"Orixe" izan zen legeztapen ofiziala lortu zuen
Donostiako lehen ikastola 1970. urteko irailaren 8an hain zuzen
ere. 9 urte arteko 80 ikaslerekin eta 4 andereñorekin
hasi zuten lehen ikasturtea.
Legeztapen hau lortzeko ordea,
isiltasunean eta klandestinitatean Elbira Zipitriak eginiko lan
azpimarragarria ahaztezina da. Emakume horrek ikasleei ezezik
andereñoei ere irakasten erakutsi zien, Gipuzkoako lehen
ikastoletako andereño eta bultzatzaile gehienak "Elbiraren
eskolakoak" ziren.
Muñoatarren ikastolan
hasi zen Elbira Zipitria andereño lanetan 1926. urtean,
magisteritza ikasketak burutu ostean, Donostiako Alde Zaharreko
Ikatza Kalean zegoen lokal batean. Baina 1936. urteko guda hastean,
erbestera alde egin behar izan zuen emakume zumaitarrak; 1939.
urtean, Saratik Donibane Lohitzunera joan zen eta bertan bizi
izan zen 1942. urtean Donostiara itzuli zen arte. Elbirarekin
praktikak egiten urtebete egon zen Karmele Esnal andereñoaren
hitzetan "Elbira euskal irakaskuntzan lan egiteko nahiarekin
itzuli zen, baina jende asko oraindik kanpoan zen eta ikasle
batekin hasi behar izan zuen".
1946. urtean ikasle talde bat
osatzea lortu zuen Elbirak, eta bere etxean, Donostiako Alde
Zaharreko Fermin Calbeton 26an, ikastola antolatu zuen. Elbiraren
ikastolaren arrakasta zela eta, laster laguntza eskatu behar
izan zuen haur kopurua hazten ari baitzen.
Elbiraren eskolako andereñoak Klandestinitatean martxan
zen ikastolak zuen arrakasta ikusita, Elbira, andereño
berriak behar zirela ohartu zen eta Itziar Arzelus andereñoari
laguntza eskatu zion. 1950-51 ikasturtean, Itziar 3 eta 4 urteko
haurrei euskaraz irakasten hasi zen, eta Elbirak 5 urtetik gorakoekin
jarraitu zuen.
1952-53. urteetan beste bi gaztek praktikak egin zituzten Elbiraren
ikastolan; Karmele Esnal eta Jone Forkada ziren bi andereño
hauek. Lehenengoak 1955. urtean lokal bat alokatu zuen Donostiako
zentroan eta ikastola berria ireki zuen bertan. Karmelek adierazten
duen moduan, "Elbiraren ikastolan praktiketan ari nintzela,
haur kopurua izugarri handitu zen eta ume guztiak ez ziren Donostiako
Alde Zaharreko lokalean sartzen. Erdialdetik ume asko etortzen
zirela ikusi genuen, beraz, Pedro Egaña kalean lokal bat
alokatu eta zazpi ikaslerekin hasi nituen klaseak".
1955. urtetik aurrera, haurrei
klaseak emateaz gain, urtero-urtero andereño bat izaten
zuen bere ikastolan praktikak egiten eta hauek ostean, ikastola
berriak irekitzen zituzten. Karmeleren hitzetan, "ikasketak
amaitu nituenean ez nekien ezer irakaskuntzaz eta Elbirak irakasten
erakutsi zidan".
1956an, Mari Karmen Mitxelena
egon zen Elbirarekin ikasten eta Donostiako kaian ireki zuen
ikastola, 1957. urtean Carmen Lasartek egin zituen praktikak,
eta ondoren, Angel kaleko bere etxean ireki zuen ikastola. 1960.
urtean Pasaiako ikastola hasi zen lanean, 61ean Campanario kaleko
ikastola, 1962. urtean Hernaniko "Urumea" ikastola
eratu zen eta horrela zerrenda luzea, ikastola guztiak Elbirarekin
praktiketan ibilitako andereñoek bultzatuak. Karmeleren
hitzetan "euskara garai honetan gaixo zegoen eta guk euskara
mantentzen lagundu nahi genuen, galdu ez zedin. Horregatik ireki
genituen ikastolak, umeei euskaraz ikasteko aukera zabaldu nahi
genielako".
Ikastoletako irakaskuntzaren
berezitasunak Donostialdean urte hauetan
sorturiko ikastolek ez zuten izenik ez egoera legalik, guztiz
klandestinoak ziren eta klase partikularretako akademien itxurapean
ezkutatzen zuten bere lana. Elbirak bere
etxeko egongelan, lurrean eserita, ematen zituen eskolak.
Honez
gain, materialearen eskasia izugarria zen, ez baitzegoen euskaraz
erakusteko libururik ez eta inongo materialik. Etxeetan, gerra
baino lehen argitaratutako liburu gordeak erabiltzen ziren, edo
idazteko makinaz kopiak egiten ziren neska-mutilek erabiltzeko.
Elbirak, gainera, Europan zehar
irakaskuntzak bizi zuen egoeraren berri izaten zuen, pedagogiaren
inguruko ikerketa eta gogoetak ezagutzen zituen.
Guzti honek eragin zuzena izan
zuen ikastoletako irakaskuntzan eta garai hartan gaztelerazko
eskoletan guztiz ezezagunak ziren metodoak erabili zituzten andereño
horiek.
1969tik "Orixeren"
sorrerara 1968 eta 1969 urteetan
egoera aldatu egin zen, "Cartilla de Escolaridad" edukitzea
derrigorrezkoa bihurtu zelako. Ordurarte, ikastolan ikasitako
haurrek 9 urterekin Ingresoko azterketa gainditu behar zuten
eskoletan onartuak izateko. Baina 1968. urteko uztailaren 19an,
Gipuzkoako gobernadore Zibilak Oltra-Moltó jaunak zabaldutako
zirkularrean, edozein irakaskuntza eskolak baimena behar zuela
agintzen zen.
Eusko Ikaskuntzako "Cuadernos
de Sección / Educación" liburuan, Xabier Aranburuk
1988an Mari Carmen Mitxelena andereñoari egindako elkarrizketa
batean azaltzen den moduan, "1967-68, ikasturtean arazo
gogorrak izan genituen "Cartilla de Escolaridad" hasi
baitziren eskatzen eta guk ezin genuen eman. (...) Ikastola batzu,
Elizaren babespean legeztapenaren bidean jarriak ziren eta "Cartilla
de Escolaridad"-en beharra inposatuko zela ikusi genuen.
Legeztarioaren bidea beharrezkoa zen. Elbirari ez zitzaion batere
gustatzen, ikastolaren eta euskararen eskubideak galeran aterako
zirela pentsatzen baitzuen, baina egia esan, ez zegoen beste
irtenbiderik. Horrela Miren Teresa Aleman, lehen Antiguo eta
Añorgan ari zena, Koruko Aldanondo, Konstituzio Plazan
zegoena, Elbira eta laurok bildu ginen eta "Orixe"
ikastola eratzea erabaki genuen. Garaian esan ditudan arazo eta
oztopoak gainditu eta legeztapena lortzeko bide bakarra, Elizaren
babesa hartzea zen. Orduan Donostiako Santa Maria Elizara jo
genuen; parrokoaren laguntza jaso eta bera jarri genuen ikastolaren
titular bezala. 1970. urtean legeztapena iritsi zen eta era honetan,
lau andereñoak hasi ginen "Orixe" ikastolan.
Hasieran, lehen bezala, 9 urte arteko haurrekin, plangintza berrian,
oinarriazko 3ª arte. Gero poliki-poliki hasi ginen oinarrizko
laugarren kurtsoa eransten eta gero bostgarrena". Ainara Iraeta Usabiaga, kazetaria
Oharra: Argazkiak Eusko Ikaskuntzako "Cuadernos de Sección/Educación"
liburutik atereak izan dira, hain zuzen ere, Xabier Aranburu
Puentek idatzitako artikulutik. |