|
Bi hitzotan labur daiteke
Xorroxin Irratiaren adina: hemezortzi urte. Baina urte andana
horretan zintzinera eramandako urrats eta pausuak ez dira aipatzeko
utz daitezkeen kontuak. Azken finean heldu ere bihurtu baita
Xorroxin Irratia.
Garai hartan, Erratzuko
kideen bortz mila pezetako dirulaguntzarekin erosi ziren lehendabiziko
tresnak, Erratzutik bertatik hitz andana bat aireratu asmoz.
Baina denborarekin, gauzak landuz eta ahaleginak batuz, Elizondon
hartu zuen leku tresneriak. Eguerdiko saioa finkatzea lortu zen.
Entzuleen erantzuna ikusita, Baztan eta Malerrekan errepikagailuak
paratu ziren, geroxeago Bortzirietara ere uhinak helarazi zituztelarik.
Horrela, Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietako hogeitahamazortzi
herri ingurura Xorroxingo ahotsa iristea lortu da.
Hasieratik gaur
arte, beti helburu berbera mantendu du Xorroxin Irratiak. Eskualdeari
zerbitzu sozial bat gehiago eskeintzea, funtsezko zerbitzua gainera,
eremuaren ezaugarriak aintzat hartuz. Informazioa bide, heziketa
osagarri eta kultur sustatzaile izan da bere abiapuntu eta ardatz.
Horretaz gainera, erakunde eta talde ezberdinen eguneroko lanaren
lagungarri bilakatu da irratia, hala nola: erakunde ofizial,
kultur eta kirol zentru, ikasketa zentru eta abar.
Komunikazio beharra
eta hizkuntz ondarearen gorde nahiak bultzaturik, emanaldiak
euskara hutsez egiten dihardu Xorroxin Irratiak. Euskara zonaldeko
hizkuntza mintzatua izanik, bertako euskalki ezberdinen erabilera
azpimagarria da, batuaren erabilera baztertu gabe.
Eguneko hogeitalau
orduetan dago Xorroxin Irratia emisioan. Astelehenetik ortziralera,
goizeko zazpi t´erdietan Xorroxin Irratiaren programazioa
ernatzen duena GOIZ ARGI saioa da. UR eta LUR saioa, berriz,
goizeko bederatzi t´erdietatik hamarrak bitartean luzatzen
da. ELKARREKIN LANEAN, berriz, eguerdira bitarte, eta azkenik,
HERRIZ HERRI saioa eguerditik hasi eta arratsaldeko ordu biak
jo bitartean. Arratsaldeari begira, bi irratsaio aireratzen dira
Xorroxin Irratian. Zazpietatik hasi eta ordubeteko iraupena duen
musika saioa lehena; eta ondotik, arratsaldeko zortzietatik arratseko
hamarrak bitartean, KARAKOLA SEGI HOLA gazteentzako bereziki
ihineratzen den saioa izan ohi da entzungai.
Baina asteburu
eta jaiegunetan, BIDE EGINEZ saioak kontu ezberdinak aireratzen
ditu huts egin gabe. Gainerako orduak, egunekoak nahiz arratsekoak
musikak inguratzen ditu.
Irratsaio hauek
guztiak eta irratiaren antolamenduari orokorrean aintzin egiteko,
hamar laguneko lan taldea dago Xorroxin Irratian, bortz erratari,
publizista bat, idazkaria eta hiru teknikari.
Jaiotza Erratzun;
zortzi urte berriz, Iruritako etxe partikular bat izan du leku
Xorroxin Irratiak; eta Baztango Udalak egoitza utziz eta zortzi
hilabete inguru moldaketa lanetan aritu ondotik, aurten urteberri
egunarekin Elizondo estudio berria estreinatu du Xorroxin Irratiak.
Kolorez jantzitako egoitza berriari esker, lan egiteko modua
profesionalagoa bilakatu da: kontrol gela, mintzalekua, grabaketa
tokia, publizitate eta idazkari gelak eta erredakzioa dira egoitza
berriaren osagai nagusi. Aparailuetan ere berrikuntzarik izan
du Xorroxin Irratiak, irrati hotsa, ahotsa, musika, isilune,
isiltasun...irratsaio batean biran dabiltzan elementu hauek guztiak
kalitaterik onenarekin uhineratzeko.
Baina hemezortzi
urte horietan, une guztiak ez dira arroxa kolorekoak izan Xorroxin
Irratiarentzat. Nafar gobernuari irrati lizentziaren eskaera
egin zitzaionetik, une ilunak, ezerosoak eta estuak izan dira
etsipenaren seinale. Baina ez zuen etsitu ordea.1998. urteko
uztailaren egun baten ernatzeak, hainbertze urtez borrokatutako
gudaren bukaera suposatu zuen: lizentzia lortzeko gudan garaipena
lortu zuen Xorroxin Irratiak, Nafar gonernuaren lizentzia jaso
zuen irrati euskaldun bakarra izanik. Xorroxin Irratiari Lesakarako
eskatutako lizentzia onartu zitzaion: orain hurrengo erronka,
Lesakan estudio berri bat egokitzea da.
Nerea
Altzuri Ordoki, Xorroxin Irratiko kazetaria. "GOIZ ARGI"
saioaren gidaria |