Amezketan jaioa, eta Pernando Amezketarraren
odolekoa dugu Pello Zabala. Hura hil zela urte dezente igaro
badira ere, gauzak kontatzeko eran Pellok haren grazia eta alaitasuna
gordetzen ditu.
Saltseroa da Pello, eta baita oso langilea ere. Musika entzutea
eta liburuak irakurtzea dira bere zaletasun handienak, baina
gehienontzat eguraldi iragarpenak egiteagatik da ezaguna Arantzazuko
frailea.
-Frantziskotarra, meteorologoa
eta musikan aditua zaitugu. Baina hiruretatik bereziki zer?
Arantzazuko frantziskotarra esango nuke. Arantzazu niretzat berezia
izan da. Txikitan, Amezketatik urtean behin etortzen ginen hona
erromes, eta niri gustatu egin zitzaidan. Arantzazun baziren
mutilak frailetarako ikasten, eta nik ere gauza bera egin nahi
nuela erabaki nuen. Gainera, hemen futbolean ere egiten zen,
eta hori erakargarria zitzaidan. Zazpi urterekin hartu nuen hona
etortzeko erabakia, eta aitari jakinarazi nion. Horrela, prestatzen
hasi nintzen, latina ikasi, Espainiako historia...
Hala ere, ni txikitatik oso prestatua
nengoen. Irakurtzen ikasi nuen oraindik lurrean arrastaka nenbilela.
Amak irakatsi zidan. Doktrina ere berak irakatsi zidan, egunero
hiru galdera egiten zizkidan, eta nik arratsaldean erantzuna
eman behar izaten nion. Izugarrizko memoria nuen, eta makina
bat legez ikasten nuen. Bost edo sei urterekin, doktrinan hasi
nintzenerako, nik guztia buruz nekien. Txikitatik irakurtzea
asko gustatu zait, eta horrek ikasi beharra sortarazi zidan.
Liburuekin primeran ibili naiz beti, nire deskantsua irakurtzea
izaten da.
Arantzazura
etorri nahi nuela esan nuenean, familian ez nuen arazorik izan,
baina herriko apaizarekin bai, ez zidan hona etortzen utzi nahi,
oso berea ninduen-eta. Donostiako seminariora joan behar nuela
zioen. Nik, berriz, ez nuen hori nahi. Niretzat Donostia oso
urruti zegoen. Hamar urterekin Arantzazura etorri nintzen.
-Nolatan hasi zinen eguraldiaren
iragarpenak egiten?
Arantzazuren izena irratian entzun zedin hasi nintzen horretan.
Hasieran, Euskadi Irratitik deitu zidaten musika klasikoari buruzko
saio bat egin nezan. Horrela hasi nintzen "Klasikoak
gaur" saioarekin. Beranduago, uda partean, irratikoei
bururatu zitzaien, jendeak nora joan eta jakin zezan, han eta
hemen zein eguraldi egiten zuen galdetzea. Nik baiezkoa ematea
erabaki nuen, horrela Arantzazuren izena entzungo baitzen. Orain
dela hamazazpi urte, irratietan eta gutxi entzuten zen Arantzazu
izena, eta ezagutzera emateko hasi nintzen eguraldiaren berri
ematen. Hasieran ez nuen eguraldiaren iragarpenik egiten, hemen
zein tenperatura zegoen eta esaten nuen bakarrik. Handik gutxira,
hilean behin edo iragarpena egiteko eskatu zidaten eta horrek
loturarik ez zuenez ekartzen, baiezkoa eman nuen. Nik Jose Ignazio
Usabiagari galdetzen nion, eta horrek emandako datuez iragarpena
egiten nuen. Apurka-apurka, hilabeterokoa zena asterokoa izatera
pasa zen, eta gero, egunerokoa. Horretarako, jakina, liburu batzuk
irakurri eta mapak interpretatzen ikasi behar izan nuen. Irratiaren
kontu horrekin, nire ustez, Arantzazuren izena asko zabaldu da.
Gipuzkoako jende asko etortzen da, baina baita Bilbo ingurukoak
eta Pello non dagoen galdetzen dute.
Orain, berriz, eguraldiaren iragarpena
egiteari utzi egin diot. Udazkenean berriro helduko diot lan
horri, baina hainbeste urteren ostean, deskantsu bat hartzea
erabaki dut, egunero hainbeste alditan, Euskadi Irratian eta
Radio Euskadin iragarpena egiteak, lotura handia ekartzen baitu.
-Eguraldiarekin jarraituz,
aurtengo negua benetan gogorra izaten ari da. Hala da, edo beti
azkena iruditzen zaigu gogorrena?
Gertukoak aurrekoa ahaztu arazten digu, baina egia da, aurten
bezalako hotzik ez du aspaldian egin. Hau da, eguna joan eta
eguna etorri, hotza izan dugu aurten. Nolanahi ere, uste dut
aurtengoa gainditua dagoela.
Hala ere, eguraldiak beti ematen
du sorpresaren bat, ez da errepikatzen. Beti da berria zerbaitetan.
Bestalde, elurra dela eta, horrekiko kontzeptua asko aldatu dugu.
Klima beharbada aldatzen egongo da, ez dakit, baina gure pentsaera
bai aldatu dela. Gaur egun, eskiatzera eta joateko, elurra noiz
egingo ote duen zain izaten dira batzuk. Gure garaian, berriz,
elurrari beldurra genion, eta etxeetan berogailurik ez zegoenez,
gogorra izaten zen elurte garaia. Lehen, gainera, baserrietara
joateko pistarik izaten ez zenez, elurrak asko irauten zuen.
Egun, ordea, jendea lurrorotakoarekin igotzen da eta bideak azkar
geratzen dira garbi-garbi. Hau guztiagatik, jendeak uste du lehen
elur gehiago egiten zuela.
-Zuk
tenporei egiten diezu kasu.
Bai. Tenporekin hasi nintzenean, lehenengotan oso gaizki hartu
ninduten. Nik ere, egia esan, ez nuen askorik sinesten, baina
zer ziren jakiteko hurbiltzen hasi nintzen. Orain, berriz, komunikabide
askotatik deitzen didate tenporak nola geratu diren jakiteko.
-Euskara eta musika omen
dira zure zaletasunak.
Horrela da. Gaztetan, Arantzazun euskaraz zeuden liburuak irakurtzen
nituen, Salbatore Mitxelenaren euskal poemak eta beste hainbat
liburu. Euskararen kontua bitxia izan da Arantzazun. Gogoratzen
dudanez, gaztetan euskara gutxi entzuten zen hemen. Batzuei ia
galarazi egin zitzaien euskaraz egitea, bestela ez zuten gazteleraz
ikasiko-eta. Gero, berriz, bazkalostean ordubeteko tartea ezarri
zuten euskaraz hitz egin genezan. Hala ere, euskara dela eta,
batak besteari barre egiten genion. Badakizu, Ondarrukoek hizkera
bat zuten, Oñatikoek beste bat, Amezketa ingurukoak ginenok
ere desberdina...
Musikari dagokionez, txikitan
pianoa jotzen ikasi nuen, eta gero organoa. Hogeita bost urtez
izan naiz Arantzazuko organista. Orain, berriz, ezkontzatan jotzen
dut.
-Konposatzailea ere bazaitugu.
Elizarako konposatzen dut bakarrik. Elizako kantak egiten ditut.
Batikanoko Kontziliora arte, dena latinez zen, baina hortik aurrera
dena euskaraz da. Apurka-apurka kantutegi bat osatzen joan gara.
Iñaki Beristainek letra jartzen du, eta nik garaiaren
araberako musika. Hau da, Garizuma, Gabon edo Bazko garaia den
kontuan izanda.
-Euskadi Irratian Klasikoak
Gaur egiten ere urte piloa daramazu.
Nire deskantsurako egiten dut. Hemendik bertatik
egiten dut, irratiak jarritako tresneriari esker. Musikarekiko
zaletasun handia dudanez, niretzat oso lan erraza da, ez zait
ezer kostatzen. Hainbeste urtez horretan jardun ostean, gainera,
musikaren historia nahikoa ezagutzen dut eta gauzak azaltzeko
eskarmentua ere badaukat. Musika aukeratzen pasatzen dut denbora
gehien. Gaur egun konpakto asko argitaratzen da, eta aukeraketa
egin beharra dago. Horretarako, bazkalosteko ibilalditxoetan,
aldizkari asko irakurtzen dut. Dagoeneko 4.500 saio egin ditut.
Ni neu entretenitu egiten naiz, eta badakit dezente gustatzen
dela saioa.
-Arantzazu epe desberdinetan
ezagutu duzu. Adibidez, hau ikaslez betea zegoenean, eta orain
berriz, seminarioa itxita dago. Nola dakusazu Arantzazuren etorkizuna?
Berrogeita zazpi fraile izango gara gutxi gorabehera. Laurogei
urtetik gora hamaika inguru izango dira, hirurogeitik beherakoak
zazpi. Gazteenak berrogeita hamar urte ditu. Etorkizuna? Ez dakigu.
Etortzen diren fraile gazte apurrak ez daude Arantzazun bizitzeko
gertu. Ez dakit, beharbada Urkiolari bezala gertatuko zaigu,
eta hemen geratuko dira misioetatik etorritako apaiz zaharrak.
Edo denboraz, kanpotik etorri beharko dira hemengo lana antolatzera,
laiko eta seglarrak. Oraingoz eutsiko diogu, baina...
-Gogoeta egiteko askok
Arantzazura jo izan ohi dute. Zer du berezirik?
Nire ustez santutegia eraikitzean asmatu egin zuten. Urtero-urtero,
Madrilgo eta Zuricheko arkitekto eskoletatik etortzen dira santutegia
ikustera. Eliza ere berezia da. Ez dago oso kargatuta, eta barruan
amabirjina dago soilik. Jendeak lasaitasuna eta bakea bilatzen
ditu bertan.
-Orain, eguraldi iragarpenen
loturarik gabe, zertan ematen duzu eguna?
Fraile bizitza egiten dut. Lehen gazteekin egiten genuen lan
seminarioan, eta orain, berriz, komentuko fraile edadetuak zaintzen,
edo hobe esanda, berauei familiarteko giroa ematen saiatzen gara.
Gainerakoan, egin beharreko errezoak eta beste zeregin batzuk.
Lantxoak asko dira. Adibidez, Arantzazuko egutegia atera behar
da urtero zintzo-zintzo, eta hori egiteko gero eta gutxiago gaude.
Igandeko mezarako, txandaka-txandaka sermoiak eta gainerakoak
ere prestatu behar dira.
Bestalde, datorren urtean, 2001eko abuztuaren
15etik 2.002.eko irailaren 19ra bitartean, frantziskotarrak Arantzazun
gaudeneko bosgarren mendeurrena ospatuko dugu, eta hori dela
eta, liburu bat argitaratuko da. Joseba Intxausti prestatzen
ari den liburu horretarako bi artikulu idatzi behar ditudanez,
horiek prestatzen hasi naiz.
Nahiko nuke, denbora pixka bat
atera eta nire kasa daukadan musika bilduma antolatu eta fitxeroa
egitea. 3.000 konpakto inguru izango ditut: musika klasikoa,
erlijiosoa... Seguraski, meteorologiaz ere zertxobait idatziko
dut, libururen bat edo. Ikusten denez, badut zeri heldu eta Arantzazun
daukagun bakea lan horiek guztiak egiteko aproposa da. Argazkiak: Maria
Agirre
Euskonews
& Media 66.zbk (2000/ 2 / 11-18) |