Egungo zenbait aitona-amona eta beren
gurasoek, errimatuz hitz egiten zuten ohituraz. Askotan hasten
ziren edozein aitzakia medio eta denboratan aritzen ziren hizketan
jolas horri jarraituz. Zergatik ote zuten ohitura hori? Nire
ustez, gaurko gizartean memoria paperak eta liburuek ordezkatu
dute baina, oraindik urte asko ez dela, transmisioa ia kasu guztietan
ahoz gauzatzen zen; nola prosa hala bertso ahoz jaso eta memorian
gordetzen zituzten gehienek ez baitzekiten irakurtzen eta idazten.
Beraz, mezuak buruan gordetzeko tranpatxoak behar zituzten eta
lana errazteko era bat zen( eta da) errimatuz eta neurtuz jasotzea.
Horregatik zuten eta dute aitona-amonek halako memoria harrigarria
eta bertso sail osoak buruz botatzen dizkizute arrosarioa esaten
ari balira bezala. Gu, zur eta lur geratzen gara Aiako bi artzain
haien desafioa gogoratzean, izan ere, ehuna bertsotik gora bota
ondoren eta epaileak biak berdin utzi zituenez, garailea erabakitzeko
berriro aurrez botatako bertsoak botarazi omen zizkien eta batek,
denak errepikatu zituela diote. Guretzat ezinezkoa da bakarra
osorik botatzea ere!.
Hau guztia, idien pausoan burutzen
zuten bizimodu batean gertatzen zen, gaurko presa eta estresik
gabe, hainbeste periodiko, egunkari eta albiste emankizunen ordez,
bertsoa informazio iturri zelarik eta sagardotegiak argitaletxe.
Sagardoak hartzen zuen egungo tonerraren lekua, okela eta intxaurrak
inprimaki zirelarik garuna mezuen kupela bihurtzeko. Ez zegoen
beste biderik transmisioaren kate mailak osatzeko.
Orain ordea, idazten eta irakurtzen
ez dakienik ez dago eta hamasei urtera arte eskolatuta egotea
derrigorrezkoa da. Hemen ikasten dute txokorik urruneneko haurrek
ere bertsoaren berri, eskolako gaien artean. Baina aski al da
beste gaien artean emandakoa biharko bertsolaritzaren belaunaldiak
ziurtatzeko? Edo gehiago esanda, komeni al da talde handian (20
- 25 ikasle edo gehiago) bertsoa eta bertsolaritza lantzea hain
izaera eta interes desberdineko pertsonak aurrean dauzkagunean?
 Ikasleak bizitzarako trebetasun
anitz, askotan garrantzirik ematen ez diegunak eta behar beharrezkoak
direnak eskuratuko ditu bertso eskolako ihardunarekin
Azken galdera honi erantzunez,
nik uste, talde handian bertsoa lantzen ari garenean sentsibilitate
handiz jokatu behar dugula. Gertatu da behin baino gehiagotan
nik ez dakit zenbat bertso buruz ikasi, kantarazi, sortu, ...
eta gero, bertsoa entzun orduko tripako minez jartzen zen jendea
bihurtzea. Marmarrean ari direnak bertsoak irratian, telebistan...
dauzkagulako. Bertso afaria, jaialdia, trama, ... Eta euskaldun
petoak ziren eta dira baina hainbesteraino aspertu ziren, orduan
behintzat beren interesekoa ez zen gaia lantzen! Kontuz bada
helburuak garbi azaldu gabe gaiak jorratzen bestela terrenoa
erre egiten da eta.
Gaiari buruzko informazio orokorra
eta bizitzarako eskaintzen dituen aukerak azaltzea aski dela
esango nuke nik. Jakin-mina sortu eta sakontzeko aukeren berri
eman. Hor dauzkazu bertso eskolak nonahi eta maila desberdinetakoak:
900 ikasle ari dira 65 bertso eskola baino gehiagotan bertsotan
edo gai jartzaile edo bertso kritiko edo epaile edo... nik zer
dakit zein helbururekin sakontzen. Oraindik atzo ari ginen sagardotegian
eta gaur hara non gauzatzen den belaunaldien jarraipena; atzo
genion bertsolari jaio egiten zela eta gaur frogatu dugu jaio
bai baina egin ere egin egiten dela.
Eta egite horretan ari garenon
kezka nagusia( helburua geroko kate mailak ziurtatzea denez),
gure ihardunaren onurak eta gabeziak ebaluatzearen ondorioz dator.
Bertso eskolak hobeto antolatu eta koordinatu behar ditugu atal
hauei dagokienean:
ð
Programaketa bateratua eta mailakatua adostu behar dugu eskola
guztietarako eta ahalegin horretan ari gara.
ð
Irakasleon prestakuntza ziurtatu behar dugu. Noski bertsoa eta
bere zirrikitu guztiei dagokienez ziurtaturik daukagu baina adin
horretako ikasleen izaera, bizikizunak, beharrak... ezagutzen
al ditugu? eta horiei nola erantzun ba al dakigu?
ð
Bertso eskola ematen ari garen ordu berean beste aukera asko
ditu ikasleak, guk konpetentziaren mailan erantzuten al dugu
gure aukera eskaintzerakoan, saltzerakoan? Gurasoekiko harremana
sistematizaturik al daukagu ala ikasleak berez datozkigu? Ez
da gauza bera gune euskaldunetan ikasleak erakartzea eta erdaldunagoak
diren guneetan egin behar den ahalegina. Maila eta helburuak
ere desberdinak direlakoan nago, bertsolari izatea amestetik
euskara indartzeko betekizuneraino.
Hau guztia ezin da irakaslea
kontratatu eta kito eginda burutu. Antolaketa serioa behar du
eta herriko kultur erakunde desberdinen inplikazioa eskatzen
du, ikasleen etxeetatik hasi eta udalerainoko bidean euskarriak
jarriz.
Eta zertan lagunduko dio ikasleari
bertso eskolako ihardunak? Noski ez du, oraingoz, titulu berezirik
eskuratuko baina bai bizitzarako trebetasun anitz, askotan garrantzirik
ematen ez diegunak eta, behar beharrezkoak zaizkigunak, adibidez:
- Kantatzen trebatuko da eta kantatuz
gozatzen ikasiko du.
- Hiztegia aberastu, menperatu
eta hitzekin jolastea gustagarri gertatuko zaio, lau hitzekin
dena esateko ohitura hartzen ari garen aro honetan.
- Memoria landu eta garatuko du.
- Korapiloen aurrean irtenbide
bat baino gehiago aurkitzeko ohitura hartu eta taldean emaitzak
hobetzeko jarrera izateaz gain, besteen iritzia errespetatu eta
onartzeko joera hartuko du.
- Komunikatzeko gaitasunaz oinarrizko
taktika eta teknikak barneratuko ditu esperientziaren bidez,
gorputz espresioaren laguntzak baliatzen ikasiz, intonazio, kantaera
eta doinuak egoki aukeratuz... Eskolak hezkuntza arruntean edukiak
irentsarazten ditu, nagusiki, baina gaitasunak landu eta garatzea,
oraindik behintzat, gabezien zerrendan aurkitu ohi dugu. Bertso
eskolak duen balio erantsietako bat, agian garrantzitsuena, nola
bertsotarako hala bizitzarako hauxe da, komunikatzeko gaitasuna.
- Pentsatzeko ohitura bereganatzen
lagunduko dio, sintesia eta eskema gaitasuna bitarteko dituela.
Gainera, umorea, alaitasuna, ironia ... ahalik eta gehien erabiltzeko
ohitura sustatuko du ikaslearengan ihardun honek.
Era ludikoan pertsonari ekarpen
interesgarriak egiteko aukera aproposa eskaintzen du bertso eskolak
eta, Bertsozale Elkarteak ez du nola nahi alferrik galtzen utziko
hain aukera oparoa.
Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko Trasmisio
Taldekidea
Irudia: Euskaldunon Egunkaria |