Enrique Eguren 1888. urtean jaio zen,
hain zuzen ere urte horretako hamairugarren egunean (1888- I-
13), Gasteizko Florida kalearen 22. atariko lehenengo solairuan.
Data horretaz gain, ez dakigu gauza askorik harik eta eskolara
sartu zen arte.
Bere lehen ikasketak "Marianistas"
eskolan egin zituen, bertan lortutako emaitzak aipagarriak izanik.
Beharbada ikastetxe horretan piztuko zitzaion historiaurrearekiko
zaletasuna, eta horren "errudunak" neurri batetan,
bertako maisuak izan ziren: Luis Heintz, Pedro Lorenz, Marcelo
Alonso, Constantino Diez eta Fidel Fuidio. Hauek guztiak ziren
Araban gai honetaz "jakitunak" zirenak. Hauetako batzuk,
gerora, Egurenen laguntzaileak izango ziren.
Koskortu zenean, Batxilergo ikasketak
"Instituto Vitoriano de Segunda Enseñanza"-n
egin zituen. Garai horretan, Enrique Egurenek topo egin zuen
ordura arte Arabako arkeologiak izandako pertsonaiarik garrantzitsuenarekin:
Federico Baraibarrekin. Azken hau, institutuko zuzendaria izateaz
gain, Diputazioko burua eta Gasteizko Ateneoaren lehendakaria
izan zen. Horretaz gain, arkeologian lan garrantzitsuak eginak
zituen Arabako lurraldea ikerketa esparru bezala hartuta.
Ikasketak bukatu ostean, Madrilgo
Unibertsitatera joan zen Eguren Natur Zientziak ikastera. Lizentziatura
lortu ondoren, doktorego tesia garatu zuen unibertsitatean bertan
honako izenburu honekin: " Estudio Antropológico
del Pueblo Vasco. La Prehistoria en Alava". Doktorego tesi
hau 1913. urtean aurkeztu, eta nota oso onarekin gainditu egin
zuen.
Ikasketak bukatu ondoren, Gasteizera
itzuli zen institutuan lan egiteko. Urte horretan ezkondu zen
Rosa Zubiagarayrekin.
Hala ere, handik gutxira, 1915ean, alde egin zuen Gasteiztik,
izan ere, oposaketa baten bitartez, Oviedon Botanika eta Mineralogiako
katedra lortu zuen. Unibertsitate honetan hil arte jarraitu zuen
lanean, bertan kargu garrantzitsuak beteaz. 1929tik-1930 arte
errektorea izan zen.
Hemendik aurrera garatu zuen
lana izugarria izan zen, lan pila argitaratu zuelarik beste hainbat
gairen inguruan. Hauen artean aipatzekoak dira "De la Época
Eneolítica en Asturias"(1917), "Cabezas Humanas
reducidas del Perú"(1918); edo Euskal Herriaren historiaurrearekin
zerikusia daukaten beste hainbat, adibidez: "Nuevos datos
acerca de la Prehistoria en Alava- El túmulo de Oquina"(1923),
"Los dólmenes clásicos alaveses" (1927),
"El dolmen de Larrasiol y otros datos para la Prehistoria
Alavesa" (1931)... Azken lan hauen esparru geografikoa,
gehienetan, Araba izaten zen, bertan garatu baitzituen Egurenek
bakarka egindako ikerketa gehienak. Orokorrean, lan horiek oso
onak dira. Noski, garaiko pentsamoldeen barnean kokatu behar
dira, baina bere asmoa guztiz zientifikoa zen, eta garai hartan
ezagutzen ziren datu eta indusketa guztiak ezagutzen zituzten.
Horretaz gain, une horretako arkeologiaren iturririk gaurkotuenetan
oinarritzen dira. Era horretan, arrazaren ideiak benetan garrantzi
izugarria zeukan; kontuan izan behar dugu garai honetan antropologiak
indar handia zeukala eta gai honetaz hitz egiteak ez zeukala
gaur egun, eta batez ere II mundu gerra ondoren, eduki dezakeen
zentzua. Uste zen, tipometriaren bidez, gizakien arrazak ondo
desberdindu zitezkeela, eta hauen aztarnak jarraituz, beraien
jatorria inongo zalantzarik gabe zehaztu zitekeela, hau bakarra
izango zelarik.
Baina
arkeologia, antropologia eta historiaurreaz gain, Egurenek beste
gai bat jorratu zuen biziki: Euskal Unibertsitate Autonomoaren
aldarrikapena. Gasteiztarrak egindako guztia kontuan hartzekoa
bada, unibertsitatearen alde egindako idazkiak eta lanak ez dira
gutxiago; gaur egungo EHU-k asko zor dio arkeologo arabar honi.
Hau guztia, estatutuaren aldeko
mugimendu politiko-kulturalaren barnean koka dezakegu, mende
hasierako lehen hamarkadetatik aurrera euskal abertzaleek estatutu
bat eskatuko baitute Euskal Herriarentzat.
Bakarkako lana izugarria izan
bazen, zer esanik ez Telesforo de Aranzadi eta José Miguel
de Barandiaranekin egindakoa. Taldea 1917ean jaio zen, eta aurrera
eramandako lana oso da ezaguna. Barandiaran gazteena zen. Apaiz
ataundarrak, Gasteizko Seminario Kontziliarrean katedradunak,
ez zeukan landa lanean inongo esperientziarik eta beste bi kideen
dizipulotzat hartu zuen bere burua. Aranzadi, ordea, gizon heldua
zen, esperientzia zeukana landa munduan, ez oso handia egia esan,
baina garai hartan inguruko inork ez zuen hainakoa. Bartzelonako
katedraduna, Farmaziako fakultateko katedraduna zen honek izugarrizko
izaera omen zuen. Berari buruzko pasadizoak ezagunak dira: umore
txarrekoa, erretxina eta adarjolea omen zen. Hala ere, inork
ezin zuen ukatu, Unamunoren lehengusu hau etnografo eta antropologo
paregabea zela. Umore txarra izan arren, bere lankideak lagun
bezala zituen eta beraiekiko zuen iritzia ezin hobea zen. Egureni
buruz iritzi oso ona zeukan, eta honakoa zioen gasteiztarrari
buruz: "Eguren muy animoso, muy valiente para el monte.
Es joven, pero tiene muy buen criterio, y cuando los años
lo hayan zarandeado un poco, será un excelente maestro
para los discípulos que todavía no atisbamos como
herencia espiritual".
Hirurek aurrera eramandako lana
nekez hobetu daiteke. 1919tik 1923ra arte, trikuharri ugari indutsi
zituzten Euskal Herriko mendikate ezberdinetan. Horretaz gain,
Santimamiñeko kobazuloren indusketa eta bertan dauden
marrazkien azterketa garatu zuten, hori guztia garaiko metodologiarik
serioenak eta zientifikoenak erabiliz. Beren lanen ondorioz,
arkeologia, antropologia eta historiaurreak bultzada izugarria
izan zuten, eta behingoz aske gelditu ziren mito, kondaira eta
teoria sasi-zientifikoetatik.
Hala ere, 1923an, Egurenek taldea
utzi egin zuen bihotzeko arazoak zirela eta. Arazo hauek bereziki
nabarmentzen ziren Santimamiñera joateko malda igotzekoan.
Ondorioz, atsedena hartzera behartu zuten. Hala ere, bere lagunekin
harremana izaten jarraitu zuen, eta batzutan lagundu ere egin
zien.
Taldea, guda zibilak apurtu zuen.
Hirurak Itziarren zeudela, Urtiagako kobazuloa industen, gatazka
hasi zen. Egun batzutan industen jarraitu zuten, baina entzuten
zituzten albisteek, herrian zegoen urduritasunak eta lehen errefuxiatuen
agerpenak, garbi erakusten zuten zein gordina zen unea.
Horrela bakoitzak bere bidea
hartu zuen. Aita Barandiaranek atzerrira alde egin zuen, eta
Telesforo Espainan gelditu zen, bere osasunak erabat beherantz
egin zuelarik. Ondorioz, Egurenek ez zuen berriro harremanik
izan bere bi lagun hauekin, asko jota eskutitzen bidez. Barandiaran
ez zuen berriro ikusi, eta Aranzadi bera baino urte bat beranduago
hil zen. Horrela bukatu zen Euskal Herriak izan duen talde zientifiko
onenaren eta ospetsuenaren ibilbidea, baina era berean, hor hasi
zen Enrique Egurenen gainbehera.
Bere ideia politikoengatik eta
bere emazteak betetako karguen ondorioz, Egurenek fasxismoaren
errepresioa bizi izan zuen, eta guda zibilaren irabazleen ideiak
islatzen zituzten idatziak egitera behartuta ikusi zuen bere
burua. Egoera politiko berri honen ondorioz idatzitako lanek-
"La reconstrucción nacional por la tierra y su trabajo"
(1937) edo "Asturias, tierra privilegiada"(1942)- ez
dute ordura arteko maila, bertan filosofia pobrea egiten du,
eta beraz, Eguren, ez dakienaz idaztera behartuta dago. Horrela,
Oviedon igaro zituen bere azken urteak, bere familia ondoan zuela.
Heriotza, 1944ko uztailaren 14an etorri zitzaion, bihotzean zuen
arazoaren ondorioz. Hala ere, bere senideek diotenez, penak zerikusi
handia eduki zuen gizon izugarri honen azken urteetan. Eguren
Gasteizen izan zen hilobiratua, bere familiak Santa Isabeleko
hilerrian zuen panteoi batean. Zehazki, Santa Maria kaleko, 17.
ataleko, 71. zenbakian. Bertan hartzen du deskantsua, arabar
paregabe honek.
Iurgi
Agirre, Historian Lizentziatua |