestiko bikoteei oraingo bi
hauek gaineratu eta, hara zertan diren korrelazioak: aita/alaba
= andere-nagusia/neskatoa = ama/alaba = senar/emaztea = anaia/arreba.
Kondenatua beti emakumea, eta kondenatzailea nagusia, gurasoa
edo gizona.
Normala da nagusi izatea aita alabaren eretzean, eta ama alabaren
eretzean: genealogiaren araberako logika da, gurasoak eta haurrak
ez baitira berdinak, haien arteko harremana bertikala da. Normala
da nagusi izatea anderea neskatoaren eretzean: mailaketa sozio-ekonomiaren
arabera logikan, harreman bertikala da nagusien eta sehien artekoa
(instituzioa justua edo injustua den kontuan hartu gabe).
Baina ez da normala senarra nagusia izatea emaztearen eretzean,
ez eta anaia arrebaren eretzean ere; horietan harremana ez baita
bertikala, horizontala baizik, genealogiaren arabera (belaunaldi
berekoak) eta maila sozio-ekonomikoaren arabera. Senarra eta
anaia nagusiak izateko arrazoi bakarra sexua da.
Gizonen nagusigoak emazteak transparente egiten ditu usu. Zenbat
aldiz ez dugun entzun ekitaldi publiko batean hizlariak toka
egiten, entzule emazterik ez balitz bezala... Oso nabari da fenomeno
hori borroka kantuetan:
Anaitasuna denentzat, inoren anaia ez direnentzat berdin: `haurride'
eta `senide' hitz jatorrak galdu ditu gure euskarak. Bestalde,
gizonena da borroka, armak gizonen atributua direlakoan, nagusigoaren
sinbolo eta eragileak. Hori da gure tradizioa. (AURKIBIDERA)
V.
LAMINA ZAURITUA
Emakume bat iruten gelditzen
zen gauaz supazter ondoan eta lamina bat etortzen zitzaion tximiniatik
urina eta txingarra eskatzen. Emaztea aspertu zen beti ematen
eta senarrari salatu zion eta hura, emaztearen arropa jantzita,
iruten jarri zen. Lamina etorri eta mesfido zen:
- Bardatik hona bizarra latzitu (zorroztu) zaun! Eman txingarra!
Gizonak gerrena suan eman zuen eta goritua zenean laminari sartu
zion, ahotik diote batzuek, uzkitik Zuberoako bertsio gehienetan.
Eta ez zen gehiago laminarik etorri.
Gizonak dira bertsio gehienetan
laminen zauritzaileak. Bakarrik bi bertsio ezagutzen ditut emazteak
gerrena hartu eta berak zauritu janaria kentzen ziona (bat Gamindek
bildua, bestea Barandiaranek). Besteetan gizonari eskatu dio
horren egitea, nahiz eta berak ere egiten ahal zuen, gizonen
eginkizuna delakoan arma eskuan hartzea (eta ados dira horretan
Bidasoa fundamentalista atxiki nahi dutenok). Hainbesteraino
adierazia da armaren genero maskulinoa non, askotan, laminak
bizarra aipatzen baitu, gerrenak bezala xixtatuko balu bezala.
Laminaren zauria esplizitoki sexuala da askotan: Zuberoan uzkia
aipatzen dute, baita alua ere bai, nahiz ez den hala erraten
bertsio idatzietan. Eraso falikoa, dudarik gabe, familiarrak
falikoki erabiltzen diren bezala femininoa den izaki baten kontra.
(AURKIBIDERA)
VI.
AKELARREA ETA BIZARRA
Laminak basotik etxeetara etortzen
dira, tximiniatik sartuz, emazteekin jatera. Manera erreziprokoan,
basora joaten dira emazteak, laminen akelarrean dantzatzera,
tximiniatik etxetik jalgirik. Horrelako bidaia dibertigarriak
askotan kontatua izan dira, Euskal Herriko herrialde guztietan
atxematen ditugu eta anitz bertsiotan: Cerquand-ek Santa Garazin
bildu du, Barandiaranek Saran, eta Barbierrek ere badakar:
Etxe batean mutila, gau batez,
zizailuan etzanik erdi lo zelarik, etxekanderea sartu zen, sukaldeko
harri lauza bat altzatu, azpian gorderik zegoen kutxatxu batetik
unturia hartu eta gorputz guztia hartaz torratu zuen. Mutila
ixilik. Andereak "laino guztien azpitik eta berro guztien
gainetik, oren bat harata beste bat honata" erran eta tximiniatik
gora joan zen, akelarrera buruz.
Mutilak ere joan nahi eta berdin egin du, baina alderantziz erran:
"laino guztien gainetik eta berro guztien azpitik atsoaren
gibeletik". Bere zizailuarekin tximiniatik abiatu zen: kostatu
zitzaion zizailuari pasatzea, baina tira eta tira, azkenean airatu
zen. Eta goiti eta beheiti gaixoa: lainoa zen lekutik gora, berroa
zen lekutik haien azpitik, dena urraturik heldu zen akelarrera.
Han baziren sorginak dantza eta dantza akerraren inguruan, eta
hantxe zen etxeko anderea ere. Gero akerra fondorik gabeko kadira
batean jarri zen, eta sorgin guztiak pasatzen ziren ipurdian
pot emateko hari. Gure mutilaren aldia heldu zenean -zapataria
ere zen eta eztena eraman berekin-, pot eman orde eztenaz ziztatu
zuen akerra uzkian. Harek oihu egin zuen: "Geldi denok,
geldi dantzak, sorgin berri honek bizar zorrotzak ditu".
Eta hantxe barreatu ziren denak, akelarrean ziren guztiak. Mutila
bakarrik, berroen artean, goizaldean ahal bezala itzuli zen etxera.
Istorio hau aurrekoarekin alderatu
behar dugu: tximiniatik datozen laminak "bizarra latzitu
zain" diotsa gizonari, gerren zauritzailea eta bizarra lotuz.
Akelarreko buruzagiak, berriz, "Sorginberrik bizarrak latzak
ditu!": eztena eta bizarra parekatzen ditu, bizarrek dute
akelarrea barrearazi.
Bizarra gizatasunaren sinboloa da, erran nahi baita gizatasunak
dituela lamina eta sorginak garaitzen, gizona dela gure mitologiako
kondairetan laminen eta sorginen antidotoa, kondalariek usu azpimarratzen
dutena.
Gizona beti gizon, arma eskuetan
maiz, nahiz ipuin honetan horretaz irri egiten den, beharrik.
Mozarten Le nozze di Figaro operan mutiko gazte batek
gerlara joan behar du, berak amodioa nahiago duelarik, eta Figarok
barre egiten dio, "Narcisetto" eta "Adoncino"
deituz, bide nabar, militarren topikoetaz ere trufatuz ("Cherubino
alla vittoria, alla gloria militar"...), dena martxa militarraren
erritmoaz, sinbolo sakratua doi bat inarrosiz. (AURKIBIDERA)
VII.
APEZAREN AMA SORGINA
Akelarrera joan zen mutilak ez
zuen anderea salatu bertsio gehienetan. Beste batzuetan sorgina
ez da salbatuko, semek berak du errearaziko:
Herri batean baziren anitz haur
eri, begizkoak joak omen: herritarrek erraten zuten sorgin batek
bota ziola zorte gaiztoa eta sorgin hori apezaren ama zela. Apezek
bazuten metodo bat sorgina nor den jakiteko: meza eman ondoan
liburua zabalik utziz geroz, elizan diren sorginek ezin dute
mogitu, parlesiaturik bezala gelditzen dira. Horixe egin zuen
gure apezak: meza bururatu eta, liburua hetsi gabe, etxera joan.
Laster jin zitzaion neskatoa, erranez amaren partez elizara itzul
zedin arin eta liburua hets zezan. Horrela jakin zuen apezak
ama sorgina zuela. Azkueren bertsioak dio apez horrek ama sorgingabetu
zuela, benedikazioen benedikazioz. Niri kondatu didaten bertsioan,
aldiz, apezak bere ama errearazi zuen eta kontalariak, emakume
batek, ulertarazi zuen normal zela, sorgina zelako.
Gizonen nagusigoaren logika urrun
joaten da gure mitologia "feministan": genealogiaren
logikaren kontra, semeak ama menperatzen, hau da, hainbestetan
aipatu den Orestes-en krimena egiten (Bachofen...). Irudiz, sorginen
kontra zernahi justifikatua da. Esango digute hori apezkeriak
direla... Ba, demostratzekoa da: hasteko, Azkue apezaren bertsioan,
ez zuten sorgina hil, eta emazte batenean bai. Hots, makina bat
ipuin irakurri dugu, bukaeran protagonistaren amaizun gaiztoa
erretzen baitute. Amaizuna edo amatxi berdin, sinbolikoki, amaren
irudia dugu beti. Arazoa da makina bat aldiz entzun behar dugula
emazte guztiak nolabait sorginak garela, eta eritzi arrunt hori
mitologiaren alderdi misoginoenarekin bat datorrela. (AURKIBIDERA)
VIII.
SORGINAK OROHAR, SORGINEN ODOL NEFASTOA, AMA IZUGARRIA
Amaren erretzeak psikoanalisira
eramaten gaitu. Ipuinen psikoanalisia egin duen Bettelheim ospetsuak
uste du sorgina beti amaren iruditik datorrela, "ama izigarria"ren
arketipotik. Sorginen amatasuna "Hansel eta Gretel"
ipuinean atxematen dugu: anai-arrebak basoan galdu eta etxe bat
atxeman zuten, hartan bizi den sorgin-ogroak haurrak hartzen
eta hazten ditu, ama on batek bezala, baina gizentzeko eta gero
jateko asmoan. Haur tikiak uste du nahikaria guztiak beteko zizkiola
amak eta Edipo garaian ohartzen da ez dela hala izaten; horregatik
sumindurik eta sentimentu bikoitzetan murgilduta, ama ere ez
ote den ogro bat somatzen du. Baina "ama izigarria"ren
irudiak jende helduengan ere irauten du, eta emakumearen odolean
aragitzen da, ur hilgarrian, gauean, denak sinbologia femininoaz
tindatuak.
Haurrak dira irudi misogino horren biktima hautak, gure tradizioko
sorginen eginkizun tipikoa haurrak eriaraztea eta hiltzea da,
eta haien pozoina odol menstrualetik heldu da: Albert Handia
(Grand Albert eta Petit Albert badira) deitu magia
liburu zaharrak hau dio:
Oraino hilekoa duten emazte zaharrek
seaskako haurrei begiratzen dienean, pozoina sartzen diete begien
bidez, haien odol geldiak eta beste umoreak gorputz guztian hedatzen
baitira begietaraino, eta begi horiek airea kutsatzen eta haurrak
infektatzen dituzte.
Zoritxarrez, gehiago hilekorik
ez duten emazteek ere infektatzen omen dituzte haurrak. Nola
hori?
Hileroko odolik ez baitute kanporatzen emazte zaharrek, barnean
gelditzen zaizkie humore gaizto guztiak eta, zaharrak izanik,
ez dute aski bero gorputzean erretzeko; bereziki pobre direnek,
jaki arruntak jaten baitituzte, besteek baino pozoin gehiago
botatzen dute.
Ikusten denez ez da eskapatzerik:
emakumea, zaharra eta txiroa izateak sorgina erran nahi du. Albert
liburua ez da euskalduna, baina hemen izan diren sorgin anitzek
hiru ezaugarri horiek zituzten: Websterren bilduman badira horrelakoak,
Barandiaranek andana bildu du bere Brujeria liburuan (1984);
Caro Barojak kasu bat aipatzen du Nafarroan: Arantzan haur batzuk
eri izanik, sorgin batek begi edo zorte gaiztoa bota ziela pentsatu
zuten, eta gizon batek aldarrikatu zuen karrikatik iraganen zen
lehen atsoa (ez lehen pertsona) zela hobenduna: emazte xahar
bat kasik lintxatu zuten.
Sorginak jendarte tradizionalean
onak zirela eta kristianismoak gaizto egin dituela entzuten dugu
maizetan. Hori partean baizik ez da egia. Pertsekuzio basatia
kanpotik bai ekarria bazen, sinestea oso bertakoa da. Kristianizatuak
ez diren herrialde askotan ere badira sorgin gaiztoak, amerindioen
artean nola Ozeaniako irletako biztanleetan. (AURKIBIDERA)
IX.
ONDORIOAK
Mitologian agertzen diren emazteei
begiratuz geroz, bistan da gehienetan -hemen aipatu ez baditut
ere-, eta salbuespenak salbuespen, nabari da emazteak gizonak
baino ahulago izaten eta haien agintepean egoten direla, baita
emakumeek gizonek baino maila genealogikoa edo sozial goragoa
dutenean ere.
Horrez gain, sorginen istoriak argi eta garbi misoginoak izaten
dira. Gure mitologian gutxitan atzematen dira gizon sorginak,
emazteak izaten dira gaiztoak. Neuk inkestatu ditudan lekuetan
beti hala izan da, eta Dohoztin Barandiaranek egin ikerketan
irakurtzen ahal da sorgin gaiztoa "sorcière"
dela (femininoa); aldiz, aztia "devin" da (maskulinoa),
eta ez kaltegarria, bakarrik gauza galduak non diren asmatzen
du.
Horiek hola, ezinezkoa da ondorioztatzea euskal mitologiak euskaldunen
behialako matriarkalismoa erakusten duela. Orokorki, jendartean
atxematen den joera antzekoa du, beharbada doi bat hobea, eritziak
orekatuagoak. Footballean bezala txartelak eman behar bagenitu
txartel horia emango nioke mitologiari, mundu honetako
emakumeak tratatzeko orduan, eta txartel gorria ohidura
sozialei. Bidasoako fundamentalistak zelaitik kanporatu, naski.
Azken Eguberritan, jostailu denda bateko publizitatean hau entzun
dugu: "Neskatilendako Barbie panpina, eta jeloskeriarik
ez izateko, mutikoentzat Action-man!" Iragarki horretan
labur bildua zen rol banaketa sexista: azken Barbie-ren
atributua "la tresse magique" zen (laminen bilo hori
luzea); Action-man, aldiz, basamortuan aurkeztua zen ("patrouille
du désert"). Ez da dudarik, naturalki neskek
seduzitu nahi dute eta mutilek borroka egin. Mitologian bezalaxe.
Jostailuak zein kondairak haurrei eskaintzen dizkiegu, eta haien
bidez ere ikasten dute beren burua non koka. Ez dut inondik ere
ondorioztatuko euskal mitologia zakarrontzira botatzeko dela;
alderantziz, parada ematen digu nahi ditugun istoriak eta nahi
ditugun bertsioak hautatzeko eta, orain arte sexismoa izan bada
joera nagusia, gure esku da jokua iraultzea, salbuespena izan
dena ohiko bilaka dadin.
Hemengo misoginia ez baita islamiar fundamentalistena, ez eta
Inglaterra "victoriana"koa ere; hasteko, ez dizkigu
predikatzen Virginia Woolf-ek aditu behar zituen ergelkeriak:
«Oscar Browning, autrefois grand personnage à Gambridge,
avait coutume de déclarer "que, l'impression laissée
sur son esprit après avoir parcouru n'importe quelle catégorie
de copies d'examen, indépendamment des notes à
leur attribuer, était celle-ci: la meilleur des femmes
est intellectuellement inférieure au pire des hommes"».
Halere, geurea asumituko dugu, argudio lausengarrietan erori
gabe: jatorriz oso plantakoak eta progresistak ginela baina indoeuroparren
inbasioak, erromanizazioak eta judeo-kristianismoak egin gaituela
matxista. Hiru horien misoginia agerian bada ere, gurea haien
bizkar emateko ez dugu inongo frogarik, soilik sinesgarritasun
gutiko ustekeriak eta nahikariak.
Goiti ari ote gara, orain? Agian bai. OK Korral-ek nesken amodiozko
kezkak kantatzen ditu, baina askoz gehiagotan egiten dute gizonek.
Jadanik XII. mendean baziren emazte trobadoreak, amodio kezken
kantariak, gizonak baino askoz gutiago beti. Orain bezala, orduan
ere, biziki poeta onak, Dia-ko kontesa, adibidez. (AURKIBIDERA) Anuntzi
Arana, antropologoa |