|
Eguzkia, erlea, bizia, heriotza. Euskaldunen
sinestean horra lau gauza tinko eta herstu elgarri lotuak.
Adibidez, Mendibe Lakoan, etxea
alde batetik eta borda bestetik. Borda, eraikitzearekin harginak
eguzkiaren jeikaldeko paretan leio antzeko idekidura bat ohatu
zuen. Haizobia eta aterbia segurtaturik, hor daude, nola gerta,
7 edo 15 erletxe (kofoinak Basonafarroan dioten bezala).
Borda bat, eraikidura pisua da,
lan asko eskatzen duen harri eta lurrezko gorputza. Beraz, hori
altxatzearekin erleaz axolatzeak eta honi doakion toki berezi
baten zabaltzeak salatzen digu nolako garrantzia zaukan uli berezi
honek baserriko bizian.
Pentsa daiteke, bereziki, garrantzi
hori zetorkiola egiten duen janari gozoarengatik. Alabainan,
aintzineko belaunaldiek zaukaten azukre bide bakarra eztia zen.
Sebastian EZKURDIA, Gasnategiko
errekan zegoen artzain xoilak, ehun kofoin edo erletxe zauzkan.
Erran zidan 1940-1944 eta gerla urteetan ardien mozkinarekin
baino sos gehiago egiten zuela erlearenarekin.
Euskal Herriko erran zaharretan
erleari eta erlearen mundiari doazkion erranak ez dira eskas,
hala nola etxeko andere xintxo batez errana zen "erlea
bezain langilea zela". Erraiten zen ere hauxe "Beti
ongi etorri egin erleari" edo oraino "Auzorat
airatu den erlumearen bila ez zaitez joan, suerte txarra ekarriko
dizu".
Ohar gaitezen huntaz: Euskal
etxeko anderea eta erletxean dabilan anderea, biak andere deitzen
dira. Dakigularik erletxearen harmonia etxea eta geiago oraino
erletxearen hil-bizia bere anderearen izairan oinharritzen dela,
nabari da hitzkuntzan erabilia den konparaketa honek, nunba Euskal
sineste sakona ukitzen duela. Anderea, erregina, emaztea. Zergatik
lotzen dira eztitasuna eta emaztetasuna ? Zergatik ez da
erraiten "gizon bat bezain eztia" bainan ordea
"zer emazte eztia!". Euskaldunen eguzkia emaztezkoa
ote da ? erletxeko anderea bezala ?
Dena dela, Euskaldunen herria,
Eguzkiaren herria da.
Etxearen ataria eguzkiari doakio,
horrela leiotik edo atetik eztia erletxean bezala andere eguzkiaren
lehen zirrintak sukaldera sartzen dira. Eztiak eguzkiaren kolorea
du.
Okabe kaskoan baratzetako belar
sakratuaren gainera eguzkiaren printzak zirristatzen direlarik
erleen eztia da lurreraino zirristatzen. Euskaldunek, eztia jaten
duelarik eguzkiaren indar gozo sakona da bakoitzaren hezur muinetaraino
sartzen.
Eguzkia oraino argi zarean: argi
zarea zen, etxeko norbait zendu eta, urte bete batez etxeko andereak
zeraman zu-ziri borobila (eguzkiaren borobila, zarearen borobilean
da). Piztua den sua eguzkiaren sua da. Su horrek gogoratzen digu
eguzkitik datorkigun susko erredura, hots, bizia. Eguzkiaren
suan bezala erredura oraino erlearen ziztan da: Ai zer erredura
samina
!
Aipa dezagun oraino Euskaldunek
erlearekin zuten beste ohidura bat. Hau zen : Etxeko nagusi
zaharra zendua zen ordutik nagusi gaztea erlandara zoan eta hor
erleen, aintzinean zutik erraiten zieten "Erleak! Nagusi
zaharra zendu da, orain, ni naiz zuen nagusia, niretzat egin
eztia!".
Euskaldunen aspaldiko sinestean
finkatzen da erlea, Euskalduna bezain zaharra den erlea. Manex Lanatua,
Idazlea |