Sarrera
1. Apezak "gauezkoen"
etsaiak
2. Apez sorginaren
aurkakoa
3. Apez sorginak
4. Apez ekaitz konjuratzailea
- 5. Apez ekaitzegilea
6.
Apez
barregarriak: jaleak emaztezaleak
7.
Apez
osagilea
8. Apez heroi salbatzailea
Sarrera
Apezak ez dira izaki
mitikoak, mundu honetako pertsonak ontsa egiazkoak baizik. Eta halere leku handia dute herri mitologian, haien
ustezko ahalak naturazgainekoak direlakoan. Kondaira gehienek
kontatzen dituzte jendeek beste mundukoekin dituzten tirabirak
eta enfrentamentuetan usu apezen indarrak eta baliabideak neurtzen
dira: jendeen alde eta parte-txarrekoen kontra jarriak dira,
ontsalaz, baina dituzten ahalek berek eramaten dituzte batzuetan
sorginen eremuan kokatzera. Funtsean, hain da llaburra sorgina
eta sorginaren aurkako borrokaegilearen arteko bidea non, askotan,
bi poloak batuak baitira. Printzipio logiko hau da: gaitza galarazteko
ahala duena, gaitza egitekoa ere badu. Eta horixe da apezek eragiten
duten sentimentua, herri mitologian.
Kondaira askotan erakutsiko dute
betiko bikoiztasun hori: gauezkoen garaileak dira, sorginen konjuratzaileak
eta sorginak, ekaitzen konjuratzaileak eta ekaitz egileak, kondenatuak
eta arima erratuak, osagileak, trufen objektu irringarriak eta
jendeen salbatzaile eta heroi tragikoak. Apezen irudi hori ez
da biziki ortodoxoa, mitologiaren egiturak bere erara egokitu
eta aldarazi baitu, bere egiteko. Dena den, ortodoxian ere apezak
izan dira beste-mundukoen kontrako baliabideak: exorzista bat
bada katedral guztietan eta, alde horretatik, kristianismoaren
eta paganismoaren ideiak ez dira elkarrengandik oso urrun izan.
(AURKIBIDERA)
1. Apezak "gauezkoen" etsaiak
Euskal Herriko hainbat lekutan
esaten da parte-txarrekoak (laminak, basajauna etabar) suntsituak
izan direla apezen otoitz edo benedikazioei esker. Larraineko
oihaneko basajaunak malur anitz kausatzen zizkien bizizaleei;
apezak neskenegun gau oroz "Salve Regina"ren kantatzen
zuen eta, bide hartaz, basajaun urrunarazi zuen (Cerquand, 1986).
Lapurdiko herensugea "batzuek erraten dute apez batek madarikazionea
egin omen ziola eta handik kasatu omen zuela itsasgorrietara
(Barandiaran). Isturitzeko laminak apezen otoitzei esker suntsituak
(Oxobi -Gure Almanaka).
Jendeek beste mundukoekin, arima
erratuekin edo, arazoak zituztenean apezarengana jotzen zuten,
eta harek aholku ona ematen zien.
Laminak eta holakoak, bistan
dena, mendakatzen saiatzen dira, ez beti lortu. Mondarraingo
laminak, preseski:
Larrungo mendiaren oinetan bizi
ziren laminek, leze batean; jendeak pertsekutatzen zituzten,
inguruko etxekoak bereziki. Behin, apezaz trufatzeko, auzoko
gizon bati erran zioten:
- Hoa Sarako erretorearengana eta erraiok guregana etortzeko.
Erretora badoa "bainan halako moldez izitu eta beldurtu
zituen haren bertuteak, non ez baitzen lamina bat agertu apezaren
inguruetara, eta apeza etxera itzuli zen nehor ikusi gabe. Laminak
berriz lehengo mandatariarengana:
- Zer zen oraistian hemen izan den gizon arropa beltz hura?
Hoa berriz harengana eta emaiok gerriko zinta seda hori gerrian
ibil dezala.
Hala egin zuen gizonak; apeza mesfido zen eta galdegin zion:
- Badakizu zinta horren neurria zenbat den?
- Ez jauna.
- Zoazi lezeari hurbil den gaztainondora eta neur ezazu zenbat
inguru egiten duen zuhaitz horretan.
Gizonak hola egiten du, zuhaitzaren inguruan neurtzen du zinta
eta azkena egin duen bezain sarri, suntsitzen zaizkio begi aintzinean
bai zuhaitza eta bait zinta seda (Cerquand, 1986).
Aldi honetan bai, baina ez dira
beti osorik jalgitzen apezak borrokatik. (AURKIBIDERA)
2. Apez sorginaren aurkakoa
Beste mundukoak menperatzen dituen
bezala, mundu honetako sorginak ere harrapatzen ditu apezak.
Adibideak anitz badira, eta bat azaltzeko:
Berasategiko neska bat joan zen
konfesatzera, gorrotatzen zuen familia bateko sei haur hil zituela.
Sorgina zen eta euli bilakaturik zintzurrean sartzen zitzaien
eta hiltzen zituen. Zazpigarrena salbatu zuen apezak, estolaz
eulia harrapatu eta kutxa batean sartu: kutxaren barnean gero
hila zen neska (Barandiaran 1973a: 501).
Estola baino areago liburua da
apezaren tresna: tradizioan ez da apezik libururik gabe, jendeek
beti gogoratzen dituzte brebiarioa eskuetan. Liburu misteriotsua,
ulertezina denentzat, irakurtzen dakiten gutientzat ere latinezko
idatzia baita. Formula magikoaz betea, jende askoren ustez liburuan
kontzentratzen ziren apezaren ahalak. Baina liburua ere bikoitza
da, sorginkeriaren kutxa... (AURKIBIDERA)
3. Apez sorginak
Liburuaren eta sorgin-indarren
jabea dira apezak. Ospetsuak dira Sarako Atsular, Iruñea
ondoko Atarrabiokoa, Nafarroa hegoaldekoa Bargotakoa... Denek
modelo edo egitura oso antzekoa dute. Pertsonaiak egiazki bizi
izan dira, ospetsu egin eta mitoa erantsi izan zaie. Apez horiek
biziki ahaltsuak dira: Atsular eta Atarrabioren kasuan erraiten
zuten deabruaren eskolan ikasiak zirela, Salamancan edo Zugarramurdiko
harpean. Deabrutik biziki hurbil dira, beraz, ikasle izatea filiazio
modu bat baita; hori aski ez balitz, anaia ere deabru dute, ekaitzegilea,
eta haren kontra borrokatzen dira. Maddi Ariztiaren bilduman
(18 or), Urdazubiko apezak (Atsularrek) jakin baitzuen "gure
Aita Saindua deabruarekin esposatzera egun zohala", Erromara
joan zen -minutu batean airetik eraman zuten galtzagorri batek,
Azkueren bertsioan- eta hantxe uxatu zuen deabru hura gurutzearen
bidez: harri batez bi xori egin zuen Atsularrek, ipuinaren kontalarien
ustez "geroztik Atsular apezari esker izan zen gauza bat
ona: ez zirela gehiago esposatzera libro izan". Halabeharrezko
zelibato atzerakoiak, alta, herritarren burlak jasan beharra
ekarri die apezei, ondoko kantua, adibidez.
Ezkondu ez, baina giltzaria edo
neskamea dute mitologiako apez batzuek. Harekin, galtzagorrien
laguntzaz, aireko bidaia xoragarriak egiten ahal zituzten. Orozko
Axpuruko abade-neskameei buruz istoria polit hau kontatzen dute,
beti ironia doi batez:
Maiatzaren zortzi batean, Urduñan
zezenak eta neskamea apez-etxeko leihoan hasperenak egiten:
- Ai! Nor izan litekeen orain Urdunako zezenak ikusten
Apezak entzun zuen eta galdetu
- Joan nahi duzu, ala?
- A, bai, eta pozik joan ninteke
Atera zituen apezak bere familiarrak (prakagorriak) eta "rrraaa",
laino baten gainean, airetik, Urduñara. Hango plazan zezenak
ikusten, ederki. Han zeuden beste familiardun batzuek egin zuten
beren artean:
- To! Hor zeudek halako herriko apez-neskameak.
Ez zioten sinesten, baietza eta ezetza:
- Nahi baduzue haren zapata ekarriko dautzuet
Apeza kexu, zapata kendu zioten-eta:
- Ez badautazue zapeta gibel ematen adar bat egingo dautzut
kopetan.
Erran eta egin, adarra ezarri zion ohoinari, eta hura ahalgeturik
zapeta eman zion.
Eta gero zezenketa bururatu zen eta etxera berriz apez-neskameak.
Sorginen indar edo galtzagorri
horiei esker, beste hainbat gauza miresgarri egiten dituzte apez
sorginek.
Edozein sorginek bezala jendeen
eriarazten ahal dituzte, baina bere-berezko maneran: eihar-mezaren
bidez. Eihar meza erdarazko "meza beltza" dateke. Jendeak
eihartarazten du, eta hiltzen. Euskal Herriko apezengana ibili
naiz haren berri jakin nahiz eta inork ez dit izena baino gehiago
aipatu... Ez dukete deus jakin nahi holako kontuekin. Haietarik
bati, ez hain aspaldi, norbaitek eskatu zizkion bi eihar-meza
emateko, eta apezak ihardetsi: "bat zuretako emanen dut
nahi baduzu"; hor gelditu zen gauza.
Zorionez Gaskoiniako meza horren
deskripzio luze zabal ematen digu Sébillot-ek. Han, messe
de santo Sécario (Saint Sécaire) erraiten diote,
hitzez-hitz Jondone Eiharren meza.
Biarnon eta Gaskoinian oso hedaturik
zen sineskeriaren arabera, etsai bati mendekatzeko aski zen haren
kontra eskomunikazioa botaraztea apez bati; horren ondorioz anatema
pean zegoen pertsona desmeritzen joaten zen. Apeza, elizatorra
eta estola jantzirik, gainean kapa beltza ere, inprekazioen hamabi
zerrenda erraiten zituen, hamabi tortxa beltzek argiturik.
Gaskoinian bazen Santo Sécario-ren meza, haren xedea baitzen
norbait emeki-emeki eiharraraztea. Oso apez gutik zekien horrelako
meza emaiten, eta haietarik zar batzuk baizik ez zuten egiten,
naski.
Meza hori jende multzorik kokatzen ahal ez duen eliza batean
bakarrik eman daiteke, hau da, ondamenetan edo profanaturik izan
diren elizetan. Mezemaileak bere maitalea hartu behar du bereter,
eta biok elkarrekin afari on bat eginik izan behar dira. Hamaiketako
lehen zeinu-hotsarekin batera hasten da meza eta gibelekoz aitzina
jarraiki, oren baten buruan, gauerdian tanko, amaitzeko maneran.
Beltza izan behar da hostia eta ez borobila, eta lau puntakoa
baizik... Apezak ez du arnorik kontsekratzen, horren orde ura
edaten du, bataiatu gabeko haur baten gorpua bota duten iturriko
ura, hain zuzen. Gurutzearen seinalea ezker zangoaz egiten da,
lurrean (eskuin eskuaz eta bularrean egin orde).
Gironde-n ematen omen zen horrelako meza eta 20-50 liberetan
zen saria.
Bigorren heriotz gaiztoko meza bazen (messe de male-mort):
hil-hurren luze eta zernahi pairatuz eragiten zuen.
Neska bat seduzitu eta harekin ezkondu ez zen mutila eihartzen
eta hiltzen zen, haren kontrako eihar mezaren ondorioz; halaber
ezkontzeko hitz-eman eta senargaia uzten duen neska. Amodio gaiztoko
mezak, alderantziz, sobera gibelatzen den ezkontza arinarazten
zuen.
Mutil bat, harekin atxiki eta,
utzi zuen neska batek, beste batekin ezkontzeko; lehen haurra
ukaitetik hil zen eta herrian zioten eihar-meza emanarazi ziola
mutilak. (AURKIBIDERA)
4. Apez ekaitz konjuratzailea
On eta gaiztoaren arteko joan-jinetan,
parte-txarrekoen kontrako apezarengana etorri behar dugu berriz.
Aldi honetan sorginak ez baina ekaitza konjuratzen ditu apezak.
Funtsean bi gauzak uztartuak dira, ekaitzak sorginen lana ere
baitira. Maiatzeko Gurutzetik Iraileko Gurutzeraino, 1960 arte
leku askotan igandeko meza aitzin apeza jalitzen zen Veni Creator
kantatzen, elizaren ingurua egiten zuen eta, gehienetan, hilerrietako
gurutzearen ondoan, airea benedikatzen zuen, sainduen litaniak
erranez eta lau aldeetara ur bedeinkatua hisopatuz (Marliave,
1995: 25).
Ortodoxia kristauak horrela esplikatzen
du zeremoniaren zentzua: airean ibiltzen diren deabruek egiten
dituztela ekaitzak. Deabru horiek, herriaren ikuspidean, beren
mitologiako pertsonaiak izan daitezke, gure kasuan Anbotoko Anderea
edo herensugea. Berriz ere esan behar da tradizio giristinoa
eta herrikoia aski hurbil direla, ez dugu hemen betarik nola
eta zergatik azaltzeko. Kontua da, ekaitza eta harria galaraztea
biziki gauza inportantea zela laborantzarako, eta herritarrek
konjuratzaileen beharra zutela. Asko bazirela diosku Castagnegak,
Superstizioen eta sorginkerien traktatu-an (1529):
Hodei konjuratzaileak hain dira
ospetsuak non mirakulua bailitzateke laborari herri batean haien
zerbitzuak ez ordaintzea eta haientzat etxola bat ez izatea kanpaidorrean
edo leku gora batean, hodeietatik eta deabruetatik hurbilago
izan daitezen.
Herriek ispisuak edo parioak
egiten dituzte beren artean, zeinek duen konjuratzaile azkarrena;
batzuetan apezak direla konjuratzaileak. Zirkuluak egiten dituzte
eta barnean deabruekin borrokatzen, hain gogorki non zapata bota
behar baitiete joan daitezen, eta biziki akituak jalgitzen direla
gatazka latz horietatik. Beren konjurua noraino heltzen den jakinarazten
dute eta harro dira hodeia auzoen eremura igorririk, han bota
duelakoan harria.
Konjuru egiteko mezaren kanoneko
hitzak erabiltzen dituzte, haien bidez ogia eta arnoa Jesukristoren
gorputz eta odol bilakatzen diren bezala, harri-erauntsia ur
bilakatuko dutelako ustean. Nola-nahika nahasten dituzte latina,
hebraiera eta grekera: "Per ipsum crucem, cum ipso cruce,
Eli, Eli lama zabakthani, agla, aglata, tetragranmaton, adonay,
agios, otheos, ischiros, athanatos, eloim", etabar.
Eta ez baitute deus konprenitzen, misterio espantagarriak kokatzen
dituzte hitz horietan (laburtua).
Gastagnegak manera ortodoxoa
proposatzen du:
Zeinuak jo, jendeak bil daitezen elizara: apezak sakramentua
atera eta, argi piztuak haren inguruan, Salve Regina kantatuz
eta misaleko otoitzak erraten ditu. Gero, Joanesen ebangelio
erranik, gurutzea hartu eta joan hilarrietara edo hodeia biltzen
ari den aldera, han Gurutzearen laudeak kantatu: ... "Salva
nos Christe salvator per virtutem crucis, qui salvasti Petrum
in mari miserere nobis, Ecce crucem Domini, fugite partes adversae"
... etabar. Eta behar izanez gero, hodeiaren aurrean gurutzea
finkaturik ("puesta la cruz hincada contra la nube",
sainduen litaniak erran. Horrela eginik ere Jainkoak zigortzen
baditu, pazientzia, eta ez horregatik modu onei -katolikoei-
utzi (laburtua).
XVI. mendeko modu kanoniko horretaz,
edo antzekoaz, egin izan da hodeiaren benedikazioa, oraintxe
arte. Baina Castagnegak arbuiatzen zituen ez hain ortodoxoek
ere iraun dute, herriak pagaturik preseski (Marliave): Ozkazen
-San Antonin- 1895 arte, eta Larrun tontorreko kaperan 1897 arte:
Mendekostez herritarrak beilaz joaten ziren euria eskatzera eta
besta egitera.
Kanonikoa zein heterodoxoa, apezek
ekaitz-deabruen kontra eginiko borroka epikoak egunean ere kontatzen
dira Euskal Herri osoan. Hona ale bat.
Ezterentzubin harri erauntsia,
arada intzuten zen, arada. Hala erraiten duzie ziek ere? Harriaren
azantza, harri erauntsia heldu delarik haren azantza, arada,
kliskita-klaskata, zur idorrez joka bezala da... zera, xalapartaren
azantza egiten du. Eta arada hautemaiten zen, eta apeza eta beretiarra
galdeginik, kanpoan, elizatik kanpoan otoitzean ari zen eta ur
benedikatia botatzen eta latinez otoitz, hitz mirakuluzkoen erraiten,
sakratiak, sekretuzko hitzak. Eta apeza (enfasia) izerdi
uharretan! Eta beretiarra harritia hari so, eta hura ari zen
bere zeretan eta:
- Ezarrak zangoa ene zangoaren gainean. Eta beretiarrak ezarri zien zangoa apezaren zangoaren gainean
eta ordian ikusi zien Iturranburuko parrean -Iturranburu mendi
bat da, ezta, Ezterentzubiko mendi bat- Iturranburuko parean
ikusi zien hodeietan apeza borroka deabriarekin ari. Debria buztanarekin
eta adarrekin eta guziak, e? biloekin eta. Eta deabriarekilan
borrokan (enfasia) tira ahalarik! Eta ordian hartako zen
apeza izerdi hola. Bistan dena: apezak irabazi zuen eta debria
gibelarazi: ez zen jin harria, ez zen herriraino harria jin (Eñaut
Etxamendik kontatua).
Apezen erantzukizuna handia zen,
Nafarroan -Luzaide, Sakanan- "conjurar era la carga que
más rigurosamente pesaba sobre el cura, y se le criticaba
si no lo hacía" (Satrustegi).
Frantzian berdin zela kontatzen
digu Sébillot-ek (1968 I: 108). Alpeetan, XIX. mendeko
hasieran, exorzisatzera behartzen zituzten apezak, eta biziki
preziatuak ziren arrakasta biltzen zutenak; baina kasu huts egiten
bazuten eta uztak harriak suntsitzen bazituzten! Anitzetan gertatuz
geroz herritik joan behar zuen apezak. Normandiako "bocage"n,
bortxaz eta mehatxuz konjurarazten zioten. Armagnac-eko herri
batean hogeitamar urtetan harririk ez zuen egin eta apezari esker
zela zioten: biziki ospetsua zen, sorgina omen, ikusia zuten-eta
hodeiak herriaren gainean banatu eta bi aldetara joaten auzokoen
uztak xehatzera, parrokiakoak hunkitu gabe. Arestian aipatu metodoak
erabiltzen zituzten, gurutzea erakusten hodeiari, hostia ere
bai: batek mehatxu egin zion lohitara botako zuen ez bazen deabrua
baino azkarragoa. (AURKIBIDERA)
5. Apez ekaitzegilea
Sorgin diren bezala, apez ekaitzegileak
ere izan omen dira, Frantzian ugari, Sébilloten arabera:
Uste izan da apezek ekaitzaren
uxatzeko ahala bai, baina egitekoa ere bazutela. Hainbat lekutan
(Eure, Orne) zioten brebiarioak formulei esker zutela bertutea;
erraiten zuten bala benedikatuaz tiro eginez hodeiari, hartan
kokaturiko apeza botatzen ahal zela. Berry-n kontatzen zuten
horrela botatu apezaren sakelan babazuza-pikorrak atxeman zituztela;
beste behin, balaz zauritua, bele itxuran erori zela lurrera
apeza.
Sineste horretatik dator erran-molde
bat: zerua beltz eta ekaitzak mehatxatzen duenean "apezak
eroriko direla" diote Frantziako iparraldean (Hainaut).
Apezen ahal bikoitza ongi irudikatua
da Oihartzungo istoria batean:
Oihartzungo komentuko fraile
bat eta erretora beti erasiaka ibiltzen ziren. Fraileak Iruñera
joan behar zuen egunean "apezak konjuru egin zuen harri-jasa
frailearen bizkarrean eror zedin". Fraileak igarri eta zer
egin zuen? Behi larru bat bizkarrean, apezaren sagastira joan
zen, dena loretan zena, eta sagarrondo bakoitzaren azpian geratu
zen: lore denak harriak suntsiturik izan ziren. Joan zen apezarengana
eta: - Zer moduz bidaia? - Eta zer moduz sagastia? - Horri
inork ez ziok peatzen (Garmendia 1991) (AURKIBIDERA)
6. Apez barregarriak: jaleak emaztezaleak
Ugariak dira istorio antiklerikalak
Euskal Herrian, kantuak ere bai:
Apez emaztezalearen irudia Webster-ek
aurkeztu digu: senar-emazte batzuek anderea kortejatzen duten
bi apezez barre egin nahi dute, diru pixka bat ere atera, bide
nabar; eta lortu egin zuten, bata gordea zen labea pizten. Sébillot-ek
kontatzen du nola "un curé surpris aux champs en
conversation amoureuse, laisse sa culotte pour courir plus fort;
un autre (...) se débarrasse de sa soutane pour se sauver
plus aisément.
Apez zozo inuxentea ere bada
(Vinson, Webster), laborari maltsur batek "erbi mezulari
eskolatua" saldu baitzion kario, bai eta jende hilak berpizteko
errezeta.
Apez jale tripazalea da beste
irudi topikoa: benedikazio eta errogazioneak kari oiloak eta
axuriak ematen baitiete, ez beti gogo onez, gizen irudikatuak
dira. "Ventre de curé, cimetière de poulets"
entzun dut Zuberoan. Sébillot-ek, bere aldetik, entzun
du "le dire béarnais "Sorcières et loups-garous
font manger des chapons aux curés" (...) d'où
l'expression "Cemiteri de capous". Bizkaian
esaten dute pezaren eltzea txikia baina ona dela. (AURKIBIDERA)
7. Apez osagilea
Irudi txar hori konpentsatzen
du alderantzizko beste batek, Euskal Herrian oso zabaldua. Apezak
jendeen larritasunen eztigarri eta eritasunen sendatzaile izan
dira. Mendiben izan da erretor bat biziki otoitz erraile handia,
medikuaren ezean apezarengana jotzen zuten jendeek kinka larrietan:
Leskar irisartarra zen.
Zugarramurdiko apezak ere izugarri
famatuak ziren jendeak sendatzeko, eta inguruko jende anitz joaten
zen ebangelioak irakur zekizkiela, liburuan, bistan dena.
Beiletan irakurtzen zizkien apezek
ebangelioak beilariei, eta gauza on anitz biltzen zituzten haien
bidez, ez jakin apezen indarraz edo ebangelioenaz, edo bienaz.
Salbatoreko beilan apezak mutuak sendatzen zituen eta deabruak
ateratzen.
Gizotxo edo banpiroetatik ere
begiratzen zuten herria.
En Normandia, au commencement du XIXe siècle, ils visitaient
les cimetières la nuit pour s'assurer de la bonne conduite
des défunts, et s'il apercevait que quelque damné
allait devenir loup-garou, ils ouvraient la fosse, coupaient
la tête du cadavre avec une bêche neuve, eta allaient
la jeter dans la rivière.
Zerbitzu publikoa betetzen zuten,
beraz, apezek. Baina dena iruzurra dela pentsatzen den momentotik
hasten dira ordaintzeko arazoak: aspaldidanik uste baitute hori
batzuek, aspaldikoak dira satirak. Horretarako ere beste batzuen
sinestea behar da, bestela sistema ez da ibiltzen. Eta sinestunen
istorien arabera, ongi merezitua da apezen lan-saria, betetzen
zituzten eginkizunak ez zirela arrisku-gabekoak eta lan-istripuak
gertatzen baitziren. (AURKIBIDERA)
8. Apez heroi salbatzailea
Kaltegarritzat hartzen diren
herensugearen eta basajaunaren garaileak dira apezak. Rol salbatzailea
kario ordaintzen dute batzuetan, heroiak usu hiltzen baitira
borrokan. Hona Bizkaiko kondaira bat:
Orozkoko auzo batean gizon bat
hil zen, ez omen zen biziki ona. Eta gero gauean agertzen zen
gaztainondo baten gainean, dena su eta gar, oihu ikaragarriak
egiten. Herritarrak ez ziren pozik eta eliz-gizonei eskatu zieten
zerbait egin zezaten. Fraile bati tokatu zitzaion agertuari aurre
egitea. Joan zen, beraz, eta oihukariak galdegin zion hil eta
jantzi zioten habitua ken ziezaion, harengatik infernuko oinazeak
handiagoak ziren-eta. Fraileak, kondenatua ez ikutzeko, kako
batez kendu zion habitua. Gero etxera joan zen eta ez gehiago
jalgi: ikaraz hil zen, odolak bihurturik. Kondenatua ere ez zen
gehiago azaldu eta bake ukan zuten. Leku horri Kako-erreka deitzen
diote geroztik.
Gauzak bikoitzak dira herri tradizioan,
apezak edo fraileak berak bezala, badira irringarriak, badira
heroiak, herria monstruotik begiratzeko beren biziaz ordaintzen
dutenok: heroien artean sartzen ahal da Kakoerrekako frailea.
(AURKIBIDERA)
Anuntzi Arana, antropologoa. |