Azpeititik (Gipuzkoa) 5 kilometrotara Nuarbe auzoa
dago. 100 biztanle inguru baino ez ditu, eta hala ere, bertako
sokatira taldea dugu Euskal Herriko indartsuena. Auzo horretan,
sokatira sakon uztartutako kirola da. Bertan, ez dago tabernarik,
ez eta kultur azpiegiturarik. Bada, baina, gure kulturaren zati
garrantzitsua diren herri kirolen modalitate zaharrenetakoari
sendo heltzen dion leku bat: sokatiraren museoa, alegia. Txiki
nahiz bitxia, auzotarrek lanean jarraitzen dute Nuarbeko Sokatiraren
museoa egitasmo zabalago baten hazia izan dadin.
Sokatiraren Museoak, herri kirol hori
gertutik ezagutzeko aukera ematen dio bisitariari. Helburu horrekin
zabaldu zituen ateak 1995ean.
Luis Mari Gurrutxaga, Nuarbeko
sokatira taldeko lehendakaria, eta museoa aurrera eramateko buru
belarri lanean aritu den irakasleak, eman dizkigu horren inguruko
xehetasun guztiak.
"Museo atal ezberdinetan,
egituratuta dago. Bertan, besteak beste, gure taldearen historian
murgiltzeko aukera dago. Urteak joan urteak etorri, sokatiraren
inguruko material piloa bildu dugu: argazkiak, dominak, datu
tekniko eta historikoak eta abar luze bat. Hargatik, horiek guztiak
museoan biltzea otu zitzaigun, datozen belaunaldi berriek, sokatirak
gure artean zer nolako garrantzia izan duen jakin dezaten"
diosku Luis Marik.
Museoa ireki aurretik, jasotako material
franko, auzoko taberna bakarra zen Loreton zegoen ikusgai.
Horixe zen 90eko hamarkadaren hasieran Nuarbeko sokatira taldeko
kirolarien nahiz zaleen topagune nagusia. Haatik, zoritxarrak
astindu zuen ekimena, izan ere, 93an, taberna erre egin zen.
Nuarbetarrek, ordea, ez zuten
etsi, eta lanari ekin zioten. Loreto erre ondoreneko urteetan
museoa izango zenaren hastapenak finkatu zituzten.
Auzolanari esker egindako
museoa
"Taberna erre ostean, egitasmo
landuago bat gauzatzea otu zitzaigun. Zergatik ez sokatirari
buruzko museoa bat abian jartzea?. Asmo horrekin bada, Azpeitiko
Udalarekin zein Gipuzkoako Aldundiarekin harremanetan jarri ginen.
Museoa osatzeko gure asmoa azaldu genien. Erakundeok beren laguntza
eskeini ziguten" dio Luis Marik.
Gipuzkoako Aldundia eta Azpeitiko
Udala, ordea, ez ziren izan laguntzaile bakarrak, izan ere, Nuarbeko
bizlanle guztiak batu ziren egitasmoaren alde.
Behin lokala lortu ondoren, auzolanean
antolatu zuten museoaren osatzea. Hori guztiari esker, egun Euskal
Herrian kirol honi buruz dagoen museo bakarra dute Nuarben.
Nuarbeko Sokatiraren Museoa apaizaren
etxe ondoan dago, Eskola zaharrean, hain zuzen ere.
1995an inauguratu zen ofizialki.
Ordutik, ostiralero, EAEko ikastetxeetako makina bat haur igaro
ohi dira bertatik. Edonork bisita dezake museoa, beti ere, Udaletxean
ordua aldez aurretik eskatuz.
Bisitak ordu bete inguru irauten
du. Mari Carmen, desagertutako Loreto tabernako etxekoandreak,
gidatzen ditu haurrak museoan zehar. Sarrera, berriz, dohainik
da.
Zer ikusi bertan
Museoak 100 metro karratu ditu. Atal
ezberdinetan banaturik dago. Bakoitzak sokatiraren inguruko zenbait
ezaugarriren inguruko informazioa jasotzen du: Nuarbeko taldearen
bilakaera, sokatiraren baldintza teknikoak eta modalitate ezberdinak,
sokatira Euskal Herrian, herri kirol horren historia zenbait
herrialde eta gizataldetan, kirol olinpikoa zeneko nazioarteko
sailkapenak...eta abar luze bat.
Ikusentzutezko bi muntaia ere
dira bertan.
"Bi bideo egin ditugu. Batak,
Nuarbeko taldearen bilakaeraren berri ematen du. Bestea, berriz,
kirol horrek Euskal Herrian zein nazioartean duen jardunaz mintzo
da".
Museoaren helburu nagusia didaktikoa
da. Edonola ere, Luis Mari Gurrutxaga, museoa indarberritu behar
delakoan dago.
"Orain arte egindako lana
oso garrantzitsua izan da, Euskal Herrian dagoen sokatirari buruzko
museo bakarra egin dugu eta. Nolanahi ere, uste dut, gure ekimena
mugatu samarra dela. Jende askok, ez du gure museoaren berririk.
Beraz, nire ustez, erakundeen esku beharko luke egon museoak,
behar bezala kudeatuta egon dadin. Horrek guztiak museoa hobetzeko,
eta ostean, Euskal Herri osoan ezagutarazteko aukera emango luke"
diosku Luis Mari Gurrutxagak.
Hala izan bedi, bada, soka eten
ez dadin. Ainhoa Irazu, kazetaria |