|
Gernikako Estatutuaren
onarpenaren hogeigarren urteurrena betetzen denean, euskal nazionalismoak
lege autonomikoak ezarri zuen esparru politikoa errefusatu egin
du eta bere subiranotasuna garatzeko urrats berriak ematen ari
da, euskal udalen bilkuran ikusi den legez.
1998ko apirilean EHUn irakurri
nuen doktorego-tesian ondorioztatzen dudanez, Estatutuaren inguruan
egunkarietan argitaraturiko eztabaidan iritzi-artikuluen
bidezargi zegoen abertzaletasun independentistaren jarrera,
Konstituzioak eta Estatutuak berak ezartzen zuten esparru juridiko-politikoaren
aurka, abertzaletasun instituzionala edo moderatua, proiektu
autonomikoaren bideragarritasun eta pragmatismoaren alde lerratu
zen bitartean.
Ezker abertzaleren ikuspuntutik,
independentziaren ideia defendatu zen, batez ere Gernikako Estatutuaren
erreferendu-kanpainan, KAS alternatiba bultzatu, eta independentzia
eta sozialismoa batzen zituen proiektuaren alde kokatu zen. Abertzaletasun
instituzionalaren diskurtsotik, berriz, independentzia helburu
utopiko modura aurkeztu zen, eta, horren ordez, prozesu autonomikoa
bultzatu zen aukera erreal gisa, proiektuaren bideragarritasunean
oinarrituta eta pragmatismoaren argudioak azalduz: eskainitako
autonomia gutxienekoa izan arren, onartu behar zen, bestela ezer
ez independentziarik, ez autonomiarik edo autogobernurik
ez izateko arriskua zegoen-eta.
Honekin lotuta, Euskal Herriaren
existentzia ere modu ezberdinez ulertu zuten bi diskurtso abertzaleek:
independentistek Euskal Herria errealitate modura ulertzen zuten
bitartean, abertzaletasun instituzionalaren diskurtsoetan, aldiz,
Euskadi egiteke zegoen egitasmoa zen. Hau da, ezker abertzaletik
Euskal Herria estatua osatu ez arren, nazioa zen. Zentzu horretan,
Estatutuak ez zuen ezer berririk eskaintzen, are gehiago, naziotasuna
guztiz garatzeko mugapena izan zitekeen. Moderatuek, berriz,
Estatutua bide instituzionala bultzatu zuten, euskal
nazioa eraikitzeko bide bakartzat aurkeztuz.
Zentzu berean, Nafarroaren erreibindikazioak
lurraldetasunaren aldarrikapen hutsa baino zentzu politiko garrantzitsuagoa
zuen independentistentzat. Estatutuak hiru probintziatako elkarte
autonomikoa ezartzen zuen bitartean, abertzaleek euskal nazioaren
osotasuna aldarrikatzen zuten. Hala ere, Konstituzioan Nafarroarentzat
ezarritako prozedimendu berezia eta Estatutuak berak herrialde
nafarra etorkizunean gehitzeko aukera bat jasotzea, baldintza
nahikoak ziren abertzaletasun soziologiko edo instituzionalaren
diskurtsotik lege autonomikoari bere atxekimendua adierazteko.
Independentistentzat, berriz, estatuko nazioen autodeterminazioa
ukatzen zuen Konstituzioak, eta Nafarroarik gabeko elkarte autonomoa
ezartzen zuen Estatutuak, euskal naziotasuna ukatzen zuten. Zentzu
horretan, Nafarroaren erreibindikazioa politikoa zen, administratiboa
baino gehiago.
Bideragarritasunaren argudioarekin
batera, zenbakien edo kopuruen legitimitatea erabili zuten argudio
gisa erakundeen aldeko alderdiek. Hau dela eta, Estatutua legitimatzeko
«goleadaz» irabazteko beharra azpimarratu
zuten autonomiaren aldekoek; hau da, botoen kopuruak baldintzatzen
zuen proiektu autonomikoaren legitimitatea eta, beraz,
bere balioa edo bideragarritauna ere bai. Horregatik, Estatutuaren
aldeko artikulu askotan, bozkatzera joateko deialdia egin zen,
lege autonomikoak ahal zen kontsentsu handiena bildu ahal zezan.
Beraz, erreferendua galtzeko beldur agertu ziren Estatutua legitimaziorik
gabe utziko baitzuen; edo, beste irakurketa bat eginez, diskurtso
instituzionaletik beste argudiorik ez izateanzenbakien
argudioa behar-beharrezkoa zen prozesu autonomikoaren ontasuna
adierazteko.
Hala eta guztiz ere, lege autonomikoaren
porrota aurreikusi zuten moderatuek, eta horren erantzukizuna
estatuko agintariek garapen autonomikoa bultzatzeko borondate-faltari
leporatu zioten. Beraz, instituzionalisten diskurtsoan honako
hau onartu zen inplizituki: Estatutuaren baliagarritasuna estatuko
agintarien esku egon zitekeen, eta horiek nahi bazuten, eduki
politikorik gabe geratuko zatekeen.
Abertzaletasun independentistaren
diskurtsoan, aldiz, zenbakiak, kopuruak, ez zuen garrantzi handirik,
Herriaren kontzientziak eta nazioa izateko borondateak baizik.
Ezker abertzalerentzat Euskal Herria prozesu politikoaren subjektu
politikoa zen, nazio- subiranotasunaren subjektu aktiboa, eta
ez lurralde zehatz batean bizi ziren pertsonen multzo soila.
Prozesu politiko horren barruan kokatzen ziren amnistiaren aldarrikapena
edo euskararen aldeko mugimendua, nazio- eta gizarte- askatasunaren
prozesu politikoaren adierazle moduan; beraz, euskal populuak,
subjektu politikoak herri-mugimenduen bidez garaturiko dimentsio
militantea zegoen euskal nazioaren oinarrian, eta ez arau edo
errekonozimendu juridikorik (horrek ez zuen,berriz, euskal nazioaren
existentzia berez bermatzen). Honez gain, euskal naziotasuna
espainiarrari kontrajarrita zegoen, eta, beraz, ezin zen oinarritu
Estatuak ezarritako esparru juridikoan, nazio-autodeterminazioa
ukatzen baitzuen Konstituziotik eta, ondorioz, Estatutuan ez
zen bermatzen.
Hori zela eta, Konstituzioak
eta Gernikako Estatutuak bi bide edo estrategia politiko ezberdin
ezarri zituzten euskal abertzaletasunaren barruan:
- alde batetik, erakundeena "demokraziarena"
edo bide instituzionala onartzen zutenena, abertzaletasun instituzionalak
aukeratu zuena; erakunde autonomoen bidez zenbait gairi erantzuna
eskaini nahi ziona. Honez gain, erakunde autonomoen bidez euskal
nazio-kontzientzia ere sortuko zela azaltzen zen behin eta berriz.
- beste aldetik, berriz, Konstituzioaren
eta Estatutuaren legitimazio eza aldarrikatuz, herri-iniziatibak
eratu zuen alternatiba edo prozesua. Abertzaletasun independentistatik,
estatuak Euskal Herria juridikoki onartu ez izanak ez zuen bere
existentzia erreala ukatzen. Honen ustez, nazio- kontzientziak
sortu zuen autodeterminazio-nahia, eta ez erakundeek.
Lehenengo bidea edo estrategia
irteerik gabeko batean sartu den, edo batzuen esanetan
teilatu autonomikora heldu den bitartean, batzuek Lizarra-Garaziko
akordioan ikusi nahi izan dute bi estrategien arteko erdiko bide
bat...
Arantza
Gutiérrez, Irratigintzako irakaslea EHUko Informazio Zientzien
fakultatean |