|
Marrazkilari-editorialistaren eguneroko
jarduna zertan den azaltzea zaila, nahasia eta askotan esplika
ezinezkoa egiten zait. Sormen lana prozesu berezia da oso.
Gauzak horrela, zure asmoa lanbide
serio honetan buru belarri hastea baldin bada, zenbait gomendiotxo
botako dizkizut, nire esperientzia apalean oinarrituta eta botepronton:
Lerro
editoriala
Ai ene. Gai korapilotsua. Prentsa "objetiboa" mito
bat besterik ez da. Enpresa periodistiko guztiek ideologia jakin
bat bultzatu eta babesten dute. Marrazkiak enpresak markatutako
ideologia islatzen du, edukian zein informazioaren tratamenduan.
Konflikto asko (gehienak) ikuspegi kontrajarriak daudelako gertatzen
dira. Marrazkilari "artista" txorakeria bat da: langile
bat besterik ez da eta bere ideiak eta marrazkiak saldu egiten
ditu. Argi eta garbi.
Iritzi
arduraduna
Kazeta guztiek iritzi arduraduna
dute. Bere betebeharra iritzi orrialdeek lerro editoriala biltzea
da. Beraz, iritzi arduradunarekin nolabaiteko "sintonia"
izan beharra dago. Le MONDEko Plantú marrazkilari ospetsuak,
adibidez, argitaratu aurretik iritzi arduradunari bostpasei zirriborro
erakusten dizkio. Gaia ere, normalki, erredakzio bileran erabakitzen
da. Sail bakoitzeko arduradunak elkartu eta eguneroko albisteen
errepasoa egiten dute. Gero, marrazkilariari irudikatzeko bat
"posible"ren bat jartzen diote. Bertsolariei bezalaxe.
Beraz, adostasuna komeni da. Oso ariketa interesgarria da iritzi
arduraduna eta zuzendaria norberaren ideia munduko ideiarik onena
dela konbentzitzea. Nagusiak "toreatzea" nekagarria
bihur daiteke ordea. Hobe da energia hori marrazki txukun bat
egiten gastatzea. Ez indarrak alferrik galdu. Argi dago: gu pizti
"arraroak" gara kazetarien erredakzioan.
Albistea Informatua eta "egunean"
izan behar duzu. Ez da beharrezko albiste nagusiaren egin behar.
Ideia onak askotan albiste arrunt batek ematen digu. Hala ere,
gertakizuna edo "akontezimentua" dagoenean (pinochet
estraditatu dute, Udalbiltza eratu da,...) horri buruz egin behar
duzu eguneroko marrazkitxoa. Nagusien iritzia ere kontutan hartzekoa
da, bestela langabezian egoteko aukera handia daukazu.
Denbora Presaka eta korrika
egin beharra dago lana. Burua argi eta eskua arin eduki beharra
dago. Merkatuan gehien baloratzen dena lana garaiz egitea da,
eta merke. Buruko gimnasia egin beharra dago, sormena etengabe
prest egon dadin.
Teknika eta edukia Pintzela, errotulagailuak,
arkatza, ordenagailua,...mila teknika dago. Funtsezkoa da txistea
edo ideia ondo komunikatzea. Beraz, grafismo zein ideietan zuzena
eta garbia izan behar da. Helburua ez da marrazki polit eta eder
bat egitea, ondo komunikatzea baizik. Irakurleak marrazkia ulertu
behar du.
Irudi sobera eskematikoak egitea gerta
daiteke, estetikaren kalterako. Juan Acevedo irudigile peruarrak
ederki asko azpimarratzen du: "Prentsan lan egiteak soberan
mugatzen du egilea. Mezu politikoa duen umorean lan egiteak batez
ere irudimenari eragiten dio, marrazkigintza blokeatu dezake".
Ahal den neurrian errutinatik atera beharra dago, beraz.
Jean Jacques Sempé frantziarrak
adibidez, ez du marrazki politikorik egiten, ez du politiko profesionalen
aurpegi ezagunik marrazten. Gai sozialak jorratzen ditu eta ondorioz,
askoz ere gehiago irauten dute denboran. Era berean, gai sozialek,
oso grafismo atsegina eta landua dute. Kontutan hartzekoa da,
prentsako irudia komunikazioa dela. Ideia ondo adierazi behar
du marrazkilariak, bestela porrota da. Hala ere, erdia marrazkilariaren
lana da. Beste erdia irakurleak egin behar du. Acevedok irudia
eta edukia erabat lotuta daudela dio. Txanponaren bi aldeak dira:
"Gidoia eta marrazkia loturik daude, banatuezinak dira.
Chumy Chúmezek adibidez, ederki asko uztartzen ditu biak".
Niri adibidez, Egin egunkariko
Lopez & Perez datorkit burura. Ezkerraldiko umore bikaina
lantzen zuen, oso umore beltza. Labe garaiak, Neguriko burgeseria,
Guggenheim...horrelako gaiak jorratzeko irudi oso egokiak erabiltzen
zituen. Bere marrazkiak ez ziren "politak", egileak
grafismo oso sinplea zuen baina oso oso eraginkorra. Espainiako
prentsako El Rotoren ildotik.
Britania Handian "The Guardian"eko
Steve Bellet marrazki eta umore oso zorrotza dauka.
Gaur egun oso modan dago Macistosh
ordenagailuz egindako grafismoa: frehand, photoshop, Adobe ilustrator...Eskuz
egindako marrazkiak arkeologia bihurtuko dira. Teknikak hala
ere ez zaitu itsutu behar, bertsotan bezalaxe, garrantzitsuena
"etorria" da, ez marrazten jakitea. Marrazki klaseetara
joatea denbora alferrik galtzea da. Izan autodidakta.
Soldata Oso desberdina da
hilero 60.000 pezeta kobratu ala 250.000 irabazi. Zoritxarrez,
alokairua eta dentistaren enpasteak ezin ditut marrazkitan ordaindu.
Beraz, diru iturri extra on bat izatea komeni zaizu lanbide honetan
bizi irauteko.
Kokapena Iritzi orrialdeak
aspergarri baina aspergarriagoak dira. Horrexegaitik begiak marrazkira
joaten zaizkio irakurle-begiraleari. Artikulu gris eta aspergarriz
betetako orrialdeak arintzen ditu irudia. Oso desberdina da horoskopo
ondoan ala lehen orraildean izatea. Saiatu orrialde aspergarrietan
argitaratzen.
Inspirazioa Ai inspirazioa! Betiko
galdera: non arraio okurritzen zaizkizu ideiak? Auskalo: bapatean
trenean, leihotik begira, kalean pasiatzen, txosnetan goizeko
4etan, ohean..., eta ondoko egunkaritik kopiatuta. Kontua irakurlea
eta norbera ez aspertzea da. Ideiak lanean harrapatu behar zaitu.
Kaletik paseatzea, lagunartean ibiltzea eta zinemara joatea beharrezkoa
da. Problema hasten da marrazkilaria egun osoan bulegoan sartuta
badago, orduan, irudimena agortuko zaizu. Ganbara betetzeko kalera
atera eta begiak ireki behar dituzu. Eta kopiatu.
Saltzen
ikasi Ikasi zure burua
ondo "saltzen". Bohemio itxura zaharkitu hori baztertu
eta ejekutibo itxura txukuna eraman. Ez esan "komikilari"
"txiste egile" edota "marrazkilari" zarenik.
Oso fama txarra dute. Hobe " editorialista grafikoa",
"ilustratzaile" edota "umorearen disenatzaile".
Goitizena Terrorista gaiztoak
bezalaxe, guk ere goitizenak ditugu. Ondo-ondo pentsatu zeurea.
Mota eta zuzena izatea komeni zaizu, ahal bada exotikoa.
Eta emakumeak? Lanbide honetan gizonak
dira nagusi. Zergatik? Ufff! Emakumeoi dagokizue lanbide honi
kolore piska bat ematea. Animo!
Etorkizuna Mundua di-da batean
aldatzen ari da etengabe. Gaurko arrakasta bihar porrota izan
daiteke. Modaren morrontza ikaragarria da. Ez zaitez kezkatu.
Arrakasta ez baduzu lortzen, modan dagoen ofizio bat aukeratu:
ipuin kontalari, klown edota barne kontseilari. Iñaki
Martiarena Otxotorena "Mattin" |