Istorioak komikien bidez kontatzea du
gustoko Mikelek, hauxe baita ondoen erabiltzen duen bitartekoa.
Zorte kontua omen da bere komikiak Tmeo, Ipurbeltz eta Garako
Zazpika aldizkarian argitaratzeko aukera izatea, gogoan baitauka,
langabezian igarotako hiru urteetan istorio bat kontatu nahi
eta ezin izatea. Dena den, 33 urteko gasteiztar honek Bernardo
Atxagaren mailako idazle ezagunen liburuetako marrazkiak ere
egiten ditu, eta Bambulo sortu dute bien artean, batari zein
besteari -eta marrazkigileari batik bat- ate asko zabaldu dizkien
txakurra.
-Zein izan da zure nondik
norakoa?
Institutuan ikasle nintzela, 14 urterekin, komiki bat aurkeztu
eta sari bat irabazi nuen, eta Gurasoen Elkarteko lehendakariak
etxera deitu zidan, esanez bikoitza emango zidatela ikasten jarrai
nezan, izan ere, marrazkia asko gustatu zitzaien, baina istorioa
are gehiago, eta gauza gehiago egiten jarraitzeko aholkatu zidan.
Oso garrantzitsua da balioetsi egiten zaituztela ikustea, eta
sariak aurrera jotzera animatu ninduen. Geroago, 16 urterekin,
tebeoak egiten zituen jendea ezagutzen hasi nintzen, komikia
underground zen garaian. Hemen ez da sekula Frantzia, Belgika
edo Estatu Batuetan bezalako komikiaren tradiziorik izan. Horrela
hasi nintzen gero Tmeo sortuko genuen jendea ezagutzen.
Arte Ederretako ikasketak egin ditudan arren, komikiari dagokionez
autodidaktatzat jotzen dut nire burua. Zerbait ikasi nuen karreran
zehar -egia esan egunero ikasten da zerbait- , baina ez naiz
Arte Ederrak ikasi nituen garaiarekin identifikatzen.
-Hobeto moldatzen omen zara umore zuriarekin.
Zer da zehazki?
Nik uste dut umore zurian mezuak askoz ere sakonagoak direla,
baina ez hain efektistak. Ikuspuntu ez efektista batetik lan
ditzaket sexua, rock-a eta drogak bezalako gaiak. Grazia gehiago
dut umore zuriko istorioak kontatzen, baina ez dut klasikoa naizenik
uste. Zine komikoa, adibidez, umore zuriaz baliatzen zen, eta
erotismoa ez zen hain agerikoa. Nire istorioetan, trikimailua
eta pertsonaiaren izaera dira gailentzen direnak. Ez dut esan
nahi sakonagoak direnik, baina garrantzia gehiago ematen diot
trikimailuari, gidoiari.
-Zein da gehien eragin
zaituen eskola?
Frantsesa. Komiki frantsesetan istorio onak, gidoi onak eta marrazkilari
onak aurkitu ditut; pertsonaiak dituzten istorioak. Komikiak
egiterakoan pertsonaiak marrazten ditudala esaten didate, eta
irudiak egiten ditudanean ere bai. Bestetik, zinea ere erreferentzia
handi bat da niretzako. Hamar minuturen buruan pertsonaiaren
izaera ezagutzeko parada ematen dizuten pelikulak gustatzen zaizkit.
John Ford-ek bikain egiten zuen hori.
-Komikiak eta liburuetako
ilustrazioak egiten dituzu. Zein da bietan errazena?
Ezer ez da erraza. Atseginena zein den? Nik uste dut literatura
eta pinturaren tarteko adierazpide bat dela komikia. Ilustratze
lana, berriz, piktorikoagoa da, eta askatasun gehiago ematen
dit. Batzuetan binetek apur bat presionatu egiten didate eta
ez naiz hain piktorikoa izaten. Esan bezala, gidoiari ematen
diot nik garrantzia, eta zenbaitetan binetek mugatu egiten naute.
Orain bertan, Gara-ren Zazpika aldizkarian komikietarako orri
bat edukitzearen zoria daukat, baina erabat desberdinak dira
bata eta bestea. Ilustrazioan piktorikoagoa naiz, eta aitortu
behar dut komikien kasuan, bineten artean egonik, estetikak garrantzi
gutxiago daukala. Komikiek elkarrizketak dituzte, eta asko mugatzen
dute askatasuna.
Zer den gehien gustatzen zaidana? Komikietan atsegin dudana da
neroni naizela gidoigilea, eta denbora batean komikirik egiten
ez badut, gaizki sentitzen naiz; zerbait kontatu nahi dudala
iruditzen zait, eta komikiak horretarako bide ematen dit. Ondoen
menperatzen dudan adierazpidea da. Nolanahi ere, hilabete oso
batean zehar komikia besterik ez banu egingo, aspertu egingo
nintzateke. Piktorikoa ere behar dut. Ilustrazioak, giroak sortzen
laguntzen dit, eta komikietan leku faltan izaten naiz batzuetan.
Binetek, laukiak izanik, mugak ezartzen dizkidate. Komikia eta
ilustrazioa uztartzea gustatzen zait.
-Zein pertsonaia sortu ditu Mikel Valverdek?
Finkoak, edo behintzat orain argitaratzen ditudanak, Xola eta
Bambulo dira, Bernardo Atxagarekin, eta Jonas, Juan Cruz Igerabiderekin.
Eta, nire pertsonaiak, Gara-n argitaratzen dudan Andres Errinozeroa,
eta Ipurbeltzeko Josemari Nekazari dira. Azken honentzat pertsonaia
berri bat asmatu berri dut: Angel Mari robota, umore puntu bat
emango diona, izan ere torlojuzko ogitartekoak jango ditu, olioa
beharko du eta beste ikuspuntu bat izango du, beste sentimendu
batzuk.
-Zergatik aukeratzen dituzu
animaliak?
Animaliek joko handia ematen dute: batzuetan pertsonek bezala
jokatzen dute, bestetan animaliek bezala.Bi hankatan nahiz lautan
ipin ditzakezu. Igel bat putzu batean egon daiteke, eta aldi
berean pertsona batek bezala hitz egin eta jan.
- Noiztik ezagutzen duzu
Bernardo Atxaga, eta noiztik ilustratzen dituzu bere liburuak?
Elkarlanean hasi baino lehen, lagunak
ginen. Garziarenan hasi nintzen berarekin lan egiten, eta egunen
batean zerbait egin genezakeela pentsatu genuen.
Dezente lagundu dit Atxagak, eta nahiko fido naiz bere kontseiluekin.
Beti garbi hitz egin dit, beti babestu nau, eta konfidantza eman
dit beharrean nintzenean, orain lana baitaukat, baina gabe ere
egon naiz. Konplizitatea eta elkar aditzea dago bion artean;
anaien arteko harremana dugula esango nuke.
Liburuak egiteko, bildu eta batera aritzen gara lanean; bakoitza
bere etxean, baina batera. Lehenik eta behin, zer idatz dezakegun
pentsatzen dugu, eta konfidantza dugunez, nik zenbait gauza iradoki
diezazkioket, eta berak niri ere bai. Atxagarekin ilustratu nuen
lehen liburua Xola izan zen; lehenengo euskaraz argitaratu genuen,
eta ondoren gazteleraz, katalanez, frantsesez, alemanez eta turkieraz.
Gero, BBKrako proiektu bat lortu zuen Atxagak, eskolarako agenda
bat egitean zetzana, eta irudigilea ni izatea nahi zuen; orduan,
pertsonaia batzuk sortu genituen, eta protagonista Markoni izeneko
txakur bat izango zela erabaki genuen. Lehenengo agenda horren
ondotik beste bat etorri zen, eta neronek jarraitzen dut BBK-ko
eskolarako agendako irudiak egiten. Iaz argitaratu genuen Bambulo,
Markoni da berez.
-Gustura sentitzen al zara
haur eta gazteentzako liburuetako irudiak marrazten?
Oso gustura, zeren eta, nire hastapenetara itzuliz, umore zuria
egiten nuenez, nire komikiek merkatuan oihartzun handiegirik
ez zutela esaten zuten. Orduan, testuliburuetako irudiak egiteari
ekin nion.
Umore puntua da haur eta gazteentzako liburuak erakargarri bihurtzen
dituena; niri gustatzen zaidan umorea, hain zuzen ere. Espresibitatea,
exagerazioa, aurpegiak, mugimendua... dira nire marrazkien ezaugarri,
eta oso gustura aritzen naiz arlo horretan. Umorea eta umorismoa
ez dira gauza bera, eta niri umorea gustatzen zait, ez barre
erraza.
-Atxagaren
ilustratzailea zarela esan al dezakegu?
Ez zait axola, baina bera idazlea da eta ni irudigilea naiz.
Batera egiten dugu Bambulo, baina berak bere idazle karrera du;
ez du Bambulo soilik idazten, ezta nik Bambulo soilik irudikatzen
ere.
Hala ere, ez dira Atxagaren testuak irudikatu ditudan bakarrak;
Juan Cruz Igerabideren "Jonas eta eskailu beldurtia"
eta "Jonasen penak" liburuetako irudiak ere egin ditut,
aurtengo haur eta gazteentzako literaturako Euskadi saria jaso
dutenak.
-Kasu honetan, biontzat
izan al da saria?
Saria ez da irudigilearentzat, idazlearentzat baizik. Katalunian
bai, baina Euskal Herrian ez dago bereziki irudigileontzat den
saririk. Kasu honetan, literatura saria da.
-Gustatuko al litzaizuke
ikus-entzunezko arlora salto egitea?
Bai, agian bai; hala ere, litekeena da sekula ez ematea. Azken
finean, tebeoak egiterakoan, kamera alde batetik bestera mugitzen
ari zara. Zinean pentsatzen dut, baina baita literaturan ere.
-Nola ikusten duzu komiki
eta irudigintzaren egoera Euskal Herrian?
Urte gutxitan gauza asko egin dira; hamar urtetan ikaragarrizko
aurrerapausoak eman dira. Kontuan hartu behar dugu aurrera goazela,
eta balioetsi egin behar dugu, baina maila jaitsi gabe. Fenomeno
berri bat gertatzen ari da mundu euskaldunean; euskarri batzuk
ditugu, hala nola Egunkaria, eta bertan Mattinek eta Olariagak
irudi bat argitaratzen dute egunero, eta horrela egunero goza
dezakegu beren irudiekin. Mattin, egunero lanean arituz, ikasten
ari dela esango nuke, eta oso kalitate ona duela. Gainera, Euskal
Herriak daukan abantailetako bat, aniztasuna da: asko gara, eta
denok desberdinak. Horrela asko ikasten da.
-Nortzuk izan dira aitzindariak?
Antxon Olariaga
eta Jon Zabaleta. Nitaz eta Bambuloren arrakastaz hitz egin dugu,
baina izan dira beren lana balioesten ez zen garaietan lanean
aritu diren zenbait irudigile, hala nola Olariaga, duela 15 edo
20 urte ez baitzen merkatu editorialik, eta hizkuntzaren aldetik
zailtasunak zeuden. Asko gustatzen zait berak egiten duena, zeren
eta ikertu egiten du, arriskatu egiten da, ez du estiloa aldatzen,
baizik eta estilo eta teknika desberdin batzuen bidez ikertzen
du. Maisu bat da eta errespetua diot; ez ni baino zaharragoa
izateagatik, asko dakielako eta profesional on bat delako baizik.
Ez nuke hau berari egindako omenaldi baten modura ikusterik nahi,
oraindik urte askotarako izango baitigu Olariaga.
-Zer duzu esatekorik Euskal Herriko komiki
aldizkariez?
Napartheid eta Tmeo aipatuko nituzke. Aldizkari eta fanzine asko
daude, eta zentzu honetan, Euskal Herriko jarduera oso ona dela
esango nuke. Gainera, euskarri berriak azaltzen ari dira. Asiskok
orri erdi bat argitaratu ohi du Gara-n, eta horrela bere lanak
ikusteko aukera daukagu. Aizu-n Patxi Ugarte aritzen da. Mugimedua
somatzen dut, egonezina.
-Artistatzat al duzu zure
burua?
Ez. Sortzailetzat bai, baina ez artistatzat, hitzak egun daukan
zentzuan. Artisau bat, profesional bat naizela esango nuke. Egun
batzuetan sortzaileagoa naiz, eta beste batzuetan arotz baten
modukoa. Nire lanbidea da eta asko gustatzen zait.
- Bizitzeko adina ematen
al du? Orain bertan hauxe
da nire diru iturria, baina hiru urte eman ditut langabezian.
Gogorra da kontatzeko zerbait izan eta kontatzeko aukerarik ez
izatea; hori ez zait sekula ahaztuko. Bestalde, jendeak uste
du egun batean egunkarian azaltzeagatik konponduta daukazula
bizitza, eta ez da horrela. Bambuloren atzean lanean emandako
bi hilabete daude, baina urteak halako beste hamar ditu. Pozik
nago nolanahi ere, lanaren aldetik jarraitasuna ematen didaten
gauza batzuk dauzkat-eta; batzuetan gehiago gustatzen zaizkidanak,
besteetan gutxiago, baina zortea izan dut, eta, halaber, Bernardo
Atxaga, Juan Cruz Igerabide, Patxi Zubizarreta eta Mikel Garmendiaren
istorioak irudikatzeko aukera. Argazkiak: Maria Agirre
Euskonews
& Media 60.zbk (1999-12-23 / 2000-1-7) |