Mendeetan zehar euskaldunek itsasoarekin
izan duten harremana dago ikusgai Donostiako Untzi Museoko erakusketa
iraunkorrean.
Donostiako Kaiako Pasealekuan, Aquariumetik gertu, Donostiako
Untzi Museoa dago 1991ko maiatzean ateak ireki zituenetik. XVIII.
mendeko bigarren erdiko eraikin honetan, historian zehar euskaldunek
itsasoarekin izan duten harremanaren ikuspegi orokorra eskaintzen
zaio bisitariari, batez ere untzien eraikuntza tradizionalak
arreta berezia duelarik.
Untzi Museoko Zuzendari Kide den Soko Romanok adierazi digunez,
" euskal itsas ondarearen berreskuratze, kontserbazio, zaintze,
ikerkuntza eta honen hedakuntza" dira museoaren helburu
nagusiak; ahozko komunikazioa, grabatuak, historia eta arrantza
teknika ezberdinak besteak beste, ondare honetako parte direlarik.
Museo hontara etortzen diren bisitariek,
itsasoko euskal gizon emakumeen bizimodua nolakoa zen eta honen
bilakaeraren berri jasoko dute museoa osatzen duten hiru solairuak
bistatuz gero. Lehenik eta behin, untzien eraikuntza tradizionala
erakusten da. Nafarroatik ekarritako egurrarekin eginiko itsasuntzigintzaren
historia eta burdinaren, belaren eta baporearen erabilpen eta
asmakizunek, nola aldatu zuten untzigintza.
-
-
- Balearen arrantza
- Bestalde, XIII. mendetik egiten
zen balearen arrantzak euskal kostaldeko bizilagunengan izan
zuen eraginak ere badu tokia museo honetan. Bajurako arrantzaz
gain, baleak indar handia izan zuen euskaldunen artean diru iturri
garrantzitsua bait zen kostaldeko gizon emakumeentzat. Arrantzaleak
Terranova ingurura joaten ziren balea harrapatzera eta denboraldi
luzeak etxetik kanpo pasatzen zituzten. XVI. mendeko loratze
garaiaren ostean, "Utrecht-ko Ituna" sinatu zen (1717)
eta balearen gainbehera iritsi zen euskal kostaldera. Garai hontako
erakusle, XIII. medeko txalupa zaharraren antzera eginiko egurrezko
txalupa dago museoan, txipiroietarako batel batekin batera.
- Caracaseko Konpainia
- Kostaldeko itsas gizon emakumeen
bizimodua goitik behera aldatu zuen "Caracas-eko Konpainiaren"
berri ere badugu museoan. 1728 an sinatu zen tratatuak, Pasaia
eta Venezuelaren artean merkatal bide bat finkatu zuen kakao
trafikoaren monopolioa lortuz. Honek ondorio izugarriak izan
zituen, alde batetik, euskal kostaldea aberastuz eta bestetik,
untzigintza aldatuz, Venezuelara joateko itsasuntziak egin behar
bait ziren.
Itsasuntzien eraikuntzaz gain, industri osagarriek eginiko tresnak
eta erabiltzen zituzten lanabesak erakusten dira museoaren lehen
solairuan, hala nola, aingurak, pagoaz eginiko arraunak eta sokak
besteak beste. Euskal Herriko portuen bilakaera eta merkataritza
ezagutzeko aukera ere badu bisitariak.
Ikuspuntu historiko honetaz aparte, "euskal
ondarea berreskuratu eta zaintzeari dagokionez, itsasuntziak
jasotzen egin du museoak ahaleginik handiena. Soko Romanok azaldu
digunez, "orain arte 20 barku jaso ditu museoak, nahiz eta
ez dauden oraindik ikusgai". Itsasoarekin zerikusia duen
guztia jasotzen dute: tresnak, material etnografikoa, industri
ondarea, planoak, kartelak, argazkiak, grabatuak etabar. Zuzendari
Kidearen hitzetan "gehienak donazioak izaten dira baina
beste batzuetan erosi egiten da materiala".
Baina erakusketa iraunkorraz aparte, itsasoarekin eta Euskal
Herriarekin erlazioa duten zenbait gaietan oinarritutako erakusketa
iragankorrak antolatzen dituzte
Euskal "Itsastarrak" Ortiz Echagüeren ikuspuntu
sakonetik
Behin behineko erakusketa aretoan, Jose
Ortiz Echagüeren 26 argazkiz osaturiko artelan bilduma dago
ikusgai abenduaren 2tik otsailaren 27a arte. Guadalajarako argazkilari
honek euskal kostaldeko gizakien bizimodua maixutasun handiz
isladatzen du gizon eta emakumeen aurpegietan oinarrituz.
"Itsastarrak, itsasoa José Ortiz Echagüeren
obran" izenburupean 20. eta 30. hamarkadetan Gipuzkoako
kostaldeko herrietan artistak eginiko argazkiak ikus ditzakegu.
Pasaia, Orio, Zumaia edo Ondarroako txokoetan kokaturiko artelan
hauek , adierazkortasun eta sakontasun izugarria duten aurpegien
bidez, Euskal Herriko itsas gizakien izaera eta bizimodua isladatzen
dute.
Mende honetako
lehen erdiko argazkilari handienetakoa izan zen Ortiz Echagüek,
kostaldeko euskaldunak itsasoarekin kontaktuan jaso nahi izan
zituen, horregatik herritarren bat bateko argazkiak ateratzen
zituen, bere lanerako modelorik erabili gabe. Soko Romanok azaldu
duen moduan "Ortiz Echagüe pertsona berezi samarra
zen; alde batetik modernitatearen ezagule, Seat konpainia sortu
zuen eta pilotoa zen, eta bestetik, tradizioaren miresle".
Alkarriako argazkilariak, tradizio hori galtzeko arriskua ikusten
zuen, eta ondorioz, honen erakusle ziren itsasaldeko euskal gizon-emakumeak
atenporizatu nahi izan zituen. Garai honetan ohizkoak ziren lan
tresnek ere protagonismo handia dute argazki hauetan, pertsona
geihenak lan arropa eta tresnekin bait daude argazkietan.
Museoko Zuzendari Kide denaren ustetan, argazkilariaren ezaugarri
nagusia "itsasoa eta honekin erlazionaturiko guztia, ikuspegi
artistiko batekin ikusteko gaitasuna zen. Izan ere, haurtzaroan
oporraldi luzeak Euskal Herrian pasa izanak eragin zuzena izan
zuen gaitasun honen garapenean".
Teknika berezia
- Ikuspuntu teknikotik ere badute
Ortiz Echagüeren argazkiek ezaugarri berezi bat, ikatz marrazkien
antza bait dute. Soko Romanoren hitzetan, "akuareletarako
erabiltzen den fresson papera eta positibazio eta errebelazio
teknika berezia erabiltzen zituen. Ondoren eskuz azken ikutuak
ematen zizkion irudi bakoitzari. Hala ere, benetako argazkiak
dira nahiz eta askotan margoekin nahasi".
Ortiz Echagüek bere helburua bete betean lortu zuen, argazkietako
gizon emakumeen arpegietara begiratuz, hauen atzean arrantzaleen
bizimodu gogorra ezkutzen dela somatzen bait da. Ainara Iraeta
Usabiaga, kazetaria
Argazkiak: Oihana Pagola |