Aizkora, gogorra
bezain ikusgarria * Traducción al
español del original en euskara |
Maria Agirre |
- Beharbada aizkora da herri kirolen barruan
kirolik gogorrena eta baita ikusgarriena ere. Aizkolariak beharrezkoa
du indar handia eduki eta ondo prestatua egotea, aurrean duen
enborra kolpez-kolpe ebakitzea ez baita lan erraza, eta gainera,
bere denbora eskatzen du lan horrek. Migel Mindegiak, kirol honetan
oso ezaguna den aizkolariak dioen bezala, oso gogorra da aizkoran
aritzea. "Beste herri kiroletan deskantsua hartzeko aukera
duzu, baina aizkoran ez dago arnasa berritzeko betarik ere".
Behin aizkolaria enbor gainean jartzen dela, aurrean dituen enborrak
ebaki behar ditu, eta lan horretarako ordu erdi edo gehiago behar
izaten du. Apustuetan, berriz, bi orduko saioak ere egin ditzake
aizkolariak.
Aizkoraren jatorriaren gainean arakatzeko, beharrezkoa da denboran
atzera egitea. Erdi Aroan, untzigintzak eta burdinolek garrantzia
handia zuten Euskal Herrian, eta egur eta ikatz kopuru handiak
behar zirenez, ugari ziren aizkolari eta ikazkinak. Horrela,
basoan aizkoran aritzen ziren gizonak, apostuak egiten hasi ziren
enborra nork lehenago ebaki. Hasieran norgehiagoka horiek basoan
egiten baziren ere, denborarekin indarra hartzen joan eta XIX.
mendean "Fiestas Euskaras" deiturikoen egitarauaren
barruan hasi ziren egiten aizkora probak. Gaur egun, berriz,
herri kirol ezagunenetarikoa da.
Garai batean Euskal Herrian pago
ugari zegoela eta, zuhaitz hori bihurtu da aizkoraren sinbolo.
Gaur egun, hala ere, hainbeste pago ez dagoenez, zuhaitz horren
prezioak gora egin du nabarmen. Horregatik, ugariagoa den piñua
ere erabiltzen da egun aizkoran aritzeko, baina gutxitan eta
batez ere Bizkaian. Mindegiaren ustez, pagoa nobleagoa da eta
berak nahiago izaten du pagoa ebaki behar izatea. Baina piñua
ebakitzea ez da errazagoa, eta Mindegiak berak nahiago du piñu
enbor on bat, pago enbor txar bat baino.
Aizkora, kirol garestia izanik, pentsaezina da aizkolaria aizkoratik
soilik bizi daitekeenik. Pilotari profesionalek ez bezala, aizkolariak
ez du enpesa baten kontraturik eta ahal den moduan antolatzen
ditu kirola eta eguneroko lana. Horrek ez du esan nahi aizkoran
dohainik aritzen denik.
Desafioa, erakustaldia edo txapelketa izan, aizkolariak diru
kopuru bat poltsikoratzen du. Desafioa edo apostua, erronka bota
eta diru kopuru bat jokoan jartzean datza. Kasu honetan, irabaztea
lortzen duen aizkolariak eta horren alde apostu egiten dutenek
poltsikoratzen dute dirua. Apostuetan, aizkolariak bi laguntzaile
izaten ditu alboan: "erakusleak" aizkorakadak non eman
esaten dio, eta "botilleroak" denbora neurtu eta beste
aizkolariak nola doazen jakinarazten dio. Artekariak, bestalde,
apustuetaz arduratzen dira.
Erakustaldietan, bestalde, izaten da diru-saririk ere. Kasu honetan
udaletxeak edo erakustaldia antolatzen duenak diru kopuru bat
ematen dio aizkolariari emandako ikuskizunarengatik.
- Txapelketetan, azkenik, bakarrik
aritzen da aizkolaria. Euskal Herrikoa, txapelketarik garrantzitsuena,
urtero antolatzen da eta aurtengo final nagusia, aizkorarako
zaletasun handia duen Donezteben (Nafarroa) jokatuko da urriaren
10ean. Euskal Herriko Txapelketan maila desberdinak daude: nagusia,
bigarrena, hirugarrena eta gazteena. Lehen fasean kanporaketak
jokatzen dira, eta lehen sei postuetan sailkatzen direnek finalerako
txartela eskuratzen dute. Iaz jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa
Nagusia Joxemari Olasagasti igeldoarrak irabazi zuen. 35 minutu
eta 17 segundutan lortu zuen Olasagastik aurrean jarri zizkioten
12 enborrak erdibitzea. Ezin aipatu gabe utzi azken bi urteetan
indarra hartu duten Donostiako Urrezko Kopa, Urrezko Aizkora
edo Nafarroako Federazioak antolatzen duen Nafarroako bi-bitako
txapelketa. Lehenengo bietan Euskal Herriko aizkolari onenek
parte hartzen badute, hirugarrena nafarroako sei onenei zuzendua
dago.
Ontza izeneko neurria erabiltzen da aizkoran, eta enborraren
perimetroa neurtzeko balio du. Neurri ohikoena oinbetekoa da
(36 ontza), baina apustuetan 80 ontzakoak, kanakoak (108 ontzakoak),
eta handiagoak, 110 ontzako enborrak, ere erabiltzen dira. Txapelketetan,
berriz, kanaerdikoak (54 ontzakoak), 60 ontzakoak eta oinbikoak
(72 ontzakoak).
Enbor mozteak, bestalde, bi fase nagusi ditu: azalekoa eta bihotzekoa.
Hasieran aizkolariak bi epai edo aizkorakada jotzen ditu enborraren
gainazalean norabidea emateko. Bi epaiak puntu berean elkartzen
dira, eta hortik aurrera enborraren barnealdera sartu eta kolpeka
jarraituko du enborra bitan banatu arte. Gainazalerako aizkora
bat erabiltzen da, eta barruko lanetarako beste bat, pisu gutxiagokoa
eta zorrotzagoa.
Aizkoraren gainean esan, azken 20-15 urteetan aizkora
australiarra erabiltzen dela, izan ere, garai batean Euskal Herrian
erabiltzen zirenak baino arinagoak eta zorrotzagoak dira australiarrak.
Rafael Aguirre Frankok gogoratzen duenez, 1975ean Australiara
bidaia egin zuen hango aizkolariak nola aritzen ziren ikusteko.
Urtebete beranduago, 1976ko urtarrilaren 18an, Anoetako Belodromoan
australiako hiru aizkolariren eta Astidia, Arria II. eta Arria
III.aren arteko desafioa jokatu zen. Aizkolari australiarrek
aise irabazi zieten hemengoei, eta frogatuta geratu zen aizkora
australiarra askoz hobea zela. Horregatik, 1977ko azaroaren 28an
Atotxako futbol zelaian egin zen norgehiagokan, aizkora australiarra
erabiliz Arriak eta Mindegia nagusitu zitzaien Kanada, EEBB,
Australia eta Zelanda Berritik etorri ziren aizkolariei.
Ikusten denez, aizkora ez da Euskal Herrian bakarrik ezaguna.
Estatu Batuetan, Kanada, Australia eta Zelanda Berrian ere izaten
da aizkora lehiarik. Hala ere, toki horietan aizkora probek ez
dute Euskal Herrian bezain beste irauten. Hemen aizkora proba
batek 30 minutu iraun baditzake, beste toki horietan saioak 2
edo 3 minutukoak izaten dira. Gainera, Euskal Herrian batez ere
baserri giroan mugitzen direnak izaten dira aizkorarekiko zaletasuna
izaten dutenak. EEBBtan edo Kanadan, berriz, tenisean edo antzerako
kirol batean aritu beharrean, enborrak moztea aukera dezake abokatu
nahiz mediku batek, nahiz eta modu afizionatuagoan izan.
Emakumeak ere aizkoran
Batez ere gizonezkoak ikusi ditugu aizkoran, baina azken urteetan
izan da aizkora hartzera animatu den emakumerik ere. Hor ditugu,
besteak beste, Itziar Goenaga azpeitiarra, Kristina Saralegi
leitzarra eta Maika Ariztegi iturengoa. Emakumeentzat ez da erraza
gizonezkoekin estuki lotuta egon den kirol honetan toki bat bilatzea,
baina gaztetxoentzat ere ez. Badira laupabost gazte aizkoran
ari direnak, baina jarraitzaile askorik ez du aizkorak. Koldo
Alduntzin, Euskaldunon Egunkarian herri kiroletaz arduratzen
den kazetariak adierazi bezala, lana ematen du aizkorak. "Gaur
egun gazte gutxik egiten du lan basoan. Ez dute egurra eskura
eta entrenamenduetarako egurra ekarri eta prestatu egin behar
dute. Alde horretatik, beste kirol batzuk errazagoak dira gazteentzat.
Gainera, laguntza teknikoa eta prestatzaile egokiak aurkitzea
ez dago hain eskura". Alduntzinen ustez, erakustaldietan
parte hartzeko gonbitea egiteak asko animatuko lituzke aizkoran
lehen pausuak ematen ari diren gazteak, eta baita ez hain gazte
ez direnak ere.
Aizkolari ezagunenak
Aizkoraren inguruko idatzizko lehen erreferentzia 1802ko ekainaren
7koa da. Egun horretan, Hernaniko plazan, Ramon Elizalde Ezkurrakoa
eta Astigarragako Hernandorenaren arteko apustua jokatu zen.
Aizkolariei dagokienez, XIX. mende bukaerako aizkolari ezagunenak
hauek izan dira: Agustin Unanue, Manuel Azpillaga, Juan Bautista
Aierretxe, Antonio Garcia "Iturritxa", Francisco Iriondo
"Otola", Manuel Uruesagasti, Ignacio Amutxategi "Arbiseta"
eta Roque Epelde. Baina zalantza gabe, Joxe Arrospide azpeitiarra
izan zen XIX mende bukaerako aizkolaririk ospetsuena. Ondoren
etorri ziren Pedro Mari Otaño "Santa Agueda",
Joxe Martin Goenaga "Atxumarria" eta Joxe Aranburu
"Keixeta". Geroago, berriz, "Arria", "Korta",
"Luxia", "Errekalde" edo "Polipaso".
Gaur egun puntakoak diren aizkolari batzuk aipatzearren Donato
Larretxea, Migel Mindegia eta Joxemari Olasagastiren izenak azpimarra
daitezke. Argazkiak: Eusko
Ikaskuntzaren Argazki Artxiboa eta Euskaldunon Egunkaria |
- Euskonews & Media
45.zbk (1999 / 9 / 8-17)
|