BASOA EUSKAL
KONTZEPTU SISTEMAN
Basoa hierofaniaz osaturiko multzoko
elementuaz azter daiteke folklorearen ikuspegitik, era berean
ikur geografia garaia eta eremu topografiko-mitiko bipolarizatzailea
den multzoa. Horren bitartez, inguruarekiko gizaki eta giza taldearen
harremana finkatzen da. Euskal literatura mitologikoan, basoa,
oihana, gizakiarengandik urrutiratzen den eremua da, eta une
berdinean gizakiaren aurka aritzen dena neurri handian. Bikoiztasunaren
elementutzat onartu behar da, beraz.
Euskal azpikontzienteak ikur
objetu horretara jotzen du maiz. Menpera ezina, bortzari eta
arriskutsua den ingurua eta gizakiaren arteko tentsio nabarmena
irudikatu nahi denean oso erabilgarri bihurtzen da. Segurtasunezkoa
ez den esparruan gizakia sartze eta aritzea sorturiko egoerak
askotan adieraz eta azpimararratzen dira korpuz mitologikoan.
Orduan, gizatiar eta ezgizatiar arteko muga gainditzean sufri
daitezken arrisku eta egoera kontrolaezinak adierazten dira eten
gabe. Egoera horren aurrean, aukera ezberdinak aurkeztu ohi dira
egitura mitologikoetan (1. laukia):
- Kasu askotan, ez dago inongo irtenbiderik
gizakiarentzat, eta orduan oso amaiera kaltegarria sortzen zaio
heriotza, betiko gaisotasun edo bahiketaren objetu bihurtzen
bait da.
- Bestetan, gizakiaren alde jokatzen duten irtenbide baikorrak
aurkigarriak dira, naiz eta askotan bere izatearen zer edo zer
galdu behar: ezgizatasunaren aurretik erabili behar den hizkera
edo hitzegiteko modua, onartu behar diren jarrerak, ibiltzeko
erak, gorputzaren zati edo organuaren galera, eta beste hain
beste irtenbide kulturalak.
- Zenbait kasutan, tabuatua den eremua betetzearengatik eten
gabe sortzen den behar gizatiarraren aurrean, errezeta ezberdinak
adierazten dira. Horien bitartez mugak hautsi edo gaindi daitezke
gizakiarentzat kalterik gabe: eskaintzak, naturgaineko esparruan
gertatzen den bidaiari aurre egiteko giltza edo baimena bezalakoak
aritzen diren hitz bereziak. Zeharo neurtuta dauden tresna horien
ukapena edo ez erabiltzeak hondamendira zuzentzen du. |
(1. laukia):
Gizakiarekiko irtenbideak
basoaz
|
a) Irtenbide ezezkorra: |
- Heriotza.
- Gaisotasun/akatsa:
* Hizkera galdu
* Ohe/etxeari lotuta
* Harridurak jota
- Bahituta betirako. |
|
b) Irtenbide baikorra, ordainketaren
ondorioz: |
- Arau zehatzak jarraitu.
* Hizkera egokia
* Jarrera fisikoak
* Ibiltze era (arrastaka, atzera, ...)
- Gorputz zatiaz ordaindu:
* Behatza
* Begia
* Ilea galdu/erre |
|
c) Irtenbide baikorra, eskaintzaren
ondorioz: |
|
- Eskaintzak: esnea, mamia,
orrazia, ... |
|
Gizakiarentzat, basoak erasokorra
dirudi, beharrezkoak diren neurri bereziak ez direnean hartzen
batez ere, hau da, harremanetarako jolas arrisku eta kaltegarrigai
horretan parte hartzean arauak ez badira errespetatzen, eta bide
okerretatik aritu nahi eta behar dela erakusten da behin eta
berriz kontakizunetan.
Lehentasunezko egitura mitologikoen ikuspuntutik behatuta, gizatiar
eta ez-gizatiar arteko bipolaritatea ondorengoak bezalako terminoetan
finkatzen da (2. laukia):
(2. laukia):
|
Gizatiarra
etxea/herria
zutik ibili
hitza erabili
ongarria/ongarritasuna
jakiak: janari egosia,
gizakiak egindako
egosketa
Zibilizazioa |
Ez-gizatiarra
basoa/haitzuloa/erreka
arrastaka/hegan aritu
hitza erabili (gizaki itxura)
txistua/keinua (ez-gizaki itxura)
kaltegarria edo anbiguotasuna
jakiak: jaki gordinak,izadiak egindako egosketa
Izadia |
Gizakia etxean bizi da, hau da,
humanizatua eta era berean humanizatzailea den herrigunean; zutik
ibili eta aritzen da, bertikaltasuna bere ezaugarri bat da; besteekin
komunikapenean hitza erabiltzen du. Guzti horren aurrean, izaki
ez-gizatiar guztiak, mota ezberdinetako deidadeak, haitzulo,
erreka, osin, baso, oihanetan bizi dira; hegan egiten dute, edo
narrastaka ibiltzen dira; fisikoki giza edo sasigiza irudia bereganatzen
dutenean hitza erabiltzen dute, baina horrela ez denean izaki
mutuak izaten dira, keinua erabiltzen dute, edo txistua da haien
hizkera kasu bat baino gehiagotan, sugearenean, esate baterako.
Arazo berdinean gehiago sakonduz, nahiz eta hitza erabili espresio
moduan, horien hizkuntza, emandako hiztegia, etab., gizakiarenarekiko
ezberdina da: eza, asmakizuna, hitz nahaste borrastea, hitz hieroglifikoa.
Gizakiaren elikadura bildutako,
landutako edo izaditik zuzenki lorturiko jakien "egosketan"
datza, egosketa pertsonak berak emandako elaborapenerako prozeduraz
ulertzen delarik. Ez-prestaturiko elikagaiak baztertzen dira,
zenbait salbuespen ezik. Salbuespen horiek goi maileko jakitzat
hartzen dira, hau da, elikagai sakratuak izatera iristen dira,
kontakizunetan aipatzen den moduan. Nolabait, ez-gizatiarrak
diren izakientzat oso egokiak dira. Horrelakoetan elaborapen
"naturala" onartzen da, jaki berari dagokion egosketa
berezi eta zehatza da: sagardoa, esnea, eztia. Horrelako jakiak,
lamia edo sugeentzat oso egokiak dira euskal kontzeptu sisteman,
esate baterako.
Euskal pentsakeran, hiru mailetako
jaki mota sailkatzen dira (3. laukia):
a) Gizakiak elaboratutako janariak,
behin izaditik jaso ondoren, "egosi" egin behar dira
pertsonarentzat egoki bihurtzeko: ogia, barazki egosiak, haragi
egosi edo erreak, erreketako ur edangarria, esate baterako. Jaki
hauek gizonak "zibilizatzen" ditu.
b) Gizakiak menpera ezin dituen jakiak, ez direnak "egosten",
"gordinak" dira, eta orduan ez dira egokiak zibilizazioko
partaideentzat. Ez dira jaki "zibilizatuak": belarra,
zitu gordinak, zenbait landare mota, etab.
c) Izaditik zuzenki jasotako elikagaiak direnak, baina jangarriak
dira gizonak landu gabe, "egosketa" prozeduraz menperatu
gabe. Horrelakoek aspektu sakratua jasan dezakete, eta deidadeen
elikagai bihurtzen dira: esnea, eztia, sagardoa, adibidez. Zibilizazioaren
janari mota ere izaten da horrelakoa. Baina ez da horretan mugatzen,
eta goiko maileko jaki izaten da askotan. Egosketa izadiak berak
egiten du, gizonak ez, ordea, eta orduan izadiko ireluentzat
egokiak dira. |
Janari gordinari gehituta, eremu
geografiko ez-gizatiarra betetzen duten izakien elikagairik egokienak
hauexek dira, izadiak berak modu zuzenean eta gizonaren laguntza
edo parte hartzerik gabe prestaturikoak.
(3. laukia):
Elikadura motak
euskal kontzeptu sisteman
a) Jaki "egosiak":
- Izaditik lortu eta gizakiak landu.
- Gizakiak "egositako" elikagaiak.
- Egosketak sua eskatzen du.
- "Zibilizatuak"
b) Jaki "gordinak":
- Izadian kokatuta.
- Ez daude "egosita".
- Ezin dira egosi, edo egosi gabe janezinak.
- Izadiko elikagaiak, "ez-zibilizatuak".
c) Jaki "sakratuak":
- Izadiak emanak.
- Gizakiak ez ditu egosten.
- Izadiak berak egosten ditu.
- Berotu daitezke, baina ezin dira erre edo suarekin kontaktutan
egon.
- Goiko maileko jakiak, deidadeentzat egokiak. |
Esanahi mitiko eta eredugarri
nabargarriaz sorturiko kontakizunetan, naturgaineko eragiketaren
arriskutasuna adierazten den bitartean, jarrera gizartiarraren
ontasuna finkatu eta erakusten da. Aurrekoa menperaezina da gizonarentzat,
kaltegarria kasu askotan, ongarria bestetan, izaki beraren araberan
harreman maila zailak gainditu ondoren, edo anbiguoa ere beste
kasu batzuetan. Edozein modutan, naturgainekoarekiko harremanak
arriskutasuna bereganatzen du beti, eta harridura sortarazten
du.
Nolabait ulertzeko, gizatiarrak
diren ezaugarri, eragin eta jarrerak zibilizatuak dira, zibilizazioaren
fruituak, ez-gizatiarra zibilizaziotik kanpo eta urruti kokatzen
delarik. Edozein modutan, ez-gizatiarra ez da zibilizatua, ikuspegi
sakralizatzaile eta gizagaineko sendotik izadian zeharo eta sakonki
sustraitzen den bitartean.
Sakratu, ez-gizatiar eta izadiko
elementu egiturez osaturiko multzoaren osagarri bat basoa da.
Adierazle geografiko mitiko bezala dagokio. Euskal kultura izpiritual
sareko aspektu ezberdinen artean basoa aurkitzen dugu. Ikur objetu
aberats hori, beste batzuen eskutik lotuta, mito, kontakizun,
abesti, eta ipuinetako zutabe topologiko-mitikoa dagokigu. (AURKIBIDERA)
BASOA,
IZAKI NATURGAINEKOEN BIZILEKUA
Gure oihanetan zibilizaziotik
urrutiratzen diren izakiek bizi nahi dute. Mota ezberdinetako
deidadeak izaten dira horiexek, eta espektru zabalaren ezaugarri
ezbedinak bereganatzen dituzte. Bereziki, kontakizunetan bat
aipatzen da, basoetako irelu zehatza bezalakoa dena: Basajauna.
Entitate ez-gizatiarra dagokigu, basoetako biztanlea, ipuinetan
aipatzen den moduan. Kasu gehienetan gizakiarekiko antzeko aspektu
fisikoa erakusten du izaki horrek. Hala eta guztiz ere, nabarmentzen
da. Bere gorputza ilez estalita azaltzen da, tximu erraldoiaren
moduan. Gainera, bere oin bat gizonezkoarena da, bestea desitxuratzen
den bitartean, hau da, beste era erakusten du, ez-gizatiarra.
Baina, itxura berezi horrek ez dio inongo herrentasuna edo akats
fisikorik erakartzen. Alde batetik giza itxura eman nahi du,
eta era berean, bere ezberdinketa aipatzen saiatzen duten ezaugarri
eta kualitateak bereganatzen ditu, nolabait, bere nortasun ez-gizatiarrean
sakondu nahi dutenak. Bipolaritate morfologikoa da azken hau,
jakinduria eta jarreretan bipolaritatea finkatu eta erakutsi
nahi duena. Mitoarekiko aspektuetan, elkarketa horiek ez dira
batere harrigarriak euskal kontzeptu sisteman. Mota ezberdinetako
beste izaki naturgainekoek ezaugarri bipolarizatzaile hori erakusten
dutelako. Horri gehituta, Basajaunaren giza itxurak hitza ematen
dio, hitz mintzamenaz janzten du. Komunikatzeko, gizonak egingo
zuen bezala hitzegiten du, itxura gizatiar edo sasigizatiarra
duten izakien ezaugarria dena hain zuzen ere. Horren aurka, garbi
eta zehazki itxura ez-gizatiarra duten izakien ezaugarri bat
ez da hitza. Azken hauek ezin dute hitza erabili beren komunikapen
prozeduretan, eta orduan keinua edo txistuari eragiten diote
(4.laukia).
Hala eta guztiz ere, Basajaunaren
hizkerak asmakizunak gordetzen ditu, enigmak. Naturgainekoarekin
komunikapena ez da inoiz zuzena eta erreza.
Kontakizun askotan Basajauna
izaki ongarritzat erakusten zaigu, piztia eta animalien babeslea,
eta gizakiarekiko harremanetan artaldeen babeslea ere. Basajaunak
pizti basatiak zaintzen ditu, eta bere eremuetan bizi behar duten
gizonaren animalietaz ere arduratzen da, etxetik, zibilizaziotik
baztertu eta urruti bizi behar dutenak, itxura kaotikoa izkutatzen
duen basoan, ikurretan hain eta hain aberatsak diren euskal kontakizunetan
aipatzen den moduan. Horrexegatik, behi gorriak eta ardiak zaintzen
ditu gure Basajaun-artzaiak. Etxe barruan edo etxe eremuan bizi
diren abereez ez da kezkatzen Basajauna, normalki ez direlako
izaki horren eremuan murgiltzen: oiloak, txakurrak, katuak.
Artaldeek bere hurbiltasuna susmatzen
dute, berehala adierazten dutena haien ezkilei kaotikoki soinua
eragitean, egoera kaotikoa eremu kaotikoan.
Bere ziklo mitologikoaren toki
ezberdinetako aldaera batzuek adierazten diguten moduan, Basajauna
haitzuloetan bizi ohi daiteke. Zehaztasun horrek basoaren izaera
disolbatzaile, kaotiko eta lehentasunezkoa baieztatzen du euskal
kontzeptu sistemarentzat, haitzuloak bereganatzen duen maila
berberean kokatzean, egoera honen arabera hain zuzen ere. Nola
edo hala, baso muinean sartzeak umetokirako itzultzea gogorarazten
du, jaio aurreko egoerara, eta ondorioz egoera kaotikora, haitzuloak
berak eragiten duen moduan. Basoan murgiltzen den gizakia ez-sorturiko,
ez-egindako, ez-jaiotakoaren egitura amorfoaren zatia izatera
iristen da. Basoaren izadian disolbatzen da, muinean galduta,
kanpotik ikustezina. Bakarrik, era berean baso barruan bizi den
izakiaren begien aurrean zer edo zer bada. Nolabait esateko,
Basajaunak basoaren izakera isladatu eta adierazten du gizakiarekiko
harremanetan, biak elementu berdinaren bi aurpegi bait dira,
egoera zehatz eta bakoitzaren arabera.
Baina, Basajauna ez da beti izaki
ongilea. Une bat baino gehiagotan gizakiarekiko bere aurpegi
garratz, arriskutsu eta suntsigarria erakusten du. Metafisikoa
eta izadigainekoarekiko harremana, kontaktua, ez da inoiz erreza
eta bai, beti arriskutsua. Izadigaineko izaera isurtzen duten
entitate horiek erakusten duten bi aurpegiak dira hauek, hain
maiz adierazten direnak hain zuzen. Gizakiaren ikuspuntutik,
izaki horiekin kontaktua baikorra izan daiteke askotan, baina,
era berean zeharo suntsigarria ere dakioke, batez ere tabuak
gainditzeko eman behar diren urratsak eta legeak ahazten direnean.
Beste euskal entitate mitologikoak
bezala, modu berean Basajauna izaki zibilizatzaile eta suntsitzailea
izan daiteke, abiguotasunaren jabea, eta bere ziklo osoaren inguruan
nabardura anbiguoa isurtzen da. Gizakiari galerazitako ezagumenduak
gorde eta zaintzen dituela kontakizun batzuetan behatzen dugunean,
horren izaera zibilizatzailea baieztatzen da. Basajaunak menperatzen
dituen substantzia eta tekniken aurrean gizakia galduta aurkitzen
da, ez bait daki nola eragin, ez eta nola landu ere. Nekazaritzaz
goi mailako ezagumendua gordetzen du, gari eta beste zituen lanketa
menperatzen duelako. Metalurgiaren misterioak ezagutzen ditu,
metalen maneiua eta lanketa, metalen batuketa, egurra mozteko
zerraren ixilekoa ere, eta abar luzea.
Gizakiaren aldetik, teknika eta
prozedura guzti horien ikasmena ez da zuzena. Nola izan ziteken
beste modura, bi entitate horien arteko kontaktua, gizatiar eta
gizatiargainekoa, pertsonarentzat hain kaltegarri eta arriskutsua
izan baldin badaiteke?. Heroe zibilizatzailearen irudia erakartzen
da, orduan, harreman jolas honetara, irudikatutako bi mundu horien
arteko nexoaren rola betetzen duena. Heroe horrek, San Martinek
kasu askotan, Basajauna espiatzen du, eta orduan bere isilekoen
jabe bihurtzen da. Azkar, ikasitakoak gizadiari garraitzen dizkio.
Une horretatik aurrera, gizadiak bere bizi kalitatearen maila
aurreratzen du. San Martinek Basajaunarekin kontaktua jasan dezake.
Baina, bere heroetasun ezaugarriek bizirik eta irabazle ateratzea
uzten dioten arren, era berean isilekoak ikastea eta garraiatzea
lortzen du. Jakina, zibilizaziora hurbiltzen dena ez da Basajauna,
heroe zibilizatzaile horrek urratsak eman behar ditu basora,
haitzulora, basajaunaren mundu arriskutsura, gizakiaren ordezkoa.
Heroe honek basoaren kaos barruan murgildu behar du, eta inguru
mitiko zehatzaren arrisku bereziak jasan eta sufritu behar ditu.
(4. laukia):
|
Basajauna: nortasun
ikur dispositiboa
- Itxura: sasigizakia, gizaki
itxura baina zenbait ezaugarri ezik.
- Mintzamena: hitza darabil, baina bere hizkera ez da arrunta.
- Ardurak:
* Basapiztiak zaindu.
* Artaldeak zaindu. |
- Gizakiarekijo jarrera:
* Ongilea.
* Anbiguotasuna. |
- Jakinduria maila:
* Oso garaia.
* Teknika berezien jabea.
* Zituen jabea, eta haien lanketarena.
* Metalen isilekoen jabea.
* Lan tresnen jabea.
* Gizakiaren aurrekoa. |
|
BASOKO
GIZADIA
Batzuetan, Basajaunarena etniatzat
jotzen da, bi sexutako izakiez osaturikoa. Entitate arraren osagarri
eme moduan Basanderea aurkezten da. Biak haien estirpearen aberastasun
kulturalaren jabeak dira, biak ongileak eta era berean suntsitzaileak.
Gizakiaren elkartearen aurreko arraza da, eta aintzineko arraza
galdu haien ezaugarri bereak erakusten ditu. Baina, bi espezie
horien arteko bizikodetasuna, bata gizakiez osaturikoa eta bestea
gizagainekoa, ez da bidegarria epe luzean. Mundu honetan bizi
ahal izateko gizakiek jakin behar duten guztia ikasteko adina
luzatzen da bakarrik. Funtzio hau bete ondoren, lehentasunezkoa
beste inongo irtenbiderik gabe desagertzen da, bere baitan disolbatuta.
Aro berria kristautasunarena da, sistema erligioso berriarena
hain zuzen.
Nolabait esateko, aintzinean
jendea izadian bizi zen, modu ez-zibilizatuaz, txulo horretatik
ateratzeko beharrezkoak ziren jaki, tresna eta abarren jabea
ez bait zen. Hauen bizikera "gordintasunaren" esparrua
zen. Basoko biztanleak, basajaun eta basandereak ordea, zibilizazioan
bizi ziren, horretarako beharrezkoa zen ezagumendu maila bereganatzen
zutelako. Heroe zibilizatzailearen bitartez, jakinduria basajaunengandik
gizakiengana igaro ahal izan zen. Basajaunengandik "egosketaren"
teknika ikasi egin zuten, haiek zituak, metalak eta besteak "egosten"
eta menperatzen zituztelako. Orduan, gizadia zibilizaziorako
bidean jarri zen.
Baina, dirudienez, basajaun eta
basanderez osaturiko arraza ez da zeharo desagertu. Aurreko estirpe
horren aurkezle bakarraren presentziaren aurrean artaldeek ezkilak
soinuarazten dituzte oraingoz, gero eta txikiago, urriagoak diren
Euskal Herriko baso eta oihanetan nora ezean ibiltzen denaz.
Ondorioz, hauxe da galdera: behar bada, basajaunengandik ikasi
behar genuen guztia ez ote dugu oraingoz gureganatu, eta horrexegatik
haien ordezkari bat utzi digute, ezagutzen ez duguna ikas dezagun?. (AURKIBIDERA)
ELEMENTU
MITIKOEN ELKARKETA
Egun arte egindako bilaketa ezberdinetako
materialeak aztertzean, oso sinbolikoak diren elementu amankomun
batzuen inguruan objetu mitologikoen bateratasuna maiz behatzen
da. Aurretik ikusita disjuntuak diren zikloen arteko solapamendu
horiek ez dira dohainik sortzen. Euskal kontzeptu sistemak elementu
horietaz duen eta lanean jartzen duen ulermen zabal eta irekiaren
fruituak dira (5.laukia).
Basajaunaren zikloaren azterketak
emandako perspektibaren ondorioz, lehen basoa eta haitzuloaren
arteko solapamendua behatzeko gauza izan gara. Basajaunak, aintzineko
lehentasunezko belaunaldiaren partaide bezala ulertuak, eta jentileen
arrazaren artean ere, bien ziklo mitologikoen aspektu askotan
hain zuzen, elkarpuntu ugari ba daude. Oihaneko ordezkariari
emandako trataera eta jentileei emandakoa oso antzekoak dira.
Bi aldetan itxura sasigizatiarra eta ezaugarri gaingizatiarraz
sortutako talde antzekoak direla behatzen da. Bere garapena aurrera
eramateko gizakiak ezagutu behar dituen oso teknika berezi haiek
bi taldeek menperatzen dituzte. Bi zikloetan muin berdineko kontakizunak
kokatzen dira: landare zehatz batzuen menperaketa eta lanketa,
metalen sekretuak, lan tresnak, etab. Heroe zibilizatzailearen
jarrera eta eragiketa orokorra da bi aldeetan, bide berdinetatik
luzatzen delarik eta beti gizakiaren onurarako, hau da, esandako
teknikak jentil edo basajaunengandik mainaren bitartez ikastean,
eta era berean gizadiari ezagumendu berriak garraiatzean.
Basajaun eta jentileen amaierak
ere orokorrak dira bi kasuetan eta arazo mitiko zehatz honi dagozkion
kontakizunez.
Maiz, basajaunak Euskal Herriko
baso gunetako haitzuloetako biztanleak direla aipatzen da, jentileen
bizileku arruntatzat onartzen diren haitzulo berdinak hain zuzen.
Era berean, bat baino gehiagotan, jentilei oihanetan bizi eta
ibilerazten zaie.
Jentilek ezaugarri fisiko gizatiarrak
bereganatzen dituzte, baina gizakiarengandik ezberditzen dituzten
ezaugarri batzuk ere aipatzen dira. Horrez gain, neurri handikoak
ba dira, eta oso indar handikoak ere, basajaunak diren bezalakoak.
Handitasun fisikokoak dira biak, baina honi lotuta handitasun
kulturala erakusten dute, gizakiarena baino handiagoa. Nolabait
esateko, handitasunaren bitartez goi maileko ezagumendua aipatu
nahi da euskal pentsakeran, beste gauza batzuen artean, handitasunaren
ikur mugak ez bait dira ideia honetan amaitzen.
Bi ziklo mitologikoen arteko
elkarpuntuak eta solapamendua hain nabargarriak direla eta, eredu
bakarraren aurrean aurkitzen garela esateko bidean gaude, ezbideraketa
eta aldaketa formal eta tokiko batzuk jasan dituena.
(5. laukia):
|
Basajaunak
- Aintzineko "etnia"
- Maila goreneko jakinduria
* Metalurgia
* Zituak
* Egosketa
* Lan tresnak |
- Sasigizaki itxura
* Gizaki gorputza
* Handitasuna
* Ile ugari
* Indar ikaragarria |
- Hizkera hitzean datza
- Aro berrian, desagertuak |
Jentilak
- Aintzineko "etnia"
- Maila goreneko jakinduria
* Metalurgia
* Zituak
* Egosketa
* Lan tresnak |
- Sasigizaki itxura
* Gizaki gorputza
* Handitasuna
* Indar ikaragarria |
- Hizkera hitzean datza
- Aro berrian, desagertuak |
(AURKIBIDERA)
BASOA
ETA HERRI PENTSAKERA
Mendiko herri komunitateentzat,
nekazaritza eta abelzaintzaz, beren inguruko baliabideak bizi
ahal izateko, erabili behar izan dituztenak, basoa lehentasunezko
eta oso ikur elementu zaharra da. Maiz, abereentzat zelai berriak,
edo nekazaritzarako lur berriak lortzeko asmotan, aipaturiko
komunitate eta basoen arteko harremana azken honen suntsiketaz
oinarritu da.
Ikuspegi horretatik, gizaki tradizionalak
basoaz mundu edo eremu kaltegarria besterik ez du ikusi, izadi
gaineko izaki arriskutsuez betea, bere getari gaikizleek oso
ondo gordeta eta zaindua, suge, herensuge, otso eta basurdeez.
Egur, galdutako abereen bila, edo igarotze beharrarengatik barnetik
abiatzen den gizakia irensteko prest dago basoa. Izadi gaineko
eremu ezezagun horren muinetan sartzen zenarengandik bere burua
babesten zuen basoak, ahal zen modurik latzgarrienean bere ukiezintasuna
erakustean. Kontakizun askotan, basoko mugak gainditzen dituenak
jasan behar dituen arriskuak azaltzen dira, bere heriotz bidea,
zuhaitzezko masa horretan disolbaketa, etab.
Esaten ari naizen moduan, bere
onurarako, gizakiak basoa menperatu behar izan du, eta ardura
horretan erabili egin duen teknika suntsiketa izan da, basoaren
ezereztapena, Neolitos Arotik hona zelai eta lanketarako lur
berrien bila. Abelzaintza edo nekazaritza terminoetan aipatutako
bizitza era zibilizatua, eta basoaren ez-gizatiarra, ez-zibilizatuaren
artean sorturiko konpetentzia arazoa azken honen amaieraren bitartez
burutu da. Horretarako, zuhaitz guztien mozketa edo suaz baliatu
da gizona.
Aurrean aipaturikoa, sare mitologiko
zabalaren bitartez definitzen da. Eta mito sistema horren oinarria
bi elementu aurkako arteko tentsioaren fruitua da: alde batetik
kosmosa, bere sorrera eta ordenamendu kosmologikoa, eta bestetik
desitxuraketa kaotikoa, suntsigarria, desaordenaren sortzailea
(6. laukia):
(6 Laukia):
 Bere ustiapenerako basoaren suntsiketa, desegiketa kaotikoa
eta sorrera kosmologikoaren arteko burruka bezala ikusi da aintzinetik,
ikur terminoetaz hitzegitean. Natura kosmologikoa daukan burruka
honetan tresnarik erabilgarriena sua izan da, zibilizatua eta
zibilizatzailea den gizadiaren eskuetan lagatzen den ikur objetua,
esanahi garbitzaile sakona bereganatzen duen tresna.
Ardura honetan gizonaren laguna
den suak baso masa suntsitzen du, barruan bizi diren basapiztia
guztiak akatzean, eta izadi gaineko arriskua desagerarazten,
eremu kaotiko hori menperatzen duten ireluak hain zuzen ere.
Basoaren natura kaotiko eta ordengabekoa azaldu nahian, kontakizun
askotan bere barnean osin zantarrak kokatzen dira. Basoak bereganatzen
duen tabua gainditzean, bere muinetan sartzen dena zurgatzen
eta disolbatzen dute, edo zaindariak diren basapiztiengatik pertsona
irentsita izaten da, edota han bizi diren gizagaineko ireluek
suntsituta. Sua askotan eta mozketa bestetan oso tresna eragile
egokiak dira. Haietaz baliaturik, mitoak kosmosaren garaipena
kaos gainetik erakutsi nahi du, ordenaren garaipena desordenaren
aurka.
Baina, maiz gertatzen den bezala,
natura sakralizatzaile goreneko ekintza hau aurrera eramateko
gizakia ez da gauza, basoak pertsona suntzi bait dezake errez
azken hau hara hurbiltzen denean. Orduan, heroe zibilizatzaileak
bere rola jokuan jarri behar du, ez gizatiarrak diren botere
bereziez hornituta, eta gainera ordenamendu kosmologikoa eta
gizadiaren ordezkoa dena. Suaren bitartez edo tresna harrigarriaz
apainduta oihan kaosa suntsitzeko gauza da, gizadiaren onurarako
esparru latza zibilizatzean eta birsortzean.
Perspektiba honetatik, heroe
zibilizatzaile horien eragiketak sormen kosmogonikoaren eredua
jarraitzen du. Esandako mito kosmogonikoaren birsormen eta gogorapena
basoaren asimilapenean datza.
Aintzineko Nafarroako Erresumako
mito esanguratsutariko bat, Erdi Aro Garaikoa hain zuzen, Kaltzadako
Santo Domingoren irudiaren inguruan sortzen da, eta horri lotuta
Santiagorako bideaz Erresumako mugetatik zihoanean. Santu kosmokrator
horren inguruan sorturiko mito ugarietatik, hurrengoa oso egoki
dagokigu orain (7. laukia): "Santiagorako bidean, Nafarroako
mugetan pasaleku arriskua kokatzen zen. Erromesek zailtasun handiak
zeuzkaten handik igarotzeko. Ibaia, zubirik gabe gainditu behar
zuten, eta honen inguruan, oihan iluna sortzen zen, lapurrez
eta basapiztiez beteta. Lehenengoek ez ba zioten erromesari bizitza
kentzen, otsoek harrapatu eta jaten zuten. Gainera, inguru osoan
osin zolduak ba zeuden, gaindiezinak. Jainkoak aginduta, Santo
Domingo lekura zuzendu zen, eta bere lanetan hasteko, ermita
txikia eraiki zuen baso zahar kaltegarri horren bihotzean. Hau
eginda, sastraka garbitzen hasi zen, lupetzak estaltzen eta osinak
lurrez betetzen. Bidea irekitzean, harribidea eraikitzera jo
zuen, erromesen onurarako. Batzuen ustetan, basoa suaz suntsitu
zuen, baina egiaren izenean, bere igitai harrigarria erabili
zuen ardura horretan. Zuhaitzak ukitu, eta behera erortzen ziren,
nahiz eta lodienak izan. Gero egurra erre, eta ikatza egiten
zuen, erromes eta behartsuak bero zitezen. Basoa deseginda, bere
barneko gaiztotasunak alde egin zuen. Laister, zubiaren eraikipenean
lanean hasi zen." (Mateo de Anguiano; Compendio Historial
de La Rioja, ...; 1.704 urtean).
(7. laukia):

Lehenengoz, desordena eta kaosa
oinarrizko elementu osagarri moduan oihanaren erabilkera behatzen
dugu. Honelako arazoengatik, egitura kaotiko horren menperaketa
beharrezkoa da:
- Entitate sakratuarengana iristea
eten egiten du.
- Gizakia suntsitzen du.
- Zibilizazioaren garapenari ez dio biderik ematen.
- Herriaren terminoetan aipatutako ordena ukatzen du.
Basoari gehituta, oso esanguratsuak
diren beste elementuak ematen dira: lupetza eta osinak, basapiztiak,
lapurrak. Azken guzti horiek basoaren esanahia babestu eta bultzatzen
dute. Santo Domingok, giza komunitatearen ordezkoa, eta izadi
kosmokratikoaz heroe zibilizatzaile bezala eragitean, oihana
suntsitzen du bere igitai harrigarriaren bitartez. Era berean,
ermitaren eraikipenaren bidez lekua sakralizatzen du, ordenaren
sorreran jotzen du, eta ondorioz giza komunitatea zibilizazio
garapenean kokatzen du. (AURKIBIDERA)
BASOA
ETA ZUHAITZA
Erlijio konparatuen zientiaren
ardurapean zuhaitzaren ikur balore aberatsak aztertzea gaia izan
da, ikur anitz objetutzat hartuta, hierofanikoa bere baitan,
eta hierofania zabalagoen sorgailutzat ere. Zuhaitza, era bakarrean
aztertuta, deidadearen ordezkoa izan daiteke, ireluaren bizileku
edo kokalekua, ardatz kosmologikoa, maila kosmikoen artean garraioa
baieztatzen duen zutabea, bizitzaren aldizko sormenaren irudia,
etab. Nolabait, zuhaitza ikur objetu baikorra da, gizakiaren
alde jokatzen duen ordenaren zatia (8. laukia).
Baina, basoko osagarria izatera
iristen denean bere aurreko ezaugarriak galzorian aurkitzen dira,
bera bezalakoak diren izakien artean disolbatzen denean hain
zuzen. Jakina, zuhaitzak mitoetan bere gizagaineko izakera gordetzen
du beti, baina kaosaren oinarria zuhaitz masa erraldoian datza,
lehen esan dudan moduan. Nolabait, izaki sakratu bakarti bezala,
zuhaitza basoaren aurrean kokatzen da. Era berean, askotan basoak
zuhaitz zehatza zaintzen du, ezaguna eta sakratua nabarmenki
den zuhaitza. Kasu horretan, aipaturiko zuhaitza deidadearen
ordezkoa da, eta azken hau landare barnean kokatu ohi da. Gizakia
hara hurbiltzen saiatzen da. Orduan, basoak zaindari suntsitzailea
dirudi, deidadearen munstro babeslearen papera betetzen du, santutegiaren
zaindari ikaragarria. Izaki gorenarengana iristeko gizakiak basoa
gainditu behar du. Unitatearekin bat egiteko, oihanak aurkezten
dizkion frogetan irabazle atera behar du.
Irabazlea izateko, basapiztien
aurrean ezin du amorerik eman, irelu kaltegarriengandik ihes
egitea lortu behar du, osin disolbatzaileetatik bizirik iraun
behar du. Kaosaren muga gainditzean, irabazi ondoren, orduan
iniziatua sakraltasunera hurbil daiteke, deidadearen zuhaitzera.
Esaten ari naizen moduan, basoa
eta zuhaitza aurrez aurre kokatzen dira ikur pentsakeran, haien
esanahi metafisikoak aurka egiten dutelako, nahiz eta askotan
lehenengoak bigarreneraino eramaten gaituen. Hurbilpena ukatzen
duen bidea arraroa da beti, ezezaguna, arriskuez josirik. Bi
elementu hauek nabarmenki ikur objetuak dira, eta aintzineko
erlijio egitura ezberdinetako zatiak dira. Aurkako irudiak deitzen
dituzte, osagarriak diren bitartean eta une berean. Bi ikur entitate
hauen ezaugarriak horrelako terminoetan finka daitezke:
(8. laukia):
|
Basoa
- Entitate kaltegarrien bizilekua.
- Basapiztia arriskutsuen kokalekua.
- Era guztien disolbatzailea.
- Kaosaren adierazpena.
- Desordenaren gunea.
- Suntsiketaren boterea.
- Objetu ez-zibilizatua.
- Indar ez-zibilizatzailea. |
Zuhaitza
- Entitate ongile ala anbiguoen
bizilekua.
- Deidarearen animalia ikurra,
baikorrak ala anbiguoak.
- Era ezberdinen sortzailea.
- Kosmosaren adierazpena.
- Ordenaren gunea.
- Sormenaren boterea.
- Objetu zibilizatua.
- Indar zibilizatzailea. |
Azkue, R.M., "Euskalerriaren Yakintza. Literatura
popular del País Vasco", 4 ale, laugarren argitalpena,
Euskaltzaindia eta Espasa Calpe argitaletxeak, Madrid 1.989,
ISBN: 84-239-2550-1.
Azurmendi, M., "El fuego de los símbolos.
Artificios sagrados del imaginario en la cultura vasca tradicional",
Donostia 1.988, ISBN: 84-86435-62-5.
Azurmendi, M., "Euskal nortasumaren animaliak.
Euskal ahozkerako animali-metaforaren inguruan", Donostia
1.987, ISBN: 84-86435-37-4.
Champeaux, G. eta Sterckx, D.S.,
"Introducción a los símbolos",
VI atala: "La vegetación. Símbolos y ritos
de renovación", 39-108or., Cristianidad argitaletxea,
Madrid 1.974, ISBN: 84-7057-162-1.
Elialde, M., "Tratado de historia de las
religiones", alea, VIII atala: "La vegetación.
Símbolos y ritos de renovación", 39-108
or., Cristiandad argitaletxea, Madrid 1.974, ISBN: 84-7057-162-1.
Quijera, J.A., "Naturaleza y cosmovisión
de Euskal Herria", "Montaña y Aventura"
liburuan, 220-233 or., Ostoa S.A. argitaletxea, Bilbo 1.976,
ISBN: 84-88960-12-3. |
José Antonio Quijera Pérez, Eusko Ikaskuntzako
Folklore sailako kidea |