"Folklore aipatu, Iztueta agertu".
Esaera hori, batez ere, Eusko Folklore aipatzen bada, hitzetik
hortzera datorkigu. Hain handia baitugu Iztuetaren nortasuna
Euskal Herrian ezezik, Europan ere. Beraz, NOR den Iztueta gure
garaiko Folklore alorrean, nahitaezkoa dirudi asperraldi bat
egitea.
Juan Inazio Iztueta 1767.
urtean jaio zen Zaldibian, eta 1845. urtean hil zen bere jaioterrian.
Orain koreologo mailan gogoratzen dugu Iztueta, eta askotarikoa
bada ere bere nortasuna, herri dantzetako maisu izan zen zaldibikoaren
folklorelana aztertuko dugu.
Euskal folklorearen bidez aintzindari
izan dugu Iztueta Europan, beste inor baino lehenago ekintza
nabarmenez beste folklorezale guztiei aurrea hartu dielako. Gipuzkoako
dantzetan aitzindari bazen, Europako folklorea berpizten -Tomsek
folklore- hitza asmatu zunekoxe, aintzindari izan zen. Bere ardura
izan zen euskal dantzak suspertzea, herri musika bere hitzekin
batera osatzea, berak jasotako tradizioa hurrengo belaunaldien
esku uztea. Kezkati jardun zuen guzti horretan. Kezkati ez ezik,
jakizu, etengabeki ere bete zuela bere erantzunbeharra eta eginbeharra.
Harro ziren suediatarrak folklore dantzak 1880. urtean -Filókoros-
sortu zutenean, lehen aldiz Europan folklore mailako dantzetan
aintzindariak izan zirelakoan. Iztuetak, baina, Gipuzkoako dantzak
1824. urtean eman zituen argitara, hots, 56 urte lehenago. 1818.
urtean, hor nonbait, ekin zion eusko folklorea bildu eta burujakitez
-sekula betiko bizi zedin- ekintzari.
Behin batez Goizaldiko dantzariak eta suediarrak bilera batean
ari zirela, suediar batek euren herri folklorea suspertzen aurrenak
izan zirela gogoratu zuen. Berehala Goizaldiko txistulari bikaina
zen Jose Inazio Montes Astigarraga jeiki zen denen aurrean, eta
Iztuetaren Gipuzkoako Dantzak eskuan jasorik, ozenki jalki zuen
1824. urtean eman zituela argitara gure Iztuetak Euskaldunen
Dantzak.
Folklorean ezin daitezke Tabourot, Taubert, Noverre.... aipatu,
Ertaroan eta gaur arte ez baitzen folklorerik. XIX. gizaldira
arte ez baitzen folklore autentikorik, ez baitzen folklore izen
berriko eduan ekintzarik. Bazen, horratio, herri dantzarik. Geroenean
sortu ziren britainiar, doixtar eta beste europear folklorezaleak.
Gure Azkue eta Donosti, eta tiroldar Karl Horak orainago azaldu
dira. Folklore Dantzak izateko, ba, herri xeheak asmaturikoak
behar dute izan, eta belaunaldi batek beste hurrengoari jarauntzi
gurgarri antzo begirunez eskuratu beharra dugu. Hurrengo belaunaldi
honek "jaso" eta- oso eta bizi- bere oroitzan, arkatila
batean bezala, kezkati begiratu behar dio osterantzean ere iraun
dezan. Belaunaldiek ardurea dute, folklorea -berezko ogasun hilburukoa
baita- "eskuz eman" eta "hartu" - Tradere-
harreman ezinbestekoa dela.
Iztuetak euskal tradizioari berebiziko zintzotasunez bete zion
bere burua. Bere erabaki sendoa eta zintzoa zen euskal dantzak
eta ohiturak -sekula guztian irauteko- gogoz atxikiko zitzaiola
tradizioari. Folkloreak gizartean sortarazten duen kezkamin minena
eta asperenik sakonena da gizaldiz gizaldi bizi dedin, bizirik
iraun dezan, eta arbasoen oroitza -oroitza tradizioa baita- inoiz
eten ez dadin.
Iztuetaren ardurarik gartsuena euskal dantzak -bizi eta birbizi-
daitezen, herriko plazan etika -estetikaren legez jarduten dutelarik,
bere eginbeharra- jota bat ere galtzeke- betetzea eta bizirik
hurrengoari eskuratzea izan zen. Folklorearen azken helburuak
gizakiaren barrengo asperenik bizigarriena salatzen du, ez baitugu
nahi gure arbasoak betirako hil daitezen, gure oroitzapenean
bizi daitezen baizik. Gizakiaren gogosoinak josten diren haritik
datorkigu -hil ezinaren- ezinbesteko oihartzuna.
Sarritan aipatzen ditu Iztuetak ezpata dantza, gizon dantza,
zortzikoak, soinu zaharrak... eta nola dantzatu aholku gartsuz
bultzaka ari zaigu -sekula guztian- ez ditzagun ez ahantzi, ez
galdu. Barruko samindura garratza azaltzen du zortzikoen jatorrizko
hitzak galdu zirelako, soinu zaharrak gutxitxo dantzatzen zirelako,
herriko plazan behar bezalako jardueraz eta agiriko begirunez
jokatzen ez zelako.
Ez zen Iztueta gai izan ahoberoz hitz eginda nahiko izanen zenik
bere eginbeharra. Bere izpirituko oldarrean hamasei batzu aldaira
ditu antolatu eta bilduak. Delako -Touren- "irabirak"
oinen urratsez eta zirkinez zerrenda batean eho zituen aldairak
(evoluciones), eta hurrengo dantzariei osatuak utzi zizkigun.
Hona hemen zenbait aldaira:
Muriska erdia eta osoa. "Entrechâts" (entre jambes)
antzeko aldairak dira. Dantzariak zuzenean gora jautzi egiterakoan,
orkatilen jokoa burutzen dute. Laisterka bakuna (edo sinplea)
eta gehiagotua eskumaldera eta ezkerraldera dira. Oinpunta erpoakikoa
aurreraka eta atzeraka egiten den jokoa oinpuntekin eta erpoekin
zotarraina joaz batera joan-etorria burutzen du dantzariak. Jira
osoko laisterrak, lau arinak... eta abar. Ohartuko zen irakurlea,
oin batek egiten duen aldaira besteak ere burutu beharra duela.
Hori simetria legearen asmamenez bikotzen da. Iduri ezazu zure
aurrean Kromlek esparrua. Hutsik dagoen bebarru hori herri dantza
bakoitzak bere estetikaren arabera betetzen du. Goragoxe aipaturiko
aldairak, ba, Kromlek erdigunean kokatuta dantzariak joan-etorriak
egiten ditu, aurrera eta atzera, eskumaldera eta ezkerraldera,
beragan jiratzen da eskumaldetik eta ezkerraldetik, aldaira bakoitza
bi aldiz oinekin burutzen duelarik. Aldaira guztiak bi aldiz
jokatzen dira simetriaren arabera. Neurridetza da Gipuzkoako
dantzetan erabiltzen ohi den aldairetako legea, simetria.
Ez du nahikotzat ematen Iztuetak aldaira bakoitzaren urrats eta
zirkinez aurrera eta atzera, eskumara eta ezkerrera bere esparrua
gurutzatzen duelarik. Lorasorta bat egiten den bezala, aldairak
errezkadan "suite" batean sortetan biltzen ditu. Aldaira
sortak, ba, asmatzen ditu. Beharrezkoak dira aldaira bai zortzikoak
dantzatzeko, bai soinu zaharrak burutzeko. Zortzikoak eta soinu
zaharrak aipatu, Iztuetaren gogoko ere sortu saminenak esan ditugu.
Euskal zortzikoak zortzi puntuzko (notarteko -compás)
esaldia da. Esaldi hori Europan arrunta da. Notarte edo puntuak
marraz mugatutako zortzi epe dira, esaldiaren neurria era guztietako
izan daitekeelarik (2/4, 3/4, 3/8, 6/8, 4/,4, 5/8). Zortziko
horiek dantzatzeko, bat hau 5/8 neurrikoa ezik, dantzariak marraz
mugatutako lehenengo sei puntuak hartu behar ditu, eta gorago
aipaturiko aldairak eratxikiko dizkie. Azkenengo bi puntuak,
baina, betibateko aldairekin bukatuko du zortzikoa. Soinu zaharretan,
ordea, zortzi puntuzko esaldiak osa daitezke, baina esaldiak
bitik zortzi 2-8 puntuzko edo notartekoak izan daitezke. Beraz,
zortziko esaldiak baino laburragoak izan ohi dira. Soinu zaharretan
ere azkenengo bi notarteak edo puntuak esaldi bakoitza betibat
bukatzeko utzi behar dira, beste aurrekoak egoki datozen aldairak
jokatzeko harturik.
Horrela, esaldi guztiak betibat aldaira betikoekin, zortzikoetan
bezala, bukatzen dirala. Benetan -Rondó- "Biribilkoa"
da zortziko eta soinu zahar horien dantza.
Zortzikoetan biko bat bereizi daiteke: zortziko txikia 2/4 neurrian
eta zortziko handia 4/4 neurrian. Bitarikoak aunitz dira. Kontrapasak
direnak 16 batzu bilduak daude eta neurria 4/4. Beren bilgunea
edo egitura honela da: AABB. Beraz, lehengo bilgunea zortziko
bat da, eta bigarren aldiz beste zortzi puntuz edo konpasez,
hamasei dira guztira, hots, AA. Bigarren bilgunea (B) beste zortziko
bat birritan dantzatzen delarik, beste hamasei puntu dira (BB).
Denetara kontrapasak 32 puntu (notarte) ditu.
Juan Ignacio Iztueta Etxeberriari
eginiko omenaldia (Zaldibia, 1929-9-1). Argazkiak Aita Donostiak
hitzaldia ematen ari den unea erakusten du. (Argazkia: Auñamendi
Entziklopedia)
|
Dantzariak, hots, aitzindariak
edo azkendariak gizon dantza lehengo zortzikoa beren lehengo
sei puntu aurrenak dantzatuko ditu, dantzariak berak aukeratzen
dituen aldairak burutuaz. Azken bi puntuak, berriz, betibateko
aldairekin burutuko du lehendabiziko zortzikoa. Bigarren aldiz
zortziko bera sei puntu aurrenak berebateko burubidez edo plangintzaz
burututako ditu, eta bigarren aldiz ere bere burubidez bukatuko
du. Lau zortzikoak, bada, lehengo sei puntuak dantzariak aukeratutako
aldairekin, eta bi azkenak betibatekoekin burutzen ditu. Pentagraman
zortzi marraz mugatutako zortzi epe edo konpasak dira.
Soinu zaharretan ez da halako araurik betebeharrik. Dantza hauek
bestelango euskal dantza jatorrak dira. Soinu zaharrak, izan
daitezkeen arren, ez dira zortzikoak, hots, zortzi marrarteko
epe edo puntu dituztenak. Zortzikoa izan daitekeen arren, marrarteko
zortzi epe horiek, dantzariak lau eta lau har ditzake eta soinu
zahar bat bezala dantzatu ere.
Soinu zaharrak beren bilgunean 2-8 marrarteko edo epeak dituzte.
Beraz, bi edo hiru edo lau edo bost edo sei puntu marrarteko
baldin baditu, ixilunez edo hitzez esaldi bakoitza mugaturik
dator. Dantzariak buruz ikasten baditu hitzak, laguntza handia
izanen du dantza plangintza edo burubidea asmatzeko. Zailagoa
da soinu zahar dantzatzea zortziko bat baino. Soinu hauetan edozelako
esaldia izan, dantzariak azkenengo bi puntuetan alde batera utzirik,
gainerontzekoak berak aukeratzen dituen aldairekin burutuko du.
Azkenengo bi puntuak betibateko aldairekin, zortzikoetan bezala,
jokatuko du, esaldiari bukaera emanik. Hobe litzake soinu zaharrak
kantatuz dantzatzea, horixe baitlitzake jatorrizko erabidea.
Euskal zortziko jatorra bilgunez edo egituraz zortzikoa da. Baina
zortziko horren neurria 5/8 da. Zortziko horri deritzaio "Euskal
Zortzikoa". Zortziko horrek ematen dio hasiera joko dantzeri:
Makil Txiki Dantzari, Arku Dantzari, Makil Handi Dantzari, Zinta
Dantzari... Bere urratsetan batek, Erren urratsak, ibilera osoari
ematen dio aiurria, Jauzi txikietan bezala ari delarik dantzaria.
Joko Dantzen hasierari "Boastitzea" deritzaio.
Azkenik, demagun Eusko Foklore honetan nagusi den urregorrizko
arau bat gogoan hartu beharrean garela. Dantzariak, aitzindari
edo azkendari edo beste edozein izan, bakarlari bada dantzaketan,
burujabe eta berejabe da jendaurrean bere burubidez eta plangintzaz,
dantzaren aldairak aukeratzeko, aldaira sortak biltzeko, aldairak
errepikatuz arinago burutzeko, txistulariari astiroago jo dezan
agintzeko, hitz batez esan, bere estetika sena zeharo erakusteko.
Dantzariak, halaber, bakarka jarduten duenean, bere Aldaira harrigarrienak
herriko enparantzan edo Idurizko Kromlek hortan inguruka edermaniaz
edo mitomaniaz diztiragarri bihurtzeko jabe da. Gaizka Barandiaran,
folklore ikerlea |